Ez malkorik

Ez malkorik –

Iban Arantzabalek Plateruenaz idatzi du Etxebarri blogean.

Ospatzeko eguna ere bada. Bai, ospatzekoa. Ze ospatzekoetarako sortu zen Plateruena eta zeozer ikasiko genuen honezkero. Ondo ospatuta geratu dira milaka ekitaldi. Milaka bai, milaka. Bestela faltako liratekeen milaka horiek.

EEz malkorikta ibili denak badaki zein gozatu hartu ditugun kafe antzokian. Nik neuk, jende gutxien batu dituzten ekitaldiekin, esaterako. Txikia zelako handi Plateruenan. Euskal Herritik kanpoko artisten distirak laguntzen zuelako “kantuaren kantoia” handi egiten Berri Txarrak-en ondoan. Eta gozatu ordu txikietan ere, lagunartea ere bazelako Plateruena. Non kantatu zenezake, bihar bat ez balego moduan,  “galtzetan gordetzeko koblak” antzokiko ateak ixtear daudela?

Gaur ez da atzo, ordea. Eta hori da gako inportante bat. Baita ekitaldi xumeenek beharko luketela ikus-entzule gehiago, hori ere bazen-eta helburuetako bat beti lortzen ez zena. Eta antolatutakoek ez zuten malkorik behar eta bai alegrantzia. Atzo bezala, egindakoaz harro egoteko eguna da gaur ere. Txaloak dira Plateruenarendako, bertsoetako azken puntu on baten ostekoak legetxe.

.

Artista-bezero-antolatzaile

Plateruena izan da hiruko zirkulua ondo baino hobeto ulertu eta aktibatu duen ekimena. Hiruretan behar delako fokoa jarri. Hurrenkera horretan:

  1. Artista: harrera egitetik bertatik zaindu dutena, ahal zena eta ez zena egin duena artistaren alde negozioaren kontra bazen ere, eta, era berean, ulertu duena artistaren beharrak ez direla dirutan neurtzen. Bezero ere izan da zelanbait artista bera, baina premium bezero. Kamerinoan egoteko aukera izan duenak badaki artista sentiarazten zutela munduko kultur gizon-emakume. Plateruenak prestigiatu du artista eta kultura.
  2. Bezeoa: beti izan dute bezeroa presente, ateak zeharkatzen zituen momentutik bertatik. Garbi, zerbitzuan bizi-bizi eta irrifartxo batekin. Tabernako zerbitzariek nola zuzendaritzako kideek. Desorduetan ere aldarte ona galdu barik (hainbatetan irabazita ere :-). Etxeko sentiarazi dute herritarra, eskualdekoa, Euskal Herrikoa eta haratagokoa. Arigunean zen bezeroa, terminoa sortu aurretik ere.
  3. Antolatzailea: detaile txikietan ikusten da kulturzalea den edo ez. Antolatzailearen gustuko den taldea oholtzan izanagatik sarrera salmentan atean egonda, edo artistak ura behar duela konturatuta, edo kontuak artistaren alde borobilduta, edo artistari afaria emanda, edo eszenategiak dizdira egin dezan soinu, argi eta dekoratuak zainduta. Basikoa da antolatzailea kulturzalea izatea eta gaineratuko nuke Plateruenaren kasuan euskaltzalea ere badela. Badira bi aldagai sarriago bilatu beharko genituzkeenak edozein delarik ere kultura espazioa edota erakundea.

Gogoan dut Plateruena zabaltzear zegoen momentua. Egun pare bat lehenago elkarrizketatu gintuzten Euskadi Irratian Plateruenako zuzendaria eta Espaloiko lantaldekoak. Espaloia kafe antzokia ere zabaldu berri zen eta kazetariak galdetu zionean zidarginari ia dena prest zegoen, baietz borobila izan zen erantzuna: “dena prest kultura eta jendea hartzeko”. Ilusioa bor-bor. Egia zen ilusioa gainezka zela, amets bati bide ematen zebiltzala Berbaro tabernako kontzertuetan hazia zuen gune eraginkorrago bat zabalduz. Egia zen baita ere plateroak bazebiltzala, koadrila osoa, hormak margotzen bezperan, norbaitek egindako patata tortilla baten truke. Horratx gakoetan gakoena. Plateruena sortu zutenek sinistu zuten erreminta inportantea zela helburuak lortzeko eta lan egiten zuten horretarako. Sekretua lana baita, ez besterik. Pintura sikatzeko denborarik gabe zabaldu zen Plateruena eta itxiko da hango pareta sikuek noiz hartuko kultura proiektu duin bat.

Gaur ospatzeko eguna da ze izan da ezinbesteko ekimena euskal kulturari hauspoa emateko. Horrekin geratzen naiz. Ez malkorik. Etor bitez ekimen berriak, begi onekin hartu bezate erakundeek eta doituago bada ere izan bezate zidargin berriek, gutxienez, orain arte plateruek izandako indarra eta arrakasta. Eskarmentua badago eta azpiegitura ere bai ekimen berritzaileetarako.

“Gure begiek ez dute malko isurtzeko gogorik”.

Ez malkorik

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude