KAU KORI KURA-ren atzean dagoena: Mikel Aizpurua

KAU KORI KURA –

KAU KORI KURAPasa den urtean jakin nuen KAU KORI KURA existitzen zela, ZuZeun bertan ikusi nuen sarrera batekin. Izenburuak honela zioen: “KAU KORI KURA. Sareko harrikada handiena“. Jaungoikoaren aurrean apalik eta Gernikako Arbolaren parean zutunik, zin dagit izenburu horrek ez duela kerik saltzen. Atzo animaliko frikada honen atzean dagoen pertsona ezagutzeko aukera izan genuen Lazkaoko Gerriko Elkartean.

Mikel Aizpurua. Ordiziarra. 45 urte. Irakaslea DBH-ko institutu batean. Horraino dena normala, ohikoa, arrunta. Baina ondoren bere etxera joan eta honelako gauzak egitera dedikatzen da.

KAU KORI KURAElkarrizketatzailea ere ez zen edonor: Haritz Artola. Brigada Criminal, Bizardunak, Fiachras, Unidad Alavesa… (bilatzailean “Unidad Alavesa” jarri eta lehenago irtetzen da musika taldea alderdi politikoa baino). Tartean ibili den musika talde bakoitza urre pipita bat izan da. Aizpurua eta bera lagunak dira (Rockinsons taldeko kideak biak); bestela elkarrizketa hori ez zen egingo, Aizpuruak zioenez. Arduratuta dago ea orain ikasleek adarra joko ote dioten (hori zioen, baina ez zeukan kezkatuta egoteko itxura handirik).

Solasaldiko lehen galdera ea garagardoa non zegoen izan zen; hortik aurrerakoak labur botako ditut (bere abestiak ere proiektatu ziren ordenean doaz).

Abeslari txarra dela onartu zuen hasi bezain pronto. Beatles eta Queen taldeak izan ziren, gaztetxoa zela, bere lehen erreferentzia musikalak; orain ia ez du Beatles entzuten, baina gustatzen zaizkiola aitortzen du, intelektual planean. Bere talde gogokoena Beach Boys da, eta ez da gai gehien gorroto duena zein den zehazteko; talde txarrenari ere alde on bat aurkitzeko abilitatea dauka.

Talde bat osatzeko harreman ona izatea da exijitzen duen kondizio nagusia, baita edozein erokeri onartzea ere. Ziurrenik osagai horiek topatu zituelako sortu zuten Ciclos Iturgaiz.

Klasiko euskaldunak maite ditu: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete… Gaur egungo bere musikari gogokoenen artean daude Mursego (bere laguna ere bada), Joseba Irazoki, edota Unidad Alavesa bera. Argia aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean ere Mañukorta goraipatu zuen, bere jarraitzaile sutsua da, baina Argiak ez omen zuen hori publikatu, eta dirudienez, Aizpuruari izorratu egin zion. Jasota gera bedi.

Bere abestiak umorez eta ironiaz egiten dute gainezka. Artista gisa, bere helburua jendeak “What a fuck?” esatea da.

Akaso hori bera esango zuen Fermin Muguruzak Ciclos Iturgaizek egindako kanta hau ikustean. Aizpuruak esan zuen Muguruzak deitu egin ziola bideoa ikusi eta gero, eta umorez hartu zuela. Gauza on asko entzun omen zituen Aizpuruak Muguruzari buruz, eta egun horretan baieztatu egin ziren; baina berean mantentzen da: Muguruzak gaizki abesten du.

Mikel Aizpurua da zutabe nagusia, baina ezinbesteko kolabaratzaileak dira Olatz, bere emaztea (KAU KORI KURArena gainditu badute, harreman sendoa da zinez), Mursego bera, eta Amaia Astobiza. Nahi dutena egiten dute. Letra politikoak baino, kutsu politikoa daukaten letrak egin dituzte (dena bustitzen baitu politikak); hori bai, alderdiak 0 (patatero). Beldurra ematen diote gauzak beti argi eta garbi dauzkan jendeak.

Artolak ezkertiar-eskuindar ardatzaz galdetu dio, ea zentzurik baduen. Aizpuruaren arabera, erantzutera derrigortuko balute, ezkertiarra dela esango luke, baina ez du ardatza batere garbi ikusten. Argi daukan gauza bakarra da euskalduna dela, beti esan izan duela hori inongo konplexurik gabe eta ahotxikiarekin; espainiarra da belgikarra bezainbeste.

KAU KORI KURAAizpuruaren arabera, formalegiak gara eta lan gehiegi egiten dugu; berak ahalik eta gutxien.

Gure Esku Dago dinamika alperrikakoa iruditzen zaio. Sentimendu on bat ikusten du guzti horretan, baina ez doala inora. PP-koak apur bat argiak balira Euskal Herrian datorren iganderako erreferendum bat deituko luketela uste du; ezezkoa aterako zen eta ahoa itxiko ziguten tarte baterako.

Pena handia eman zion Ordizian atez-atekoa kentzeak, sistema ona omen zen, eta orain sekulako kiratsa nabaritzen omen da. Erraustegiaren aurka dago, bai, baina dio oso erraza dela erraustegiaren aurka egon eta gero murrizketak ez eskatzea. Non daude plastikoaren erabilera jaistea eskatzen duten manifestazioak?

Sekulako aspertua hartu zuen Txillida familiarekin, eta hau da bere mendekua.

Feminismoaren inguruan ere galdetu dio Artolak. Aizpuruak abesti batekin erantzun dio, Amaia Astobizak idatzitakoa; edozein hausnarketa edo formakuntza testuk baino gehiago eragin omen dio. Abesti honengatik jaso dituen balorazioen %99a gizonezkoek eginak izan omen dira.

Artola – Heriotz zigorra ezarriko al zenioke norbaiti?

Aizpurua – Ez. Baina beno…

Bost axola zaio poteatzeko ohitura galtzea. Eskoletan erlijioa irakatsi beharrean erlijioak irakatsi beharko liratekeela babesten du. Behin alabak esan omen zion bere lagunak mezetara joaten zirela, eta berak ere nahi zuela

Aizpurua: Baina zuk sinesten al duzu hodeietan gizon bizardun bat dagoela guri begira?

Alaba: Ez dut uste, erori egingo zen.

Aizpurua: Ba hori.

Aizpurua behin Bilboko taberna batean zegoen, eta etengabe ari ziren reggaetoi musika jartzen. Bera eta emaztea letretan fijatzen hasi eta guztiak antzekoak zirela ohartu ziren: neska bati fitxak sartu eta sartu ari den mutil baten ingurukoak. Horri buelta eman eta kanta hau egin zuten: neska bat mutil bat jazarriz. Emazteari eskatu zion berarentzat ona zegoen mutil bat aurkitzeko youtuben, eta hau topatu zuen Olatzek.

Japoniara bidaiatu nahi du, dena mozorrotutako jendeaz eta frikiez beteta dagoelako; eta Ipar Koreara. Behin Diario Vascon Kim Jong Il-en eskela bat jartzen saiatu zen, lagun batek erronka egin ziolako ez zuela lortuko. Ia bete zuen bere helburua. Deia egin eta guztia bideratuta utzi zuen, baina ordu erdira dei bat jaso zuen egunkaritik:

DV – Ezin dugu eskela hori jarri.

Aizpurua – Zergatik? Franko eta Primo de Riverarena jartzen dituzue urtero, eta hau ez?

DV- Ez, hori ia ez.

Mikel Aizpuruak asko estimatzen du Mixel Etxekopar musikaria, eta bera omentzeko egin zuen kanta hau. Exito handiena izan duenetakoa da.

Amaierarako utzi zuen Artolak guztiok espero genuen galdera: noizko KAU KORI KURAren zuzenko bat? Aizpuruak ez zuen baiezko garbi bat eman, baina ez zizkion ateak itxi aukera horri.

Bukatzeko, atzo berri gordin bat jaso nuen hitzaldian. Oroitzen zarete Nahiadancekin? Duela urte batzuk sekulako kaka eman zuen kantu ostia horrekin? Bada Mikel Aizpuruak egina da.

Nik sinesten dut Karma existitzen dela, eta KAU KORI KURA munduratu dela Nahiadancekin egin zigun mina konpentsatzeko. 

KAU KORI KURA

KAU KORI KURA

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

3 pentsamendu “KAU KORI KURA-ren atzean dagoena: Mikel Aizpurua”-ri buruz

  • Youtuben gaur goizean bertan ikusi nitzazkeen bideoak, eta ordu batzuk geroago, oraintxe, denak ezabatuak eta ez omen dira existitzen. Zer demontre? Zentsuratu egin al dute edo?

  • Nori molestatu ote diote bideoak? Berriro ere, agerian geratzen da EUSKAL HERRIAN EZ DELA EXISTITZEN ADIERAZPEN ASKATASUNA. ZENTSURA maite dute kolore guztiek.