Zu zara zu eta zure faxismoa

Zu zara zu eta zure faxismoa –

Espainiar inperioaren azken hondarrak aintzat hartuz gero hiru dira egun euren nazio izaera beste inor baino ozenago aldarrikatzen dutenak: Galizia, Katalunia eta Euskal Herria. Eta, arranopola. hiruretan hauteskundeak izan dira bata bestearen atzetik (Herrialde Katalanetan Principaten, eta Euskal Herrian EAEn). Zer gertatu da, Espainiako eskuinaren begietara?

Zu zara zu eta zure faxismoa
Arg: StockSnap
  • Galizan PPk irabazi du, baina oposizioa BNGren ezkerreko independentismoan metatzen ari da. Ezkerreko independentismoa da eskuin espainiarraren alternatiba, eta oso indartuta atera da azken hauteskundeetatik.
  • Euskal Autonomi Erkidegoa: eskuin espainiarrak ez du eragin ahalmenik izango legebiltzarrean, eta bere pisua hutsaren hurrengoa da gaur-gaurkoz. Hori bai, tokian toki, erakutsi dute ahal dutena egingo dutela EH Bilduk goberna ez dezan. PSE-EE bada EAJren makulua, eskuin espainiarra (PP lehen kapan, VOX bigarrenean) trenak istripu bat duenerako helduleku manuala da.
  • Katalunia: Puigdemont bueltan, eta PSC indartsu. Zer aterako ote du eskuin espainiarrak hemen?

Hori guztia ikusita ulertu daiteke eskuin espainiarra trankil ez izatea. Gobernatzeko bidea mozten dietenak, neurri handi batean, independentistak dira, eta hauteskunde ziklo honek independentismoa indartuko du (Kataluniakoa ikusteke). Zeren eta, bistan dena, guk ez ditugu Pedro Sanchez eta PSOE batere maite; era berean, jabetu gaitezen fatxentzat bera dela amnistia legearena, euskal presoen sakabanaketari amaiera eman diona edo plurinazionalitateaz hitz egiteko prest dagoena. Jabetu gaitezen egun Madrilen dagoen gobernua anormalitate bat dela: Europa osoa eskuinerantz doanean diktadura faxista zutik mantendu zuen kontinenteko herrialde bakarrean sozialdemokratek eta halamoduzko ezker batek gobernuari eusten diote.

Era berean, berriz ere argi eta garbi geratu da Euskal Herriaren eta estatu espainiarraren arteko dikotomia: han labankada dabiltza, hemen eskutik helduta etsai komunaren aurka.

Bozkek ematen ez dieten botere mekanismoak martxan jarri ditu, beraz, eskuinak, edo nahiago bada, estatu sakonak. Entzutegi Nazionalak kanpainan sartu zen Arnaldo Otegiren aurkako auziak irekiz, eta orain, EAEko hauteskundeek utzi dituzten emaitzen ondoren, eta Kataluniako bozak iritsi baino lehen, Sanchezen aurkako kolpea eman dute. Ezagutzen ditugu “salatzaileak”, Manos Limpias-ek majo zikindu baitutu eskuak lur hauetan. Zu zara zu eta zure faxismoa: epaileak, poliziak, zerbitzu sekretuak, hedabideak, enpresariak…

Amaitzeko, porra bat: Sanchez antzezten ari da. Gutun zinez elegante bat idatzi du, eta astelehenean esango diguna ez da dimitituko duela, baizik eta eraso baten biktima izan dela, “eredu bat ordezkatzen duelako”, eta gainera ze miserableak, bere aurka joan beharrean bere emaztea erasotu dutela, eta demokrazia, eta progresismoa, eta langileen eskubideak… eta enegarrenez, indartuta aterako da. Agian espainiar parlamentuari konfidantza botoa eskatuta, edo batek daki, baina ondo pentsatua du zer egin eta zertarako.

Zu zara zu eta zure faxismoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude