Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino

Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino

Generoa, nazioa eta klasea ez daude batere aldenduta euskaldunon kasuan, kronologia zurrunari dagokionez, bederen. Emakumeen eguna martxoaren 8an, Aberri eguna pazko igandean, eta Langile eguna maiatzaren 1ean. Emakume eta langileen eguna finkoa da, aberriarena, ordea, aldakorra urtearen arabera, batzuetan hurbilago lehenengotik hirugarrenarengandik baino, eta alderantziz. Inguruan edo tartean Gasteiz (martxoak 3), edo preso politikoen eguna (apirilak 17), eta ahazten ditudan beste zenbait egun esanguratsu, seguraski.

Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan bainoMaiatzaren 1a finkoa da, mugiezina, egutegian eta gorriz tindatutako eguna. 1886ko “Chicagoko Martiriak” izenez ezagutzen diren horien inguruko gertakarian du bere jatorria. Izen hori eman zitzaien zortzi orduko lanegunaren alde 1886an egindako manifestazioen eragile eta buru izateagatik hil zituzten bost langileei. Martxoaren 8a morea da, baina gorriz tindatua: 120 emakume langile erreta hil zituzten New Yorken, soldata baxu eta lan baldintza txarrengatik protestan ari zirela; lantegi barruan egiten ari ziren itxialdia uzteko, kanpotik molotov koktelak jaurti zizkieten.

Beraz, Aberri egunak badauka egutegiaren ezkerretara egun more bat, 120 hildakorekin, eta beste milioika atzetik; eta eskuinera egun gorri bat, 5 hildakorekin, eta beste milioika gibeletik. Aberria, Podemosekoek supituki deskubritu duten bezala, jendeak osatzen du, obabatarrek, nahiago baduzue; eta obabatar gehienak gorriak eta moreak direnez, biak nahastu eta aberria marroixka dela esatera ausartuko naiz. Marroia. Lurraren eta bizitzaren kolorea; eta egokitu zaigun aberriaren alde sakrifikatzea beti marroi bat izan denez , bikain datorkio (aberria konprenitzeko perspektiba ezberdin batetik).

Lurra eta lanaren egunaren artean bada kolore beltzeko data ezezagun bat, zurikeriatan aritu gabe: osasunarena. Apirilaren 28an Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta langileriaren osasunak okerrera egin du; azken urteotan igo egin dira lan-ezbeharren eta lanbide-gaixotasunen indizeak.

Hego Euskal Herrian, 2016an, 53 langile hil ziren lan-istripuetan. Lantokietan lan osasuna galtzen ari dela esaten denean lan-istripuek eragindako heriotzetan jartzen da arreta; biolentzia sexistaz mintzatzean mahai gainean dauden gorpuak kontatzen diren gisan. Baina mikromatxismoa eguneroko ogia den bezala, lanarekin loturiko osasun galera guztien izeberg punta baizik ez dira lan istripuak.

Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino
Amiantoak hildako langileen omenez egindako eskultura, Beasainen, CAF enpresaren aurrean.

Europar Batasuneko lan-ezbeharren eta lanbide-gaixotasunen zenbakiak argigarriak dira: lan-istripuek eragindako heriotza bakoitzeko, lanbide-gaixotasunek eragindako 18 gertatzen dira. Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino.

Euskal Herrian, ordea, estatistiketan ez dago jasoa laneko gaixotasunek eragindako heriotza bakar bat ere, nahiz eta azken bederatzi urtean 180 langile hil diren amiantoaren ondorioz. Bazterrean uzteko aitzakia: ondorioak ez direla berehalakoak izaten. Langilearen lan bizitzaren amaieran agertzen dira minbizia, neumokoniosia, silikosia… Baina ordurako atera zaio zukua langileari, eta erdibitutako laranja organikora botatzen dugun bezala jaurtitzen du ekonomiak langilea hilerrira.

Hego Euskal Herriko datuak 2016an; eta barkatuko didazue bortuz gaindikoek, Euskal Estatistika Institutu Nazionala sortu artio topatzen dudan tokitik edan behar dut eta.

  • Lan-gaixotasunak % 8,2 igo dira, 2015aren eta 2014aren aldean.
  • 10 laneko gaixotasun inguru gertatzen dira egun bakoitzeko. Kopuru horretatik, 6k ez dakarte bajarik; 4k, ordea, egun batetik gorako baja eragiten dute.
  • Egun batetik gorako baja eragiten duten lan-istripuak eta laneko gaixotasunak kontutan hartzen baditugu: ?
    • Egunero 96 pertsonak jasotzen dute baja.
    • Hau da, 15 minuturo baja bat tramitatzen da.
  • Maizen gertatzen direnak 2. Taldekoak dira, agente fisikoek eragindakoak, eta horien artean, jarrera behartuek eta mugimendu errepikakorrek eragindakoak. Hitz batez, aitortzen diren lanbide-gaixotasun guztien %40 dira.

Besarkada handi bat etxera ogia eramateko beste baten lan indarraz probesten ez zareten guztioi; eta osasuna.

Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino
amiantoa, apirilak 28, esplotazioa, euskal langileria, Euskaldunon pantone egutegia, Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino, heriotzak, lan gaixotasunak, Lan istripuak, lan osasuna, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna, langile borroka, langileak, maiatzak 1, osasuna
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Gehiago hiltzen gara gaixorik istripuetan baino”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude