Urmeneta eta Bermejo (Kukuxumusuren zezenaren adarrak)

Urmeneta eta Bermejo, edo Kukuxumusuren zezenaren adarrak

Azaroan eta Twitter bidez, Mikel Urmenetaren txio hau irakurrita, jakin genuen iruindarra eta Kukuxumusu jada ez zeudela batasun berean; hara!

Eta hilabete pare bat geroago, asteon, ezagutu ahal izan dugu zer gertatu den tiserta saltzaileen artean, orain urte bete bat egin zuten Ricardo Bermejo eta Urmenetaren arteko harremanak eztanda egin duenean. Lehenak Kukuxumusuren % 66a erosi zuen 2014an, Urmenetak hasieratik zuen % 33ari eusten zion bitartean.

Mikel Urmenetak Katuki Saguyaki enpresa sortu berri du -Txema Sanz, Belatz, Marko eta Asisko anaia marrazkilari dituena-, eta berau aurkezteko herenegungo prentsaurrekoan argitu du jazotakoa; “Bermejok jostailu berri bat erosi zuen, jolas-arauak ezagutu gabe”.

Egun Bermer & Co. enpresaren buruak gidatzen duen Kukuxumusuk, bere aldetik, “Urmenetak ez zuen ulertu nahi izan enpresa, langileak eta marka bere pertsona baino garrantzitsuagoak direla”, dio aferari buruz hiru hizkuntzatan plazaratu berri duen komunikatuan.

.

Frankismo garaian Iruñeako alkate izandako Migel Jabierren semea eta Asisko artista handiaren anaia, Mikel Urmeneta ondo ezaguna da Euskal Herrian, kasik hiru hamarkadaz Kukuxumusuren aurpegi publikoa izan baita. Bermer & Co. taldeko sortzailea ordea ez genuen orain gutxira arte ezagutzen.

.

Nor da Ricardo Bermejo?

“El Banquete. Expolio y desaparición de la CAN” liburuan ematen da publizistaren berri. 2013an Txalaparta argitaletxeak plazaratua, Alberto Gil, Patxi Zamora eta Aritz Intxusta kazetarien ikerketak Nafarroako Aurrezki Kutxako dirutzaren xahutzea azaleratzen du.

“Goñiri gauzak handikeriaz egitea gustatzen zitzaion -dio “El banquete” lanak, CAN-eko zuzendari izan zen Enrique Goñiri buruz-; eta eginkizun horietarako konfiantzazko lagunez inguratu zen”. Horien artean ei zegoen Bermejo jauna, aurrezki kutxako zuzendariak antolatu ohi zituen luxuzko “lan” bidaietara (Paris, London, Berlin) joateko ohitura ei zuena.

.

Ricardo Bermejo da Nafarroako Aurrezki Kutxari esker aberastu denetako bat

el-banquete-188x300Berari eskatu zitzaion erakundearen itxurarekin zerikusia zuen guztia, memorien ediziotik hasi eta bulegoen apainketetaraino, logotipo eta itxura aldaketa (garestiak) tarteko (…). Lau urtetan hiru bider aldatu zen CAN-en irudi korporatiboa. Eta urte bakarrean, soilik kutxari, 600.000 euroko lanak egin zizkion Bermejoren Bermer enpresak; hogeita lau langile izatera heldu zen. 4,95 milioi euroko etekinak izan zituen, Diario de Noticias-en arabera”.

Pte alderdiko kide izan eta Frankoren kontra borrokatutakoa zen Ricardo Bermejo, klandestinitatean lan subertsiboak zorrotz egindakoa. `Trantsizioa´ deiturikoarekin baina, negozioen mundua ezagutu zuen. Gorraizera joan zen bizitzera, bere lagun Goñi bezala, eta Aurrezki kutxarentzat ez ezik, haren partaidetza zuten beste enpresa batzuentzat ere egin zuen lan, Bodegas Sarria tarteko.

Ikerketa talde honetako laguntzaile estu bati, berarekin izandako elkarrizketa batean, hauxe bota zion: `Izorratu egiten zaituzte nik dirua irabazteak ala?´”.

.

Jakina, 2014an berarekin elkartu zenerako Mikel Urmenetak bazekien hau guztia. Orain Ricardo Bermejo da Kukuxumusuren kide nagusia.

Urmeneta eta Bermejo, edo Kukuxumusuren zezenaren adarrak

Urmeneta eta Bermejo, edo Kukuxumuxuren zezenaren adarrak

Mikel Urmeneta – Katuki Saguyaki – prentsaurrekoa

2 pentsamendu “Urmeneta eta Bermejo (Kukuxumusuren zezenaren adarrak)”-ri buruz

  • Jo, historia apasionantea. Ideiarik ere ez nuen.

  • juduak bezela bagina pixka bat 2016-03-08 23:24

    Gure ADN an daukagu euskaldunok prigatu batzuk izatea, negozioetarako eta denerako onak, jeinuak eta langile finak, baina etekinak ateratzeko orduan beti abizen espaniarrak dituen pertsona edo erakundeak hartzen dute kontrola.