Beharrezko luxuak

Beharrezko luxuak –

Konplexua, aldrebesa eta koskaz betea da “luxu” hitzaren esanahia. Baten batek esan zuen behinola iraganeko luxuak etorkizuneko beharrizanetan bilakatzen dituela merkatuak; besteren batek erantzun ahalko lioken bezala gaur egun luxu kontsideratzen diren gauza asko (etxebizitza, berogailua, garbigailua arratsaldeko zazpietan jartzea…) beharrizanak zirela iraganean. Premiak, eta ez premioak. Merkatuak merketuak ez dituen oinarrizko kontu horiek.

Beharrezko luxuak

Antzeko zerbait gertatzen zait Euskal Gaizkileak podcastak suposatzen duenaren inguruan buruari bueltak ematen hastean. Patxadaz pentsatuz gero, harrigarria iruditzen zait nola deabru sortu ahal izan genuen horrelako zerbait. ZuZeuren tamaina ongi kokatzen ez duenarentzat, azalpen motza eta hotza: lau lagun, lanaldi erdian. Txikiak gara. Ipotxak. Eta ziurrenik kakanarru izateak ematen digun malgutasuna eta zirrikituetatik igarotzeko gaitasuna probestuta, podcasten mundura egin genuen jauzi.

Hasier Etxeberriak krimenen inguruko abestiei buruzko sarrera batzuk argitaratu zituen, eta horretxek sortu zuen nigan gaiarekiko interesa. Hasier hasiera izan zen, eta ni hasialdian hasitako hasiberria. Bere heriotzaren ondotik krimen ezberdinen inguruko artikuluak idazten jarraitu nuen. Audiogintzan murgildu ginenean Euskal Herriko krimenak, hauen inguruko kantak eta podcastak uztartzeak sekulako potentzialtasuna zeukala baloratu genuen, eta lanari heldu.

Esan bezala, txikiak gara, eta hasiera batean, txikitik irudikatzen genuen proiektua. Guztia aldatuko zuen osagaia errezetara batu zen arte: BIEUSE. Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea gogobetez, eskuzabaltasunez eta bere onena emanez batu zen egitasmora, Xabier Alkiza buru. Horrek errotik aldatu zuen guztia. BIEUSEn elkartu ziren EITB-n tripazorriak egindako hamaika aktore bikain, eta haiek jarri zieten ahotsa paperean zeuden hitz mutuei. Nor Alkiza baino hobe, gainera, ze aktorek ze pertsonai antzeztu behar zuen erabakitzeko.

Hogei aktore inguruk hartu zuten parte grabaketetan. Euskaraz hori egitea superprodukzio bat zela jabetzen hasi ginen.

Baina ez ziren soilik aktoreak izan BIEUSEren eskutik etorri zirenak. Soinu teknikaria ere haiekin agertu zitzaigun: Iñigo Etxarri, IN Estudioak-ekoa. Iñigo teknikari izugarria izateaz gain, musikaria ere bada (LIHER taldeko gitarjolea da), eta horrek aurretik irudikatzea ezinezko zitzaigun modu batean aberastu zuen proiektua. Euskal Gaizkileak serieko atal bakoitzak berak konposatutako soinu banda ezberdinak dauzka. Musika propioa. Atal bakoitzak. Atal bakoitzak! Musika propioa!

Guztia hau luxu bat da? Bada, bai. Tamalez. Zeren eta ingelesak, frantziarrak edo estatubatuarrak bagina Berdabiok, Martin Larraldek eta Joxe Larrañagak pelikula bana izango zuten, Belateko Lapurren inguruko hiru serie izango ziren Netflixen, Bereterretx HBO-n agertuko litzateke…

Nahi genuena baino gehiago luzatu da parentesia, baino azkenean itzuli gara. Datorren astelehenean hasiko gara atal berriak estreinatzen. Lau. Lehena, Lafitte anai kortsarioen ingurukoa.

Luxua, agian? Beharrizana, beharbada? Beharrezko luxua, menturaz? Dena dela.

Harpidetu Euskal Gaizkileakera zure audio plataforman, eta espero dugu podcastaz gozatzea guk egiten gozatu dugun haina. Amaitzeko, eskerrik beroenak Patreonen gure lanan babeste duzuen lagunei. Zuek gabe ez litzateke posible.

Beharrezko luxuak Beharrezko luxuak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.