Kirol arroparekin bueltaka…

Kirol arroparekin bueltaka

Kirol arroparekin bueltaka

Ez da zer, da nola

Moda merkatuan lan egiten dugunok ederto dakigu, eta pentsatzen dugu denok dakizuela honen berri. Eta gero, zapatu arratsaldean arno baten bueltan, gaia ateratzerakoan konturatzen naiz ezetz, komunikazio lan handia egiteko dagoela arlo honetan ere.

Arropa sintetikoaren prezio baxuari buruz ez dut hitzegin nahi, baina aipatu beharra dut lotua baitago. Azken hilabete honetan bolo-bolo dabil kirol arropa toxikoen kasua. Ez dakit zuenganaino iritsi den notizia, edo interesik erakutsi duzuen irakurtzen jarraitzeko. Sarri izaten den jarrera errazena hauxe baita: Dena da txarra! Bizitzea da txarra! Eta nik 5 eurotan erosi ahal badut… Beno, badira bizitza estilo ezberdinak, denean bezala.

Kontua da, datorren urteko neguko produktuen azokak orain izan berri direla mundu guztian zehar, Berlingo Ethical Fashion Showa kasu. Eta Munichen egiten da kirol arropetan espezializatutako azoka, ISPO izena duena. Greenpeaceko Detox Outdoor proiektuak zenbait arropa aztertu ditu bertan eta PFC toxikoak aurkitu dituzte hainbat produktutan, oinetakoetatik hasi eta lo zakuetaraino, soilik jaketan aurkitzea espero zenean… 

 

Zergatik kirol arropa eta ez besteak?

Kirol arroparekin bueltaka...Oihalak teknologikoki landu badira, bereziki arlo honetarako izan da. Pisurik gabeko oihalak lortzeko, eroaleak diren oihalak egiteko, bustitzen badira segunduan sekatzeko, mikrokapsulak dituzten oihalak egiteko, argia egiten duten oihalak lortzeko…eta abar. Eta teknologiak aplikatu gura badira oihaletan, oihal hauek sintetikoak behar dute izan. Zergatik? Bada petroleotik sortuak dira, eta hariak gura dituzun tamaina, sendoera, forma eta efektukoak lortu ahal direlako honela. Plastilinarekin jolastea bezalakoa da, gura duzuna egin dezakezu. Horregatik esan nahi dut PFCak kirol arropetan aurkitu dituztela, baina kaleko arropetan ere baditugula .

Fibra naturalak berriz oso zailak dira manipulatzeko, eta naturan dituzten abantaila berdinak besterik ez dituzte oihaletan, eta ez da gutxi! Lihoak adibidez azala zaintzen du! Asun oihalak ere azalerako oso gomendagarriak dira landarearen detox efektua egiten baitu azalean eta abar… Hala, kotoiaren hari bat findu edo gizendu dezakezu fibra gehiago edo gutxiago jarrita. Baina ez inpermeabilizatu, esaterako. Baina lasai, horretarako badugu artilea, iragazgaitza baita naturaz!

 

Ba nik entzun dut moda ekologikoan ere teknologiarekin lantzen direla oihalak

Egia da hori. Baina teknologia aplikatzen da fibra finagoak edo potoloagoak lortzeko. Edo eta oihalaren egitura aldatzeko. Kirolerako arropa naturala egin gura badugu adibidez, hari bat eta beste hariaren arteko espazio zabalagoa utzita oihalaren egituran, arnastu dezan eta honela arinagoa izan dadin pisuan eta ondorioz, gainera, ur eroale bikaina izaki, erraz lehortu eta busti sentsaziorik ez izateko.

Jakina da baita ere arropa naturalari gehiago kostatzen zaiola kolorea mantentzea, bada hori ere teknologikoki landu daiteke tinte ezberdinak probatuta, prozesuak aldatuta. Eta ondorioz zati bat garestiagoak dira, are gehiago ekologikoak badira (honek esan nahi du uzta pertsonalizatua eta luzeagoa izan dela, denbora errespetatu baita,  tinte mota batzuk arabili direla…besteak beste).

 

Munduko arroparik onena

Kultura izango da, irakatsi digutena, ikasi duguna edo gura duzuena. Baina gure gizartean oraindik ere bukaerako efektua edo emaitza da inportantea, bideari erreparatu gabe. Eta ozenki diot, ez dela zer baizik eta nola. Eta hori azpimarratuta besterik ez dugula modua zainduko.

Kirolari profesionalei galdetzen badiegu testigantza, sano esango dute: “arropa hau eramatea ez eramatea bezalakoa da, energia ematen du gainera, badirudi ezer ez duzula soinean eta beti tenperatura berdinean mantentzen du gorputza!”. Eta hori da axola zaigun bakarra. Hori da markaren altxorra. Irabaztea da kontua.

Inori ez zaio burutik pasatzen galdetzea zein substantzia erabili diren horretarako eta horrek izan ditzakeen ondorioak gure azalean. Minbizia eta desoreka hormonala? Eta kasu berean naturara isurita substantziok? 

PFCak pilatu egiten dira, metatu. Gure gorputzean zein ingurugiroan. Ez dira desagertzen. Baina munduko arroparik onena da.

 

Shock egoeran 

The North Facek agiri bat plazaratu zuen aste hasieran, 2020rako PFCak erabat saihestuko dituela esateko (berandutxo ez?). Decathlonek ere PFCak erabiltzen ditu bere Quechua produktuetan, baina ez du informaziorik eman zeinetan eta zein kopurutan… (esan gabe doa lo zakuek jaken material berdina dutela).

 

Bide batez

Greenpeace etxeak martxan jarri du arropa toxikoa merkatutik baztertzeko sinadura bilketa Detox Outdoor proiektuarekin. Modua exigituko badugu, hemen sinatu.

Kirol arroparekin bueltaka. Kirol arroparekin bueltaka

@themodubat Sortzailea naiz zentzurik zabalenean. Modaz eta moduaz edo patroien formaz hitzegin gura nuke zurekin. Eztabaidak diseinuratzeko proposamenak beti dira ongietorriak nirean.