Jaizkibel mendia, bizibide eta babesleku

Jaizkibel mendia –

Jaizkibel mendia famatua izan da beti gipuzkoar kostaldeko biztanleen artean. Oso kokapen berezia du, eta mendebaldetik hasita, Pasai Donibanetik Hondarribiraino iristen den mendi, edo beharbada mendigune zabal-luzea dugu, itsaso aurrean harro altxatzen dena. Donibandarrak, lezoarrak eta hondarribiarrak bere magaletan bizi dira.

Lapurdi aurre-aurrean du, eta Nafarroa ez da urrun, Irungo eta Oiartzungo lurraldeak pasata.

Historian barna baserri asko izan dira itsasaldean zein bestaldean, eta gaur egun ere, baserri askoren kabia dela erran genezake. Jaizkibelen bi aldeetan era guztietako gertaerak izan dira gure historian barna, gerrazkoak zein bakezkoak, kontrabandoa, merkatal harremanak, nekazari eta artzainak, arrantzaleak…

Jaizkibel mendia

Nik, oraingoan, Jaizkibeleko itsasalde urrun eta ezkutua babesleku gisa hartu zuten bi gizasemeren oihartzunak ekarri nahi ditut lerro hauetara.

Lehena Prudentzio Oiartzabal Olaitz oiartzuarra zen, herritarrek Soinu goitizenaz ezagutu zutenak. Gaztetan pobre samar bizi izan zen, eskean zebilen, eta teila-lantegi batean lo egiten zuen, laberako otearen gainean. Haurrak zirikatzera eta jostatzera joaten omen zitzaizkion askotan eta hark, labain ttiki bat eskuetan erakutsirik, uxatzen zituen. Mutil sendo eta liraina zen, mendian ibiltzen ohitua zena, eta biziki arina. Ez dakigu zergatik, baina XIX. mendearen azken bi hamarkadetan, Jaizkibelera joan zen eta bertan, Zezentegi izeneko leize-zuloan, bakardadean, hogeita sei urtez bizi izan zen.

Hasieran, harkaitzetan harrapatzen zituen karramarro, mixera, muskuilu, karrakela, lapa, tretxu, lanperna, karraspio eta horrelakoak janez elikatzen zen, baina berak gerora aitortu zuenez, behin ardi galdu bat eskuratu eta jan egin zuen, eta orduz geroztik Jaizkibeleko artaldeetatik arkumeak lapurtzen ibili zen. Artzainak ardien bila ibiltzen zirenez, askotan ardiak gordinik jaten omen zituen, suaren keak bere bizilekua salatu ez zezan. Soinu handiak eginez, bazterretatik ibiltzen zirenak izutu egiten zituen. Hortik datorkio ematen zioten goitizena: Soinu edo Jaizkibeleko gizon basatia.

1903. urtean, baserritar batek haragi puska handiak aurkitu zituen, makiletan sartuak eta eguzkitan lehortzen jarriak. Inguruetan ardi larruak ere baziren. Artzainei horren berri eman zien eta hauek aipatutako tokira joan eta Zezentegi leize-zulotik gertu ikusi eta harrapatu zuten. Handik Hondarribira eraman zuten eta han, bere bizitza eta ibilerak kontatu zituen.

Gerora Oiartzunera itzuli eta han bizi izan zen luzaz, zendu zen arte. 1958an, Aialdek (Antton Valverderen aita zena)  elkarrizketa labur bat izan zuen berarekin, eta erretratu bat egin zion, gaur ezagutzen dugun bakarra. Urte bereko Zeruko Argia aldizkariaren zenbaki batean plazaratu zuen. Horratx:

Jaizkibel mendia
Soinu. Aialderen erretratua

XX. mendearen azken hamarkadetan Iñazio Tarragona Artola lezoarra (1959-2006) , Jaizkibeleko arroka eta oihanetara erretiratu zen, eta han, txabola batean, itsasaldeko harpeetan bizi izan zen zenbait urtetan. Mutil alaia, indartsua eta sendoa zen, izadia eta euskara izugarri maite zituena. Nik horrela oroitzen dut, bederen. Bizitzaren joairek Jaizkibelera bizitzera eraman zuten, hiltzeko tenorea zela erabaki zuen arte.  Goian bego.

Jaizkibel mendia
Inaxio Tarragona Artola (Lezo, 1959-2006). Argazkia: Inaxioren lagunak / Lezoko udal liburutegia.

2016ko irailaren 13an, Lander Zurutuza Sunsundegi lezoar idazle eta ikertzaileak narrazio laburra baina hunkigarria plazaratu zuen Lezoko Portua izeneko agerkari digitalean. Narrazioaren izenburua: Zurrunbilo amaigabea (Inaxio Tarragona oroituz) Horra hor, artikulu honen amaiera gisa:

“Zerk bultza ote zuen muturreko erabaki hura hartzera? Ezin jakin. Edo bai. Dena dela urte asko zeramatzan jada jendartetik at. Robinson démodé baten antzera. Oihaneko txabolan bakartuta, uda izan ala negu. Argizariz zipristindutako komiki, liburu eta egunkari zaharren artean bizi zen.

—Ez zegok aberririk, norberaren deserria besterik —bota zidan azkenekoz elkar ikusi genuenean. Zorion irlak, une hautatuak. Deus gehiagorik ez. Ordurako bagenekien eternitatearen aspergarritasunak kezkatzen zuela gehien.

Zibilizazioa gorrotatzen zuen. Ametsak ez zitzaizkion kabitzen hiriko lau hormen artean, nonbait. Eta, herrira jaisten zen aldi urrietan, bere pentsamendu akrata barreiatzen zuen haizearen mendeko orri solteetan. Elizako atarian zelofanez itsatsita. Edo taberna zuloko lainopean errezitatuta, kanabisa eta garagardoa lagun. Poliziak, politikariak eta apaizak zituen beti dianaren erdian, Eliza eta Estatua, hitzezko gezien hartzaile. Baina poetika oso bat eskainiko zion era berean ezpain gorriko puta galantari, emakume ehiztari edo zezenzale amorratuari. Edonori. Nahiz eta hitz samurrenak txabola ondoko olatu arteko sirena kuttunarentzat izan —itsasoa beti alboan, fisikoki eta metafisikoki—. Zurrunbilo amaigabean elkar batzeko itxaropenak oraino bizirik zirauenean.

Salbazioa ez zuen bilatu horma iluneko eliz zaharrean, pipiak jandako santuen artean. Ezta kontsumismoan ere —modako erlijio horretan—. Nihil obstat, natura bere osotasunean. Ihesaren jomuga, helburua.”

Txakillarri, Jaizkibelgo kostaldean. Argazkia: Lander Zurutuza, 2009.
Jaizkibel mendia  Jaizkibel mendia  Jaizkibel mendia  Jaizkibel mendia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude