Iñaki Beraetxe: “ETBk Tele5 begiratu beharrean hobe luke TV3 begiratu”

Iñaki Beraetxe: “ETBk Tele5 begiratu beharrean hobe luke TV3 begiratu” –

Donostiako Loiola auzoko txoko batean jarri digu zita Iñaki Beraetxe (Donostia, 1963) aktore eta bikoiztaileak. Lan baldintza eskasak direla eta greba hasi duen Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kidea da Beraetxe, Richard Gere, Jack Nicholson, Clint Eastwood, Merlí irakasleari edo Shrek berari ahotsa jarri diona, besteak beste. Zoritxarrez baina, bere ofizioa galtzear da, ETBk inoiz baino ordu gutxiago kontratatuko baititu aurten, inoiz baino prezio merkeagoan. Anjel Lertxundik esan zuen duela urte batzuk, zine mutuaren garaiak datozela. Datorrena datorrela, Bikoiztaileek planto egin dute egoeraren aurrean.

Iñaki Beraetxe

Lehenik elkartearen inguruan galdetu nahi dizut. Gaia kokatu dezagun.

Elkartea, kolektiboa egituratzeko egin genuen. Badaramazkigu urteak eta urteak ez konbeniorik, ez ezer erregulatu gabe, eta enpresa bakoitzak bere aldera jo du. Garai batean bikoizketaren zioa hori zen, ez zegoenez ekoizpen propiorik, kanpotik ekartzen zen eta euskaraz bikoiztu. Gerora, ekoizpen propioa egin behar zela esaten zuten. Kontua da iritsi garela une batera zeinetan ez baitagoen ez ekoizpen propiorik, ez bikoizketarik ezta azpititulurik ere. Ezta pulamenturik, eta ez ezer.

Zerk eraman zaituztete greba hastera?

Garai batean mila eta piku ordu bikoizten ziren urtean. Hori murrizten eta murrizten joan zen eta azken lehiaketa honetan, 100 ordu bikoiztuko direla esan digute, eta horrek berez esan nahi du ofizioa popatik hartzera doala.

 

«Badirudi EiTBri bikoizketak
bost axola diola»

 

Soldata ere jaitsi dizuete gainera, ezta?

Gure salneurria %32 murriztu digute azken 6 urteetan. Gu aldi baterako langileak gara, obrako kontratu batekin egiten dugu lan. Ez gara ETBren plantillakoak. Apenas lanik eman digute, eta gainera salneurria jaitsi. Dagoeneko prekarietatean lan egiten gabiltza. Jende asko ez da iristen soldata minimo bat osatzera. Jasanezina bihurtu da egoera, horrela ez dago bizitzerik. Azkenean batek irakasle bezala lortu du lanpostua, bestea fabrika batean hasi da lanean, eta azkenean jendeak ziurtatu nahi du bere lana eta ezin du egon telefono deiaren zain, ea pertsonaiaren bat ematen dioten.

EiTBz gain, Zineuskadi ere jokoan dago.

Badirudi guk greba planteatzeak EiTBri bost axola diola. Eta orduan Zineuskadirekin sartzea erabaki dugu. Dirudienez, Zineuskadik haientzako badu halako garrantzia bat, nahiz eta, urtean 12 pelikula ziztrin egiten diren. Egoera ikusirik planto egin diegu: ez dugu bikoiztuko. 

Zein izan da Jaurlaritzaren erantzuna Zineuskadi eta greba zela eta?

Zineuskadikoa egingo ez genuela esan dugunean, alarma piztu zaie eta Kulturako Kontseilaritza kezkatu egin da. Baina badirudi ez Zineuskadik eta ez Jaurlaritzak ez dutela erabakirik hartu nahi. Betikoan gaude, konponbide zaila daukala esan digute eta ez da ezer aldatu. Egoera kritikoan gaude asko, beste batzuk nola hala eta beste batzuk lanean.

 

«Azkenean bikoiztaile batek 3 edo 4
pertsonaia egin beharko ditu»

 

Lanean esan nahi duzu beste ofizio batzuetan?

Ez. Bikoizketan badago kolektibo bat lanean jarraitzea erabaki duena, %32eko murrizketarekin. Baina zuk koadro bat egiteko 100 kolore baldin badituzu eta bat batean 40 geratzen baldin bazaizkizu, koadro horren kromatismoa ez da berbera izango. Gainera, diotenez, orain euskara maila jada ez da behar adinakoa. 

Aktoreen gremioa ere asko sufritzen ari da euskal telesailen gabezia.

Tamalgarria da. Azken seriea, nire datuen arabera bote prontoan, “Aitaren Etxea” izan zen. 2014-2015ekoa da hori. Ez da deus egin ordutik. Goazen!eko bi denboraldi baino ez. 26 kapitulu 5 urtetan. Hori bai, lehengo urtean errodatu zen serie bat gazteleraz. Lehen Goenkaleko ia 200 kapitulu egiten ziren urtean, eta bi edo hiru serie urtean. 

Baduzue indarra hordagoa mantentzeko?

Badakizu zer gertatzen den? Galtzeko zeozer izango bagenu planteatu ahal izango genuke, baina puntu honetara iritsita, zeozer lortu arte eutsi beharra dugu.

Zer ondorio izan lezake greba mantentzeak?

Suposatu dezake gure elkarteko kideak pikutara joatea, beste edozein lanetan hastea. Eta gero bikoizketa bat egin nahiko balitz, eta pelikula batean 40 pertsonaia baldin badituzu, azkenean ez duzu kolore aniztasun hori izango. Pelikula bakoitzean bikoztaile batek 3-4 pertsonaia egin beharko lituzke. Baina tira, kritika jaurlaritzari bakarrik ez, harrigarria da gizarteak nola asimilatu duen kontu hau. 

 

 

«Euskarak egun ez du
pisu politikorik»

 

Ez dirudi jendea gehiegi asaldatu denik.

80ko hamarkadan euskararekiko utzikeria honek pisu politiko askoz ere handiagoa edukiko lukeela iruditzen zait. Jendeak ez luke onartuko.  Errealean edo Athletiken emaitzak txarrak diren unean bertan afizioa urduri jartzen hasten da. Hedabideak urduritasun hori azaleratzen dute, eta zuzendaritzak aldaketak egiten ditu, erabakiak hartu. Gaizki amaituko dela dirudi. Gizarte bezala kontzientziarik ez dugulako, eta euskarak ez duelako egun pisu politikorik.

Esan nahi duzu, euskararen alorrean, eta zuenean zehatzago, afiziorik ez dagoela harmailetan?

Afizioak ez duela soinurik egiten. Eta hitz egiten duten horiek hasten dira: “Ez, nik serieak jatorrizkoan ikusten ditut…”. Haur eta nerabeentzako berebiziko garrantzia du fikzioa euskaraz kontsumitzeak. Errealitatea da hezkuntzak ez duela bermatzen 16 urteko nerabe batek euskara menperatzea, eta azpitituluekin argi dago ez dela euskarazko hizketa maila hobetuko. Gaur egun Shin Chan euskaraz ikusi zuen belaunaldi hori daukagu, baina hala eta guztiz ere, badirudi ez dutela baloratzen haiek zer izan zuten beren haurtzaroan.

Ni neu Dragoi Bolaren belaunaldikoa naiz, eta ondo oroitzen dut udalekuetan Zangotzako, Amurrioko eta Bermeoko jendearekin elkartzean denok partekatzen genuela euskarazko Dragoi Bolarekiko miresmen hori. Denok erabiltzen genituen hitz berak. 

Horri oso garrantzia gutxi ematen zaiola uste dut. Beste pisu bat izan beharko luke, ez litzateke dudarik egin behar. Eta norbaitek pentsatzen badu 6, 8, 10 edo 12 urteko ume batek nahiago izango duela bertsio original azpititulatua ikusi, oso erratuta dago. 

Iñaki Beraetxe: "ETBk Tele5 begiratu beharrean hobe luke TV3 begiratu"

100 ordu bakarrik bikoizten bada, deus egiten ez den seinale. 

Orain zeu umea zineneko %8a edo horrelako zerbait bikoiztuko da. 100 ordu horietatik %90a marrazki bizidunak izango dira, gutxi gorabehera. Marrazki bizidunen munduan ere sekulako lehia dago Clan, Disney eta enparauekin, eta oso garrantzitsua da euskara indartsu egotea. Gaur, 90eko hamarkadako programa errepikatu bat ikusi dut ETB1ean, Euskal Herritik saioko Behe Nafarroari buruzko atal bat. Eta ikusten ari nintzen neurrian gaizki sentitzen hasi naiz, La2-eko dokumental batean hartz zuriari bezala begiratzen nion. Desagertzear den espezie bati nola.

Kataluniarrak beste bide batetik doaz. Zuk zeuk parte hartu duzu Merlí telesailaren bikoizketan.

Merlí mundu guztian saldu dute. Nolako indarra daukaten, apustuak egin eta askotan errentagarritasuna ateratzeko. Merliren instagramean sartuz gero hizkuntza mordo batean idatzitako mezuak irakur ditzakezu. Arrakasta globala izan du. 

 

«Argi dago ETBn
inon baino Tele5 gehiago
ikusten dutela»

 

Grebaz gain beste ekimen edo pausorik egingo duzue?

Batzarretan ari gara eztabaidatzen eta gauzak proposatzen. Hasieran grebaren eta aldarrikapenen aurkezpena egin dugu, zeozer aldatzeko balioko zuelakoan. Intelektual eta eragile askori elkartasuna eskatu nahi diegu. Juan Luis Zabalaren artikulua irakurri eta asko poztu ginen. Lander Garrok EiTBri buruz idatzitakoekin edo lehengoan Amonarrizek aipaturikoekin ados nago.

Orain ETBko zuzendaritza aurrean izango bazenu zer esango zenieke?

Kontuz ibili beharko nuke zer esan eta zer ez; kar, kar, kar. Ez dakit. Esango nieke ea orain dela 30 urte, dena hasi zenean, amesten zuten horretara iritsi ote garen, iritsi ez bagara zergatik izan ote den eta zerbait mugituz gero; joko sistema, alineazioa, entrenatzaileak… ea zerbait aldatzeko modua ikusten duten. Edo kondenatuta ote gauden horrela jarraitzera, itxi arte edo ikusleak galdu arte. Ikusi pilota, ikusi Teleberria, ikusi Herri Txiki Infernu Handi… eta hortik aurrera ba beno, goazen denok Tele5 ikustera. Zeren argi dago ETBn inon baino Tele5 gehiago ikusten dutela, izan ere, beren eredua beti Tele5 dela dirudi. Kate horri begiratu beharrean hobe lukete TV3ra begiratu.

Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe Iñaki Beraetxe
bikoizle, bikoiztaile euskaldunen elkartea, eitb, etb, Eusko jaurlaritza, greba, Iñaki Beraetxe, Kultura, zineuskadi
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

11 pentsamendu “Iñaki Beraetxe: “ETBk Tele5 begiratu beharrean hobe luke TV3 begiratu””-ri buruz

  • Martin Rezola 2019-02-01 13:12

    Guztiz ados nago Beraetxerekin eta Juan Luis Zabalarekin. Telebistan eta zineak ukatu egiten diote fikziotasuna euskarari, eta normaltzat hartzen dugu. Niretzat ikaragarria da.
    Azken urteotako euskarazko filmetan ere (“Amama”, “Loreak”, “Lasa eta Zabala”, “Handia”…), zeharka mezu hori transmititu dugu: “benetan” euskaraz egiten duena euskaraz agertzen da, baina “Lasa eta Zabala”-n guardia zibilak espainieraz, eta “Handia”-n Madrilgo gortean espainieraz. Ezin ditugu bestela imajinatu, ez lirateke “sinesgarriak” izango; errealismoak agintzen du… Baina, nire ustez, ez badugu aurreiritzi hori gainditzen, gureak egin du.
    Oraintxe bertan ez dago fkziozko saio bat bera ere, gazteek euskaraz gozatzeko modukorik. Kondizio hauetan, nondik atera behar dute motibazioa eta gogoa? Inork pentsatzen al du, benetan, fikziorik gabe euskaraz burua altxa dezakeenik, Euskaraldiak Euskaraldia?

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2019-02-01 15:40

    Lehenengo eta behin eskerrak eman nahi dizkiot Zuzeu taldeari horrelako elkarrizketa eskaintzeagatik. Ondoren elkarrizketan Iñaki Beraetxek botatzen dituen eta gogoan gordetzekoak diren hainbat esaldi azpimarratuko nituzke: “(ETBkoek) kate horri begiratu beharrean hobe lukete TV3ra begiratu”. Ni kate horren jarraitzailea naiz eta aldea itzela da. Beste hau ere azpimarratzekoa da: “Errealitatea da hezkuntzak ez duela bermatzen 16 urteko nerabe batek euskara menperatzea”. Hori da gure hizkuntza sistemaren emaitza. Norbaitek ba al daki hori zuzentzeko zer proposatzen duen Eskola Kontseiluak? Azkenik bat: “Gizarte bezala kontzientziarik ez dugu” eta bi: “Euskarak ez du egun pisu politikorik”. Eta egoera hori iraultzeko zer proposatzen da? Euskara are gehiago despolitikatzea.

  • Oier Aranzabal

    Mila esker Jose Inazio, ZuZeuko erredakzioko kideok lana gogoz egiten dugu ahalik eta eduki onena eskaintzeko. Gai hau bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu. Bikoizketa kinka larrian da, eta EiTBren irizpide faltaren (edo okerren) beste ondorio bat da. Gaia gertutik segiko dugu.

    Bsrkd

  • eta gaur, biokoiztaile euskaldunen grebaz, zuen artikulu hau eta egunkarikoa plazaratu den egun berean, ETB2 kateak, “DirectoMadrid” bat eginez”, Serrano delako espainiar bikoiztailearekin egindako elkarrizketa eskaini digu. “Especial doblaje”. “Es un arte” “Hay que ponerlo en valor”

  • Juan Luis Zabala

    Barkatu, baina Beraetxek aipatzen duen Juan Luis Zabalaren artikulua ez da zuek jarritako estekak eskaintzen duena (hori ez da Juan Luis Zabalak idatzia), honako hau baizik: https://www.berria.eus/paperekoa/1943/019/002/2018-10-13/batua_plastikozkoa_da.htm
    Eskerriko asko

  • Oier Aranzabal
    Oier Aranzabal 2019-02-06 14:46

    Mila esker zuzenketagatik Juan Luis, gaizki jarri nuen! Zuzenduko dut.

  • Aitzol Azurtza 2019-02-07 23:16

    Begiraiozue ondoko lotura honi:

    https://www.argia.eus/albistea/final-four-gasteizen-nola-gastatu-lau-milioi-poltsa-publikotik-legez-kanpoko-hitzarmen-batekin

    Hara nor dagoen argazkiaren eskuinean. BINGEN ZUPIRIA, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikarako Sailburua (EiTBren nagusia). Filmak euskarara bikoizteko eta euskarazko telesailak ekoizteko dirurik ez omen dago baina saskibaloirako 4.000.000 euro badaude… Euskara sustatzeko era bitxia!?!

  • Badirudi EITBk film monokromatikoaren modan sartu nahi gaituela. Hau da, pertsona gutxi batzuk pertsonai guzien ahotsak jartzea alegia. Punta zorroztuz joan ahala, pertsona berak egin ahal izango ditu film baten bikoizketa guziak. Eta are eta gehiago finduz koloreak murriztuz txuri beltzez ikusiko genituzke. Hurrengoa, jakina, ETB1 kolore beltzez ikustea izango litzateke eta txistu kirrinkagarriaz entzutea, “Piiii……….” alegia.
    Zorionak EITB lortuko duzue!
    Politika/keriaz ez dakien eta Euskara maite duen euskaldun bat idatzia.

  • luar gartzez 2019-02-10 10:41

    Azkar-azkar begiratuta, pasa den aste honetan, ETB2k 20 ordutik gorako eskaini ditu fikziozko serieak edo filmetan, atzerriko produkzioak gehienetan (EEBB, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Suedia…). ETB1ean ZERO! Ez dago horrelako ezer.
    Programazio batek nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatzen hasi gabe, ez dago zalantzarik jende askok hori bilatzen duela telebistan, serieak edo filmak ikusteko aukera, berdin dit detektibe istorioak, amodiozkoak edo abenturazkoak. Ziur nago euskaldunon komunitateak gustura hartuko lukeela horrelako zerbait euskaraz. Adibidez, gure herrian ikusten diren telebista kate guztiek egiten duten bezala, igande arratsaldeetan filma bat EUSKARAZ ikusteko aukera izatea. Bat behintzat!
    Baina ez. Euskaldunok hori ere ez dugu merezi, nonbait…

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Ramon Labaienen alderdikide batzuk,- alderdian agintzen zutenak zoritxarrez-, hasiera beretik, erdal kanal bat izateko sortu zuten ETB, euskara ezin besteko aitzaki moduan erabilita, garai hartako lege murriztaileak bertako hizkuntzan baino ez zituelako onartzen telebista autonomikoak. Orain gertatzen ari den hau elaberri luze baten azken atala da, urte askotako endekapenezko malda beheraren azken geltokia. Alderdi politikoak talde handi, nabar eta askotarikoak izan ohi dira, eta hemen agintzen duen horretan ere izango da, zalantzarik gabe, euskaltzalerik, Ramon Labaien zena bezalako euskaltzalerik. Kontua da horiek zer pisu duten alderdian eta erabakimena dutenak zerbait euskaltzaletu ote diren urte hauetan. Euskaraldiaren harira, seguru naiz bat baino gehiago ibiliko dela borondate oneko ahaleginean, ETBren norakoa aldatu nahian. Zeozer lortuko duten denborak erakutsiko digu. Honela ez bada, euskara hilobira eramaten lagundu duten eta oraino laguntzen dutenen izen-abizenez lista luzeak paratzen hastea baino ez zaigu geratuko, gerran hildako soldaduen kanposantuetako lista luzeen antzera, euskara galtzen denean etorkizuneko jendeek eskerrak nori eman jakin dezaten.

  • Ba al dago berritasunik greba honi dagokionez?

    Atzo gauean 21:00etan, hilak 20, “The Goonies” filma aparta ETB4an bota zuten, espainolez noski, euskarazko bertsioa daukagunean.

    Zer dela eta ETBk (=EAJ) ez du filma hori euskaraz botatzen, ta berriro diot, filma hori bikoiztua dago euskarara.

    Etsigarria da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude