[Maltzaga VI] ZaMaltzaga

ZaMaltzaga – Unai Apaolaza –

Zer demonio da Maltzaga? (Beñat Hach Embarek)  [ Maltzaga I ]
Maltzaga hil da, gora Maltzaga! (Unai Oñederra)  [ Maltzaga II ]
Maltzaga reloaded: gerokoak geroko ez utzi (Mario Zubiaga)  [ Maltzaga III ]
Soberanismoa: Zein da abiapuntua? (Xabi Anza)  [ Maltzaga IV ]
Beste Maltzaga bat (Eneko Bidegain)  [ Maltzaga V ]
ZaMaltzaga (Unai apaolaza)  [ Maltzaga VI ]
Abia gaitezen (Miren Zabaleta)  [ Maltzaga VII ]
Trena Maltzagatik igaro da (Patxi Azparren)  [ Maltzaga VIII ]

[Maltzaga VI] ZaMaltzaga

Maltzaga darabilgu azken aldi honetan hitzetik hortzera. Baina zer izan zen Maltzaga? Maltzaga elite abertzalearen hitzarmenaren ondorio gisa irudikaturiko prozesu independentista izan zen.

 

ZaMaltzagaItzal luzea eta forma ugari  izan ditu Maltzagaren sinbologiak independentismoan baina, gauzatu, Lizarra Garazi izan da Maltzagaren ildotik gauzatu den esperientzia bakarra. Hala ere, Maltzagak independentista gehienen iruditegia marrazten diharduenez, prozesu independentistaren marko orokorra izaten jarraitzen du; ondorioz, edozein estrategia independentista Maltzagak ematen duen marko orokorretik pentsatzen da.

Uste dut, marko orokorra ezbaian jartzen ez duen prozesu independentistaren eskema orokorra irudikatzeko moduen arteko eztabaida baten aurrean gaudela. Eztabaida garrantzitsua noski, baina marko orokorra ezbaian jartzen ez denez, izugarrizko mugak jartzen dizkigun irudikatzeko moduan gabiltzala igeri uste dut. Horregatik, prozesu independentista pentsatzeko eskema orokorraren nondik norakoak jendarteari argi azaltzea bezain garrantzitsua, edo garrantzitsuagoa, da estrategia horiek pentsatzeko dugun marko orokorraren nondik norakoak agerian jartzea. Hori ezinbesteko baldintza zaigu estrategia berriak, nire ustez eraginkorragoak direnak, pentsatu ahal izateko. Maltzagako sinbologiak emaniko ideologiatik pentsatzen ditugun estrategien gabeziak agerian jartzea da nire asmoa.


Maltzaga, hasierako geltokia edo tartekoa; marko orokor beraren bi aldaera

Prozesua ulertzeko moduen talka baino gehiago, prozesuan protagonismoa nork izan behar duenaren inguruko talka dagoela uste dut. Horregatik, nahiz eta modu kontzientean ez egin, bakoitzak prozesuan protagonismoa ematen dion eskema orokorraren alde egiten du. Zeintzuk dira eskema orokor horiek?

Batzuek uste dute, prozesu independentista hasteko lehenik akordioak lortu behar direla eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua ulertzen dute alderdi abertzaleen arteko akordio horiek lortzeko bitarteko moduan.

ZaMaltzagaArtikulu honetan sakonago aztertuko ditut ikuskera honen gabeziak baina aurreratu nahi dut, nahiz eta behetik gorako prozesua dela aldarrikatu, helburutzat partidu abertzaleen hitzarmenak izateak, elite abertzalearen esku uzten duela bai azken hitza eta baita prozesuaren kudeaketa  ere.

Beste batzuk, oinarrizko konstatazio batetatik abiatzen dira: gaur gaurkoz ez dago PNVrekin hitzarmenik egiterik eta prozesu independentista martxan jarri nahi dutenek aurrera jo behar dute. Ikuskera honek potentzialtasun handiagoa duela uste dut; martxan jartzearen garrantzia azpimarratzen duelako batetik eta konfrontazioa alor soziala deitzen zaion horretatik bideratu beharko litzatekeela azpimarratzen duelako bestetik. Ibiltzen hastea ahalbidetzen duela uste dut, eta hori ez da gutxi.

Dena dela, uste dut prozesu independentista irudikatzeko bi eskema orokor horiek bi ahuldade dituztela. Protagonismoa elite politikoari ematen diote, alderdi abertzaleei lehenengoen kasuan eta sindikatu abertzaleei bigarrenean eta gainera ez dute  Maltzagaren baliagarritasuna ezbaian jartzen. Batzuek Maltzagarako hitzarmena  nahi dute prozesua hasi aurretik eta besteek prozesua martxan jarriz Maltzagatik pasatu nahi dute. Esan bezala, nahiz eta bi posturek prozesuaren eskema orokor diferentea proposatu, prozesua ulertzeko marko orokor bera dute: Maltzaga.


Historiaren ikuspegi teleologikoa eta aldebikotasuna

Marxismo klasikoak historiaz zuen ikuspegi teleologikoaren arabera, jendarte guztiek igaro behar zituzten fase batzuk komunismora iristeko. Komunismora heltzeko bide horretan, nahitaez igaro beharreko fasea kapitalismoa litzateke. Arrakasta izan duten iraultzek teleologia marxista bete ez  arren, ikuskera horrek aje batzuk utzi dizkigu; bata bestearen jarraian txukun-txukun ordenatuta doazen faseetan ulertzen baitugu helburu politiko konkretu batera iristeko bidea. Gainera, teleologia marxistak utzi digun izate politikoa ulertzeko moduak diosku fase bat amaitu arte ezin dela bestea hasi. Aje honek bizirik dirau oraindik, bai munduko mugimendu askatzaileetan baita gurean darabilzkigun eskemetan ere.

ZaMaltzaga

Teleologia marxistak, estrategia politikoak pentsatzerako orduan sortzen digun eraginari, aldebikotasunarenak eragiten diguna gehitu behar diogu. Prozesu independentistaren eskema orokorra aldebikotasunetik pentsatu izan dugu hamarkadatan; gobernu espainiarra edozein mediorekin mahai batean eseri eta erabakitzeko eskubidea  (marko demokratikoa)  adostera bultzatu behar zen. Gobernu espainiarrari ezin zitzaion independentzia eskatu, baina bai euskaldunon hitza errespetatuko lukeen markoa adostea. Erabakitzeko eskubidearen fasea, independentziarako bidean pasatu beharreko derrigorrezko geltokia zen aldebikokerian oinarritutako estrategiarentzat.


 “Tarteko geltokia

Aldebikotasunaren eta marxismoak zuen historiaren ikuspegi teleologikoaren ajeak “Tarteko geltokiaren” ideian agerian jartzen dira. Hori argi ikusi daiteke azken aste hauetan Rafa Diezi Garan eta Arkaitz Rodriguezi Berrian egindako elkarrizketa banatan. Honela dio Rafak:

ZaMaltzaga“No podemos saltarnos fases pensando que la sociedad se va a convertir milagrosamente en independentista. Ese proceso necesita una estación previa con una mayoría social cohesionada en torno a un estatus político basado en el reconocimiento nacional y el respeto, sin límite alguno, a la voluntad democrática de la sociedad vasca.”

ZaMaltzagaArkaitzek berriz, ideia bera modu honetan azaltzen digu:

“Prozesu independentista bat eratzea da gure nahia, baina, gaur-gaurkoz, ez dago nahikoa gehiengorik hori martxan jartzeko; esparruka aztertzen hasita, ezta EAEn ere. Baina bada nazio aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo handi bat herri honetan. Prozesu independentistak tarteko geltoki bat behar du, burujabetzaren aldekoa, eta horko tresna bat EAEn estatus berria da, Madrilekin akordioa lortu ala ez.”

Erantzun horietan agerian jartzen da Arkaitzek eta Rafak buruan darabilten eskema orokorra eta ondorioz, baita marko orokorra ere. Erabakitzeko eskubidearen fasean geundeke, independentziarenean sartu ahal izateko derrigorrean pasatu beharreko fasean. Aldebikotasunaren eta teleologia marxistaren ajeak modu argian azaltzen zaizkigula uste dut.

Aldebiko eskema orokorrarekin bazuen bere logika erabakitzeko eskubidearen fasea “tarteko geltokitzat” hartzeak. Orain berriz, horretan tematzeak ondorio txarrak ditu balizko prozesu independentista bat aurrera ateratzeko.


Maltzaga, teleologiaren eta aldebikotasunaren ajeak bat egiten duten tokia

Uste dut erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua Maltzagaren zerbitzura ulertzen ari garela. Independentismoaren iruditerian Maltzagak nagusitasun osoa duela aipatu dugu eta teleologia marxistaren ikuspegiak eta aldebikotasunarenak erabakitzeko eskubidea independentziaren fasera heltzeko derrigorrezko geltokia dela uste izatera eraman gaituztela. Ondorioz, elite abertzalearen batasuna behartzeko erreminta moduan ulertu dugu erabakitzeko eskubidearen mugimendua.  Horrek, mugimendu honek izan zezakeen potentzialtasunaren zati handiena indargabetu du.

Uste dut Rafa Diezek eta Arkaitz Rodriguezek, erabakitzeko eskubidearen mugimendua trena Maltzagara eramateko lokomotora moduan ulertzen dutela. Ondorioz, mugimendu hori  abertzale direnen baturarako instrumentutzat dutenez, independentista berriak sortzeko lukeen gaitasuna kentzen diote erabakitze eskubidearen mugimenduari. Horregatik,  miraria, izatekotan, Maltzagako marko orokorretik pentsatzen den estrategia batek independentista berriak sortzea litzateke.

ZaMaltzagaMaltzagaren bide bakarreko logikak, erabakitzeko eskubidearen mugimenduari abertzaletasunaren mugak jarri dizkio eta independentismoari ezinbestekoa duen agenda propioa garatzen hasteko topea. Biak dira beharrezkoak baina bakoitza bere bidetik badoa soilik  pasatuko dira elkar mugatzetik elkar elikatzera.

Maltzagaren metaforatik probetxua ateratzen duena, nola ez, PNV da. Maltzagaren metaforak ez du PNV ezertara behartzen baina ezker independentista indargabetzeko erreminta paregabea bilakatu da eskuin autonomistarentzat; PNVri ematen baitio zentraltasun osoa.

Aldebiko estrategiarekin erabakitzeko eskubidea adostera eraman nahi zen Estatua, orain, PNV eraman nahi da erabakitzeko eskubidea adostera. Estrategia zaharrak zentraltasuna Estatuari ematen zion, oraingoak PNVri ematen dio. Eta bitartean, erabakitzeko eskubidea prozesu independentista hasi aurretik derrigor pasatu beharreko fasea dela uste dugunez, prozesu independentistaren hasiera atzeratzeko aitzakia bilakatu zaigu.


Egun Handia (teleologia marxistatik teleologia kristaura).

Lasaigarria da guztia aldatuko duen egun batean sinestea. Kristautasunak lehenik eta mugimendu askatzaileek beranduago, bere egin zuten egun handiaren sinesmena. Desobedientziarekiko dugun ikusmoldearekin ere antzeko zerbait gertatzen zaigula uste dut. Fase batzuk zuzen betez gero egun handira iritsiko ginateke, hau da, desobedientzia definitiboa egiteko momentura.

Lehenik indar nahikoa bildu behar omen da desobedientzia egiteko, nahiz eta indarrak gureganatzeko proposatzen dugun bidea aldekoen hitzarmenak izan soilik. Ikuskera honek, aldebakartasuna ulertzeko ikuspegi murritza erakusten du, soilik azkeneko urrats definitiboa egiteko instrumentua dela ulertzen baitu.

Desobedientzia handiaren momentura ganoraz iristeko, aurretik desobedientzia txikiak egin beharko ditugula uste dut. Hori dela jendea polarizatzeko nahitaezko baldintza. Hasieratik egon behar du, konfrontazioaren maila gorena den, desobedientziak, hori baita subjektua indartu eta aktibatzeko modua.

Desobedientzia martxan jartzeko gehiengoak behar direla diogu, agian, desobedientzia bera denean gehiengoak sortzeko giltza.

ZaMaltzagaIntsumiso izateko zortea izan genuenok ederki dakigu, ilusioa, indarra eta subjektua zabaltzeko  denok sentitu behar dugula desobedientziaren protagonista, ez elite politikoak, soilik. Desobedientziak instituzionala izan beharko  du, noski,  baina batez ere herritarra eta hasieran gutxi batzuk ireki beharko dute iturria beranduago uholdea bihurtu dadin. Desobedientziarako guneak zehaztu eta berau justifikatuko duen diskurtsoa jarri behar dugu martxan; beti ere,  estatu berriaren beharra agerian jarriz eta jendartearen gehiengoaren begietara legitimoak izango diren desobedientzia txikiak martxan jarriz. Intsumisioa praktikara eramanez Intsumisioa egiteko markoa justifikatu behar dugu.

Gustatu ala ez, independentismoaren eredua insurrekzioaren logikatik gertuago dago indarrean dagoen markoaren kudeaketarenetik baino. Ez dugu parean Londoneko gobernua. Horrekin ez dut esan nahi iraganeko borroka moldeetara itzuli behar garenik, ez, hori suizidioa litzateke; tentsionamendu maila altua sortzen duten konfrontazioak egitera behartuta gaudela azpimarratu nahi dut.

Soilik statu quoaren kudeaketa ona egiteak, Gipuzkoak erakutsi zigun moduan, ez du statu quoa aldatu nahi duen (estatua nahi duen) subjektua handitzen. Alderantziz, eta paradoxikoa dirudien arren, soilik kudeaketa ona egitera mugatzeak statu quo honetan gauzak konpondu daitezkeela ulertarazten duenez, gauzen egoera indartzen du. Kudeaketa onaren ondoan ez badago parametro egokietan konfrontatzen eta desobeditzen duen herri bat, harriak gure teilatura botatzen ariko gara.


Maltzagako burdinbide bakarreko tren saretik  elkar elikatzen diren bideetara (historiaren ikuspegi teleologikotik kontingentera)

Gorago azaldu dut, Maltzaga hasieran edo tartean egon, burdinbide bakarraz ari garenez, marko orokor beretik pentsatzen diren eskema diferenteez ari garela; loturarik  gabeko trenbidean  ibiltzera kondenatzen gaitu Maltzagak, hortaz. Horrela, Maltzagak, alor sinbolikoan, independentzia soilik abertzaleen kontua dela islatzen du Euskal Herriko jendartearen aurrean eta alor praktikoan berriz, estrategia independentista PNVri  erabateko zentraltasuna emanez pentsatzera behartzen gaitu. Hori da, Maltzagak estrategia independentista diferenteak pentsatzeko uzten digun tarte estua.

Maltzagako marko orokorretik prozesu independentista pentsatzen jarraitzen badugu independentzia ezinezkoa dela uste dut; behartu egiten gaituelako eskema nazionalista duen, aldebikotasunetik egingo den  eta elite politikoari begira egongo den estrategia independentista pentsatzera.

ZaMaltzagaAipatu dugu Maltzagak, erabakitze eskubidearen mugimendua eta abertzaletasuna (kontuz, ez diot independentismoa) burdinbide berean jartzen dituenez elkar mugatzera behartzen dituela. Biak bereiztea ezinbestekoa dela iruditzen zait, horrela elikatu baitezake erabakitzeko eskubidearen mugimenduak independentismoa. Baina ez hori bakarrik, erabakitzeko eskubidearen mugimenduaz gain, independentismoa aberastu eta indartuko luketen beste bide batzuk martxan jartzea ere ezinbestekoa litzateke. Bide berri horiek aktibatzeko, desobedientziaren pisua funtsezkoa izango dela uste dut.

Independentismoa indartzeko modu bakarretik (erabakitzeko eskubidearen inguruko polarizazioa) modu anitzetara pasatu behar dugu. Maltzagak behartzen gaituen eta arerio politikoarentzat neutralizatzen erreza den prozesua ulertzeko modu monokromatikotik haratago begiratu behar dugu. Maltzagak behartzen gaituen %55eko zerumuga duen marko orokorretik,  %85ekoa duenera pasatu beharko ginateke. %65ean gelditzen garela? Ez da batere zifra txarra estatua aldebakartasunetik deklaratzeko.

ZaMaltzaga

Lokartzen ari zaigun jendartea esnatzeko eta estatu berriaren beharra zabaltzeko zergatik ez hasi desobedientziak egiten, argindarrarekin, pentsioekin, etxebizitzarekin, hezkuntzarekin, errefuxiatuekin, irakaskuntzarekin, lan baldintzekin, hirigintzarekin, komunikabideekin,…? Eta zergatik ez hasi 200 pertsona jendarteari eta alderdi politikoei desobedientziarako erritmoa eta agenda markatzen. Arerioak aurreikus ditzakeen eskematatik ateratzen bagara izango dugu arrakasta.

Azken hamarkadetan egindako borrokek jendartea prestatu dute eta azken urte hauetan independentismoaren inguruan eginiko gogoetek kanoia norabide egokiari begira jarri dute. Piztu dezagun metxa.

Zergatik ez ausartu?

ZaMaltzaga  ZaMaltzaga  ZaMaltzaga  ZaMaltzaga
abertzaletasuna, akordioak, akordionismoa, aldebakartasuna, aldebikotasuna, desobedientzia, EAJ, eh bildu, erabakitze eskubidea, erdibidea, erdigunea, estrategia independentista, ezker abertzalea, faseak, gehiengoak, independentismoa, maltza, marko demokratikoa, marko orokorra, sinbologia, teleologia, teleologia kristaua, teleologia marxista, ZaMaltzaga

4 pentsamendu “[Maltzaga VI] ZaMaltzaga”-ri buruz

  • mario zubiaga 2017-02-13 09:55

    Oso ekarpen interesgarria Unai.
    Pintzelada batzuk gehituko nizkioke.
    1. Eliteen aldebiko edo anitzeko jokoa gaindituta dago, erabat ados. Dena den, elite-begiradatik jarraitzen dugu aztertzen errealitatea, konplexutasuna sinplifikatuz. Demagun, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika baloratzeko unean, eskema klasikoaren arabera interpretatzen da askotan: ezker abertzalearen eta EAJren (parte baten) artean lizarra-txiki dinamika berpizteko saiakera, enegarren txiringitoa…
    2. Gure herrian ezer ez da zerotik abiatzen, noski, baina Gure Esku Dagoren helburua ez da “gure” elite abertzaleen adiskidetasuna suspertzea, ez da inoren sukaldari: herritarron boteretzea du jomuga, inoiz herritarren esku, zuzenean, jarri ez diren ekimenak eta eztabaidak piztea. (galdera adosteko hainbat dinamika adibide ederrak dira… behetik gorako dinamika, ez “goitik” ezarritako galdera bakarra, adibidez). Gure Esku Dagoren bideorria bertan biltzen den jendeak erabakitzen du, biltzen den jendearen jiteak eta jatorriak eramango du ekimena alde batera edo bestera. Ez gara inozoak.
    2. Erabakitzeko eskubideak irakurketa bi ditu, batera kudea daitezkeenak: aldebikotasunari gonbitea egitea (ez interpelazioa, eta ez indar metaketa negoziaziorako) eta, beti ere, aldi berean, aldebakarreko egikaritza eskura izatea: Kataluniak ongi erakusten du eredua: Akordioa etengabe eskaini, baina horren faltan, egikaritza. Ez dago prozesuan etenik, ez blokeorik.
    3. Erabakitzeko eskubidearen egikaritza horrek bultzatzailearen esku uzten du desobedientzia maila. Orain arte ez da aktibatu baina etorkizunean…batek daki. Batez ere, bidea zabal diezaioke estrategia independentistaren gakoa den desobedientzia soberanista instituzionalari, 1999an teorian lantzen hasi zenari eta, tamalez, zapuztu zenari. Inoiz onartuko da akats estrategiko larri hura. Neurriak neurri, nork eraman du Mas desobedientzara?
    4. Gaur egun, estrategia independetista eraginkor bakarra, literaturak literatura, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika herritarra dela esango nuke, horrek baitu une honetan eliteen jokoak gainditzeko aukera bakarra. Dinamika hori edukiz betetzea guztioi dagokigu, eta askotan pentsatzen dut “espektadore” askotxo dagoela: “hau falta zaio, bestea beharko luke…” eta zezenari barreratik so. Eliteak ez dira bakarrik alderdietakoak.
    5. Aurki herri askotan galdeketak egin eta gero, bide konstituziogilea martxan jartzeko baldintza hobeak izango dira ziurrenik… desobedientziaren bidetik, behar bada. Eta hori ere diseinatu gabe dago, zabalik, bai eta dinamika honek erakunde eta alderdien mugimeduekin izan dezaken sinergia (autogobernu ponentzia)
    5. Ibilgailua badago, hortaz, azeleragailua sakatzeko unea eta modua @gureskudago

    • Unai Apaolaza
      Unai Apaolaza 2017-02-16 11:57

      Mila esker pintzeladengatik. Gauza gehienetan ados nago besteetan berriz ez horrenbeste. Dena dela, hemen eztabaidatu beharrean Antiguatik pasatzen haizen hurrengoan abisatu eta hitz egingo dugu.

  • Alderdiak asmo onez sortuak badira ere (bere helburu ideologikoen bila) azkenean beren existentzia justifikatzeko aparatu bilakatzen dira, egiazko helburuen bidean oztopo besterik ez, burokratizazio eta interes ezberdinen zerbitzura.

    Ez nago delako “prozesu independentista” alor sozialetik hasteko iritziarekin bat, nire ustez estatu propio bat edukitzea medio bat besterik ez da Euskal Herriaren biziraupena eta bere garapen integrala (hizkuntza eta ohiturak babestu eta zabaltzea, gure lur eta itsasoen defentsa ondorengo belaunaldiei pasatzeko, ekonomiaren gestio zuzeneagoa langileen aldetik…) lortzeko bidean.

    Superbibentzia etniko (barka erdarakada) kontua da abertzaletasun-independentismoa, eta hori argitzen hasi beharko genuke lehen lehenik ezer baino lehen. Badirudi batzuk (politikoki zuzenaren izenean eta ez dakit ziur zein interesek bultzatuta) abertzaletasuna eta mugimendu independentistak beren helburu sozialak lortzeko erabiltzen ari direla, geure nazioa pixkanaka-pixkanaka heriotzera gerturatuz doan bitartean.

    Herriak bizi behar du! Aberria ala hil!

  • Falta botatzen dut nola ez den aipatzen dagoen Estatuaren konrrote ideologiko potentea herri hontan, eta gero eta gehiago indartzen ari dena.
    Estatu okupatua garela esaten duen bezala korrente horrek, horrekin, erabakitzeko eskubidea, berez, faltsukeria eta inperialismoarekin kolaboratzea dela demostratzen ditu.
    http://www.orreaganep.net/artikuluak/entrevista-a-raul-arkaia/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude