Maltzaga reloaded: gerokoak geroko ez utzi

Maltzaga reloaded

Maltzaga reloaded

Maltzaga reloaded“Maltzaga” herri-estrategiaren metafora da. 1976ko Xibertako elkarrizketen garaian Telesforo Monzonek botatako esaldi hura, printzipio klasikoaren kokapen gertukoa besterik ez da: “borrokarako, batu, bizitzarako, banandu”. Orduan, frankismoaren amaieran, bi tren abertzaleek ezin zuten aurreikusi aurrez-aurre zeuden trenbideek izan zezaketen potentziala, eta bakoitzak bere bidetik hartu zuen, artean hipotetikoak ziren aukera bien zuzentasuna frogatze aldera: borroka armatuaren erraila, ala autonomiarena. Hogei urte beranduago, 1998an, metafora haren itzalean mamitu zen Lizarrako akordioa. Aurrekoaren antzera, hura ere zapuztu zen, borroka armatuaren bidea agortuta zegoen arren, haren sustatzaileetariko batzuk emaitza hobea espero zutelako armak uztearen truke, eta erakundeen epelean bizi zirenek, berriz, ez zutelako arriskuan jarri nahi izan autogobernu apur hura, bide autonomikoa bera ere ordurako agortuta zegoen arren. Orain, Lizarratik ia beste hogei urte igaro direnean, protesta bortitzaren eta autonomia ziklo luzearen amaierara heldu garen honetan, berriro ere Maltzagako izpiritu hura berpizteko edo erabat alboratzeko hautua bilakatu zaigu hizpide. Hirugarrenean asmatuko al dugu, agi denez?

Hiruzpalau argudio labur, galdera honen harira:


1.- Abagunea

Maltzaga reloaded
Arg: EITB

Munduan, Europan, ziurgabetasuna da nagusi. Mapak, mugak eta dinamika geoestrategikoak etengabe aldatzen ari dira, eta burujabe gisa kokatzeak berebiziko garrantzia du abagune honetan. Alabaina, beste egitura politikoen esku utzi nahi duguna edo gure eskumen eremuan nahiko genukeena bertan erabakitzeko gaitasuna erdiestea zaila izango da herri-egitasmo partekaturik gabe. Gertura etorrita, Espainiak lurralde-egituraren aldaketa bideratu beharko du epe laburrean, eta oraindik orain ez dago argi leihatila hori zentralizatze logika areagotzeko ez ote duen erabiliko. Kataluniak zabaldutako bidetik eta harekin batera errebindikazio soberanista sendoa plazaratuko balitz gurean, askoz ere zailagoa gertatuko litzaioke Espainiari eskuartean darabilen inboluzioa burutzea. Bestalde, barne abaguneari dagokionean, batetik, orain agintean dagoen belaunaldiak ziklo historikoa txukun amaitzea zor die hurrengo belaunaldiei, eta hartara soberanisten arteko gutxieneko akordioak modu duinean itxiko luke ezintasun estrategiko luze eta iluna. Zor etikoa da, oroz gain. Eta bestetik, barne abagune esanguratsuenaz –euskal lurralde guztien erakundetzea eta gaurko indar harremana–, baliatzeko kontsentsuzko jarrerak indartu beharko lirateke, ez barne zatiketa eragiten dutenak.

2.- Helburu taktikoak

Zein da datozen bospasei urteetan soberanismoak zedarritu beharko lukeen jomuga? Independentzia ez da egun bat. Berriki errepikakorra bilakatu zaigu esamolde hau. Alabaina “estrategia independentista” eta, esaterako, “erabakitzeko eskubidearen” aldekoa kontrajartzen direnean susmoa dut ez ote dugun ongi barneratu esamolde horren esanahia. Estatugintza eguneroko lana bada, ibilbide horretan gaur eman beharreko urratsen inguruko sintonia gero eta argiagoa dirudi: erabakitzeko eskubidea bideratuko duen eta eskuduntza nagusiak erabat gure esku utziko dituen estatus berria EAEn, eta Nafarroan, ildo bertsutik, “hobekuntzaren hobekuntza”. Iparraldean, berriz, Elkargoaren eskutik ekimen sendoak abian jartzea, hango adostasun zabalena lortuta. Aldi berean, hamarkadetan bizkarra emanda bizi izan diren euskal lurraldeen arteko harremanak normalizatzeko eta elkarlanerako marko instituzionalak bideratzen hastea. Eginkizun horiek guztiak estrategia independentistaren parte dira. Eginkizun horiek guztiek nekez burutuko dira gutxieneko akordiorik gabe.

3.- Logika politiko berria

Maltzaga reloaded
Arg: Argia

Uneak eskatzen duena arestian aipatu dugun “adostasun logika” dela onartuta ere, horretara heltzeko bidean datza koska. Maltzagara heldu beharko ginateke, une batez bederen, bai, baina agian ez orain arte ulertu dugun moduan: burujabetzan aurrera egiteko herri gisa beharko genukeen gutxieneko adostasuna, behetik gora eraiki beharko litzateke, ez soilik mahaikide bakan batzuk bilduko lituzkeen bazkan. Behetik gorako praxi konstituziogileak, herrigintzak, finean, eta, aldi berean, eragile aurrerakoien konpromisoak baldintzatuko dute edozein akordioren norabidea. Gatazkaren beharretara begira zatikatu den gizarte soberanista lanean ari da jada paradigma berrian. Esaterako, inoiz ez bezala, politika profesionaletik at dagoen herritar kopuru esanguratsua bildu da Gure Esku Dago dinamikan, estatuaz, burujabetzaz edo errepublikaz jarduteko, balizko galdeketa batek beharko lukeen galdegaia askatasunez, inongo agindurik gabe taxutzen… Ahalduntze horretan, zalantzarik gabe “Maltzaga” metafora eraberritzen ari zaigu.


Eta “Maltzaga berpizteak” (reloaded) ez du zertan alternatiban amore ematea ekarri. “Gerokoak ez baitira geroko” uzten inoiz, egunerokoak baldintzatzen baitu gerokoa: gaurko jardueran behetik gorako logika gailentzen bada, burujabetzaren bidean emandako aurrerapauso oro, gizarte eraikuntza bidezkoarekin uztartuta egongo da: horixe da soberanismoaren kontzeptuaren sakona. Ibarretxe lehendakariak berriki esan bezala, ezin baitira herri-egitasmoaren dimentsio sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak bereizi: balio-sistema oso baten eskutik dator euskal burujabetza.

Jardunak erakutsiko digu zein den polarizazio ardatz egokia, eta, batez ere, zein geratuko den alde batean, eta zein bestean. Ez baitago identitate politiko finkorik, identifikazio prozesuak baizik: atzo, neoliberalismoaren zerbitzura zegoen buruzagia, edo autonomismoaren zutabe zen sindikatua, edo abangoardia solipsista zirenak, gaur, giza garapenaren, kontraboterearen eta benetako elkarlanaren aitzindari izan daitezke.

Maltzagako historia idazteke dago eta, akaso, bada elkarrekin idazteko garaia. Maltzaga reloaded.

Maltzaga reloaded

Aurrekoak…

[Maltzaga II] Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

[Maltzaga I] Zer demonio da Maltzaga?

*Oharra: Maltzaga kontzeptuaren bueltako seriearekin jarraiki testu gehiago izango dira etorkizunean.

Maltzaga reloaded

15 pentsamendu “Maltzaga reloaded: gerokoak geroko ez utzi”-ri buruz

  • Aupa, Mario: Gaiari buruz elkarrizketa interesgarria izaten ari gara Zuzeun, Beñati esker. Azken aurreko pasartean paratu duzun hirukotearen irudian (“atzo, neoliberalismoaren zerbitzura zegoen buruzagia, edo autonomismoaren zutabe zen sindikatua, edo abangoardia solipsista zirenak, gaur, giza garapenaren, kontraboterearen eta benetako elkarlanaren aitzindari izan daitezke”) azken biek eman dugu jada urratsa. Hirugarrena falta da… etorriko dela espero dut, baina abian jarri eta fin egin beharko dugu lan horretarako 😉

  • Ikaragarria.

    Lizarra-Garaziri buruz gezur borobil bat esaten du Mario Zubiagak.

    Lizarra-Garazi puskatu baitzen ETAk eta ezker abertzaleak eta Otegi berak EAJ eta EAri egindako proposamen xelebre horren bitartez: kontsulta bat egitearena Nafarroan, Iparraldean eta Euskadiko komunitatean. Beraz, hain txukunki banatzen dituen ardurak gezurretakoak dira. ETAren suetena benetan tranpa bat izan zen, gerora erakunde armatuak zinikoki onartu zuen bezala.

    Nik ulertzen dut hemen badirela alderdi eta sindikatu batzuk gobernatzeko egitasmo politikorik ezean eta lau urte poterean zenbait erakundeetan igaro eta gero inongo emaitza gloriosorik gabe (aldiz, herriaren ukapena jasota) horrelako operazio bat montatu nahi dutela Kataluniakoari begira. Milenio erraldoi baten promesarik gabe ez dakite politikarik egiten.

    Euskal Herriaren borroka neoliberalismoaren kontrako borrokaren azpian jartzea astakeri handia da. Independentzia eta sozialismoaren kausak ez du inongo herri askatu eta ikustea besterik ez dago Europan gertatu diren independentzia esperientziak konprobatzeko herriak estatu bilakatu direla sozialismoaren kontra eta ez alde. Beraz ELA-Ezker abertzalearen operazio hau ikuspegi nazional hutsetik burugabekeri bat da besterik gabe.

    Eskerrik asko Unai onartzeagatik ELAk “urratsa eman” duela onartzeagatik ezker abertzalearekin lerratzeko. Nik esaten nizuna. Baina, zergatik ELA ez da hauteskunde politikoetara aurkezten? Irbazteko beldur al dago?

    • Mario Zubiaga 2017-01-27 16:27

      Kaixo bentazarra,
      gezurra… hitz potoloak dira, elkarlana defendatzan ari omen den batentzat.
      Apurketaren arrazoi sakonetaz ari nintzen ni, ez apurketa arrazoitzeko eragileek emandako argudioetaz. Arrazoi sakonaren inguruan ez dut zalantzarik: ikuspegi konstituziogilea zuten batzuk buruan (kontsulta bainoago, udalbiltza batzar konstituziogile legez antolatzea) eta estatutuaren erreforma besteek, gero Ibarretxeren proposamenean gauzatzeko bidean jarri zena, eta, tamalez, bere horretan galdu zena. Finean, batzuk zein besteek 77an egindako hautua justifikatzeko eredua mahaigaineratu zuten Lizarran: tabula rasa vs estatutuaren garapena…
      Eta bigarrenari dagokionean, zorionez, neoliberalismoaren eta sozialismo milenaristaren artean badago erdibiderik eta horretan datza soberanismoaren bidea.
      Ondo izan.
      Mario.

  • Argudioak sakoneko joeren adieazgarri dira. EAJ eta EAko burukideek pentsatzen zuten eta horrela esan ziguten oineko alderdikideei Lizarra-Garazi borroka armatuarentzat bukaera duin bat egiteko pausalekua zela, bi alderdi hoiek ezker abertzalearekin batera autodeterminazio eskubidea lortzeko elkar lanaren truke. Eta hara non ETA eta ezker abertzalea agertu zitzaizkigun azken orduko proposamen xelebre horrekin. Noski ETAk eta ezker abertzaleak adierazi ziguten zer nahi zuten benetan, guk “estatuarekin loturak” puskatzea eta legez kontrako bide batetik abiaraztea.
    Ez dago erdibiderik euskal kausa nazionala neoliberalismoaren kontrako borrokaren mesedetan jartzearen momentuan. Zoritxarrez ezker abertzalearen betiko alternatiba da hori, gure independentzia eredu sozioekonomiko baten mesedetan jartzea, gure kausa nazionala zuen sozialismoaren gasolina bilakatu dadila. Ikusi dugu horrek zertara eramaten gaituen ezker abertzalearen ziklo politiko-militarrean: derrota politiko-militarra eta armen uztea legalizazio xixtrin baten truke. Horrelako ildoa egin dutenek orain zeru eta lur berri baten independentziaren promesa saltzen diguzue. Bejondeizuela.

  • Beñat Hach Embarek 2017-01-27 19:13

    Zertarako nahi dugu estatu bat? Bizitza duinagoa izateko, erabakitzeko gaitasun gehiago izateko, hilzorian dagoen herri honi biziraupen osasuntsua bermatzeko, erabakiak hemen hartzeko. Estatua neoliberala izanda, gaitasun hori asko murrizten da. Grezia oso independentea da: gauza batzuetarako balioko die, beste batzuetarako ez.

    Idatzi bakoitzean alderdikeriarekin jokatzen duzu, Bentazar. Ezker Abertzalea oso gaiztoa izan da beti, konforme, baina aurrera begira zer? Aldatu erabiltzaile izena, izan Bentaberri, eta erantzun gako honi: estatu bat sortzeko bideari ekingo diogu, edo zer?
    Alderdia, alderdia eta alderdia… Burukideek esaten dute publikoki ez dutela estatu bat nahi eta ez dutela prozesu subiranistarik abiatuko..

    Mario Zubiagaren idatziari dagokionez.
    – Abagunea. Ez diogu geure buruari sekula barkatuko une hau ez aprobetxatzea estatuari bigarren frontea zabaltzeko. Oraingoa baino une hoberik ikusteko asko itxaron beharko dugu. Indar metaketarako inoiz baino kondizio hobeak daude.
    – Nazio eraikuntzarako ere une aproposa denik ezin uka. Hala ere, Mario, iruditzen zait instituzioetan zentratzen zarela bertan, eta ez dakit ba… Jaurlaritza EUDELi begira, EH Bildurekin akordioa onartuta gainera; Nafarroako Gobernuak pausu txikiak eman ditzake baina beti beldurrez ea zer nolako faktura pasako dion horrek hemendik bi urtera (barne tentsioak ahaztu gabe); eta Ipar Euskal Herrian hala moduzko marko bat, Etxegarai buru, the King in the North. Giltza herrian eta enpresetan ikusten dut, bereziki.
    – Maltzaga berrian herriak egin beharko du topo, horretan ados.

    Mila esker Mario, ondo izan.

  • Beñat, guztiok herri hontan defenditzen dugu alderdi baten ala bestearen ildoa, beraz zu ere ez eta ezta Mario ere ez zarete bekatutik libre, beraz ez harririk bota.
    Zoritxarrez ala zorionez gaur egun Europan independiente bihurtu diren herrialdeak sozialismoaren kontra lortu dute askatasuna. Zergatik? Sozialismoa historikoki herrien gartzela suertatu delako, Yugoeslavia, Sobiet Batasuna eta gaur egun Txinako kasuak erakusten duten bezala. Euskal borroka borroka antikapitalistarekin batzea demostratu da historikoki gure herriaren kaltetan izan dela. Horretan tematzea kaltea luzatzea litzateke.
    Estatu berri bat badugu, gure instituzio publikoak, Eusko Jaurlaritza, Diputazioak eta Nafar gobernua. Arazoa ez da estatu bat zerotik eraiki beharra, baizik eta ditugun egiturak estatu formal bezala gauzatzea. Horretarako herriaren aldekotasuna behar da eta ez dugu halakorik. Eta noski ez dago ezker abertzalea/ELA eta EAJren arteko adostasun punturik, Ia arazo guztietan kontra gara eta hori horrela da antzinako boltxebikeen antzera ezker abertzaleak gerra zibila, hau da euskaldunen arteko gerra, prioritzatzen duelako gure herriko arlo gehienetan.

    • Draza Mihailovitx 2017-01-28 02:56

      Jugoslavia eta Sobietar Batasuna herrien kartzela? Aizu, eta zergatik editatzen dira egun liburu gutxiago mazedonieraz Mazedonia Jugoslavia zenean baino, edo letonieraz Letonia SESB zenean baino? Azalpenik?

      Europako Estatu gehienak sozialismoaren kontra sortu dirala azkenotan ados (garaipen geopolitiko batekin zerikusi handiagoa du “herrien borondatearekin” baino; SESBeko errepublika gehiienek 1991ko martxoan SESBn geratzea bozkatu zuten erreferendumean). Hori leporatzen diot nik ezker abertzaleari, batzuetan “Independentzia” kontzeptua fetix bezala erabiltzea.

  • Mazedonia eta Letonia herrialde independienteak dira, Mihailovitx jauna. Azalpen gehiagorik behar da? Esango didazu bere kultura eta nortasuna hobe zegoela Titoren diktaduraren azpian? Ez zutela independentziarik nahi? Esan behar al dut Milosevic izeneko batek Yugoslaviako “batasuna” mantentze arren garbiketa etniko eta sarraskiak egin zituela kroaziar, bosniar eta kosobarren kontra? Herrialde guzti hoiek estatu independiente bat edukitzeko aukera izan dute sozialismoa erori egin denean, eta ez lehenago. Lehenago Stalinek Hitlerrekin egindako itun baten bitartez Estonia, Letonia, Lituania, Poloniaren parte bat, Finlandiaren beste bat eta Besarabia jan zituen, okupazio militar baten bitartez.

  • Draza Mihailovitx 2017-01-29 03:29

    Mihailovitx vojvodaren erantzuna:

    1) Mazedonia eta Letonia herri independenteak dira. Noski, bistan da. eta eskubdea dut, NIk ez dut eskubide hori ihardeti baizik eta zure “SESB eta Jugoslavia herriak deusezteko kartzela ziren” baieztapena. Bista da hala ez zirela (et letoniar zein mazedoniar kultuak SESB et JUgoslavia proeiktuetan aurrera egiteak erakusten du).
    2) Mazedoniaren kultura eta “Titoren diktadura”. Ez zen Titook mazedoniar kulturari on edo oker egin zionik, baizik eta Titorik gabe agian egon ez zela. Mazedoniar nortasuna Mazeodnian nagusi 1941-1945eko gudan (partisanoek gidatutako gudan) zehar bilakatu zen nagusi (ordura arte Mazedonian ez zegoen kontzientzia nazionalisk, azedoniar eslaviar gehienek euren burua -inertziaz bada ere- “bulgariar” bezala hartzen zuten). Partisanoen garaipenaren ostean sortu zen mazedoniar “nazioa”. Izan ere, nazioak eta kulturak asskotan uste baino aldakorragoak eta labainkoragoak dira.
    3) Milosevic nahi duzuna izango da, baina ez zuen genozidiorik burutu Bosnian (Haagako Nazioarteko peitegiak esan zuen Karadzicen kontrako kausan, Milosevic ez zela “garbiketa etnikoa osatzea helburu zuen pplanaren parte”), ezta Kroazian (epaitegi horrek berak esan zuen ez zela genozidiorike gon, ez alde batean ez bestean, Kroazian), ez Kosovon (serbiarrek albaniarrek kontrako genozidioa Kosovon? Txantxetan ari al zara?).
    4) Stalin eta abar. Jakin ezazu Poloniako “zati handi hori”; berez ez zela poloniarra, bielorrusiarra eta ukrainarra baizik. Staklinek Bielorrusiako SESn eta Ukrainako SESn sartezan bertakoek nahi zutena bete zuen.

  • Bistan da Sobiet Batasuna eta Jugoslavia herrien gartzela zirela.

    Hamarkada luzez bertako herrien independentzi nahiaren estalkia izan ziren. Sobiet Batasunaren kasuan, herri hoiek Stalinek harrapatu zituelako okupazio militarraren bitartez. Hoien artean Georgia utzi dut kanpora eta gogoan dut herri hori Lenin onkoteak inbaditu zuela Sozialimperialismoak inplosionatu zuenean, ahul eta derrotatua zenean, orduan herri hoiek askatu ziren eta ez botere sobietikoa oso sinpatikoa zelako. Zapaltzaileari ematea zapaldutakoaren askatasunaren ohorea niretzat zinismo hutsa da.

    Jugoslaviako kasuan Kroatzia, Kosovo eta Bosniak independentzia lortu zuten estatu federalaren ordezkari MIlosevicen kontra gerra latza izanda gero. Nazioarteko interbentzio bat gertatu behar izan zen Milosevicek okupazio militarrari uzteko. Eta esango didazu bere gudarosteek sarraskia eta milaka pertsonen desplazamendua ez zituela eragin… En fin, Euskal Herri honetan internazionalismo proletarioaren kariaz tirano hori nola defenditzen duzun. Milosevicek ez zuen genozidiorik lortu NATOK oinak moztu zizkiolako.

    Azkenik, Stalinen eta Hitlerren arteko ituna defendatzen duzu. Ez dakit jakingo duzun baina Holodomorren Stalinek miloika ukrainiar utzi zituen gosez hiltzen. Tirano gorrien defendatzaile sutsua ikusten zaitut. Orain Stalin herrien askatzailea izango da.

  • Draza Mihailovitx 2017-01-30 02:30

    1) “Herrien independentziaren estalki izna ziren”. Orduan azal iezadazu nola 1991ko martxoko erreferendumean sobietar herrtar gehiengoak (Ukrainan barne) Sobietar Batasunarekin jarraitzearen alde egin zuen. Edo zergatik egun jugoslaviar ikur gehien topa daitezkeen hiriak Ljublana (Eslovenia), Sarajevo (Bosnia) eta Skoje (Mazedonia) diren, ez Belgrad.

    Ea ulertzen duzun: ni ez nago herri horiek independentzia lortzearen aurka, baizik eta gezurtatu egiten dut independentiza horiek “Estatu zapaltzaile baten kontrako borroka heroiko” baten ondorioz etorri zirenik. Toki askotan ez zuten ezta planteatu ere egin aurreko Estatua desagertu arte; adibidez sobietar Asia Erdialdean edo Ukrainan bertan (bestela esplika iezadazu nola KGBk Bandera Munichen 1959an hil ondoren, ez zen ukrainar “Independentistarik” hil “Ukrainaren aldeko independentzia borrokan. Edo zergatik Ukraina independenteko lehen urteetan, 2014 arte, nazionalistak oposizio indarra ziren eta ez ziren aukeratuak izan). Sobietar Batasuna hiru lehendakarik (Jeltsin errusiarrak, Kravtxuk ukrainarrak eta Xuxkevitx bielorrusiarrak) euren artean herriaren bizkar eginiko paktu baten ostean desagertu zen.

    Jugoslaviaren kasuan, zenbait kasutan antzekoa gertatu zen: adibidez aipatutako Mazedonian. Edo esplikatu zergatik bosniar-muslman nazionalistak independentziaren kontra eta Jugoslaviaren barruan estatus berri bat negoziatzen saiatu ziren 1992 arte (1991ean Kroaizia eta Eslovenia independizatu zen).

    Eta hemen ez nago Ezker Abertzalearen aldeko ikuspuntua defendatzen, izna ere tesi hau ez da Ezker Abertzaleak saltzen duen “independentizen epikaren” oso aldekoa.

    2) SESBn eta Jugoslavian “zaaltzaileak eta zapalduak” baziren, zeintzuk ziren abtzuk eta zeintzuk besteak? Nortasun ezberdinak bultzatzen zituzten Estatuak (hainbat adibide jarri ditut jada) zapaltzaileak ziren?

    3) Ez Kroaziak ez Bosniak (Kosovok bai) ez zioten gerra Milosevici egin, baizik eta bertan matxinatutako populazio serbokroaziarrei (Kroaziak) edo serbobosniarrei (Bosniak). POpulazio horiek mendeak edo milurteren bat zeramaten bertan bizitzen. Izan ere, hemen ebste galdera bat dago: zergatik banandu daitezke Kroazia eta Bosnia Jugoslaviatik, baina ez Krajina Kroaziatik edo Republika Srpska Bosniatik?

    4) Milosevicek genozidioa burutu zuela? Honek ez du ez hankarik ez burutik (batez ere berak ez Kroazian ez Bosnian ez zituelako indar militarrak kontrolatzen. Azken hau Hagako Auzitegiak -nahiko antiserbiara- ere onartu zuen, Karadzicen kontrako epaiketan). Eta Kosovon, bai NATOren inbasioarne aurretik (eta ondoren) serbiar gehiago hil ziren albaniar baino.

    Are gehiago, gertatu izan diren garbiketa etnikorik handienak (ez genozidioa, ez baita gauza bera), serbiarrek kontra izna ziren: Kroazian 1995ean (“Oluja”) eta Kosovon 1999-2004 artean, non Kosovo ia serbiarrez hustu duten NATOk eta albaniarrek.

    Berriz ere, euskaldunok askotan jotzen dugu “okupatziale-okupatu”, “zapaltzaile-zapaldu”; “kolonizatzaiel-kolonizatu” eskeman unibertsalizatzen

    5) Nik ez dut Milosevic inon defendatu, ez dut horretarako gogorik. Egitate bat konstatatu dut: ez zen genozida bat.

    6) Stalinek itun hori egin zuen Guda atzeratzeko, egia. Eta Guda atzeratzeak aukera gehiago eman zizkion guda irabazteko. Baina ez zeun hori bere politika izan, baizik eta “segurtasun kolektiboaren” politika. Zer gertatu zen? Ez Frantziak ez Ingalaterrak ez zutela itunik sinatu nahi SESBrekin: 1939an hainbat proposameni uko egin zioten, eta urte bat lehenago, Txekoslovakia hondatzeko ituna sinatu ziten Frantziak eta Britainia Handiak Hitlerrekin, SESB bazter utzita. Esan beharra dago bi potentzia “demokratikoek” Municheko Ituan “Eropako orden berriaren abiapuntu” bezala aurkeztu zutena. eta espresuki baztertu zutela SESB bertatik.

    7) Stalin herrien askatzailea izan zen, bai.

  • 1)Sobiet Batasunaren erregimena krisialdi sakona eta desagertzeko momentuan gertatzen da erreferendum polit hori, sistema batek bere aldi potenteenaren azken arnaskadak ematen dituenean. Eta portzierto Stalin “herrien askatzaile” horrek “askatu” zituen herrialdeak (Letonia, Estonia eta Lituania) anka egiten diote Errusiari. Jugoslaviako bandera asko egongo dira leku hoietan baina herrialde independienteak dira eta Jugoslavia desagertu da. Zu bezala erregimen komunistaren folkloriko nostálgiko zenbaitzuk izango dira. Hemen Euskal Herrian badira tipo batzuk erromes egiten dutenak Marx eta Leninen irudi batzuetara Otxarkoagan eta horregatik, Jainkoari eskerrak, euskaldun gehienak ez gara marxista-leninistak.

    Ukrainiako herriak kriston errepresioa jaso zuen Errusiaren aldetik. Leninek gosez hil arazi zituen miloika ukrainiar 1920an eta Stalinek beste hainbeste 1932-1933an. Ukrainiako herria rusifikazio polítika indartsu bat jaso behar izan zuen eta desnazionalizazio galanta. Eta esango didazu Sobiet Batasuna desagertu zela herriaren bizkar. Bai, noski, orduan Yeltsin desagertu zenean zergatik ez dute berpiztu? Eta zergatik kendu diote Leningradori izena eta Petersburgo jarri? Eta zergatik Errusiako bandera da gaur egungo bandera eta ez bandera gorria?

    Jugoslavian Milosevicek gerra eragin zuen Bosnia, Kroatzia eta Kosovoren kontra. Eta gauza konkretua da herrialde guzti hoiek eta Mazedonia, Montenegro eta Eslobenia herrialde independienteak direla. Horrela dira beren borondatearen kontra? Ezker abertzalea Milosevicekin zegoen eta Natoren interbentzioaren kontra. Hain juxtu kasu horrean zuk bere postura berbera defenditzen duzu.

    2)Sobiet Batasunean eta Jugoslavian estatu komunista eta bere aparailuak ziren zapaltzaileak noski. Eta zapaldutakoak anka egin zutenak izan ziren.

    3)Milosevicek eta bere gudarosteak “Jugoslaviako herri gudarostea” zeritzana laguntza eman zien minoria horiei kasu gehienetan. Bestela Vukovar eta beste alderdi batzuk ez lirateke beren eskuetan eroriko. Zergatik Euskal Herria banandu daiteke Espainiatik eta Galtzaraborda eta Barakaldo ez Euskal Herritik? Espainiar inperalisten argudio anti-independentista berbera erabiltzen duzu, internazionalismo proletarioaren izenean. Horren izenean herrialdeak zapalduak izan daitezke modu justifikatuan.

    4)Milosevicek ehunka milako jende desplazamentua eragin zuen zuzenean edota bere aliatuen bitartez Bosnia, Kosovo eta Kroatzian. Eta zenbait sarraski etniko ere. Bere edo bere aliatuen borondatea leku hoiek serbiar ez zirenetaz garbitzea zen. Ez zuen lortu eta horregatik bere intentzio odoltsuek ez dute izendapen gutxiago merezi. Hemen ETAk askoez jende gutxiago hil egin du eta halaere batzuk konstituzionalisten “genozidioaz” ari dira.

    5)Milosevic Jugoslaviako estatu federala modu bortitzean mantendu izan nahi zuen eta horretarako sozialimperialismo serbiarra bultzatu zuen. Akaso ez zara konforme.

    6)Stalinek itun hori egin zuen Hitlerrekin zenbait lurralde berarekin partekatzeko. Horrela jan zuen Poliniar estatuaren parte bat, Karelia, Estonia, Letonia, Lituania eta Besarabia, bertako herrikideen borondatearen kontra. Stalinek kriston simpatía zion Hitlerri, bere lurraldera ihes egiten zuten judu eta errefuxiatuak Hitlerri bueltatzen zizkion eta alderdi komunista alemanaren zuzendaritza osoa eman zion opari bezala Hitlerri. Hitlerrek Sobiet Batasuna inbaditu zuenean Stalinek ezin zezakeen sinistu, aldez aurretik hori iragarri zioten espiak gartzeleratu zituen, ez zuen sinestu nahi bere sozio Hitlerrek horrelako traizioa egingo zionik. Komunistak eta naziak oso antzekoak ziren eta gainera komunistek naziei konzentrazio zelaien azpiegitura nola perfekzionatu behar zen erakutsi zien. Jendea miloika sarraskitzen aintzindariak baitziren.

    7)Stalinek Hitlerrek baino errusiar gehiago hil zituen, sozialimperalista odoltsu bat izan zen. Bakarrik sarraski gorrien nostalgikoek defendatzen duten munstro errukigabea izan zen.

  • Holodomor ustez SESB burututako gosete baten gertatu omen zan, duela urte batzutik ona saltzen ari da Ukrainan egindako genozidioa bezala.
    Baina gosete hortaz agertzen diren argazkiak, Zar.ekin gertatutako gosete bati buruz dira.
    Ze garai hoietan aldiro goseteak pairatzen zituzten.
    Garai bertsuetan Indian ta EEUUn lehorteak ta uzta txarra dela medio, izugarrizko gosetea pasa zuten ta herri batzutan kanibalismoa ere eman zan.

    Gero SESB industrializatu nahi zuten ta horretarako makinaria erosi beharra zegoen, SESB urrea barra barra zun, baina EEUU ta beste potentziak ez zioten urrea makineriaren truke hartzen, zergatik? Beraien herrialdeetan jateko ez zutelako (ta ez ziren komunistak) ta trukean garia eskatzen zieten.
    SESBen industrializazioa %11000 migo zan 25 urteren bueltan.

    Hori Zar-ren garaitik eratorritako izugarrizko goseteak ekidin zitun, nun aldizro herriak jateko ez zun.

    Holodomoren mitoa. https://es.sott.net/article/40744-El-mito-de-Holodomor-Documentos-que-desenmascaran-la-falsificacion

  • EEUUn gosea XXgarren mendean, gero besteetaz errateko. http://www.rebelion.org/noticia.php?id=90542

  • Suagaar, betiko gezurkeri ustelak errepikatzen dituzu. 2003an nazio-batuek, Errusia, Ukrainia eta Estatu Batuak sinatzaile zirela horrelako adierazpen bat onartu zuten:

    … En la ex Unión Soviética millones de hombres, mujeres y niños fueron víctimas de acciones y políticas crueles del régimen totalitario. La gran hambruna de 1932-1933 en Ucrania —Holodomor— costó millones de víctimas inocentes y se convirtió en una tragedia nacional para el pueblo ucraniano…

    https://es.wikipedia.org/wiki/Holodomor

    Stalinek bultzatutako kolektibizazioak noski beste miloi biktima eragin zituen Sobiet Batasunean.