Hezkuntza publikoari buruz hitz txintik ere ez hauteskundeetan!

Hezkuntza publikoari buruz hitz txintik ere ez –

Hauteskunde kanpainako zurrunbiloaren ondoren, eta behin bozka hautetsontzian utzita, gure irakurketa egiteko moduan gaude. Azken finean, badirudi lehengo berdinek gobernatuko dutela, lehengo lepotik burua. Beraz, ez dakigu gobernu zaharberri honi erronka berriei aurre egiteko deia egin behar diogun edo egin gabe utzi zituztenez arduratzeko eskatu behar diogun. Nolanahi ere, legegintzaldi honek hezkuntzaren arloan izango dituen erronkei aurre egin behar badiegu, iraganera begiratu behar dugu nahitaez, eta egin gabe dauden zereginak mahai gainean jarri: euskalduntzea eta eskola-segregazioari aurre egitea. Izan ere, espero dugu gobernu honen jokabidea ez dela izango orain arte hezkuntzan egin duten hondamendiari muzin egitea.

Hezkuntza publikoari buruz hitz txintik ere ez

Ez da mesfidati izateagatik, kontua da deigarria izan dela hezkuntzaren gaia saihesteko kanpainan egin den ahalegina, zein baino zein ageriagoa. Hauteskunde-eztabaidetan esandakoari erreparatuta, norbaitek pentsa lezake hezkuntza publikoa ez dela gure jendartea egituratzen duen zerbitzu publikoetako bat, edo are gehiago, pribatizatu gabe dagoela. Ez dezagun ahaztu Europar Batasun osoan Belgikak baino ez duela gainditzen Euskal Autonomia Erkidegoko pribatizazio-indizea.

Badirudi gaur egun inork ez duela bere gain hartzen legebiltzarrean %90,6ko babesa lortu zuen eta gure egungo hezkuntza-legearen ernamuina sortu zuen hezkuntza-akordioaren erantzukizuna. Jakin badakigu akordioa sinatu zuten alderdi politiko guztiek ez zutela azkenean legearen alde egin, baina gaur egun ados ez baleude, harritzekoa dirudi kanpainan ez aipatzea. Lotsatu egiten dira akaso? Agian, legea sustatzeko arrazoiak ez ziren irizpide politikoaren ondorio, beste motako interesak baizik?

Ez da erraza sare pribatua eta itundua parekatzen dituen proposamena kanpainan defendatzea. Imajinatzen duzue proposamen hori osasun arloan? Zaila izango litzateke hezkuntza legearen espiritu pribatizatzailea ukatzea

Hein batean ulergarria da, ez baita erraza sare pribatua eta itundua parekatzen dituen proposamena kanpainan defendatzea. Imajinatzen duzue proposamen hori osasun arloan? Zaila izango litzateke hezkuntza legearen espiritu pribatizatzailea ukatzea. Norbaitek euskal eskola publikoa benetan defendatu nahi izan balu ere, argudio modura esan zezakeen legegintzaldi honetan hezkuntza pribatuaren finantzazioa %30 handitu dela, adibidez, edota itundu ahal izateko ratioa 13ra jaitsi dela. Baita ituna bi urteko geletara zabaldu dela ere, eta, ondorioz, 16 milioi euro gehiagorekin finantzatu direla ikastetxe itunduak. Baieztapen horiei aurre egitea zaila izango litzateke, ez baitu zentzurik ituna zabaltzea jaiotza-tasaren jaitsiera kezkagarriaren aurrean gaudenean. Gogora zezakeen, halaber, Haurreskolak Partzuergoan doakotasuna sustatu den arren, ez dela baliabiderik jarri horri eutsi ahal izateko, eta zerbitzua murriztu dela. Alderdi politikoetakoren batek benetan gizarte-kohesioan sinetsiko balu, gogora zezakeen ikasle zaurgarrien %67 eskola publikoan matrikulatzen dela, edo Loiun ikasten duten ikasleen %96 ikastetxe pribatuan dagoela eta hara autobusez joaten dela, ingurumenaren kaltetan.

Zoritxarrez, badirudi hori guztia nahita desagertu egin dela kanpainan. Baina guri ez zaigu ahaztu, argi geratzen zaigulako hau ez dela merezi dugun hezkuntza-sistema, legebiltzarrak manifestazio jendetsuen bizkar egin baditu ere legeak. Beraz, kaleetan, ikastetxeetan, unibertsitateetan eta behar den lekuetan borrokatzen jarraituko dugu euskal eskola publikoa gure sistemaren ardatz egituratzailea izan arte. Berau baita, inklusioa eta euskalduntzea bermatzen duen bakarra, denona eta denontzat dena.

Nagore Iturrioz López eta Yolanda Porres García

Steilas sindikatuko kideak

Hezkuntza publikoari buruz hitz txintik ere ez  Hezkuntza publikoari buruz hitz txintik ere ez

STEILAS

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude