Maltzaga, gurasoak dira

Maltzaga gurasoak dira

Gure familiak makina bat kalamitate pasa behar izan zituen gerra garaian, Intxaustitarrek bereziki, eta haietako batzuez oroitu eta egungo panoramari begira jarri naiz. Ez haien ahotan nire hitzak jartzeko, haietaz gogoratzean sortzen zaizkidan burutazioei forma emateko baizik; edo nahiago bada, burutazio hauek etortzen zaizkidanean haiek forma hartzen dutelako ene iruditegian.

Maltzaga gurasoak dira
San Ferminak, 1955

Gure “osaba Xanti” (ala deitzen genion amonaren anaia izan arren) EAE-ANV sortu berrian aritu zen militante eta gudari, eta langile batailoi zein espetxetan izan zuten gatibu urte luzaz. San Fermin zale amorratua izan zen, ene gisan; baina berak meritu handiagoa zeukan, zinez. Ni autobusean edo autoan joan izan naiz Iruñeara, bera ez; bizikletan joaten zen gizona.

Bizikletan. Atera Ormaiztegitik (Goierri), segi Ataunera, igo Lizarrustiko portua, zeharkatu Sakana eta Irurtzunetik Iruñeara; ez iritsi eta tripaz gora jartzeko, animaleko parranda egiteko baizik. Frontoia, entzierroa, tabernak eta kaleak zeharkatu aldenik alde, atzera eta aurrera, ardo batzuk edan eta festa! Nik hori guztia egin eta gero kasu onenean adiskideren baten etxean lo egiten dut, erdibideko aukera autoa litzateke, eta kasu okerrenean zutik ere hartuko nuke lo, lehenik tamainako bizikleta buelta eman eta ondoren parranda eginda.

Baina osaba Xantik ez. Hark aski festa egindakoan baratxuri sorta bat erosi, lepotik zintzilikatu eta bizikletan itzultzen zen Ormaiztegira. Bizikletan joan, parranda egin, eta buelta! Ez diet meriturik kendu nahi Izagirre anaiei, baina kopon, herriko txirrindulari ospetsuen zerrendan sartzeko moduko balentria iruditzen zait Xantirena. Kasta! Gure Jerusalem galduan eman zituen itzulinguruetan, Xanti Labrit frontoian irudikatzen dut, edo Euskal Jain; neu lehen aldiz izan nintzen pilotaren katedralean, pasa den larunbatean (Labriten, bistan dena), azken harmailako bazterretik lehen lerroko partidaz gozatuz, ume txiki baten pare. Han nintzela, Xantiz oroitu, eta ondoren etxera bueltan (kotxean) buruari bueltaka itzuli nintzen.

Maltzaga gurasoak dira
Donibane-Lohitzune. Eskuinetik lehena Juan Mari, hirugarrena gure aitona Migel Mari Irizar, eta jarraian, altuena eta txapelarekin, Xanti.

Xantiren anai zen Juan Mari.  1936ko uztailaren 18an herrian zeuden irrati bakanetan albistea entzun eta berehala zabaldu zen ahoz aho gerra hasia zela. Juan Mari Juventudes Socialistaseko kidea zen Iruñean ikasketak egin zituenetik (ez ote zuen anaiak eramango!). Berak hartu zuen Ormaiztegiko Defentsa Komiteko ardura eta ekin zion herria gerrarako antolatzeari. Ozta-ozta atera zen bizirik: zenbait fronte, zenbait lubaki, zenbait kontzentrazio esparru… Donibane-Lohitzunera egin zuen alde, eta han bakea topatzetik urrun, nazien aurka borrokatzera lotu ziren: erresistentzia, Gernika Batailoia, Point de Grave…

Urte askoren buruan, PSOE nondik zihoan ikusi bezain pronto, osaba Juan Marik, hainbeste borrokatu zuen gizon hark, alderdiko txartela hautsi zuen familia osoaren aurrean, bazkaloste batean. “Baina zer egin duzu?” galdetu omen zioten harrituta gure senitartekoek: “ni sozialista naiz, baina ez hauetakoa”.

Maltzaga gurasoak dira
Juan Mari Intxausti, Jose Antonio Agirre lehendakariaren hilkutxa eramaten (lehen ilaran).
Maltzaga gurasoak dira
Maltzaga

Ez dakit Urkulluk independentzia ezinezkoa dela esan eta gero zenbaitek hautsiko ote zuten txartela beren familiaren aurrean esanez “ni abertzalea naiz, baina ez hauetakoa”. Gure aurreko belaunaldian oso sustraituta egon da Maltzagaren ideia, eta hein handi batean guk ere edan dugu hortik. Baina bada inguruan aspalditik nabaritzen dudan zerbait, eta ez naiz esaten duen lehena, ezta gutxiagorik ere: Maltzaga hil da. Txibertatik hona 40 urte daramatzagu basamortutik bere bila, agindu ziguten lur baten xerka, eta ez da inondik ageri. Agian ez delako existitzen; akaso, Olentzero bezala, Maltzaga ere gurasoak direlako; beharbada, gurasoen moduan, ideia bera aurreko belaunaldikoa delako. Xabier Letonak iaz esan zion agur, eta independentismoak ere agurtu beharko luke; lurperatze duin batekin, nahi bada, baina agurtu. Ezin gara Maltzagara iritsi bidaidea bizikleta estatikoan badabil; onartu dezagun, eta inoren zain egon gabe abiatu.

Azkenik, gure amona, Kontxa Intxausti, bera ere hamaika gorabehera bizi izandakoa. Nerabe ginela politika kontuez hitz egiten entzun zidan lehen aldian bekozkoa ilundu eta sukaldeko leihoa seinalatu zuen. “Ikusten duzu aldapa hori?”, galdetu zidan; hilerrira doan aldapa zen. “Hainbeste komeri pasa eta gero, egun batean aldapa horretatik igoko nauzue, eta nik ez dut herri hau aske ikusiko”. Ez dut nire burua hori bera esaten ikusi nahi, inoiz. Amona iaz hil zitzaigun.

lizarrustiXanti datorkit burura berriz ere, Telleizarreko baserritik atera eta bere bizikleta zaharrean, ttirriki-ttarraka, ilusioz beteta San Ferminetarako bidean abiatzen, pedalkadaz pedalkada…

Maltzagaren ideiak barnebiltzen duen filosofia baztertu gabe baina beste norabide batean, jarrai dezala indar metaketak, jarrai dezala herritar batasunak, jarrai dezagun herri hau bere buruaren jabe izan dadin adostasunak eraikitzen, eta hein berean konfrontazioa planteatzen eskubide hori ukatzen digunari. Lizarrustiko edo Labriteko aldapan gora, aurrera joan nahi duenarekin; beti izango dira hobe aldapa horiek hilerrikoa baino.

Maltzaga hil da, eta ez dakit zer jaioko den. Ni oraingoz Iruñeara noa Xantirekin, gero gerokoak; ea bidean topo egiten dugun. Osasuna, eta ikusi arte.

Maltzaga gurasoak dira Maltzaga gurasoak dira

abertzaletasuna, anv, eae-anv, gernika batailoia, independentismoa, intxausti, maltzaga, Maltzaga gurasoak dira, Maltzaga hil da, Ormaiztegi, point de grave, prozesu subiranista
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Maltzaga, gurasoak dira”-ri buruz

  • Elortza. Pitu 2016-12-16 01:11

    Gozamena izan da irakurketa. Bikaina. Hoi dek kontuak earki kateatzea. Ni ere banoa. Ormaiztiar bat gehiago zuekin Iruñeara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude