-aldarrikatu | +praktikatu

Facebook-euskaraz

acebook euskaraz

Enpresa pribatuek ez dute euskara baloratzen. Gutxietsia dute. Ez digute kasurik egiten, gure herrian gure hizkuntza erabiltzea aldarrikatzen dugunean.

Baina… euskaltzaleok (edo euskal hiztun soilak), eskura ditugun tresnak euskaratzeaz arduratzen gara? Enpresa pribatu horiei “euskara-eskaria” helarazten diegu?

Zoritxarrez, ez gehiegi.  Euskal hiztunok ez dugu baloratzen, guk geuk, bezero moduan enpresen aurrean dugun potentzialaz. Euskal hiztunen % txikiak egiten du.

Egia da, enpresa askotan ez digutela aurrez aurreko arreta egiten bertako langileek gaitasunik ez dutelako. Beste askotan, guri kosta egiten zaigu euskaraz zuzentzea arrazoi ezberdinengatik (ohitura, lotsa, aurreiritziak, konfiantza, denbora…).

Zeintzuk dira baina, euskaraz konfiguratu ditzakegun tresnak? Bada, telefonoa, posta (Gmail eta Hotmail, adibidez), bankuko txartelak, sistema eragilea ordenagailuan, nabigatzaileak (Firefox), fakturak, sare sozialak (Twitter, Facebook…), eta abar.

Horrelakoak euskaratzearen garrantzia honakoa da:

  • “euskararen eskaria” indartzea. Enpresek metadatuak jasotzen dituzte (internet erabiltzean datu asko sortzen ditugu, hala nola, zein hizkuntza darabilgun). Erabiltzaile kopuru absolutoa eta proportzionalak ondorio asko ditu (itzulpen gehiago egin edo ez, langile euskaldunak kontratatzea, etab).*

Horretaz gain, alde pedagogikoa ere lantzen da:

  • Hiztegia/Esamoldeak barneratzea. Ikusiaren ikusiz, egunero termino asko ikasten ditugu era naturalean.
  • Hizkuntza ohiturak ezartzea.

 

Honen guztiaren harira, beraz, kanpaina zehatz bat jarri genuen abian Facebook-en, Facebok erabiltzaileek beren kontua euskaratu dezaten.

Irudia eta hemengo artxibo hau prestatu genuen, informazio erabilgarriarekin (pausoz pauso nola aldatu eta ikasi beharreko terminoak azalduz). Egin klik hemen.

Pare bat egunetan 140 partekatze izan ziren. Uste genuen baino arrakasta gehiago izan zuen. Baina euskararentzat hori eskasa baino eskasagoa da. Erabiltzaile potentzialak aktibatu behar ditugu.

Hori dela eta, zure laguntza eskatzen dizugu ideia hedatzen laguntzeko. Guk geuk, denok, egin beharra dugu, nork  bestela?

Aldarrikatu bai, praktikatu ere bai!

Facebook-en agertzen den bezala… “Elkarbanatu”!

*Koadrilako lagun batek (Ekainek) Txinan  zebilela, mugikor testatzaile lana lortu zuen (merkatura atera aurretik mugikorrak probatuak izan behar dira). Tira, ba, lagun honek ingeles testatzaileek baino gehiagoko soldata zuen. Izan ere euskal hiztunak Txinan topatzea zailagoa da.
Euskara hizkuntza indartsua balitz, enpresek hemen inbertitu beharko lukete derrigor, itzultzaile, publizista, langile euskaldunak kontratatuz... eta call center-ak ezingo lituzkete atzerrian jarri hainbat multinazionalek gaztelania, frantses, ingeles edo portugesez egiten duten antzera (Finlandia, Suedia, Txekian... ez bezala, hizkuntza propioa eta mugatua duten herrietan, hain zuzen). Beraz, [euskara indartsua]=[gure ekonomiari bultzada].

 

 

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

2 pentsamendu “-aldarrikatu | +praktikatu”-ri buruz

  • Artxibo hau ere egin dugu (tira, duela 6 urte egindakoa da, egin esan baina baliagarri izaten jarraitzen du):
    http://www.euskaragara.net/includes/elFinder/files/KUTXAZAINEAN%20IKASTEN.pdf

    Kutxazain automatikoetan topa dezakeguna aztertzen du. Facebook-en artxiboaren moduan, ikasleen “etxerako lana” izan ohi da.

  • Guztiz ados idatziarekin, ta enpresak kontuan hartzen dute gauz hauek ta asko.
    Ordenagailuan ahal izan dudan guztia euskaratua dut ta iragarkiak euskaraz jasotzen ditut askotan.
    Espainiako telebista kateak interneten bidez ikusterakoan, euskarazko iragarkiak ateratzen zaizkit adibidez.
    Ta kontuan izanda honekin inor ez dela minduta sentituko, ez dizula inor errespetu falta egotziko, pribatuan egin dezakezula…. uste dut euskaltzaleok orokorrean, ez garela hain euskaltzaleak, nigandik hasita.
    Hau diot, gauz hoeik guztiak euskaraz jartzea, ez dalako inolako esfortsurik egitea, ta horretara jada ailegatzen ez bagera….