Grebek zertarako balio dute (hezkuntzan)?

Grebek zertarako balio dute (hezkuntzan)? –

Zintzotasunez jantziko ditut lehenengo lerro hauek, izan ere, bidezkoa da aitortzea Ane Diez Deustuko ikaslearen artikuluak inspiratu egin nauela. Eta bidezkoa aitortzea ere, zur eta lur geratu naizela hitz horiek irakurtzean. Jokin Bildarratzek profil faltsua sortu al du?

Grebek ez dutela ezertarako balio, greben ondorioak ahulenek pairatzen dituztela, krisialdi ekonomikoaren testuinguruan ezin dela zerbitzu publikoetan inbertsiorik egin, tresna politiko gisa erabiltzen direla lan munduko gatazkak, sindikatuek langileen beharrak ezagutu gabe antolatzen dituztela grebak, eta abar. Maiz entzuten eta irakurtzen ditugun argudioak denak.

Baina, zeinen ahotan?

Greba honek ikasleak eta familia ahulenak kaltetuko ditu” Jokin Bildarratz, 2020ko irailaren 11n

Ez da murrizketarik egongo, baina gerrikoa estutu eta lehentasunak ezarri beharko ditugu” Idoia Mendia, 2020ko irailaren 13an.

kritika politikoa egin eta gobernu berria tenkatzea da sindikatuen asmoa” Iñigo Urkullu, 2020ko irailaren 14an

Bota begirada bat hemerotekari, eta hauek ez ezik, haimaika adibide topatuko dituzue. Elite ekonomikoek, eta hauen esanetara gobernatzen duten elite politikoek argi bai dute zertarako balio duten greba deialdiek. Hara, langile borroka deslegitimatu eta Statu Quo-a erreproduzitzeko, besteak beste.

Grebak beste garai batekoak omen dira, beste testuinguru ekonomiko eta sozial bati erantzuten diotenak. 1985. urtean, BPG osoaren %55,50a soldatapeko ordainsariei zegokien, eta %37,84a aldiz, enpresa-soberakin gordinari. Urteek aurrera egin ahala, BPGaren banaketan soldata-errentek hartzen duten zatia gero eta zenbaki estuagoa da; enpresa soberakinena aldiz, potoloagoa. Hala, 2017. urtean, BPG osoaren %47,39ak soldata errentek hartzen zuten, eta enpresa soberakin gordinenak, %42,21a. Datuetan galdu egiten gara maiz, baina ondorioa argia da: enpresen soberakinak soldatak baino erritmo biziagoan hazi egin dira urtez urte.

Baina ez gara datu makroekonomikoetan geratu behar bizi dugun testuinguru sozioekonomikoa aztertzeko. Etengabeko prekarizazioa, etxebizitza, hezkuntza edota osasunaren merkantilizazioa, pobrezia tasaren etengabeko gorakada, ezberdintasun sozialen areagotzea eta lan eskubideen galera baitira langileok pairatzen dugun egunerokotasuna. Indar korrelazioan eragiteko tresna da greba, langileriaren baliabidea. Borroka moldeek berrikuspena behar duten edo ez eztabaidagarria izan daiteke, eta nik pertsonalki, baietz esango nuke, baina horrek ez dauka zer ikusirik greben balio eta beharrarekin.

Greba tresna politikoa dela esaten dute askok. Politikoa hitza mespretxuz ahoskatzen duten bitartean. Politikoa zilegitasunaren antagonista balitz bezala. Politikaren desafekzioan sakontzea erraminta propagandistiko itzela da, dudarik gabe. Baina, gure gizarteen balio demokratikoei eutsi nahi badiogu, komenigarria litzateke ondorengoa ez ahaztea:

analfabetorik okerrena analfabeto politikoa da.

[…]

ez du gertakari politikoetan parte hartzen.

Ez daki bizitzaren balioa

indaben balioa, arrainarena,

irinarena,

jantziena,

oinetakoena edo sendagaiena

erabaki politikoen menpe dagoela.

Bertolt Brecht

Grebak politikoak dira, bai. Zer bestela?

Grebek zertarako balio dute (hezkuntzan)?

6 pentsamendu “Grebek zertarako balio dute (hezkuntzan)?”-ri buruz

  • Gustatu zait grebari eman diozun definizio eta helburua. “Indar korrelazioan eragiteko tresna”. Hori da garbi hitz egitea.

    Zuk bezala, gehiengo sozialak ere, aipatzen dituzun lan prekarizazioa, etxebizitza duin baten beharra, pobrezia, bazterketa soziala, hezkuntzan edota osasun zerbituan dauden arazoak, esagutzen ditu eta zalantzarik gabe hobetzearen alde dago.

    Baina hala ere, hauteskundeak iristen direnean, “Statu Quo-a” jarraipenaren alde egiten du bere aukera. Hau da, sistema hautsi nahi ez duten alderdi politikoei ematen dio gehiengo botoa.

    Zergatik uste duzu hain ustel dagoen gizarte horren alde egiten dutela? Alienatutak daudelako? Baliteke, neurri batean behintzat, baina agian, baita ere, zuek planteatzen duzuen beste alternatiba iraultzaile horretan sinismen handia ez dutelako.

    Teorian Utopia usaina hartzen diolako eta praktikan adibide erakargarririk aurkitzen ez duelako.

  • Oso hausnarketa interesgarria Arandi. Egia da gehiengo sozialak aipaturiko problematika horiek guztiak ezagutzen dituela, dudarik gabe. Eta bota duzun galderaren erantzuna izango bagenu beste gizarte batean biziko ginateke. Dena den, aipaturiko utopia eta alternatiba iraultzaile epiko horrek ez dauka zerikusirik grebari aitortu diodan balio eta beharrarekin. Grebei esker eskuratu diren eskubide eta lorpenek ez daukate zertan sistemaren iraultzea suposatu. Ez da bidezkoa ezkerraren ekintza orori eraldaketa integralak eskatzea. Alternatiba iraultzaile hori lorpen txikietan mamitzen da: kaleratzeak onartzen ez dituzten langileak, espekulazio urbanistikoa salatzen duten taldeak, emakumeon* eskubide sozial eta politikoak aldarrikatzen dituzten emakume taldeak, energia subirautzaren alde egiten duten komunitateak… hau da, ez naiz ni izango alternatiba iraultzaile bakar baten inguruan arituko dena, baina iruditzen zait, guk ere, nahi dugun gizartea imaginatu eta marraztu behar dugula.

  • Alaznerentzat 2020-10-01 09:55

    Alazne: zure gogoeta oso polita da, baina filosofada horrek kutsu ideologiko nabarmena du. Politika edozein arlotan aplikatu dezakezu, noski, baina nik uste Aneren artikuluan “politika” esaten duenean, “alderdikeria” esan beharko lukeela. Izan ere, Eusko Jaurlaritzan Bildu agintean egongo balitz, ziurrenik LABek ez lukeela irailaren 15era greba deituko. Hau da, “greba politikoa” baino, “alderdikeriaren greba” edo “greba partidista” izan dala uste dut nik ere (berdin dit nor dagoen gobernuan). Akaso zuk idazlan lehiaketako saria irabaztea ere, sari “politiko”tzat hartu dezakegu. Edo behintzat nahiko ideologizatua.

    Greba tresna eraginkorra izan daiteke, presio moduan. Baina badirudi XX. mende hasierako mentalitatearekin zaude(te)la. Enpresaburu-gaiztoa, langile-gixajo dikotomia duzu buruan. Oso idealizatua duzu(e).

    Zu gaztea zara, eta ziurrenik ez duzu zuk sortutako negozioa. Edo seme-alabarik. Negozio propioa baduzu edo kooperatiba txiki baten bazkide zarenean, greba batek oso bestelako zentzua du. Desde luego, ez duzu egiten edozein arrazoirengatik. Hori bai, funtzionario finkoa zarenean, edo hezkuntza munduan zaudenean, edozerengatik egiten dira. Batez ere, klaseetan irakasle txarrak badaude eta klase horiek ez direnean batere erabilgarri/interesgarri. Hezkuntza munduan kritika eraikitzaile gutxi onartzen da greben aurka, sindikatuetatik, gotik, antolatzen dituztenean. Tabu bat da horren kontra egitea, batez ere ikastolan edo unibertsitate publikoan. Badirudi aurka bazaude, eskirol edo zeozer txarrago esango dizutela. Eta irakasle eta ikasle onek beldur diote ezer esateari.

    Greba errekurtso sinpleena da, sormen gutxikoa. Askoz zailagoa da, proposamen eraikitzaile eta ingeniosoak egitea arazoak konpontzeko, betiko “huelga” bat antolatzea baino. Baina sindikatuak ezin dira mentalidade hortatik atara.

    Ziurrenik ez zara ohartu XX. mende hasieran batez besteko adina 20 urtekoa zela. Gaur egun EHan 45 urtekoa da. Horrek eragin handia du “iraultza” bat gizartean egin nahi denean. Edo hauteskundeetan. Izan ere, gaztaroan oso utopiko, iraultzaile eta idealistak gara, baina bizitzaren errealitatea deskubritzen dugun heinean, zentzudunago bihurtzen gara.

    Anere artikulu horretan galdera zehatz batzuk planteatu ditu eta zuk ez diezu horiei heldu:

    >Zer ekarpen/aportazio zehatz lortu zuen greba horrek?

    >2019-2020 ikasturte ia erdia klase presentzialik gabe eta irailaren 15ean beste egun bat gehiago pikutara… zuk uste horrek euskarari onik egiten dionik?

    >Umeak ezin badira ikasketa zentrora joan, aiton-amonekin egongo dira egun horretan. Ez al da hori arriskutsua ikuspegi epidemiologikotik?

  • Nik ere uste dut grebarako eskubidea tresna demokratiko bat dela. Egia da, halaber, baliabide hori gabe ez zirela lortuko egun ditugun hainbat eskubide sozial. Zalantzarik gabe, funtsezkoa izan da nolabaiteko ongizate-estatua garatzeko sistema kapitalistaren barne, hausturarik gabe.

    Baina sindikatu iraultzaile batentzat hori sistemaren erreforma edo makillajea besterik ez da. Azken helburua suntsitzea da. Baina nik egiaztatzen dut gehiengo soziala ez dagoela sozialismoaren alde.

    Berlingo Harresia datorkit gogora. Zenbat pertsonak arriskatu zuten beren bizitza hura gurutzatzeko? Eta guztiak norabide bakarrean: sistema sozialistatik kapitalistara. Eta zergatik egiten zuten? Izan ere, pertsonek, ongizate materiala estimatzeaz gain, beste asmo eta behar batzuk ere baditugulako, eta horietako bat norbanakoaren askatasuna da.

    Uste dut ona dela errealitatea zalantzan jartzea eta justizia sozial hobeagoa bilatzea ere egokia iruditzen zait. Baina nire ustez, sozialismo zientifikoak duen akats nagusia zera da: Ez du gizartearen oinarria modu egokian identifikatzen. Gizartearen oinarria ez da oinarri ekonomikoa, pertsona bera baizik, bere baitan duen kontraesan guztiekin.

    Izan ere, zaila da benetan pertsona zer den definitzea, baina ezinezkoa iruditzen zait paradigma sozial bat modu zientifikoan eraiki daitekeenik pertsona bere oinarrian ipini gabe.

  • Alazne(rentzat) rentzat 2020-10-01 13:39

    Gazte=idealista berdinketari paternalismoaren arrastoa somatzen diot. Egia da ez daukadala seme-alabarik, eta egia ere soldatapekoa naizela. Baina, aizu, ez dadila nire hautu pertsonal hori desligitimaziorako aitzakia izan.
    Bestalde, Imaginatzen dut, ziurrenik, ez dela zure asmoa izan ni infantilizatzea, ez eta XXI. mendeko gazteria eta ikasleria inozotzat hartzea. (XX. mendekoari potentzialtasun eta eragiteko ahalmen galanta aitortu diozu eta).
    Baina, eztabaida hori alde batera utzita, egia da greba egiteko erabakia beste faktore batzuek baldintza dezaketela: galera ekonomikoa ezin asumitu, zaintza lanak uztearen ezintasuna, beldurra, koakzioa… eta ez bakarrik greba deialdiaren motiboekin ados egotea. Eta egia da ere, faktore guzti horiek ez direla “helduen” kontua bakarrik. Beraz, adinaren aldagia eztabaida antzua dela iruditzen zait.
    “Errekurtso sinpleena, sormenik gabekoa” esaldia erabili duzu greba definitzeko. Artikuluan ere, borroka moldeen inguruko eztabaida mahaigaineratzeko beharraz aritu naiz. Baina, greba eta proposamenen eraikitzaileen arteko dikotomia hori faltsua da bere horretan. Zertarako egin greba ez bada helburu zehatz batzuen alde egiteko? ez bada lorpenik eskuratzeko? Urtarrilaren 30eko azken greba orokorrak aldarrikapen taula luze bat zekarren berekin. Irakurri ez duzula imagintzen dut. Azkenengo hezkuntza grebak ere, egoera baten diagnosia eta horri aurre egiteko proposamenak mahaigaineratu zituen: hezkuntza komunitate OSOARENTZAT itzulera adostu eta segurua eta ez inprobisazioan eta zama gehiena ikastetxeetan utziko zuen itzulera bat. Ez azpikontratetako langileen lan eta bizi baldintzak ikus ezin bihurtu eta kontuan hartzen ez zituen itzulera bat. Eta horretarako ere eskaera eta proposamen zehatzak plazaratu ziren. (Adibidez: ratioak jeistea, protokoloak jasotzen zituzten EPIak praktikan bermatzea, distantzia mantentzeko espazio berriak baliatzea, jantoki zerbitzuak martxan jartzea…). Eta ziurrenik, greba egun horrek eskabide horiek guztiak, behintzat, sozializatzeko balio izan zuen. Gasteizko Salburuako eskolako adibidea jarriko dizut. Zuzendaritza taldeak dimisioa aurkeztu behar izan zuen irakasle falta lotsagarriari aurre egiteko. Hau salatu eta zentroan mobilizazioak egin eta gero, ezetz asmatu zein erantzun eman zuen Hezkuntza sailak. Bai, irakasle gehiago kontratatu.
    Amaitzeko, euskara edo aiton amonen eta kontziliazioaren eztabaida greba egun batekin (edo behar diren guztiekin) nahastea “tranpa” egitea iruditzen zait. Ez dut uste grebalarien errua (ere) izango denik euskararen egoera edo lan merkatuak kontziliaziorako jartzen dituen traba guztiak.

  • Alaznerentzat 2020-11-15 19:25

    Zorionak zure sari politikoagatik.
    Lehiaketaren antolatzaileek, beren balditzen artean honakoa esan beharko lukete:
    Gogoratu gure ideologia progrearekin bat egin behar duela zure artikuluak, bestela jai duzu.

    Berdin dio gai interesgarri bat lantzen baduzu ere. Lehentasuna dute gure agenda politikoan dauden kontuek.
    Laburtuz, grebak politikoak dira eta baita sariak ere. Nahiz eta beste kontuez mozorrotu nahi izan.