Euskaraz eta amiantoaz

Euskaraz eta amiantoaz –

Euskaraz eta amiantoaz
CAF-eko langileak amiantoaren biktimen omenez egindako eskulturaren inguruan (Beasain, Gipuzkoa)

ASVIAMIE elkartean EAE-ko amiantoaren biktimak eta erien senide eta lagunak biltzen dira, elkartasun soziala eta laguntza psikologikoa lortzeko asmotan, baita elementu kutsakor honek eraginpean dauden pertsonen interesak babestu eta zabaltzea.

Ez da lan makala elkarte honena, ez baitzaio alperrik deitzen amiantoari “hiltzaile isila”. Sindikatuek maiz azpimarratu dute azkeneko urteetan, baita Europar Batasunak berak ere, atera kontuak. Lan-istripuen erruz dagoen heriotza bakoitzarengatik, 18 lagunek galtzen dute bizia lanak eragindako gaixotasunen ondorioz. Isil-isilik, bazterretan hautsak gehiegi harrotu gabe, beraien heriotza gure aldamenetik hanka-puntetan pasako balitz bezala.

Pasa den astean langile bat hil zen Sukarrietan (Bizkaia). Garbiketa lanetan ari zen lan eremuan, baina, bat-batean gaizki sentitu eta ospitalera eraman zuten, 15:30ean. Ordua zehaztea ez da debalde, zeren eta pasa den astean egin zuen beroa kontutan hartuta, ez da harritzekoa edonor gaizki sentitzea tarte horretan. Heriotz honek hainbat salaketa eragin ditu, normala den moduan: elkarretaratzeak, protesta idatziak, dolua… Bat-bateko heriotzak eragin hori dauka, mementuko kolpea dela, basatia, ezustekoa, eta agian horregatik asaldatzen gaitu gehiago.

Euskaraz eta amiantoaz
Hernaniko paper-fabrika

Aurreko asteartean ere langile bat hil zen, baina ez lanpostuan, amiantoaren eraginaz baizik. Horrela jaso zuen albistea Berriak: “Joan den asteartean hil zen J. C. R., biriketako minbiziak jota… 69 urteko gizonezkoa mantenu lanetan aritu zen Hernaniko Mendia-Gureola Scott paper fabrikan 1962tik 1989ra. “Tarte horretan amiantoarekin kontaktuan egon zen, baina inork ez zuen ohartarazi horrek zekarren arriskuaz”. 1989an, laneko dermatosi baten ondorioz, lanpostua aldatu behar izan zuen eta lau urte geroago kaleratu egin zuten. Joan den udan noduluak aurkitu zizkioten biriketan, eta “sindikatuen aholkularitzari esker” ezintasun osoa onartu zioten. Urte hasi zenetik Asviamieko 11 kide hil dira amiantoak eragindako gaitzen ondorioz… “Instituzioen isiltasunak bukatu egin behar du, batez ere Jaurlaritzako osasun arduradunena”, salatu du elkarteak”.

Oso egoera gogorra iruditzen zait, gaiari buruz idazteko deliberoa hartu nuen, eta horretan dihardut. Baina nire asmoak goitik-behera irauli ziren Asviamie elkartearen webgunera sartzean: guztia gaztelaniaz dago. Irudikatuko duzuen gisan, bi trenek egin zuten talka nire barnean: aproposa al da hizkuntzaren gaia mahai gainean jartzea?, Politikoki zuzena ote litzateke, aurten 11 kide galdu dituen elkarte bateko kideei sustengua adierazi eta ahotsa eman nahi nien idatzi berean, salaketa bat azaleratzea?

Ba bai, zilegi iruditzen zait, bestela gai hau beti bazterrean uzten gabiltza eternitate osorako. Idatzi honetan bi gauza salatu nahi ditut: batetik, amiantoa iskanbilarik sortu gabe jendea hiltzen ari dela sarri-sarri, eta herritar hauen eskubideen alde egin behar dela; eta bestetik, amiantoaren biktimen defentsan lan egiten duen elkarteak ez dituela euskaldunon hizkuntz eskubideak aintzat hartzen.

Antzekoa gertatu zitzaidan duela hilabete: Euskal Aktoreen Batasunari babesa erakutsi nahi, eta Euskal Aktoreen Batasunaren webgunea gaztelania hutsean.

Euskaraz eta amiantoaz
Julius Wayren “Heriotza Geldoa”

Ez dut uste, inondik inora, “zuek eta gu” parametroetan ari naizenik gaia planteatzen. Hil diren 11 lagun horien artean izango ziren ba euskaldunak? Zendu diren adiskide horiek maite dituztenen artean ere izango da euskaraz negar egin duenik, bizitzan zehar barre ere horrela egiten duelako. Afera honen inguruan interesa agertzen dugun asko euskaldunak gara. Kontutan har gaitzazue. Gai honi dagokionez, euskaldunak kontutan ez hartzea biren kalterako da: euskararentzat, eta amiantoaren aurkako borrokarentzat.

Euskara batzuetan kolpeka erasotzen dute, bortizki, bat-batean, eta horrek hautsak harrotzen ditu; baina ez da min egiteko modu bakarra. Euskarari bizkarra emateak, kontutan ez hartzeak, entzungor egiteak, epe luzera kentzen dio bizia, amiantoak pertsona hiltzen duen gisan. 

Salatu ditzagun heriotza isil guztiak. Besarkada handi eta sentikorrena amiantoaren erruz norbait galdu duzuen guztioi, euskaratik eta euskaraz.

Euskaraz eta amiantoaz  Euskaraz eta amiantoaz

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Euskaraz eta amiantoaz”-ri buruz