Zakila duten neskak, bulba duten mutilak

Zakila duten neskak, bulba duten mutilak

Chrysallis elkartea Euskal Herrian egiten ari den kanpainaren harira, orain urte bete Leire Ibarguk Klitto! agerkari feministan plazaratu zuen sarrera arrantzatu du Salabardoak, “Zakila duten neskak, bulba duten mutilak eta belarritakoak dituzten jaio berriak”.

Herenegun, ETB1eko “Ur handitan” ere jorratu zuten transexualitatearen gaia; sare sozialetan goraipatua izan da saioa.

Zakila duten neskak, bulba duten mutilak

Iazko abenduaren 12an [2015az ari da], Zarautzen Haurraldek antolatutako topaketetan aukera paregabea izan genuen transfeminismoaren inguruan hausnartu eta ikasteko. Arratsaldeko mahai inguruan sexu-genero sistemaren oinarri den “emakume/eme vs gizon/ar” dikotomiari aurre egin dioten esperientzia pertsonal anitzak entzun ahal izan genituen. Oso interesgarriak eta hunkigarriak guztiak. Hamaika hausnarketa eragin zizkiguten eta bereziki ederra iruditu zitzaidan mahai inguruaren bukaeran bakoitzak bere gorputza zaindu, maite eta gozatzen duela aldarrikatzea, bere gorputza gorrotatzen duen transexualaren esterotipoarekin apurtuz.

Hizlarien artean bazen haur transexual edo transgenero baten ama ere, Laia. Eta gai honek bereziki erakartzen ninduen, haurtzaroa “neskei” ez zegozkien kontutan igaro bainuen neuk ere, “neska-mutil” goitizena askotan entzuteraino. Jakina da haurrak, jaio bezain laster (baita lehenago ere) genitalei erreparatuta eme edo ar kategorietan banatu eta horren arabera “neska” edo “mutil” gisa heziak direla. Eta argi dago, haurrei “neska” edo “mutil” izateko aukerak bakarrik ematen badizkiegu, gutxienez nahi duten kategorian hazi eta hezteko aukera izan behar luketela, zakila edo bulba izateak aukera horretan eragin gabe. Baina nire kezka zera da, zer da sei urteko haur batentzat “neska” edo “mutila” izatea? Zakila duen haur batek zergatik sentitzen du “neska naiz” aldarrikatzeko beharra? Iruditzen zait gaur egungo haur eta gazteak gero eta “neskagoak” edo “mutilagoak” egiten ari garela. Asmatutako bi aukera horien arteko amildegia txikitu beharrean handitzen ari dela. Umeei “hau neskek ezin dute egin” edo “hori mutilen kontua da” esaldiak behin eta berriz entzuten zaizkie, ederki dakite “neska” edo “mutil” bezala eurei zer dagokien, eta bete ezean zigorra nolakoa den. Ez dakit nola ausartzen garen haurrak berdin-berdin hezten ditugula esaten, haur batentzat neguko txano bat erosi nahi duzunean ere dendariak “zer da neska ala mutila?” galdetzen dizunean edo jostailuen artean egiten den banaketa nabarmenean, “kínder sorpresa” arraultzak ere “neskentzat” eta “mutilentzat” barruko opariaren arabera desberdinduta daudenean (lagun batek dion bezala, opariak “sorpresa” izateari utzi diolarik). Euskaltzaindiak haurrei jarri beharreko izenak ere bi kategoria horien arabera bereizten ditu (izena eta izanaren arteko lotura ahaztu ezin) eta norbait haurdun dagoenean egiten zaion lehenengo galdera “neska ala mutila?” da.

Hamaika adibide gehiago daude… Baina bereziki obsesio bilakatu zaidana jaioberriei jartzen zaizkien belarritakoena da. “Neska” kategoria ezarri zaion haurrari belarriak zulatzen zaizkio (herri askotan lan hori mojek egiten dutelarik) beregana zuzentzen den orok “neska” bezala trata dezan. Zer pentsatuko luke jendeak norbaitek bere ume jaioberriari sudurrean, bekainean edo ahoan piercing bat egingo balio? Arrazoi kulturalengatik haurren gorputzak zulatu eta manipulatzea beste kultura batzuek egiten dutenean zer iruditzen zaigu?

.

… eta belarritakoak dituzten jaio berriak

Gure jendartean ordea onartuta dago haur batzuei belarriak zulatzea “neska” direla plazaratzeko. Berarengana neska bezala zuzentzeko eskaera esplizitua dela deritzot, gure herrian oso zabalduta dagoena, baita ideologia aurrerakoienen artean ere. Belarritakoak dituen haur bat ikustean, “neska” kategorian sartu eta gure inkontzientean urteetan barneratutako “genero-arau” guztiak aktibatzen zaizkigu, oharkabean erreproduzitu eta indartzen ditugunak, baldin eta identifikatu eta erreprimitzeko hausnarketa egin ez badugu. Eta hala ere, seguru zerbaitek eskapatuko digula. Eta bitartean haurrari, gogoratzen ez den garaietatik jendarte osoa modu jakin batean zuzentzen zaio, beregan ezaugarri eta espektatiba desberdinak proiektatuz. Hau ez da belarritakoengatik bakarrik gertatzen noski, baina nire ustez “neska” eta “mutil”en artean, hasiera hasieratik egiten dugun bereizkeriaren adibide garbia dira, horretarako haur jaio berrien gorputzak zulatuz gainera.

Argi dago gaur egungo errealitate zehatz honi erreparatuta beharrezkoa dela zakila duten neskak eta bulba duten mutilak izateko aukerak ahalbidetzea, baina uste dut ezin dugula alde batera utzi “neska” edo “mutil” izatea zertan oinarritzen dugun (duten) identifikatzea eta bi kategoria horien arteko amildegia deuseztatzea. “Neska” edo “mutil” izan beharrean haurrak “haur” izan daitezen. Genero araurik gabe, nahi duten moduan jantzi, jolastu, mugitu, gozatu, harremanak izan eta hazi daitezen identitate ireki eta malguagoak eraikiz. “Bat” edo “beste” izatera behartzen ez gaituzten identitateak; malguak, irekiak eta dinamikoak. Gure neurrira eraikitzen ditugun identitateak, eta ez alderantziz, gu euren neurrira egiten gaituztenak. Bukatzeko, Zarauzko jardunaldietan ikusitako irudi batean irakurritakoa berreskuratuz amaitu nahi nuke. “Ez gaude okerreko gorputzetan sartuta, okerreko jendartean baizik”, eta honekin lotuta mahai-inguruaren bukaeran publikotik egindako ekarpena “apustua jendartea aldatzea izan behar luke, eta ez gorputzak aldatzea”… Norberak bere gorputza nahi duen moduan eta inolako froga edota test-ik pasa gabe eraldatzeko aukera eta eskubidea izan dezan aldarrikatuz baina, era berean, gorputz eta identitate anitzek osatuko duten jendartea eraikitzea helburu dugula ahaztu gabe.

Zakila duten neskak Zakila duten neskak Zakila duten neskak
Chrysallis, haurrak, Klitto!, transexualitatea
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

12 pentsamendu “Zakila duten neskak, bulba duten mutilak”-ri buruz

  • Ez da nolanahikoa jaioberrien belarritakoen kontua.
    Nire bi hilobetatik (ar eta eme, 5 eta 3 urte), emeak belarritakoak ditu jaiotzatik. Bi hiloba horiek hasieratik dakite zergatik dituen emeak belarritakoak, ezberdintasunaren zergatia galdetzen baitute eta gurasoek normal-normal erantzuten dietelako “neska delako” dituela.
    Nik, arra izanik, belarritakoak ditut bi belarrietan eta hilobek sekulako buruhaustea dute horrekin, behin eta berriz zergatik ditudan galdetzen didatelako. Belarritakoak neskek eramaten dituztela. Obsesio bat daukatela esango nuke.
    Eta ez da harritzekoa buruhautsea, galdetzen didaten bakoitzean, kontzienteki, mutila naizelako ditudala erantzuten diedalako!
    Zerbait koxkortzen direnean ulertuko dutelakoaren esperantzaz….
    Noizbait esan izan dut ume arra jaiotzen bazait noizbait, belarritakoak jarriko dizkiodala eta emea bada ezetz. Egin proba eta ikusi zer aurpegirekin begiratzen zaituzten.

    • Pat Garrett 2017-01-19 17:26

      Kontuz gero, letra batera geratu zara ilobak hilobi bihurtzetik!

      • Autx! Ez behintzat! Koitaduak…

        • pena haundiz 2017-01-22 22:57

          Ba neri pena haundia ematen dit haur txiki bati belarritakoak inposatzea. Alaba jaio berria dut, eta ez dizkiot belarriak zulatu. Ez emakumezkoa delako, ezta ere mutilezkoa balitz. Errespetua merezi dutelako, pertsonak direlako eta haunditzen direnean beraiek erabaki behar dutelako.

          • Hain zuzen horrexegatik… Norbaiti arrari belarritakoak jarriko dizkiozula esaten diozunean ohartzen da emeari ere jartzearen bidegabekeriaz. Beno… batzuk.

  • Ez, zakila duten neskak edo alua duten mutilak ez daude, Genetika bideratzen du mutila edo neska izatea (XX edo XY kromosomak). Transexuala izatea desoreka biologiko baten emaitza da. Dena den, nik transexualak errespetatzen ditut eta ez ditut baztertuko arazo horrekin jaio izanagatik baina haurrak nahasteko propagandarik ez dut sekulan onartuko.

    • Arazoa zu bezalako jendeak sortzen die. Genetikak ez du inola ere baldintzatzen nola izango den tratatua pertsona bat bere ingurukoen artean.

      • Hori erran dua Hegok?

        • Ez, ez dut hori esan. Nik haurrak nahasten duen propaganda honen aurka nago, ez transexualen aurka. Imagina ezazu 3 urteko mutil batek, nahiz eta transexuala ez izan, hori ikustean neska dela diola, horrek umea ez ezik gurasoak nahastu eta beharrezkoa ez den sexu aldaketa abian jar ditzake.
          Transexualitatea naturaltasunez agertu behar da eta ez asmo zalantzagarria duen “filantropo” baten kanpainaren eraginez.

  • Peru Dulantz 2017-01-20 10:04

    ETBko programa ikusi nuen, beneta merezi du. Zoriontzeko moduko lana.

  • XX kromosomak edo XY.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude