[Maltzaga VIII] Trena Maltzagatik igaro da (eta II)

Trena Maltzagatik igaro da (eta II)  

Zer demonio da Maltzaga? (Beñat Hach Embarek)  [ Maltzaga I ]
Maltzaga hil da, gora Maltzaga! (Unai Oñederra)  [ Maltzaga II ]
Maltzaga reloaded: gerokoak geroko ez utzi (Mario Zubiaga)  [ Maltzaga III ]
Soberanismoa: Zein da abiapuntua? (Xabi Anza)  [ Maltzaga IV ]
Beste Maltzaga bat (Eneko Bidegain)  [ Maltzaga V ]
ZaMaltzaga (Unai apaolaza)  [ Maltzaga VI ]
Abia gaitezen (Miren Zabaleta)  [ Maltzaga VII ]
Trena Maltzagatik igaro da (Patxi Azparren)  [ Maltzaga VIII ]

Zuzeukide batek eskatuta, eta azkeneko hilabeteotako gertaerek tendentzia berretsi dutelako, duela zenbait hilabete idatzi nuen artikuluaren bigarren zatia osatu dut.

Trena Maltzagatik igaro da (eta II)

Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak pasata, Gure Esku Dago ekimenaren hainbat herri-galdeketa burututakoan, ETAren armagabetze osoa egiaztatutakoan, Ipar Euskal Herriko erakunde berria osatutakoan, UPN gobernuetatik at utzitakoan eta mendebaldeko hiru herrialdeen aurrekontuetan PNVk PP hautatu duela ikusi eta gero, eszenatokia aldatuta dago.

PNVren zuzendaritzan ez dago inolako pitzadurarik, garai bateko soberanista eta autonomisten arteko lerroketa iraganeko kontua da, eta egun, PNV osoak aho batez, egungo markoa babesten du. Euskal naziotasunaren onarpen sinbolikoa aski du eta Ardanzaren garaietako aliatu estrategiko berberak aukeratu ditu. Izan ere, PSE, guztiz ahuldurik, jeltzaleen makulu merkea bilakatu da.

Ahulezia egoera barne zatiketa dela medio, Madrilen PPren gobernua erraztearren, baina batik bat, PSOEren eskaintza Hego Euskal Herrian amortizatuta dagoelako. Nafarroa Garaian UPNren apopiloa izatea aukeratu zuelako eta mendebaldeko hiru herrialdeetan bere diskurtso identitarioak porrot egin duelako.

PSEren diskurtsoaren ardatza diskurtso identitarioa izan da. Azkeneko hauteskundeetan Idoia Mendiak ere berreskuratu nahi zuen euskararen aurkako bideo trakets hori plazaratzean, antzua izan zen ordea, bere ohiko boto-emaileen seme-alabek ez baitute euren burua PSEk ordezkatu nahi izan duenarekin identifikatzen. Une honetan, toki askotan, PSEk eta PNVk eremu berean arrantzatu behar dituzte bozkak eta PNV garaile atera da. Besteak beste, biek eredu sozioekonomiko bera aldarrikatzen dutelako eta PNVk alternatiba identitario erraza eskaini duelako, hots, “vascoa” izatea hautu estetiko gisa, euskalduna izateko beharrik gabe, euskalherritarra izateko beharrik barik.

PNVk berriz ere leialtasuna nori zor dion aukeratzeko garaian, aukeratu du, hau da: talde interesei, interes ekonomikoei, eta klasikoek esango zuten moduan, “klase hautua egin du”. Klase hautua nazio leialtasunaren gainetik, kartera eskuineko poltsikoan gordetzen baita.

Eta egoera honek luze joko du, PNV estatu espainiarren laguntzaile bilakatu baita. CiUk independentismoarekin lerrokatzeko beharra izan zuelarik, Ortuzarrek eta Urkulluk agudo Duran i Lleidaren parean kokatu ziren. Arin, publikoki eta ozenki badaezpada ere.

Gasteizko Legebiltzarrean ondo baino hobeto irudikatu da Bloke Sistemikoa osatzen dutela PSEk, PNVk eta PPk. Aurrekontuak horren isla garbiena izan da. Sistema bera babesten dute hiru talde hauek eta bozka mugimendua beharrezkoa denean euren botoemaileak ere mugitzen dira behar horien arabera. Gasteizko Legebiltzarreko azkeneko hauteskundeetan PNVk bozka gehiago atera zituen independentismoari uko egin ziolako, ederki baitzekiten PPtik eta PSEtik milaka bozka lortuko zituztela. PNVk gobernua espainiar nazionalismoari zor dio eta honek berresten du aurreko artikuluan idatzi nuena: Ibarretxe baztertzean, PNVk trena Maltzagatik igarotzea utzi zuen.

Zaletasun eta gorroto guztietatik at dagoen egiaztapena da. Ikerlari “neutral” batek azterketa egingo balu baieztatuko luke: PNV ezin da indar independentistekin lerrokatu, objetiboki aztertuta, alderdi hau ez da independentisten aliatua. Eta azpimarratu nahi nuke “fobia” eta “filia” guztietatik landa egindako baieztapenaz ari naizela, izan ere, beste garai batzuetan, askok ez dugu arazorik izan oinarri zabaleko ekimen “panabertzaletan” aritzeko. Hamaika aldiz topo egin izan dut , adibidez, Ramon Labayen zenarekin, Nazioztaibadagunean; Independentistaken, Erabaki Plataforman…Gustura eta tinko aritu ginen Maltzagako Mahaian burujabetzaren aldeko mugimendu xume hartan, Tasio Erkiziak, Mertxe Colinak, Carlos Garaikoetxeak, Xabier Arzallusek eta Patxi Zabaletak agiri bera sinatu zuteneko hartan. Baina tren hura pasa zen. Egun Ibarretxeren borreroek agintzen dute Sabin Etxean eta aldaketarako zantzu txikienik ez da ikusten.

Gure Esku Dagok antolatu dituen herri-galdeketatan ere, oso gutxi nabaritu da PNVren botoemaileen parte-hartzea. Talde honen diskurtsoa apala izan arren, sarritan postabertzale ala prepolitikoa izanagatik ere, ez du lortu esparru berri askotara iristea. PNVren botoemaile asko dezente gehiago mugitu dira, esaterako, atez ate zabor-bilketaren aurka egindako herri galdeketa batzuetan Gure Esku Dagok antolatutakoetan baino. Adierazgarria.

Prepolitikoa ere izan da Aberri Egunean Bernardo Atxaga eta Nagua Albaren diskurtsoa, naziogintza “sentimenduen” esparruan kokatu zutenean. Askoz ekarpen berritzaileagoa eta politikoagoa espero genuen partitokrazia haustera etorri omen zen alderditik.

Egiari zor, aldaketa gehiago ikusi dira PNV ez dagoen tokietan PNV gobernuan dagoen tokietan baino. Apalak izanda ere, jardun politiko berritzaileagoak egin dira Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian. Egun, PNV aldaketa orori atea ixten dion atezain zorrotza da. Hau dela eta, politikari askok kontrakoa uste duten arren, baliteke, epe laburrean, EAE izeneko lurraldetatik baino, Euskal Herriko beste eskualdeetan aldaketen giltza batzuk aurkitzea.

Honen harira, zalantzan jartzen dut ezker soberanistaren baitan kokatzen diren zenbait sektorek egiten duten hausnarketa, mendebaldeko hiru herrialdeetan PNVren laguntzaz prozesu soberanista azkar daitekeen uste duten sektore horiena, alegia. Ez daude-eta gertuago Bilbo, Irun ala Gasteiz, balizko askapen eta eraldaketa prozesu batetik Lizarra, Tafalla ala Iruñea baino.

Gauzak horrela, bistan da independentistok ez dugula bide xamurra. Euskal Bidea egiteke dago. Eta bidea, Mario Zubiagak bere azkeneko artikuluan “a setas y a rolex” esaten zuena baino dezente konplexuagoa da, besteak beste rolexetara joan direnak bidaide ez direlako. Soziologo honek aipatzen zituen bi eredu nagusietatik kanpo dauden beste bide berriagotan aurki daiteke jarraibidea, asmatzeke, jorratzeke dauden teknika eta estrategia berrietatik egungo egoerara egokituta eta egungo garaiari egokituta.

Maltzagatik igarota, aurrera joan nahi dutenekin aurrera egin behar dugu. Maltzagan igo ez direnek agian Altsasun igotzeko aukera izango dute, baina aitzinera egin ezean, trenik ez da egongo.

Politikarien arloan EHBildu eta EHBaitik kanpo bidaiari gutxi ditugu. Azkeneko urteetan egin diren saiakera guztiek baieztatu dute; aldiz, politikari profesionalen esparrua ez da joku-zelai bakarra. Jendarte sistema honek kaltetzen dituen sektoreetara jo behar dugu kaltedun horiek naziogintzarekin bat egin dezaten ahalegina eginez, Bloke Sistemikoak osatzen duten bloke hegemonikoari alternatiba eskaintzeko moduan egongo gara. Bidea eginez, alternatiba gauzagarriak sortzen.

Homologatua den politikan aritu behar bada ere, litekeena da, aldaketa esparru horietatik kanpo hastea: sindikatuekin, langabetuekin, euskaltzaleekin, feministekin, herri-mugimenduekin… Legebiltzarretan gehiengoa eskuratzeko ahalegina egiten jarraitu behar bada ere, legebiltzarretatik at bestelako gehiengoak eskura daitezke. EAE izeneko esparruko herrialdeetan zenbait aldaketa eman daitezkeen arren, euskal herritar ororentzat prestatutako jardunek aldaketa sakonagoa eta azkarragoa eman dezaketelakoan nago.

Euskal Errepublikaren trenera igo gara, billetea erosi dugu, errepublika horren herritar gisa bidaiatzen, ateak zabalik bidaiarik onartzeko prestutasunez eta gogoz, baina norabide bakarrean, independentziara.

Trena Maltzagatik igaro da (eta II) Trena Maltzagatik igaro da (eta II) Trena Maltzagatik igaro da (eta II)
abertzaletasuna, estrategia independentista, euskal estatua, Indar metaketa, maltzaga, Trena Maltzagatik igaro da (eta II)
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

3 pentsamendu “[Maltzaga VIII] Trena Maltzagatik igaro da (eta II)”-ri buruz

  • Ene Patxi:

    Garai batean, gogoan dut, ezker abertzaleko zenbait militantek EAJko kide urbiltzen zitzaizkigunean gauza jakina zen zer arrazoiketa modua erabiliko zuten gu beraien posturetara erakartzeko. Lehenik eta behin, beraiek, ezker abertzalekoak, zirela abertzaletasunaren alfa eta omega delakoa. Hau da, gu EAJkoak zarpailtsu ginela horretan. Eta zergatik? Beraien kideak odola Euskal Herriarengatik eman eta kendu egiten zutelako.
    Ostera gero eta garbiago izan dut odolker-erradikalismoa eta abertzaletasuna ez direla gauza berdina, alderantziz baizik, ustez, itxuraz eta espainol beraien salaketen ondorioz abertzale erradikalak zirenak azkenean gure kausa nazionala iraultza baten mendean jarri dutela eta beraien zuzendarien iritziz gu euskaldunok gure izate atzerakoi-apezkoi historikoa konjuratzeko ezin progreago eta iraultzaileago bilakatu behar ginela eta beraz iraultza horren monagilloak izan behar ginela. Zuk ipui hau zure modura ber kontatzen diguzu.
    EAJn ez da gertatu soberanista eta autonomista zatiketarik, baizik eta ezker abertzalearekin batera joan eta berarekin ez joatearen joera desberdinak gertatu dira. Beraz soberanista-autonomista kategoria hoiek sakoneko egitate hori estaltzeko erabiltzen duzula esan behar dizut. Ni adibidez independentziaren zale porrokatua nauzu baina zinez ezker abertzalearekin ezta porruak landatzera joatearen aldekoa. Zergatik? Nire herrian ikusi dudalako ezker abertzaleak nola tratatu dituen nire alderdikideak eta bestelakoak ere. Gizakiak hain modu eskaxean tratatzen duen militantzia batek, ikurriña eramateagatik eta inor baino abertzaleagoa dela garraisi egiteagatik, ez nau enganatuko berriz ere, nire alderdiaren zuzendaritza Lizarra-Garazin engainatu zuen bezala. EAJko oso independentista izan zaitezke eta horrexegatik ezker abertzalearen ideologia eta jokabide maltzurra zinez errefusatu, nire kasuan eta beste askoen kasuan bezala.
    Badiozu ere EAJk klase hautua egin duela PP eta PSOErekin ituna egiteagatik, ezker abertzalearen kontrara, euskal nazioaren alde beti-beti. Ba nik uste dut alderantziz gertatzen dela, azken batean EAJk Espainiako ezker alderdi nagusiarekin eta eskubiaren alderdi nagusiarekin egin du ituna, Ezker abertzalea Alternatibako espainol ezker muturrekoekin batasuna egin eta Podemosko ezker muturrekoekin gerturatu nahi duenean. Patxi, euskal historian “klase” bariablea ezker abertzaleak sortu, mantendu eta mantentzen du. Ez gauzak adierazi direnaren kontrako izatean. Abertzaleen artean ezker-eskuin zatiketak ezker abertzaleak sortu du eta EAJ “burgesiaren alderdi” bezala kondenatu du beti. Zuk gauza berdina egiten duzu baina joko dialektiko maltzur batekin. Betikoa esaten duzu alegia.
    EAJ da noski Bloke Sistemikoaren gidaria eta Ezker abertzalea bloke antisistemikoaren aita-jefea. Boltxebikeek argi zuten iraultza egiteko lehen gauza gerra zibila zela. Ezker abertzaleak gerra zibila ekarri nahi izan dio abertzaletasunari eta Euskal Herriari eta orain horren beste saio baten aurrean gara. Ondo dago EAJ zuen frentan egotea, horrela gauzak argi gelditzen baitira, halanola, klase borroka zuek planteatu duzuela Euskal Herri txiki honetan, gure herri txiki honen zatiketa deliberatuz. Niri hori suizida iruditzen zait. Baina zuen estrategia anti-nazionala desegin bitartean EAJk PP eta PSOEren laguntza badu, ba gaitzerdi.
    Ibarretxeren borreroetaz mintzo zara EAJko gaurko zuzendariak seinalatuz. Bana nik esango dizut zeintzuk diren Ibarretxeren benetako borreroak: 2009ko hauteskundeetan Patxi Lopezi gehiengoa izateko aukera eman zioten haiek, EAko traidoreak (Garaikotxea jauna barne) eta EAJren besoetatik kendu nahi izan zuen alderdia, ezker abertzale bera, “urrezko botoa” deitzen ziona bere boto nuloari. Zuek zarete Ibarretxeren benetako borreroak, honek lehendakari ateratzeko aukera zuenean gehiengoa kendu zeniotenak, nahiago zendutelako Patxi Lopez lehendakaritzan.
    Pozten naiz aitortu egiten duzula EAJko militanteek izan duten partaidetza eta aldekotasun eskaxa Gure Esku Dago delakoaren galdeketetan. Zenbait tipok hemen esaten zidaten iaia alderantzizkoa, ezker abertzaleko militanteak Baqueira Beret joan bitartean EAJko alderdikideak hortxe txinaurri bezala ari zirela lana egiten. Arraozi duzu, Gure Esku Dago kanpainak ez du EAJko militante ez boto emaileen artean arrakastarik, hain zuzen ere ezker abertzaleak montatutako operazio bat bezala kontsideratzen delako. Nik horrela pentsatzen dut eta horregatik ez naiz GEDra inoiz ere gerturatuko ezta tortilla pintxo bat jateko ere.
    Eta barkatuko didazu Patxi baina trenaren metafora piska bat nekagarria suertatzen da. Gogoan dut Lizarra-Garazin nola esaten ziguten ezker abertzaleko militanteak “Lizarra-Garaziko trena” eta orain “Maltzagako trean…” Ezker abertzaleko suerte batekoak eta bestekoak osatu dezatela ditxosozko tren hori eta amildegitik behera erori dadila erabatean, gure herriari, abertzaletasunari, munduari, pake gehiago eta kontaminazio akustiko gutxiago emanez.

  • Abertzale porrokatua zara baina ezker abertzalearekin ez zoaz inora, beraz ez zara abertzalea, berdina errango nioke estatu bat sortzeko EAjk alde egingo balu ta norbaitek errango balu beraiekin inora joango ez zirela.

    Aberrizalea zara? Bai, espainiar aberrizalea.

    Segi esistitzen ez dan aldebikotasuna eskatzen, ta estadua sortzeko abagunea sortzen bada, berriro erran ahalko dezu ezker abertzalearekin ez dezula ezer nahi ta espainia barruan nahiago dezula gelditu.
    Espainia ta Frantzian ezker abertzalea esistituko ez balitz bezala. Kar kar.

  • Suagaar, bi gauza.

    Lehena ezker abertzalea niretzat ez da abertzalea. Estatua, independentzia eta nazioa ahotan ditu baina praktika ikusi dugu nolakoa den, euskaldunen arteko areriotasuna eta zatiketa sortzea hamaika gaien inguruan.
    Portzierto, ematen didazu aukera Patxi Azparrenen beste puntu bati erantzuna emateko: berak esaten baitu, eta egia dio (zu gainera horrekin ez zara ados) EAJko jendea Atez Atekoaren kontrako mobidan buru belarri parte hartu zuela baina ez Gure Esku Dago operazioan. Hein horretan, herritar guztien bizimodua baldintzatzen duen mobida batean mobilizatu ziren EAJko militanteak eta ezker abertzalearen goiko inposizio horri aurre egin zioten. Egia da eta harrotzekoa da benetan.
    Suagaar, zu estalinista tipiko bat zara, abertzale bat baino abertzaleago agertu nahi duen iraultzaile tipikoa. Baina sakonean zure gizarte eredu diktatoriala dago edozer aberriaren gainetik. Ezker abertzaleak hori demostratu baitu bere historian zehar, ahoa oso bero Euskal Herriari buruz baina azkenean bere eredu asambleario-diktatoriala nagusi.
    Ezker abertzaleak, eta horretan konforme egongo zara Suagaar ametitu ez arren, ez du ezer onik lortu azken hogeitamabost urte hauetan. Abertzale dela esaten du baina abertzaletasunari publizitate txarra eta zatiketa besterik ez dizkio ekarri. Eta zu bezalako iluminatu estalinista koadrilla bat, Suagaar. Ez dago gauza espainolagorik internazionalista euskaldun bat baino. Eta zutaz ari naiz Suagaar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude