Demokrazia salbatuz

Demokrazia salbatuz – 

Ez kontraesana sentitu gabe baina neroni ere Espainian den zirku patetikoaz hitz egitera noakizue, izan ere, EITB buruan dela, hego euskal herriko, komunikabide ia guztiek eragin diguten bonbardaketa ez da nolanahikoa izan, eta pagotxa eduki dute beste behin euskal herritarrak are espainiarragotzeko.

Agian, agian, egun batez gehiago jakingo dugu Espainiako txandako presidenteak burutu duen esperpento horren atzean zein arrazoiak izan diren, nik izan daitezkeentxoak batzuk aipatzeko hartuko ditut:

-Kataluniarekiko gatazkan 2017tik aurrera Europan judizialki izan dituzte eta izaten segitzen duten porrot eta erridikulu erraldoien sail amaigabea ezkutatzen segitzeko gero eta zailtasun handiagoak izan eta porrot haiek aireratzeak estatuaren zuztarretan dakarren lurrikara.
-Nazioarteko begiraleen zaintzapean Espainiako gobernua Suitzan Kataluniarekin burutzen ari den negoziazioan aritzeko ezgaitasun erabatekoa: edozein gauza txuliatzea, ezkutatzea eta itxuraldatzea oinarri dituen kultura politiko batetik datorren azienda klasea ez da gai, era honetako negoziazioetan aritzeko. Imajinatzekoa da Katalunian erreferendum loteslea saihestezina dela ikusteak eragingo zizkien bertigoa, ondoeza eta noraeza.

Ez da kasualitatea aurrekontuak aurrera ateratzeko JuntsenJuntenJuntuenAldatu honengatik: botoak beharrezkoak izan eta haiekin negoziatu beharrean, bat-batean, pasa den urteko aurrekontuak luzatuko dituela iragarri eta hurrengo egunean ERCk –tira, Generalitateko presidenteak- Kataluniako hauteskundeak deitzea, besteak beste Puigdemonti kanpainan parte hartze zuzena eragotziz. Ez da kasualitatea Espainiako presidenteak bost eguneko hausnarketa xelebre horren ondoren egin duen lehenengo gauza Kataluniara boto eske joatea.

-1978an frankistek diseinatu baina sozialistek, besteekin batera, martxan jarri zuten botere banaketa ezinezko egiten zuen erregimen ustela, lema-kolpe batez soilik haien alderdiaren –eta ez kontrarioen- mesedetan jartzeko saio ergel eta zentzugabe bat.

Niri honek guztiak 1981ean guardia zibila Espainiako parlamentuan tiroka sartu zenekoa ekarri dit gogora. Han ziurrenik antolaketa lanetan ibili zen buru esanguratsuen Espainiako erregea atera zen irabazle, nahiz eta kolpeak porrot egin. Irabazle nor sortatu: Espainiako erregea, OTANen baitan sarrera, globalizazio ekonomikoa, Frankok jarritako ezin ukituzko epaile eta militarrak eta bi alderdien alternantzian oinarrituriko sistema penosoa. Aldeak nabariak dira: 1981ean kolpea eman zutenak benetako botereak ziren, oraingo honetan berriz boterenahi
amorratu baten –batzuen- haur-kasketa penagarria izan da benetako botereen kontra. Elementu amankomunak baina, badira: Espainiak -Espainiako jende xume eta bihotz onekoei errespetu osoz- genetan daraman engainuak, faltsukeriak eta jukutriak zuzenduriko operazioak dira biak ala biak.

Nire ustez bi aterabide besterik ez dauka ume kasketoso mainontziak: etxera joan, edo, sozialistek beraiek 1978an men egin eta ondorengo urteetan osatu, garatu, eta etekin handia atera dioten sistema ustela zaintzen eta hazten segi. Ez eskuin edo ultraeskuinaren kontra, baizik eta, beti izan den bezala, haiekin batera elkarlan goxoan norabide garbi baten alde: Espainia batu eta handi baten eraikuntza. Esaten hasita esango dugu ultraeskuinaren mamuaren etorreraren sirena hotsak piztea izan dela sistemak aspaldian izan duen jukutriarik eraginkorrenetakoa, denak makurtu baitira ideia tranpati haren aurrean.

Bost eguneko desagertzea bezain patetikoak izan ziren berragertzean esan zituen hitzak; haiek harturik, baina, eta demokrazia onbideratzea baldin bada kontua, oso lan erraz eta polita du aurretik:

Iraganeko kontuei dagozkionak

Beste batzuei eskatu zaien bezala egin dezatela beraiek Estatuaren izenean autokritika, barkamen eskea eta biktimen erreparazioa. “Ez zen bidezkoa izan” zen Urkuiluren gustuko formulazioa, hala nahi izatera. Badute non jardun:

  • GAL sortzeko, antolatzeko eta bideratzeko egindako lan guztiarengatik eta horretarako kutxa publikotik lapurtutako diru guztiengatik.
  • Diru horrekin berekin 80ko hamarkadako Intxaurrondoko kuartela bezalako munstroak eraikitzeagatik; hura tortura laborategi bihurtzeaz gain Euskal herriko kaleetan zaldi zuria trostan jarri eta ehunka gazte betiko galarazi zituzten, denok dakigunez.
  • Pasaiako sarraskia antolatu eta burutzeagatik.
  • Torturen errelato guztien aurrean izan duten ezikusi eskandalagarriengatik. Marka da errelatu asko eta askoren entzule zuzena izan den epailea egun ministro izatea.
  • Eusko legebiltzarreko mahaia desegiteko 2003an egindako jukutriagatik.
  • Frankok berak atrebitu ez eta demokraziaren gobernuek euskal abokatuak atxilotu eta kartzelatzeagatik.
  • Komunikabideak ixteagatik eta bereziki euskal kulturan erreferentzia garbia zen eta herriaren bulkadaz sortu zen Euskaldunon Egunkaria desegiteagatik.
  • 2017ko urriaren lehenean estatuak Kataluniako herriarekin izan zuen jarrera tiraniko eta oldarkorragatik, non eta Kataluniako herriak berak antolatutako erreferendumean jendea botoa ematen ari zela.
  • Handik gutxira 155 zorioneko artikulu hori maukatik atera eta Kataluniako herriari bere burua gobernatzeko zituen baliabide eskasak kolpe batez erauzi eta eta horrek ekarritako deserriratze eta kartzelatze lotsagarriengatik.

Gaur egungoari dagozkionak

Demokrazia onbideratzea –horretarako lehenik demokrazia beharko litzateke- baldin bada kontua eta gaur egungora etorrita, nik egiteko lan bakarra aurre ikusten diet Espainiako autoritateei, sinple-sinple eta oso erraza: Kataluniak eta Hego Euskal herriko jendeak bere burua antolatzeko eta zer izan nahi duten erabakitzeko duten eskubide naturala onartu eta erabaki hori errespetatuko duela konpromiso hartzea.

Hortik aurrera ere edukiko dute zer egin franko baina hori espainolen lana litzateke eta ez gurea.

Demokrazia salbatuz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude