[Berako musikariak] Joseba Irazoki: “Izaten dira une hobeak baina, normalean mileurista totala naiz”

Joseba Irazoki

Azkeneko aldiz Joseba Irazokiren (Bera, 1974) laborategian izan ginenetik ez da deus ere aldatu. Kolore eta tankera guztietako kitarrak ditu paretari lotuta alde batean. Bestean anplifikagailuak, tentuz zokoratuta. Eta izkin batean ordenagailudun idazmahaia. “Arauak gustatzen ez bazaizkit ere, ordenatua naiz”, aitortzen du farre artean musikari beratarrak. Plazen egoera kaxkarra bada ere, nahikoa dela dio: “Ezin gara beti negarrez egon”. ZuZeun Berako musikarien inguruan egingo dugun elkarrizketa sortatik lehenengoa da hau. On egin.

Joseba Irazoki


Zer dauka Berak beste herriek ez dutena honelako musikari harrobia izateko?
Askotan egin diguten galdera da, eta egia erran askotan ez dakigu zer erantzun. Niretzako garrantzitsua da beti elkarbanatu dugula musika aunitz; musikaren inguruan ibiltzen garenak beti mantendu dugu kontaktu handia gure artean. Horrek bakoitzarengan gauza berriak entzuteko sena piztu du. Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroa batzen diren eremuan bizitzeak ere eragin du, Bera beti izan da korronte askoren topaleku. Talde bereziak etorri izan dira herrira. Giroa berezia sortu da.

Pettirekin elkarlanean jardun izan zara azken aldian. Zein duzu Berako musikari kutunena?
Errango nuke musika estilo gehienetara ireki gaituena Xabier Erkizia izan dela; bera lesakarra da, baina, baditu jada hogei urte herrian bizitzen. “Ertz” kolektiboa eta jaialdia antolatzen hasi zen, bera izan zen horren pentsalaria. Musikari gisa baino, soinu teknikari lanak egiten aritu izan da eta hori dut gustuko beragandik, bere belarria. Estimu handia diot.

“Uste dut ez dugula asmatu
publiko berriak erakartzen”


Talde askotan hartzen duzu parte. Nola uztartzen da besteentzat jotzea norberarentzat jotzearekin?
Batzuetan sos kontuei begiratu eta denbora gehiago eskaini behar diozu gehiago emanen dizunari, beharrek bultzatuta. Uste dut besteentzako jotzen dudanean gehiago eskatzen diodala nire buruari, eta aldiz, niretzako denean, utziagoa naizela. Nire lanei ere arreta handia jartzen diet, noski baietz, nire izena doa hor! Nire kontuetara ari naizenean lan sortzaileagoa izan ohi da, eta besteentzat ari naizenean teknikoagoa.

Ze faktore hartzen dituzu kontutan proiektu bati baiezkoa edo ezezkoa emateko?
Oso gutxitan erran dut ezetz. Oinarrizkoena gustatzea da. Ez bazait deus ere gustatzen, diru aunitz eskaini arren (ez dela inoiz izaten diru aunitzik) ezetz erraten dut. Hala ere, gutxitan erran dut ezetz, pentsatzen baitut denetarik ikasten ahal dela, eta gainera, musikatik profesionalki bizi naizelarik, gauza gehienei eman behar diet baiezkoa.

Gitarratik bizitzea ez baita batere samurra izango…
Ez da batere erraza, ez. Herri txiki batean bizi gara eta mila gauzetara egon behar duzu, mila proiektutara… Bestalde, niri gertatu izan zait bost urte pasatzea musikari berdinekin, musika berdina egiten, eta giro ona egon arren, erraten dut: “zer aritu behar naiz, fabrika lana egiten?”. Buruari bueltak ematen jarraitu edo ez, baina, aldi berean sosak behar dituzu… Zaila da. Pentsatzen dut fabrika batean hogei urte igarotzen dituenarentzat ere zaila izanen dela bere lana. Guretzat ere hala da.

Zein da musikari baten soldata?
Oso aldakorra. Musikari profesionala musikari autonomoa da gaur egun, eta badakigu autonomook kuota nahiko handia ordaindu behar dugula. Gehitu horri gastu guztiak. Pertsonalki, izan ditut hilabete onak, uda batzuk, baina orokorrean mileurista totala naiz; edo gutxiago! Baina beno, bizi ahal naiz eta tarteka zertxobait irabazi.

Bira asko egindakoa zara. Nola uztartzen dituzu musikari lana eta aita izatea?
Azken bi urtetan Ameriketan izan naiz Nacho Vegas eta Duncan Dhurekin, baina, bestela ez ditut irtenaldi oso luzeak egiten. Urtean aste bateko sei bira inguru egingo ditut, bestela asteburuak; batzuetan bizpahiru egun, eta oso gutxitan hiruzpalau. Umetan ere esaten genuen kamioilariak ateratzen zirela, tartean gure lagun batzuen gurasoak, eta tira, ongi hazi dira. Astean zehar denbora asko igarotzen dut alabarekin, beste guraso aunitzek aste tartez baino gehiago. Egunero eramaten dut eskolara, egunero berarekin bazkaltzen dut, gero jaso eskolatik, gauero afaldu… Asteburuak galtzen ditut, hori hala da, aitzitik, beste guraso batzuek alderantziz.

Joseba Irazoki
Irazoki abesten, Beran cc: ZuZeu

“Sentsazioa daukat Sexty Sexersekoen ostean
ez datorrela erreleborik Beran”


Kataku esaten badizut zer datorkizu burura?
Azken urteetan, Beran, bizi musikala dagoen leku bat. Egia erran, geroz eta gutxiago ateratzen naiz parranda egitera, baina Katakun zerbait antolatuz gero azaldu ohi naiz. Ari dira gauza majoak egiten, eta ni ere aritzen naiz batzuetan gauzak antolatzen, denen artean. Topagune bat da. Nik beste une batean ere bizi izan nuen, internet, usb eta wetransferrik ez zegoenean, bertan gelditzen ginelako musika trukatzeko; han joaten ginen denok poltsak beteta. Oso ondo etorri zait Kataku herriko gazteekin lotura ez galtzeko.

Eta Bukowski?
Toki berezia da, batez ere nagusiengatik. Beti erran dugu Nafarroatik joaten garenentzako badagoela tratu berezi bat, Lesaka eta inguruko jendearekin beti izan dute harremana; eta beratarrak musikariak garenez, beti egon gara inguruan. Familia bezala tratatu gaituzte, leku goxo bat dela esanen nuke, etxean bezala egoten garen toki bat.

Garoa?
Hiru aldiz izan naiz. Proiektu berri bezala hasi eta hagitz agudo oihartzuna izan zuen. Beste batzuk ahazten dira, baina Garoakoek beti kontatu izan dute nirekin eta hori eskertzekoa da. Gauza politak antolatzen ari dira.

Ze esanahi dauka zuretzako Bilboko Kafe Antzokiak?
Garrantzi handia du. Euskal Herriko musikaren katedrala! Hasieran Xabier Montoiarekin joaten ginen eta Pettirekin Antzokira joatea sekulakoa zen guretzako. Gazteagoak ginenean soinu aldetik liluratzen gintuen. Espazio bezala ikaragarri polita, publiko aldetik hagitz beroa, jende aunitz joaten zen… Orain euskal musikarekin joera jori pixka bat galdu da. Lehen hara jotzera joaten ginenean bagenekien kristoren kontzertua izanen zela, bazen euskal taldeenganako ikusmira. Primeran tratatu izan gaituzte beti, bai antzokian, bai Bilbo Hiria irratian; goxo eta familia giroan.

Elkarrizketa ezberdinetan entzun diegu hainbat artistei, Gari edo Txumari, adibidez, Euskal Herriko plazen baldintzak eskasak direla. Hala da?
Zaila da egoera. Aipatu dituzu Gari eta Txuma… Nik, bere garaian, musika erakusteko espazioak zituen klase ertain bat bazegoela nioen, publiko bat zeukana. Orain normalean publiko hori heldua da, ez delako berritu. Musika estiloak jende berria erakarri behar du, baina uste dut ez dutela, ez dugula asmatu. Jendeak ez dauka interesik, edo gazteek ez daukate interesik musika estilo horretan. Espazio asko galdu dira krisia dela medio, batez ere kultur etxeak eta beste, laguntza publikoa zutenak. Kafe Antzokientzat ere zailagoa da euskal musika programatzea, publiko galdu delako. Beti bezala gaztetxeak hor daude. Egun kondizio hobeak dituzte, eta nik uste plaza gaztetxeetara itzuli dela; pena da ez dela izaten presupuesto finkorik, baina moldatu behar gara. Nik sentitzen dut, baina ezin gara beti negarrez egon. Gure musika ez bada gazteengana iristen eta helduek ez badaukate mugitzeko gogorik, guk mugitu beharko dugu gure musika.

Joseba Irazokiri zerbait eman ote diote musikari hauek?



Irazoki indie da?
Bai noski. Indie, baino independientea. Nik kudeatzen dut nire ibilbidea, saiatzen naiz nire izenarekin geroz eta proiektu gehiago aurrera eramaten, horrek independentzia emango didalako bizitzeko.

Indiependientea orduan?
Hori, hori! Eta indio bat ere!

Azken urteetan sona bat lortu du zure proiektuak.
Baietz errango nuke. Jabier Muguruzak esaten zuen musikariena fondoko karrera dela, dagoeneko badaramatzat urte batzuk musikan eta logikoa da zale apur batzuk gehiago izatea. Badaude beste faktore batzuk ere, duela pare bat urte Tumatxak programan agertzeak hamar disko kaleratzeak baino oihartzun handiagoa eman zidan. Programa txukuna izan zen, askatasun osoa eman zidaten, eta bultzada bat izan zen.

“Euskal politikan ez dut
bizi handiegirik nabari”

Joseba Irazoki

Euskal literaturak badu plaza bat ETB-n, Sautrela. Zer iruditzen zaizu euskal musikak ez izatea plaza propiorik euskal telebistan?
Hor egon zen Katu Kale… Nik uste dut musikarien elkarrizketa formatuak funtzionatzen duela, baina, badirudi zuzeneko musikak telebistan ez duela horren harrera ona (mundu mailako adibide gutxi batzuk kenduta). Ulertzen dut ez egotea horrelako programarik, baina aldi berean uste dut frogak bederen egin beharko liratekeela. Gustatuko litzaidake horrelako zerbait, guretzako ez legoke gaizki. EITB Kultura ondo zegoen, baina ze ordutan emititzen zuten…

Egunkariak irakurtzen dituzu goizetan?
Berria postontzian jaso eta arratsetan irakurri ohi dut.

Politika jarraitzen duzu?
Bai, ez sakonki, baina bai.

Bozkatzen al duzu?
Azkenekoan onartu behar dut ez nuela bozkatu. Kontzertu batetik gentozen, nekatuak, eta etxera alde egin nuen. Ez nuen bozkatu, barkatu.

Zer iritzi duzu Euskal Herriko egungo egoera politikoaz?
Geldirik ikusten dut. EAJ indartsu dago, eta Ezker Abertzalea impasse momentu batean dagoela uste dut. Ahal Dugukoak iritsi berriak dira, baina, ez dakigu noraino iritsiko diren… Geldirik dago, ez dut bizi handirik ikusten.

Alderdiak ahaztuta, nola definitzen duzu politikoki zure burua?
Ez dut anarkismoa asko ezagutzen, baina, ez naiz arauen oso zalea izan. Hala ere, nire bizitza pertsonalean ordena gustatzen zait. Nola definitu nukeen nire burua? anarkista ordenatu bat! Kar, kar, kar! Uste dut norbanakoa askea izan behar dela, eta taldeak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Norbanakoak taldean askatasuna galtzen du.

Musika irakaslea ere izan zara. Orain Beran dagoen harrobiak emango ditu musikariak etorkizunean?
Sexty Sexers izan zen, orain Joseba Lenoir dago, koadrila bera dira. Kitarra eskolak eman nien hamazazpi urte zeuzkatenean, eta sumatu nuen talde indartsua zela. Zerbait egin ahal zutela. Baina koadrila horretan jada 32 urte inguru dituzte, eta badirudi kristoren saltoa egon dela eta ez dagoela beste talderik orain. Haiek arrakasta izan dute, baina gero galdu da segida hori.
Sentsazioa daukat duela urte asko biltzen ginen lagunak jarraitzen dugula oraindik, eta sentsazioa daukat luzaroan hala izango dela. Inor etorriko ote den atzetik? Ez dakit, zalantzak dauzkat. Uste dut ezetz.

Amaitzeko gomendiorik? Zein da EHko musika panoraman azkeneko deskubritu duzun gustuko taldea?
Mungiako Leun aipatuko dut, Belakoko lagunak dira, duela gutxi gitarratxo bat sartu dut haiekin. Badute gogoa eta zerbait egingo dutela uste dut.

Joseba Irazoki

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.