Euskara, EAJ-PSE 2020ko gobernu itunean

Hezkuntza

Hezkuntza arautua ez dute «Euskara» atalean sartu, ez baitago halako atalik (azpiatal bat baino ez dagokio euskarari, beherago ikusiko dugunez), ez eta Hizkuntza Politika atalik ere.
Azken urteotan ikasleen euskara mailaren gainbehera agerikoa den arren, EAJ-PSE gobernuak «ikastetxe guztietan hedaraziko ditu hizkuntza-proiektu eleanitzak», eta, hala, arian-arian urrunduko euskarazko murgiltze-eredutik.
Lanbide Heziketan «ikasleak euskaraz prestatzea sustatzea» omen dute xede. Ez da aipatzen egungo egoera negargarria (% 80 gaztelerazko ereduan) aldarazteko egitasmorik.
Unibertsitatean online-eskaintza euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez bultzatzen duten programak indartuko omen dira. Euskara ez da lehenesten.

Euskara

Euskarari 14. atalean egin zaio leku, kulturarekin eta kirolarekin batera.
«Euskal kulturaz» jardutean, «Euskadin» euskaraz edo espainieraz sortutako kulturaz ari dira. Euskarak mendeetan jasandako bazterketaren kalteak sendatzen joateko beharrezko duen diskriminazio positiboaren formulaziorik batere ez, eta praktika, are gutxiago noski.

EiTB

EiTB aipatzean, «hizkuntzaren normalizaziorako bitarteko gisa» agertzen da, baina ez da euskarazko eta gaztelerazko kateen arteko bereizketarik egiten, eta ETB1n egoera kritikoaren aipurik ere ez dago.
Eusko Jaurlaritzak, gaztelera areago sendotzeko eta euskara baztertzeko tresna eraginkorra bihurtu du EiTB era progresiboan.
EiTBren erdarazko kateen ikusle/entzule gehienak euskaldunak izan arren, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da horietan. Areago, Euskadi irratiaren edota Euskadi Gaztearen musika eskaintzan ere bazterrekoa da euskarazko aukera, ia erdarazko kateetan bezainbeste.

Ondo egindako lanaren bidean aurrera

Betiko autokonplazentzia gogaikarria ez da eskas: «Euskara suspertzeko prozesua nazioarteko eredua da beste hizkuntza gutxitu askorentzat eta (…) urrats handiak eman dira euskal herritarren hizkuntza-eskubideen errespetuari dagokionez». Egoera inbidiagarri horretatik abiatuta, xedea da «euskara eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea». Eremu sozioekonomikoa eta lan-eremua, ingurune digitala, aisialdia eta familia-transmisioa omen dira hurrengo urteetako erronka handiak euskararen normalizazioa lortzeko.

Konpromisoak

Helburu horretaratzeko, beraz, konpromisoak hartu dituzte, baina ezer zehaztu gabe; ez dute jasotzen baliabiderik, egitasmorik, planik, neurririk, aurrekonturik. Betiko esaldi orokorrei jarraitzen zaie:
Euskararen ezagutza areagotzen eta euskararen erabilera azpimarratzen jarraitu. Horretarako B2 mailara arteko doakotasuna ezarriko da, eta doakotasuna C1 mailara arte zabalduko 16 eta 30 urte bitartekoentzat.
Ikaskuntza erdi-presentzialak eta plataforma birtualak bultzatu, helduen euskalduntze-sistemaren finantzaketa indartu eta handitu, migratzaileei zuzendutako euskara ikasteko eta hobetzeko programak areagotu, euskararen erabilera sustatzeko programak indartu, Euskara Eremu Sozioekonomikoan Normalizatzeko 2023ko Plan Estrategikoa garatu (sindikatu euskaltzaleekin adostu gabe?), Euskara Normalizatzeko VII. Plana (2022-2026) diseinatu eta ezarri (hau ere adostu gabe): «administrazio publikoetan euskararen erabilera sustatzeko dekretua garatu eta ezarriko da, eta Sozietate Publikoentzako Normalizazio-plana abiarazi».
Erakunde arteko lankidetza indartu euskararen lurralde guztiekin, eta, Nazioartean hizkuntza desberdinen arteko lankidetza sustatu

Gure balorazioa

Hiru hitzetan: lehengo lepotik burua. Programa erabat kontinuista da. Autokritikarik ez da ageri, eta betiko asmo on hutsak biltzen ditu. Hitzez, errespetatzen ditu euskaraz bizi nahi dugunon eta gaztelaniaz bizi nahi duten EAEko herritar guztien desirak, baina eguneroko praktika benetakoan euskaraz bizi nahi dugunok, beste eragozpenak beste, betiko eragozpenak izango ditugu administrazio autonomikoarekin (Osakidetza, Ertzaintza, Justizia, etab.) eta, zer esanik ez, zentralarekin harremantzean.

Hala, oso motz geratzen da euskararen eta euskaldunon beharrei erantzuna emateko orduan. Hartuko bide diren neurriak ez doaz indefinizioz betetako hamaika aditz-sinonimo izatetik harago: indartuko, sustatuko, areagotuko, bultzatuko… Dena ke eta, etorkizuna eta ziurgabetasun pandemikoa tartean, dena lauso.

Beldur gara gobernua osatu duten alderdientzat euskara elementu folkloriko bitxia baino ez den «Euskararen lurraldeetan». Ez dute sinesten, ez haren normalizazioan eta ez hizkuntz normalizazioak bidera lezakeen nazio edo gizatalde artikulatu batean.
Oso adierazgarria da, ildo horretan, oraindik ere 2020. urtean ez dela ezinbestekoa euskara jakitea Eusko Jaurlaritzako sailburu izateko —horren erakusle izanik Beatriz Artolazabal Albeniz (PNV) eta Javier Hurtado Dominguez (PSE)—, horrek aditzera ematen duen guztiarekin. Eta sailburu elebidunen artean, zenbatek dute C1 edo C2 euskaraz (diplomadun eta lizentziadunei Administrazioan dagokien maila)?
Eta axolazkoena: zenbatek erabiliko dute legegintzaldi honetan euskara lan-hizkuntzatzat, ahoz nahiz idatziz, euren ardurapeko sailean, etsenplu emanez?

Plazara Gatoz!

Euskara, EAJ-PSE 2020ko gobernu itunean

18 pentsamendu “Euskara, EAJ-PSE 2020ko gobernu itunean”-ri buruz

  • Gobernu osatu berriak jakin beharko luke euskaradun askok aurre egiteko prest gaudela euskararen desaktibazio maila lotsagarri honi

  • Karlos: beldur naiz zuk diozuna ez ote den egia . Jendea lozorrian dago, bere buruaz harro, euskararen normalizazio bidean ongi goazela sinetsirik. Bai, fededunez betea baitagotago herri hau. Eta doktrinan zer erakutsi ziguten zela fedea? Ikusten ez dugunean sinistea. Hori zaigu gertatzen, agerian dago egoera, baina agerian ez dgoena, hau da gezurrezko normalizazio horretan nahiago dugu sinetsi. Ikusten ez dugunean sinesten dugu.
    Egoera esperpentiko batera iritsi gara

  • Nire ustez, euskaltzale gero eta gehiagoren artean badago kezka, baina desmobilizazio giroak, lidergo faltak eta Jaurlaritzaren subentzio politikak, eragin handia dute (ez) erantzuteko garaian.
    Oso egoera arriskutsuan gaude, lozorroan maldan behera. Esnatu ezean…

  • Uste dut kezkatzeko gero eta motibo gehiago daukagula. Adibidez:
    “Gure gizartean batzuk elebidunak gara baina gehienak ez. Hizkuntzaren inguruko kezkak eta konpromisoak oso diferenteak dira eta ez dakit hori beti kontuan hartzen dugun”
    Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuaren hitzak dira. Aditzera ematen du, ez dagoela euskaldunon hizkuntza eskubideen alde gauza askorik egiteko prest (erdaldunak eta erdaltzaleak oro har ez molestatzeko, hain zuzen).
    Aste honetan bertan, “Euskadiko” Eskola Kontseiluak urteko txostena eman du ezagutzera.
    Ordu t’erdiko español hutsezko prentsaurrekoan, kezka agertu dute eskola-ikasleek erakusten duten euskara maila gero eta kaxkarragoarengatik…

  • Elkarrizketa irakurtzen amaiturik, badakizue nor etorri zitzaidan gogora? Savater. Aspaldi irakurri nion euskaldunok ongi barneratu behar genuela gutxiengoa ginela, eta gutxiengoa izanik ezin genuela gehiengoa bagina bezalako ametsak egin…kontentatu beharra genuela bigarren mailako izaten.
    Kultura kontseilariarengandik espero izatekoa iruditzen zitzaidan kezka esaterako, kezka elebitasuna gehiago zabaldu ez delako berrogei urtean, kezka euskara unibertsalizatzea lortu ez delako, baina ez, elebakarren gupida…etsigarria!

  • kontentatu bigarren mailakoak izatearekin, gabezia handiekin euskaldun gisa bizitza kultural duina izateko eta azken buruan azpigaratuak elebakarrak ez molestatze aldera

  • Benat Castorene 2020-10-02 23:30

    Den lekuan izaiteko zuen sailburua politikaria da. Gaurko politikari baten joera gehiago da gehiengoa perekatzea ez eta moleztatzea. Beste alderdikoa izan balitz pentsatzen duzue alde handia litzatekeela? Honek bederen bere pentsakera lasai asko agertzen du.
    Gu ez gara basamortutik onik aterako baina zuek ere ez zarete ateraiak eta horrek ez gaitu batere kontsolatzen baizik eta tristatzen. Alabaina horrenbeste urte hizkuntz politika ondoren pentsatuko nuen elebidunak erdia baino gehiago zineztela…

  • Balizko “ euskatzaleak”: batzuk euskaldunak eta beste batzuk erdaldunak, sinetsirik daude dena ongi dagoela, euskara aurrera ari dela, mundu ezin hobean bizi dela EAEn, Nafarroan ere franko ongi, aurrera, zailtasunekin, baina aurrera. Eta iparraldeaz, berriz, Zer pentsatzen dute? gehiengoak, Frantzia deitzen dio, Hendaia bera ezagunagoa zaie Lapurdi baino.
    Franco diktadorea hil zen eta euskararen etorkizuna ez dago kolokan. Aurrera goaz. Hori da gure “euslatzaleek” pentsatzen dutena.

  • Arazoa, nik uste, ESKALTZALEONgan dagoela. Urte gehiegi, ez ikusiarena egiten, gehiegitan ezkortasuna gordetzen, etsaiak egoeraren berri jakin ez dezan ixiltasuna hobesten, egoera ezin larriagoa estaltzen…. eta honeraino iritsi gara. Zer egin behar dugu?

  • Euskatzaleok oraindik ez gara jabetu larritasunaren neurriaz, oraindik “bai, baina ez” gabiltza. Begiak hersten, belarriak estaltzen, egoerari aurrez aurre begiratu nahi ez…” ni bizi naizen artean euskara ez da hilen” gezurra denean hori bera. Bakarrik edo bakartua zarenean, euskara hiltzen da. Eta nire inguruan euskara hilik dago, dakiten gutxi horiek ere erdaraz sumatzen baititut. Zer egin? Nik zer egin badakit, baina guk zer egin ez dakit, GU hori bera desegin baita

  • “Zuek” eta “guk” berbak erabiltzeari utzi behar genioke, Beñat. Batetik, “zuek” eta “gu” komunitate beraren parte garelako edo izan nahi dugulako, eta bestetik ez duelako errealitatea islatzen, diskurtso politikoki xuxenak ezarritako fikzioa baizik. Izan ere, Nafarroa Garaiko euskaldun apurrok (hamarretik bat), askoz gertuago gaude Ekialdeko errealitate latzetik EAEko balizko “paradisutik” baino. Bestalde, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako egoerak oso ezberdinak dira. Arabakoak, Nafarroa Garaiakoarekin du antz handia, eta Bizkaian, Bilbo Handia basamortua da euskaldunontzat. Gipuzkoan ere ez da zulo faltarik…
    “Zuek” eta “guk”, GERONEK, batu eta antolatu beste aukerarik ez dugu, euskaraz arnasa hartzen jarraitu nahi badugu. Ezin dugu agintari hauengan itxaropenik jarri, aski urtez erakutsi baitigute zer (ez) egiteko gauza diren. Eta ezin dugu EUSKALGINTZA antolatuaren zain jarraitu. Subentzioek kateatuta daudela esan daiteke, oker handiegirik egin gabe.
    Esandakoa, elkartu, antolatu, eta segi aurrera!

  • Euskararen inguruko diagnostikoa eginda dago aspalditik. Sendabideak bilatzen hasi behar dugu, sendabiderik izatekotan. Guk, behintzat, plazakideok alegia, ez diogu euskararen makalaldiari minbizi izaten lagako. Eta JJk dioenarkin bat nator. Antolatu gaitezen eta gutxienekoak adostu, direnak direla, gure ahotsa entzuna izan dadin

  • Benat Castorene 2020-10-03 17:48

    Jonjo orai piskabat ezagutzen zaitut eta ez dut dudarik zure eskaera egiazko euskal kontzientziatik datorrela.
    Baina ezin da “zuek eta gu” horrek islatzen duen dikotomia beti aipatu gabe utzi , izan ere ez da fikzio huts bat baizik eta aspaldiko eta inposaturiko zatiketa politiko batek eragindako arrakala politiko eta psikologikoa. Gu erranez arriskua da existitzen ez den herri batez aritzea.
    Dena den, kontuan hartu gogo dut “zuek eta gu” hori ahal bezain guti erabili beharra batez ere euskaraz eta euskaratzaz ari garenean.

  • Karlos: diagnostikoa egina dagoela diozu. Eta hein batean hala da, baina dirudienez diagnostiko hori inork gutxik ezagutzen du, justu kontrakoa aipatzen baitu edozeinek. Ume ttiki eta koxkorren gurasoek, zera diote, pixkanaka-pixkanaka aitzina goazela, gutxienez joan den 20 urte honetan gibelera eten gabe egin.
    Nik uste lehen lana diagnostiko hori jakinaraztea dela. Hor dugu lana, benetako lana, egia jakinaraztea

  • JJ: “Diskurtso politikoki xuxena” “ezin dugu euskalgintza antolatuaren zain egon”
    Egia hutsak. Baina nola irauli diskutso hori? Eta bestetik:
    Euskagintza antolatatu horretako jendea nola erakarri?
    Subentzioetatk zintzilik omen. JJ, ez ote errazkeriatik, etxeko butakatik eta bulegoko kadidarik egotetik eskegiago?
    Adibidez, nola hasiko gara “gure” ikastola astintzen? Haurrak gure hizkuntzara ekarrarazten? Nahiko teoria pedagogiko badabila hor barrena, baina euskara erakusteko batto ere ez, dirudienez.

  • Pako Aristiren hitzak. Pentsaldi pare bat eman, arrazoia ez zaiolako falta :

    (…) Baina hizkuntza bat bigarren aldiz hiltzen da gizartearen irudimen kolektiboak hizkuntza hori gabeko etorkizun bat diseinatzen duenean, posible ikusten duenean hizkuntza horren bazter-presentziarekin bizitzen jarraitzea, gu izaten jarraitzea hori gabe, euskararik gabe, kasu honetan. Posible ikusten duenean hizkuntza horren agerpen minimo batzuekin, hala nola esparru murriztu batzuetan, urteko egun jakin batzuetan posible dela, berdin-berdin, euskaldun izaten jarraitzea, eta gainera euskaldun modernoagoak orain, teorian bi edo hiru hizkuntza dakizkigunean (…)
    (…) Jende askoren irudimenean parametro horietan dago finkatua euskararen etorkizuna, gure euskaldun identitatearen prospekzioa; ontzat dauzka euskararen presentziaren portzentajeak, eta gainera beste ideia bat hedatu eta errotu da haiengan: euskarak, bere txikian, bere murritzean, aski daukala daukanarekin (…)

    (…) euskaraz mintzo direnean, bileran norbait euskaraz abiatzen denean: ‘Euskaraz egitearen tramitea gaindituko dugu, dena espainolez azkarrago eta zehatzago egiteko’. Esaldi hau Euskal Herriko biztanle bakoitzaren garunean txertatua dago, hain sakon non irainduak ere ez garen sentitzen jada. Iraindua sentitzeko ere, kontzientziaz aparte, botere baten jabe izan behar duzu.

    Frankismoan gure aurrekoek sistema totalitarioaren arrakalak aprobetxatu zituzten euskararen defentsa burutzeko. Ondoren, euskalgintzak euskara indartzeko eta hedatzeko ekimen ugari jarri zituen martxan. Denok sentitu genuen gure hizkuntzak prestigioa lortu zuela, herri honen etorkizuna egituratzeko orduan ezinbesteko bihurtu zela haren presentzia alor askotan, eta suziri bat bezala zihoala gero eta alor gehiago okupatzen. Baina sabai bat zegoen, ez kristalezkoa, subordinaziozkoa, baizik, eta euskara atzeraka hasi zen, frankismoan baino atzerago iristeko; eta ez naiz hiztunen kopuruaz eta gisako datuez ari, euskararekiko jarreraz eta ideologiaz baizik.

    Jada haren defentsarik ere ez du egiten euskalgintzak, politikagintzak, enpresagintzak, ia inork. Konformatze etsitu bat baizik ez dut ikusten. Lortuak genituen (eta murrizten joan diren) kuota horiekin konforme gara, larri konforme ere, kuota izpiak hedabideetan, parlamentuan, erakundeetan, jaietako programazioetan, zaharren egoitzetan, Ertzaintzan… Gizarteko esparru askotan ez baita ageri ere egiten, disimulatu ere egiten ez duten supremazismo linguistiko totala erabiliz
    (…) Euskara, berriz, SIMULAKRO hutsa

    Gaur egun euskarari, dagoen lekuetan, utzi egiten zaio egoten, LOBBY baten eskakizuna balitz bezala, nolabaiteko bake instituzional bat edukitzeko. Baina jada euskara ez da herri honen identitatea osatzeko tresna gisan hartzen, ez da aberasgarri, ez da etorkizuneko tresna bat, ez dugu irudikatzen gehiago zabal daitekeenik; eta hau dena zerutik erori dela pentsatu nahi dugu!

    Ez dadila gehiago uzkurtu, hori da gure barne otoitz sekretua.

  • Benat Castorene 2020-10-05 15:46

    “…baina sabai bat zegoen, ez kristalezkoa, subordinaziozkoa, baizik…” ezin egiagoa da eta hau barnatu gabe zailtasuna ez dugu ulertuko.
    Gainera, baldintza beretan egonez, eraldatze prozezu batean aldeko indarrek eragindako lehen urratsak egin arau kontrako indarrak garatzen dira eta aintzinatzea gero ta zailagoa bilakatzen da. Konkretuki suposatzen dut hasiera batean ikastolen idekizeek eta biderkatzeak ez zutela herritar guti baizik molestatzen bere eguneroko bizitzan, aldiz gizarte osoa euskalduntzeaz ari garenez gero jende asko moleztatua sentitzen da bere eguneroko bizitzan.eta pasibitatea eta gogo txarra erakusten ditu.
    Hemen ( gu ez erraiteko!) beti bezala atzetik bagatoz denbora alde tipi batekin, su-ziri batzuengatik ere “subordinaziozko sabaia”tik hurbiltzen gara apalagoa baita eta sabaia subordinaziozkoa izaiteaz gain finantziazkoa ere da, parte handi batean Parisek zuzenean finantziatuak garelako.

  • Latza bezain, bikaina Aristiren artikulua.
    ERASOA, SIMULAKROA eta SUBORDINAZIOA oso egoki ekarrita daude, egun pairatzen dugun egoera azaltzeko gako baitira.
    Hemen (Nafarroan) aldiz, EAErekiko atzeratuta eta ahulago goaz zonalde ustez baskofonoan… zeren eta “mixtoa” bataiatu duten horretan euskaraz jarduteko babesleku oso jakinetara jo beharra baitago, eta zonalde “erdalduna” deitutakoan, inori ez baitzaio ezezagun bati euskaraz hastea, zer gerta ere…
    Bestela esanda, Nafarroako zonalde “euskaldunean” simulakroa eta subordinazioa dira nagusi.
    Zonalde “mixtoan” subordinazioa eta erasoa dira lege.
    Zonalde “erdaldunean” aldiz erasoa eta erdeinua, euskaldun kamikazerik agertuz gero…