Inpresioez blai
Inpresioez blai –
Astelehena. Ez nago guztiz konbentziturik. Esaldi ospetsu horrek -«lehenengo inpresioa da balio duena»- nabarmentzen duenaz. Hala ere, behin baino gehiagotan zaila egiten zait hori baino irizpide hoberik aurkitzea. Gaur, urrutira joan gabe, Manuel Jaboisen eleberri bat erosi dut, “Malaherba”. Liburuak leku bat lortu du nire mesanotxean bere lehen perpausagatik, egin didan lehen inpresioagatik: «Aita hil zen lehen aldian…»… Istorio horrengatik ordaindu aurretik Googlen sartu eta erreseinaren bat irakur nezakeen, baina hasiera harrigarri hori argudiorik onena iruditu zait. Lehen hamaika hitz horiek, berez, nobela oso bat eraikitzen dute. Ez genuke gehiagorik beharko. Kontakizun bat horrela hasten duzunean, edozertarako prest zaudela esaten diozu irakurleari. Agian Delibes-en “Bidea”-ren hasierara hurbiltzen da -«Gauzak beste era batera gerta zitezkeen eta, hala ere, horrela gertatu ziren»-, edo Palahniuk-en” Asfixia”-renera -«Orrialde pare baten ondoren ez duzu hemen egon nahi izango. Beraz, ahaztu ezazu. Urrundu»-. Jaboisek oso goian jartzen digu muga. Agian beraren aurka lehiatzeko «jaio nintzen bigarren aldia» has gintezke idazten, baina autolaguntza eskuliburu baten lehenengo lerroa irudituko litzaiguke; edo, agian, «lurperatu ninduten hirugarren aldia», beldurrezko film merke bat balitz bezala. Bai, behin betikoa lehen esaldi hori izan da; lehen inpresio hori erabakigarria izan da. Basterretxea… ehun urte jadanik.
Asteartea. «Blai» aditzondoak ez digu inpresio handirik egiten gehienbat eguneroko kontuetaz erabiltzen dugu eta. «Izerditan blai», «malkotan blai» diogu; «euriak blai blai eginik nator» diogu etxeratzean heze edo bustita baino askoz gehiago adierazi nahian. Ez dakit nola egokituko litzaiokeen jariakorrak ez diren beste substantzia batzuei. Ametsetan blai, gorrotoan blai, oroitzapenetan blai, hitzetan, iruditan, arazotan, gezurretan blai esan dezakegu. Tekleatzean ikusten dut, gutxienez, idatz daitezkeela; imajina daitezkeela. Udan blai. Bertan blai. Zutaz blai, sutan blai. Musutan blai, kolorez blai. Rafah; bidegabekeriaz, lotsaz blai.
Asteazkena. Neke, gogo gabe nabil azken bolada honetan eta gaur, medikuak, arrazoi osoz, udaberriko astenia jota nagoela susmatzen duenak, analitika bat egiteko esan dit. Ez, ez nago odol analisi arrunten aurka. Kolesterola, azido urikoa eta gobulu zurien ehunekoa neurtzen dizuten horien kontra. Ez, ez daude gaizki lehen inpresioa izateko, baina, zintzoak izanda, pixka bat gehiago? doktorerari ez diot ezer esan nahi? sakondu beharko litzateke. Ikusi beharko genuke ea gure zainetatik zirkulatzen den plasmak baduen bere hego apurra eta bere ipar, ilargi, gau, argi, su tantak; bere apirileko pitina, bere ostiraleko izpia, bere pasio portzentaia. Osagai horiek plaketak bezain ezinbestekoak dira. Agian hegoa oso baxu edo gau gutxi daukazu. Beharbada hortik datorkizu sentitzen duzun gogo falta hori, arimako mina. Bayern taldea; amorrazioak blai eginda.
Osteguna. Irratian hiritargoari gehien kexkatzen omen gaituzten kontuez mintzatzen dira: BBVAren OPA etsaiaz, Carlo Constanziaz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berritzeaz. Erreginaren behatz hautsiaz. «Se ha fracturado la falange proximal del dedo central del pie derecho», zehaztu du tertuliano batek. Badira dagoeneko gereziak fruta-dendetan. Baita paraguaioak ere.
Ostirala. Ikasturtea amaitzear duten Batxilergoko ikasleei begira geratu naiz. Haietako batzuek egin zidaten lehen inpresioak ez du zerikusirik orain transmititzen didatenarekin. Harritu egin naute. Onerako eta txarrerako. Kasu bietan maite ditut ordu ugari elkarrekin eman ditugu eta. Beraiek ere noizean behin niri begira geratzen dira; ziur aski nik egin nien lehen inpresioa ez dator bat une honetan daukatenarekin. Colombo tenientearekin gertatzen zitzaigun bezalaxe. Rakel Mateoren adorea. Jarkov; gudaz blai.
Larunbata. Kanpotik oso inpresio eskasa egin digun taberna batean afaldu dugu. Halere, eskatu ditugun barazki lasagnak oso goxo zeuden. Nebulossaz blai… Mbappe blai-blai eginik. Hogeita zazpi gradu.
Igandea. Kanpotik oso inpresio ona eman digun jatetxe batean bazkaldu dugu. Halere zerbitzatu diguten legatzak ez zeukan inolako zaporerik. Lehen inpresioan izoztua zirudien. Baita bigarrenean ere. Kataluniako hauteskundetan blai: kanpotik daukagun inpresioa; barnetik izango dutena.
En fin.