Trena Maltzagatik igaro da

Trena Maltzagatik igaro da –

Zer demonio da Maltzaga? (Beñat Hach Embarek)  [ Maltzaga I ]
Maltzaga hil da, gora Maltzaga! (Unai Oñederra)  [ Maltzaga II ]
Maltzaga reloaded: gerokoak geroko ez utzi (Mario Zubiaga)  [ Maltzaga III ]
Soberanismoa: Zein da abiapuntua? (Xabi Anza)  [ Maltzaga IV ]
Beste Maltzaga bat (Eneko Bidegain)  [ Maltzaga V ]
ZaMaltzaga (Unai apaolaza)  [ Maltzaga VI ]
Abia gaitezen (Miren Zabaleta)  [ Maltzaga VII ]
Trena Maltzagatik igaro da (Patxi Azparren)  [ Maltzaga VIII ]
Trena Maltzagatik igaro da (eta II) (Patxi Azparren)  [ Maltzaga VIII ]

Ibarretxeren bigarren agintaldian, Euskaria Fundazioa elkartearen eskutik, Maltzagako Aldarria izeneko ekimena bultzatu genuen. Raul Arkaia kazetariarekin idazkaritza lanetan aritzea egokitu zitzaidan.

Trena Maltzagatik igaro daOso gaztetik ezkerraren sektore asanbleario eta bihurrienetan aritzea aukeratu banuen ere, beste pentsaera bat dutenekin lanean aritzeko zailtasunik ez dut izan. Euskal Herrian denok ditugu gure inguru afektibo gertuenean oso ezberdin pentsatzen eta jarduten duten lagunak; hortaz, aniztasun horretan bizitzeko dohainak garatu ditugu. Gatazka armatuaren aroak sortutako harresiak ezarritako mugen gainetik salto egiten ohituta ginenok trebetasun horiek landu behar izan ditugu.

Ibarretxeren bigarren gobernua estatus juridiko-politikoa aldatzeko ahaleginetan zebilen. 2007ko udaberria zen, eta, Lizarra-Garaziko Akordioaren garaietan zabaltzear egon zen prozesu subiranista berpiztea aldarrikatuz, sinadura bilketa bati ekin genion. Talde txikia izanik, atxikimen kopurua baino, bestelako ezaugarriak lehenetsi behar izan genituen. Ipar eta Hego Euskal Herriko alderdi abertzale, gehiengo sindikal eta herri mugimenduetako lagun ezagun askok aldarriarekin bat egin zuten.

Lizarra-Garaziko Akordioaren 10. urteurrenarekin batera, Abertzaleen Batasuneko zenbait kideren laguntzaz, Garazin elkartu ginen. Garai hartako sindikatu nagusiaren idazkari nagusia zenak kale egin zuen; «ekimen boluntarista» omen baitzen geurea. Horren ondorioz, hitzordura joatekotan zeuden beste sindikatuetako kideak ez ziren etorri. Zer esango dugu, bada: Elorrietak arrazoi zeukan, boluntarista hutsak eta inozoak ginen, gara; baina konpromiso politikoari muzin egin nahi ez dioten inozoak, ekintza politiko eta sozialean erretirorik ez dagoela uste duten horietakoak.

2008an, Lakuara 1.500 sinadura eraman genizkion eskura lehendakariari. Bereziki handia izan zen Euskal Diasporaren kide aktiboenek egin zuten ekarpena; izan ere, Euskal Etxeetako ehunka kidek agiria sinatu zuten.

Lakuan egon ginenerako, eszenatokia osatua zegoen. Ibarretxeri aurrez aurre bidea «etxetik» moztuko ziotela ohartarazi genion. Eta laster horrela gertatu zen, EAJko buruek ez baitzuten ez gogorik, ez kemenik, mendebaldeko hiru herrialdeetan zegoen gehiengo subiranista aktibatzeko.

Lehendik, batzuen eta besteen kokapena erabakita zegoen. EAJren Josu Jon Imazen aldekoek ez zuten sekula Lizarra-Garazi maite izan. Egungo lehendakariak, Bizkai Buru Batzarreko burua zelarik, herriz herri sortu ziren «Lizarra-Garazi txikiak» oztopatzeko ahaleginak egin zituen; estrategia politiko-militarra porrotera eramaten ari zitzaigun; Ezker Abertzalearen eledun nagusienek PSOEren balizko ildo vasquista batekin amesten zuten… korapiloa ez zen askatzen. Urteek ematen diguten ikuspegiak parada ematen digu garai hartan gertatutakoak hobeto ulertzeko.

Ibarretxeren proposamena mugatua zen: mendebaldeko hiru herrialdeetako erakundeetatik abiatutako prozesua zen; osagarri sozialik ez zuen; Estatu espainiarrak ezarritako legea errespetatuz egitura juridikoa eraldatu nahi zuen, EAJren babesa izango zuela uste zuen… Desobedientziarako prestasuna ez edukitzekotan, Ibarretxeren planak ez zeukan jarraibiderik.

Ziurrenik, Ibarretxek izena eman lezake Garazin elkartu ginen boluntarista taldean. Nik, aldiz, jeltzale bat politikoki kokatuta egon daitekeen tokietatik hamaika kilometrora egonda ere, beste zerrenda labur batean ere jarriko nuke, politikari zintzoen zerrendan, alegia.

Harresi berri baten kontra jotzera gindoazela bagenekien ere, Maltzagako Aldarria bultzatu genuenok bat egin genuen Ibarretxeren legealdiaren hondarretan sortu zen «Erabaki» Plataformarekin. Azken aukera zen, eta kontraesan anitz egonagatik ere, saiakera zintzoei zintzotasunez erantzun behar zaiela uste dugulako, hor aritu ginen.

 

Maltzagatik igaro da

Ezaguna denez, «Maltzagaraino elkarrekin» leloa Telesforo Monzonek zabaldu zuen. Maltzagako ikurra abertzale guztien arteko elkarlanaren adierazgarria da. Hori dela eta, Maltzagako Aldarria izena jarri genion, 2006tik 2008ra bultzatu genuen ekimen apala.

Beste garai historiko bat zen, beste baldintza politiko batzuk zeuden, beste eragile eta protagonista batzuk ziren. 2008an mendebaldeko hiru herrialdeetatik abiatuta, Euskal Herri osorako estatus juridiko-politikoa aldatzeko proposamena egitea bideragarria izan zitekeela ematen zuen. Lizarra-Garazik sortutako aliantzek Euskal Herri osorako prozesu dinamiko bat bultzatu ahal zutela uste genuen. Aldiz, trena Maltzagatik pasa zen eta bidaiariak ez ziren igo.

Trena pasa zen. Bidaiariak egon bazeuden, baina txartelak ez ziren salgai jarri. Batzuek bolanteari heltzeko lehian ibili nahiago izan zuten; beste batzuek trenbideko burdinak eten zituzten, besteek argindarraren kablea…

Ibarretxeren saiakerarekin batera, EAJren azkeneko aukera historikoa igaro zen. Egun, EAJ Kataluniako Duran i Lleida dagoen kokapen politikoan dago.

Ezkertiarrok gure egitasmo eraldatzaileak zokoratu behar omen genituen Maltzagan trena hartzekotan. Eskuindarrok, berriz, euren eredu sozioekonomikoa inposatzen jarraitzeko edozein bidaide aukeratzea zilegi omen zuten. Hegoaldeko azkeneko hauteskundeetan EAJk hautu hori berretsi du, Ardanzaren garaian baino urrunago eramanez eta, gainera, hautu hori jasangaitz bilakatzen duen testuinguru berri batean.

Bai Euskal Herrian, bai nazioartean, testuingurua zeharo aldatu da. Euskal indar politiko subiranista guztiek gatazka armatuaren garaia bukatutzat ematen dute; Europan eman den «Merkatuen» Estatu-kolpeak demokrazia akabatu du (Grezia kasu); kapitalismoak, militarismoak, pobreziak eta fanatismoek gerra egoera iraunkorrera eraman gaitzakete. Herritarrok eta herriok burujabetza eskuratu behar dugu, sistema ekonomikoa errotik aldatu, ordezkaritza sistema zeharo irauli behar da, demokrazia erradikala praktikatuz, bake politikak nagusitu behar dira, aniztasunaren txertoa fanatismo guztiei aurre egiteko sendagaia zabaldu behar da…

Bidaia berri batean ari gara eta jeltzaleek ez dute parte hartu nahi. XX. mendeko nazionalismoak bukatu dira; XXI. mendeko mugimendu independentistek ezkerrez idazten dute.

>> Trena Maltzagatik igaro da (eta II)

Trena Maltzagatik igaro da

BERRIAN argitaratua

Garai hartako prentsa argitaratutakoa

Garaziko ekitaldia

Uztaritzen

 

Maltzagako Aldarria
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude