[Maltzaga I] Zer demonio da Maltzaga?

Zer demonio da Maltzaga?

Zer demonio da Maltzaga?

Duela aste pare bat Maltzagaren ideiaren bueltan testu bat idatzi nuen etxe honetan. Ez nintzen “Maltzaga” kontzeptua luzatzen aritu, baina Hedoi Etxarteren txio honek zer pentsatua eman dit orain.

Zer demonio da Maltzaga?

Maltzaga auzo bat da, eta bertan egiten dute topo Soraluze, Eibar eta Elgoibarko herriek. Benetako Maltzagaren kokaera estrategikoan oinarrituz, Telesforo Monzon zenak Maltzaga metaforikoa aldarrikatu zuen, proposamen politiko gisa, abertzaleen arteko batasuna eskatuz. Monzon bergararra zen, eta herri hau abiapuntutzat hartuta, honako ideia babesten zuen: “Gerokoak geroko utzi. Orain, goazen abertzale guztiok batera Maltzagara“. Ideia hori praktikan jartzen saiatu zen Txibertan, agente ezberdinekin. EAJ, ESB, ESEI, ANV-EAE, EKA, Laia (bai), Laia (ez), EHAS, EIA, auzapezen taldea, ETA (m), ETA (pm) eta azken talde hori uztea deliberatu zuten Bereziak taldea bildu zituen Angeluko Xiberta Hotelean.

Mirentxu Purroy kazetaria aktalari lanetan aritu zen, eta berari esker dauzkagu gaur egun bilera haietan esan zirenak idatzita eta dokumentatuta. Mahai hark porrot egin zuen, baina Maltzagaren ideiak eta nahiak luze iraun du abertzaletasunean, eta oraindik ere bizirik dirau askorengan. Ene iritzia, eta beste askorena, Maltzagaren ideia hilda dagoela da, eta euskal errepublika desiratzen dugunok ezin dugula horri begira egon. Sagarrondoari pikuak eskatzen, otsoei beganoak bilaka daitezela erregutzen, alzheimerra daukan norbaiti oroitzeko galdatzen.

Unai Oñederra Zuzeularia da, maiz idazten du atari honetan, gehienetan sindikalismoa eta langile mugimenduaren erronkak ardatz hartuta. Aipatu dudan Maltzagaren testua irakurri ondoren, hausnarketa bati ekin zion Twiterren, eta bide batez, saltsa ederra sortu:

Pello Urzelaik arrazoi osoa zeukan. Twiterren 140 karaktereek ez dute ezer askorako tokirik uzten, eta gainera hainbeste jende sartuz gero, are eta gutxiago. Baina horretarako dago Zuzeu, ezta? Mintegia eta “Maltzaga reloaded” solasaldi presentziala iritsi bitartean, hausnarketarako tarte txiki bat eskaini diezaiokegu bai irakurleari eta bai geure buruari.

Zilegi bekit lehen harria botatzea, teorizatzen batere trebea ez den baseko militante honi. Argeleko negoziazioetan amaren tititik zintzilik nengoen, eta Lizarra-Garazin Superbateko karneta neukan; beraz, nire belaunaldia aurreko horien oinordekoa izan arren, Loiolak, ilegalizazioak, eta ETA-k armak uzteak markatu du gehien. Guk ez dugu PSOE-rik ezagutu autodeterminazio eskubidea babesten edota pa-pa-pa politikaren une gorenean (Jon Anzaz ahaztu gabe), ez dugu EAJ-rik sumatu estatu bat sortu nahian, eta Euskadiko Ezkerra eta Unidad Alavesa aipatzen dizkigutenean kromo aurpegia jartzen dugu.

Zer demonio da Maltzaga?Mark Legasse. Batzuk badaukagu Euskal Herrian sustraitu zen akrata hark botatako esaldietako baten berri: “madarikazioa da EAJ-rekin ezin dela ezer egin, eta EAJ gabe ere ez”. Beno, garbi geratu da Euskadi Buru Batzarrarekin ez dagoela zer eginik; EBB-rik gabe, ikusteko dago. Independentzia ezinezkoa dela dioen alderdi bat ez zait interesatzen.

Beste gako bat Joxe Migel Beñaranen hitzetan ikusten dut, duela 40 urte esandakoak izan arren gaurkotasunik galdu ez dutenak: “Ez ETA-k, ez Herri Batasunak, ez KAS-ek, ez nahi bezain handia izan daitekeen antolakunde batek ez ditu euskal langile klasearen arazoak konponduko. Euskal Langile Herriak soilik konpondu ditzake bere arazoak”. Antolakundeetatik haratago sentitu behar da independentziaren behar soziala, kulturalaz ohartzen garen gisan.

Ni abertzalea naiz, baina ez noa inora bere burua abertzaletzat aldarrikatzen duten batzuekin. Nor izango nukeen bidaide? Euskal Errepublika hobeto bizitzeko geltoki bat dela konpartitzen duen edonor; Apaolazak aipatzen duen %85 horren bila joan nahi dut nik, jakinda abertzaleen %55 horretan guztiek ez dutela estatu bat desio. Bide batez, ibilbide hori euskaratik eta euskaraz egingo dut; amore beste toki batzuetan eman behar da, ez kontu hauetan.

Oñederrak kontzeptu zaharrari XXI. mendeko izena jartzeko proposatzen du; saiatuko naiz. Irudiak maiz hitzak berak baino hobe mintzatzen direnez, hau duzue Maltzagako tren geltokiko irudia. Bertara bide bakarra iristen da, ondoren bi norabidetan jarraitzeko.

Zer demonio da Maltzaga?

Niri burura kontrako eskema bat datorkit. Baiona. Atturri eta Errobi errekak beren bidea egin eta gero (elkar batere ukitu ere egin gabe, noski) Baionan batzen dira. Baionan, bide labur bat egin eta azkenean itsasoratzeko.

Zer demonio da Maltzaga?

 

*Oharra: gai berari helduta testu gehiago kaleratzeko asmoa daukagu; hurrengo astean Unai Oñederrarena.

Zer demonio da Maltzaga Zer demonio da Maltzaga Zer demonio da Maltzaga

[Maltzaga II] Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

25 pentsamendu “[Maltzaga I] Zer demonio da Maltzaga?”-ri buruz

  • Ezker abertzaleak beti eman dizkio EAJri batasun baterako eskaintza pozointsuak. Maltzagakoa azken batean abertzale inuxenteak harrapatzeko trikimailu bat izan da eta EAJ bakarrik behin erori da horretan, Lizarra-Garaziko garaian.
    Gogoan duzue nola ETAk eta nola Herri Batasunak eta Otegik ere eskaini zioten, suetena luzatzearen truke, EAJ eta EAri kontsulta bat egin behar zela komunitate autonomoan, Nafarroan eta Iparraldean euskal eremu bateratu bat osatzeko?
    Hauetxek dira beti ezker abertzaleak planteatzen dituen egitasmo errealistak.

    • Pat Garrett 2017-01-19 11:18

      Erabat ados zurekin. Ni ezker abertzalekoa banintz, bertan deuseztatuko nuke PNVrekin naziogintzan bat egiteko ameskeria, eta behingoz utziko nioke jeltzaleei gorte egiteari eta eskua luzatzeari. Aldiz, saiatuko nintzateke neure proiektura biltzen alderdi horren baseetan geratzen diren apur euskaldun eta ez-alienatuak. Bestalde, ezker abertzalearen baitako erdaltzale guztiak haizatuko ere nituzke, baina orduan uste dut lau katutxo geratuko ginatekeela.

      • Zoritxarrez arazoa da independentziaren bidea ezker abertzaleak planteatzen duen moduan ez dela bide erreala, borroka bide huts bat baizik, estatua eta sistemarekin talka egiteko aitzaki huts bat.
        Euskal Herriak duen pena ezker demokratiko baten eza da (horrekin esan nahi dut mendebaldeko demokrazia eredua aintzakotzat hartzen duena).
        Euskal ezkerra iraultzailea denez, independentzia iraultzaren mesede pean dago.
        Orain gutxi ezker abertzaleak independentziaz egindak gogoeta bide hori sakontzeko egina dago. Independentzia ez da euskal nortasunean oinarritu behar, baizik eta eredu sozial hobeago baten promesan.
        Falta zitzaiguna, euskal nortasuna (gorde eta zaindu behar dugun hori eta abertzaletasunak eragin zuena bere galera ez gertatzeko) bigarreneko gauza da “independentzi”a ezkertiarraren ereduan.
        Horrelako moldeak irauten duten bitartean ezker eskuineko abertzaleak bateratuko lituzkeen egitasmorik ez da izango.

  • Monzonek, bere garaian, ideia bat landu zuen. Planteamendua zen ETA eta ENBATA artean gobernu bat osatzea. Nola PNV-ek, Munich-en itunean Agirreren Gobernua likidatu zuten (Agirre hila zegoen data hartan) eta Leizaola desgobernuaren burua zela, Monzonek planteamendu hori luzatu zuen bi erakundei. Ez naiz sartuko bi erankunde horiek aproposak zirenik ala ez, niretzat ez, baina inportanteena zen hori: gobernu bat!
    Franco bizirik zegoen eta Espainako “tranzizioa” martxan, eta guk gobernu batekin, Estatuz Estatuz hitz egiten. Indarrarekin, garai hartan bazegoen indarra, eta denok dakigun bezala hitzek ezpatarik gabe ez dute ezertarako balio.
    http://hamabost.net/categorias/articulos-relacionados/el-pueblo-vasco-bajo-el-imperialismo/

  • Beñat Hach Embarek 2017-01-19 16:14

    CUP iraultzailea da, eta antikapitalista; Convergenciaren egungo marka kontserbadorea eta liberala. Baina ados jarri dira.

    Zuretzat, Bentazar, ezker abertzaleak independentziara planteatzen duen bidea ez da erreala. Konforme, iritzi hori zilegia da. Baina jakin badakizu EAJ-k ez duela inongo biderik planteatzen, independentzia ezinezkotzat jotzen duelako; eta jakin badakizu hitz horiek ez direla nireak. Zin dagizut EAJ-k Euskal Errepublikara eramango gintuzkeen ibilbide orri bat proposatuko balu, nire arreta osoz aztertuko nukeela. Baina agian, EAJ-k ez du hori nahi, jakin baitaki euskal estatu independente batean botere harreman sozialak ez liratekela bere alde irauliko; eta agian, EAJ ezezkoa esaten ari zaio euskal errepublika bati arrazoi sozialak tarteko, euskal erroa eta nortasuna zokoratuz.

    Zure iruzkinean inspiratuta: “euskal nortasuna (gorde eta zaindu behar dugun hori eta abertzaletasunak eragin zuena bere galera ez gertatzeko) bigarreneko gauza da “autonomia”a eskuindarraren ereduan.

    Euskal erroa sustraitu eta bizirauteko estatu bat eta berauk eskaintzen dituen botere mekanismoak behar ditugu, zalantzarik gabe. Eta noski, presio gaitasuna lortu behar da, inperioek ez baitiote beraien jabetzei muzin egiten borondate propioz.

  • Gauzak konplexuagoak dira, Beñat, Katalunian itun fiskala eta estatuto berri bat nahi zuten, espainiar tribulak hori kendu zuten eta erreakzio horren ondorioz orain horrelako prozesu batean dira. Bitartean partido espainol bat bihurtu da Kataluniako lehena eta independentistek (ezkerra eta eskubia) gehiengoa galdu dute. Hori bada zure eredua suizidioa iruditzen zait. Baina koherentea da zuek EAJri suizidioa eskatzea.
    EAJk independentzia aukera bat du eta ez du inondik inora ukatzen. Beste gauza da Kataluniako eredua ikusita ze ondorio eramaten dituen estatuaren kontra aldebakartasunez borrokatzea. Esan dizudana, gaur Podemos da Kataluniako lehen partidoa eta Bartzelona bere eskuetan dago.
    EAJk bide legalak erabili nahi ditu buru jabetzan sakontzeko uste duelako hori dela biderik onena. Bilduk ez du horrela pentsatzen, nahi du guk guztiok inongo irabazpide bermerik ez duen bide batetik jotzea.
    Gure zure ustez bigarreneko autonomia hori euskal nortasunaren oinarrietako bat da nire ustez. Akaso euskal hezkuntza eta euskal zerbitzuak txorikaka izango dira zuretzat. Akaso egitura instituzional moderno eta eraginkorra ez dira ezer. Hoiek dira niretzat euskal burujabetzaren benetako oinarriak eta ez segidarik gabeko inorako independentzia aitzunaren ezker abertzalearen egitasmo beti hutsalak.
    Autonomia estatu baten botere mekanismo lehenak ematen dizkigu, Beñat. Oraindik ez zara horretaz konturatu.

    • Pat Garrett 2017-01-19 19:22

      Zuen autonomia maitatu horrek hobira eramango du euskara, zeren onartzen eta bere egiten du espainol hizkuntzaren derrigortasuna, zeina baita estatuak bortxaz inposatutako bidegabekeria bat, eta ez dio kontra egiten, ez eta zalantzan jartzen ere. Euskara, aldiz, uzten du gizabanakoaren aukera huts gisa. 40 urtean, baina, ez du aski egin aukera hori hautatu dugunok euskaraz bizi ahal izan dezagun.

    • Eneko Bidegain 2017-01-20 09:38

      Aipatzen duzun autonomia horrek, bere funtzionamendu osoak, hezkuntza sistemak, komunikabideek eta abar, baztertzen dute, erabat, Euskal Herriaren ekialde osoa.

      • Euskal Herriko ekialdeko jendeak masiboki partido espainol eta frantsesei botoa ematen die beraz beraiek autoeskluitzen dira mendebaldeko euskaldunetatik.

        • Bai, eta gauza bera Bilboko auzo batzuetan, eta Arabako herri ainitzetan, haiek ere “autoeskluitzen” dira “mendebaldeko euskaldunetatik”?
          Estatu zapaltzaileek antolatutako hauteskundeen emaitzek gaituzte eskluitzen ala inkluitzen gure herritik?
          Estatu indenpendente bat UEMAko baizik?

        • Eneko Bidegain 2017-01-21 12:44

          No comment.

        • Hau da, Ezkerraldeko eta Mehatzealdeko euskaldunetatik. Kagatzen zara!

  • Gure autonomia maitatu honek euskara hezkuntza hizkuntza nagusia bihurtu du eta hori ukatzea euskara oso gutxi maitatzea da.
    Estatuaren derrigortasunaren katramila akaso balioko dizue amets egiteko baina ez du errealitaterik. Noizbehin Euskadi independientea baldin bada gaurko egitura instituzionalak edukiko ditu oinarri bezala. Gauzak ez dira zerotik hasi beharko, nahiz eta ezker abertzalea eta bere kideentzat zerotik hasi behar, zero baita ezker abertzalearen lorpena.

  • Beñat Hach Embarek 2017-01-20 16:13

    Gure autonomia maitatuak euskarari ematen dion garrantzia ikusi duzu grafikoren batean?
    https://twitter.com/josu_goiko/status/821771856801886208

    Jope Bentazar, EBB-ekoek zuk ezker abertzaleari diozun ezinikusiaren laurdena izanda ere jai genuke Maltzagarekin; eta jai izan dugu. Ezizenez idazteak hori dauka, ez dakidala nor zaren, beraz ezin jakin nondik datorren zure amorrua. Baina pena da estatu bat nahi duzula esatea (eta pentsatzea, espero dut), eta estatu bat nahi dugun besteokin halako amildegiak jartzea.

    Zuk lehena bakarrik nahi duzu? Bada Maltzaga da hori. Baina ez baduzu nahi… Ez ginateke lehenak izango, ezta gutxiagorik ere. Zuk esan duzu, “koherentea EAJ-ri suizidioa eskatzea”. Orduan EAJ independentziaren alde ez aritzearen arrazoia bozak galtzeko beldurra da? Orduan zergatik da nazionalista? Zergatik dio Ortuzarrek urtean pare bat aldiz Gora Euskadi Askatuta? Folklorea?

    “EAJk independentzia aukera bat du eta ez du inondik inora ukatzen” diozu:
    Ortuzar: eztabida ez da independentzia “bai” edo “ez”
    Urkullu: independentzia XXI. mendean ezinezkoa da.
    Josu Jon (horrek oraindik agintzen du, ala?): no comment.

    Demagun independentziaren aldeko jarrera eta mugimendua zabaltzen doazela hurrengo urteetan, geroz eta kolore gehiagoko jendea, antolakundeez gaindi… bat gehiago izango zinateke?

    Joango gara ahalik eta gehien batera euskal estatu bat lortzeko ahalik eta jende gehiena konbentzitzera? Goazen estatugintza apur bat egin eta helburu bera daukagunon artean belarrondokoak ematen uztera (egiazki helburu bera konpartitzen badugu):

  • Arazoa da EAJk eraiki duela gure hezkuntza sistema euskalduna eta hau beste edozer gauza bezala ekonomia baten gainean eraiki behar dela.
    Katalunian Convergencia suizidatu da eta ez dira haatik katalanak independentziatik gertu, aldiz, lehen esan dizudan bezala, orain alderdi espainol bat da Katalunian nagusi.
    EAJ abertzale euskal nortasuna iraun dezan. Hori izan zen Sabin Aranare helburua, euskal nortasuna iraun al izatea. EAJk bere proiektuaren parte bat gauzatu du eta hori onuragarri dela uste dut, ezker abertzaleak bestela pentsatu arren eta beste ezer ezin aurkeztu dezakeen arren.
    Egia da ala ez oraingo egitura instituzionalak estatu baten oinarri beharrezkoenak eta funtsezkoenak betetzen dituela. Niretzat ez dago dudarik. Eta ez dut hori gaitzetsiko existitzen ez den ustezko lillura batengatik.
    Zoritxarrez, Beñat, eta horretan akaso ez gara ados, nire ustez ankasartze itzela da euskal nortasuna eta kausa nazionala iraultzaren mendean jartzea. Mendebalde europarraren eredu demokratikoa ukatzen duen ezker mota horrek mina eta galera besterik ez dio ekarri Euskal Herriari. Parametro hoietan, amildegi benetako bat dago eta hau garaitezina izango da eta zoritxarrerako euskaldunak ahulagotuko gaitu aurrerapausoak emateko.

  • Bai, eta gauza bera Bilboko auzo batzuetan, eta Arabako herri ainitzetan, haiek ere “autoeskluitzen” dira “mendebaldeko euskaldunetatik”?
    Estatu zapaltzaileek antolatutako hauteskundeen emaitzek gaituzte eskluitzen ala inkluitzen gure herritik?
    Estatu indenpendente bat UEMAko baizik?

  • Kurutxeta-rena ez da komentatzen. Normala den bezala. Atera duena da “el quid de la question”. Okupazioaren egoeran akomodatuek bizi zareten guziak beste aldera begiratu nahiago duzue.

    • Nik hau ez dut ulertzen: “Estatu indenpendente bat UEMAko baizik?”

  • Gai honen harira ZUZEUn artikulu hau zintzilikatu nuen, ekarpenatxoa gogorat nahian , hemen: https://zuzeu.eus/euskal-herria/trena-maltzagatik-igaro-da/

  • EAJ independentziaren alde egingo du estatu berri horrek “egonkortasun” gehiago bermatzen dionean. Koherentzia osoz ari da Sabinoren alderdia, bere sorrerako helburuekin fidel. Aberriarekin ez klasearekin leial. Eta zoritxarrez Espaniako testuinguruan euskal herritar ugarik garai bateko Sotatarren klasekoa denaren ustea du, nahiz eta funtzionario eta langile hipotekatuak izan. Beldurrak indar handia du oraindik. Estrategia eta indar berriak sortu beharko dira. Beharko. Eta sokari tenkatuta eutsi lortutako apurra ez galtzeko. Ze EAJ-ren esku utziz gero….gureak egin du.

  • Katalanen gehiengoak hitzartutako galdeketa nahi du, hala ere , gehiengoak ere nahiz ta hitzartuta ez egon, bozkatzera joango zan.
    Baina Bartzelonan PODEMOS dagoenez, bestea ez omen du balio.
    Beraz hemen garrantzitsuena EAJk boterea izatea da.
    Ta Colauk zer dio erreferendumari buruz?Nahiago duela hitzartua bada, ez hitzartua izan behar dela derrigor.

    Baina Bartzelonan PODEMOs agintzen duenez beste guztia ez omen da gertatzen ari.
    Ta zer esanik ez alderdi abertzaleei buruz? Boterea leku guztietan galdu dutela, a ez kontrakoa dela. Baina Bartzelonan PODEMOS dagoenez…
    Aitzaki petralak gero independentiaren alde ez lerratzeko.

  • Betiko topiko tipikoak eta besterik ez hemen irakurtzen ditudanak.
    Klase sozialaren estigma planteatzea gure herria zatitzea da eta horren ondorioz indarra galtzea. Azken urtetako historia ikusten dugunean argi dago EAJk bere egitasmoa bete duela eta aurrera jarraitzen duela ezker abertzaleak derrota politiko-miitarra jasan bitartean. Ondorenen ondorioei begiratu behar zaio ikusteko bide baten ala bestearen eraginkortasuna. Eta noski Sotatarren kontua berriz ere irakurri beharra… Sotak bere herriaren alde jartzeagatik aberastasuna galdu zuen oligarka bat da. Beraz errespetu apur bat horrelako abertzale bati.
    Suagaar, oso ondo iruditzen zait zure pentsaera, alegia, EAJk bere burua amildegitik behera bota behar duela eta era berean abertzaleek bermerik gabeko bide bat jarraitu behar dutela. Ulertzen dut Podemosekoak espainolak izan arren iraultzaileak direla eta horregatik kriston sinpatia diezula eta seguru asko oso kontent izango zinela beraiek Euskal Herrian nagusi balira. Ba niri ez, eta ez da klase arazoa hau, klase arazoa ezker abertzaleak sartu zuen eta ez du ezertarako balio, barkatu, bai, balio du Euskal herritarrok arazo horren inguruan ostiaka ibiltzeko.
    Nik ez dut zuen bide “independentista” hori onartzen, ez doa ezer lortzera eta suizidio bat da. Noizbehin horretarako aukerarik badago zuek planteatzen duzuen oinarrietatik kanpora izango da. Horretan ez dut dudarik. Bitartean zuek segi EAJren kontrako gorrotoaren sua eraginez. Pentsatzea hori dela independentziaren bidea astakeri hutsa iruditzen zait.

  • Zarauztarra 2017-01-23 09:41

    EAJ bera bakarrik ari da bere buruaren kontra. Bere Estatutotan “independentista” dela esan eta gero “soberania compartida” eta “yo no creo en el independentismo”…. Eta horrela 100 ta piku urtez, eurak eta euskaldunak engañatzen. Eta bitartean Urola kostan 15 urteko gazteak kastellanoz jo ta ke, ikastolakoak barne. Baina lasai, muunduko hiritarrak gara eta.

  • EAJk ez du bere estatutotan sekula “independentista” denik esan beraz Zarauztarra ikusten da gutxi ala ezer dakizula EAJren kondairari buruz. EAJk foru desagerpenen legearen deusestapena izan zuen bere lehen egitasmo gisa. Eta gero estatuto bat zuen helburu. Hori lortu du. Orain bide hori da sakondu daitekeen bakarra buru jabetzari begira. Zuek ezker abertzaleko internazionalistak zarete munduko hiritarra, ni euskalduna naiz bakarrik.

  • Beñat Hach Embarek 2017-01-23 11:45

    Kaixo guztioi:
    Esan bezala, “Maltzaga” kontzeptuaren bueltan idatzi serie bat plazaratuko dugu. Gaur Unai Oñederrak idatzi du, eta eztabaida bertan jarraitzeko gonbitea luzatzen dizuet.

    https://zuzeu.eus/euskal-herria/maltzaga-ii-maltzaga-hil-da-gora-maltzaga/

    Alderdikeria eta rock&troll iruzkinak agertu direla iruditzen zait, eta planteatu dugun galdera hau da: Maltzaga eta gero zer? Zer egin behar dugu euskal estatu bat lortzeko?

    Oñederraren testuan ikusiko gara, ondo bizi.