Kortxoaren Dilema: “Nik, bere tokian jarrita, zer egingo nuke?”

Kortxoaren Dilema –

Tartean Teatroak “Kortxoaren dilema” taularatuko du GAUR eta bihar [apirilaren 25 eta 26an] Donostiako Antzoki Zaharrean (19.30ean), eta testuaren egile Patxo Telleriarekin berba egiteko aukera izan dugu.

“Kortxoaren dilema” antzezlanean bi aktorek hartze du parte. Bata irakaslea da, Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua (Mikel Martinez), ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa. Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu zaio, aberats batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman dion ekipamenduarekin tratamendua har dezakeelako. Eta orain, erabakia hartu eta publikoki iragartzera doan unean, ikasle izandako bat agertuko zaio (Patxo Telleria), aspaldiko kontuak kitatzera datorrena.

Endreduzko thriller politikoa ei da “Kortxoaren dilema”.

Badu komediatik baina ez da komedia bat -diosku telefonoaz beste aldean egileak berak-. Gaur egungo antzezlan askori gertatzen zaie, ohiko generoen bereizketatik urruntzen direla. Eta gurea, labur eta erren gelditzen den modu batean adierazita, thriller politiko bezala definituko nuke, bai, gai baten inguruko jakinmina, suspentsea eta misterioa sortzen duelako, eta gaiaren interesetik at ere ikuslearen arreta momentu oro piztuta mantentzen duelako. Antzezlan honetan, ezer ez da dirudiena; horixe du ezugarririk azpimarragarriena.

Beraz, politikaz mintzo zara antzezlanean…

Politikaz mintzo naiz… baina ez hainbeste. Aspalditik neukan buruan gai bat jorratzea, gai mardul bat, teatraltasun oso eskasa duena, eta gai hori lantzeko modurik eraginkorrena bilatu nahi nuen, teatraltasunetik begiratuta. Kontua da ukituta utzi ninduen berri bat agertu zela aspaldi, nola youtuber batzuk agertu ziren harrotuz, errenta aitorpena egiteari uko egin eta Andorra aldera joan zirela-eta. Niri delitu latza iruditzen zait gizateari ez bakarrik legalki, baita etikoki ere eskaini edo bueltatu behar diozuna ezkutatu edo gordetzea. Eta deigarria egiten zitzaidan nolako harrotasunez kontatzen zuten, esanez bezala “gu gara listoenak eta gauzak ondo egiten dakigunak, eta hau lezio bat da guztiontzat: jarraitu ezazue gure eredua!”. Kezkatuta utzi ninduen.

Eta gaia taularatzeko, aberatsen trikimailuak erabili dituzu abiapuntu.

Banuen gaia, latza eta batere erakargarria, eta horregatik bilatu nuen aitzakia edo abiapuntu bezala Amancio Ortegak egin zuen donazio sonatuaren kontua. Aspaldiko berria izan arren mundu guztiak daki zertaz ari garen, eta deigarria egiten zitzaidan hasieratik askoren ustez ekintza laudagarria, gogoangarria izan zela, eskuzabaltasunaren erakusgarri bat, eta iritzi publikoaren aurrean -iritzi ezberdin ugari egon baziren ere- heroi bezala agertu zela. Nik aldiz argi ikusten nuen iruzur bat zela, sistema duin batean ordaindu beharko zituen zergak ekiditzeko.

Dilema moral bat planteatzen duzu antzelanean, beraz.

Horregatik nioen lehen, auzia politikoa da, bai, badu politikotik, baina gaia ez da donazio hori ondo dagoen ala ez -lerro bitan ematen dut iritzia-, auzia da protagonista gatazka edo kinka moral batean jartzen dudala. Ezkerraren erreferente den irakasle bat da, dohaintza horiek publikoki eta bortizki salatu dituena, eta gaixorik suertatu denean makina horiekin tratatua izateko aukera izango duena; horra planteatzen dudan dilema. Gainera, erabakiak pertsonala behar luke, baina publiko bihurtuko da, filtratu egin baita eman zaion aukera -badakizu, gaur egun zaila da sekretuak gordetzea-. Eta beraz, mundu guztia dago bere balore etiko eta moraletatik hartu beharreko erabakiaren zain. Kontua da, lehen aipatu dudan egituragatik, buelta asko ematen dituela antzezlanak, bihurgunez eta ezustez eta ustekabez beterik dagoela hasieratik bukaeraraino, eta abiapuntuaz gain ezin dudala beste askorik kontatu, publikoa ez zapuzteko.

Gutako edonori eragiteko moduko gaia da, ordea.

Horregatik, nahiz eta protagonista goi mailako intelektual bat izan, planteatzen den dilema oso gertukoa egiten zaigu guztioi. Hainbat emanaldi antzeztu ditugu jada, eta guztietan “nik bere tokian jarrita, zer egingo nuke?” galdetzen dio publikoak bere buruari. Nahiz eta planteamendu nabarmen politikoa izan, auzia edo planteatzen den konfliktoa ez da hainbeste politikoa, askoz ere zabalagoa da, orokorragoa, giza kondizioari buruzko kezkak planteatzen ditu antzezlanak, ez bakarrik esparru politiko eta ideologikoaren koherentziari dagokionean, baita esparru afektibo eta emozionalari dagozkionetan ere, edo lagunekiko leialtasun edo leialtasun ezari dagozkionak.

Kortxoaren Dilema: "Nik, bere tokian jarrita, zer egingo nuke?"

Eszenatokian Mikel Martinez duzu kide, aspaldiko laguna.

Taula baten gainean aktore batekin ondo konpontzea eta bikote konpentsatua izatea oso aberatsa da. Mikel Martinezek eta biok, zentzu horretan, oso dohain ezberdinak ditugu, eta antzezle bezala osagarriak garela uste dut. Jakina, lan egiten dugu bikotea osatu gabe ere, oso osasungarria dena, baina egia da bidai propioak egiten baditugu ere elkarrekin egiten dugula lan askotan, eta laguntza handia da hori.

Zure antzerkia testuan oinarritu ohi dela esan dezakegu, are, hizkuntzarekin jolastea duzula gustuko?

Antzezlan mota ezberdin asko egin izan ditut eta egiten ditut. Zuk aipatzen duzun estilo hori, hizkuntzarekin jolastearena, Ez Dok Hiru zigiluarekin egiten dugunari dagokio (“Euskara sencilloaren manifestua”, “Euskarazetamol”, “Lingua navajorum”, “Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa”…), testu horien ezaugarri nagusia da hizkuntzarekin jolasten dugula modu nabarmenean. Guzti horiek itzuliezinak dira, eta inoiz ez ditugu eman beste edozein hizkuntzatan, euskaraz sortuak direlako dute zentzua, bestela ezin dira konprenitu. Antzezlan honetan, ordea, ez dugu inolazko hitz jokorik egiten, baina bai, hitzean oinarritzen da. Antzezlan batzuk estetikotasunean edo mugimendu fisikoan oinarritzen dira, eta nire antzerkian orokorrean hitza dut lanabes nagusia. Honek ez du esan nahi antzezlan estatikoa denik. Ez dago tirorik edo kotxe karrerarik, baina thriller psikologikoa da, eta mugimendu narratibo bertiginosoa du.

Tartean teatroa 25 urte betetzear da. Asko aldatu dira kontuak, hasi zinetenetik?

Izango da oso zaharra naizelako, baina egia esan 25 urte ez zaizkit hainbeste iruditzen. Kontua da Tartean sortu genuenerako ibilbide luzea genuela antzerkian, Maskarada antzerki talde historikoan sortua bainaiz ni, Mikel eta Jokin bezala [Martinez eta Oregi, azken hau Tartean teatroaren lanak zuzendu ohi dituena]. Antzerki profesionala euskaraz egiten aitzindariak izan ginen garai hartan, 90eko hamarkadan, eta egoera oso ezberdina zen ikuspuntu askotatik. Garai haiek bazuten bere xarma, baina gaur egun esango nuke gure egoera profesionala askoz sendoagoa dela.

“Antzerki profesionala euskaraz”, diozu.

Bai. Tartean antzezlanak euskaraz idatzi eta plazaratzeko sortua da, eta gure lehentasuna euskarazko antzerkia sortu eta eskaintzea da. Lehen esan dizudan moduan, gure estiloagatik antzezlan asko eta asko bertsio bakarrean eman izan ditugu, euskaraz soilik. Ez da ez dugula erdaretan eman nahi izan, euskaraz dutela bakarrik zentzua baino. Beste batzuetan, tratamendu unibertsalagoa dute antzezlanek, eta gazteleraz ere egiten ditugu, badakigu-eta. Baina lehentasuna ematen diogu beti euskarazko bertsioari. Erdarara itzuli genuen azkena “Pankreas” izan zen, euskaraz sortu eta urte betera Espainia aldean antzeztu genuena, arrakastaz. Eta kasu honetan, udazkenean aterako dugu “Kortxoaren dilema” antzezlanaren erdarazko bertsioa. Nik neuk antzeztuko dut, eta ondoan Mikel Martinezen ordez, honakoan, Ramon Barea izango dut.

Zeharka daiteke Euskal Herria, antzerkia euskaraz eskainita?

Gu Bilboko talde bat gara eta bereziki gure hirian gara ezagunak, beraz harreman estuagoa dugu Bizkaiko aretoekin, normala da. Euskaraz lan egiten dugunez, herrialde batzuetan zailagoa izan dugu, eta adibidez Nafarroan boladaka, segun eta Gobernuan edo kultur erakundeetan erabakiak nork hartu dituen. Baina ez nuke esango eremu debekaturik dugunik, eta etxean sentitzen gara edozein antzokitan. Begira, bolada luze batean oso zaila egin zaigu Ipar Euskal Herrian aritzea, eta azken bi urteetan badirudi ezpala sartu dugula eta aspaldiko partez emanaldi dezente izaten ari gara. Datorren larunbatean [apirilak 27] Baigorrin izango naiz, “Ai gure juaneteak” antzezlanarekin. Joan den martxoan Loraldian estreinatu genuen lana da, Mikel Laboaren kantuen berrikusketa interesgarri bat, taula gainean bi musikarirekin batera ematen dudana.

Kortxoaren Dilema

ZUZEUko erredakzio kide

2 pentsamendu “Kortxoaren Dilema: “Nik, bere tokian jarrita, zer egingo nuke?””-ri buruz

  • Lan ederra benetan!
    Zorionak lan-talde osoari. Bereziki Patxo Telleriari horren testu bikaina idazteagatik.
    Gaur azken aukera Donostian, 19.30ean.

  • Amonamantangorri 2024-04-29 16:04

    Zoazte “Kortxoaren dilema” ikustera. Istoriori buruz, hoberena da batere pistarik ez ematea. Batek “thriller politiko” gisa definitzen badu, hor konpon, ez dago gaizki. Baina ez da etiketa horrek iradokitzen duena (bakarrik).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude