Radio Euskadi entzuteari utzi nion eguna

radioIzan zen gaztelaniazko irrati autonomiko publikoa oso gustura entzuten nuen garai bat. Berazategi eta Linaresen Euskal Graffiti oraindik antenan zegoen garaia zen.

Beste asko bezala, Levando anclas entzuten hasi nintzen gaztelaniazko irratiarekin aspaldi.

Gerora ere gustura entzun nituen Ganbara eta Jungla Sonora, asteburuetako Javier Vizcainoren saioarekin batera.

Baziren gustatzen ez zitzaizkidan gauzak ere, noski. Alabaina, oro har gustura entzuten nuen Radio Euskadi autoan edo sukaldean.

Azken aldian ordea, Lopezek Suriorekin irrati-telebistan aldaketak proposatu aurretik, asko aldatu zait Radio Euskadiren pertzepzioa.

Nire sinpatiarik ez zuen Lapitz bota zuten lehenik, eta “ETAren aldekoei” (ezker abertzalekoei, alegia) ahotsik emango ez zietela iragarri zuten gero.

Notizietan, beste norabide batean, baina lehen bezain partzialak izaten jarraitzen dute (bertsio ofizialaren jarraitzaile sutsuak dira, erakundeen morroi, kritikarako gaitasunik ia batere gabe) eta terrorismoaren deslegitimazioaren aitzakian, eztabaidarako eta iritzi trukerako behar ziren tertuliak baieztapenerako erritualak bilakatu dituzte. Informazio aniztasuna eta entzuleen aberastasuna bilatu ordez, propagandarako bozgoragailu gisa baliatuz irratia.

Eta hori ez da nik maite nuen irratia.

Atzo amaitu zitzaidan pazientzia. Ganbarako tertulian hiru analista zeuden: Vocento taldeko bi (Barriuso eta Viloria) eta Garako Iñaki Iriondo. Une batzuetan jasanezina izan zen Viloria jaunaren arrazoimen eta tonua (Iriondok, une batean sandwitxa egiten ari zitzaizkiola esan zuen). Iriondoren errespetuari faltatzeaz gainera (ez zion hitz egiten uzten), argudio eta topiko zerrenda amaiezin bat izan zen bere solas guztia.

Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. Ez dakit zergatik, gainerakoei onartzen ez zaien gailentasun morala aitortzen zaie analista unionistei irrati-saioko gidarien partetik, jokabide harro eta gaitzesgarriei atea zabalduz.

Atzoko Viloria jaunaren jokabidea errespetu falta bat izan zen Iñaki Iriondori, baina baita entzuleei ere.

Eta hala erabaki nuen atzo (denbora baterako) Radio Euskadi entzuteari uztea.

9 pentsamendu “Radio Euskadi entzuteari utzi nion eguna”-ri buruz

  • Txantxangorria 2009-10-15 15:23

    nik duela pare bat aste erabaki nuen Radio Euskadi ez entzutea. Informazio saioa entzuterakoan ia ez dakit Madridetaz, Euskaditaz edo Alemeriataz ari diren. Horretarako badugu COPE,RNE,SER,Onda Cero… Baina adiorik ez, EITB,geroarte baizik, hemendik 4 urterarte hain zuzen ere.

  • Entzun ezazue Euskadi Irratia, zorionez oso gutxi aldatu da. Eduki politikoa kendu diote, baina gauzak dauden bezala egonda ez gara kexatuko…

  • kaixo, Pozten nau ikusteak R.Euskadi entzuteari utzi dion bakarra ez izatea. Aldaketa ez zen nabaria hasieran, baina orain bai. Atzokoa ere, tamalgarria. Orain badakigu zer den irrati hau Vocento antzeko bat, Cope ikutu batekin.
    Ulertzen ez dudana honako hau da: zergatik abertzale askok vocentoko egunkaria erostea, saldutako aleak ez baitute islatzen gure gizartea.

    R.Euskadiri agur

  • Usten badidazue, Ser katearekin nire esperientzia kontatu nahi det. Gaztetxoa nintzenean Ser taldeko 40 principales entzuteari uko egin nion aspaldi: ez zuten inoiz jartzen euskarazko abestirik, Benitorena ez bazen. Nik tabernetan entzuten nituenak euskeraz edo beste hizkuntzatan) zentsuratuta zeuden. Urte batzuk geroago Ser irratia entzuten hasi nintzen: nere lankideek jartzen zuten. Egiten zuten gauza bat zen adibidez: John Lennonen “Imagine” ipintzen zuten (Imagine there’s no countries…) eta aprobetxatzen zuten nazionalismoei egurra emateko: “Bai abesti polita, zein egi borobilak esaten ditun, nazionalismoak XIX. mendeko gauzak dira, mugak gainditu behar dira, nazionalismoa bidaiatzen dezunean sendatzen da, eta bla bla bla”. Eta segidan gai hauek jorratzen zituzten: Espainiako futbol selekzioaren azken garaipena, Alfonso Alonsorena, Amenabarren edo Almodobarren arrakasta Estatu Batuetan, Latino Amerikako gaztelaniaren aberastasuna…. gai guztiak oso “internazionalistak”. Eta tartean PPren korruptelak (PSOErenak Estremaduran edo Andaluzian edo ez ziren aipatzen edo besteekin konparatuta haur bihurrikeriak ziren) Eta gainera Gabilondo: denbora guztian jendeari aholkatzen nola bizi behar duen. Nolabaiteko “apaiz laiko” bat izango balitz bezela! Behin mugak beretzako benetan zer diren erakutsi zigun: Santio bidea egiten ari zen Iparraldeko batekin hitz egin behar izan zun (nahi gabe) eta harek esan zion: “Iñaki, euskalduna al zera? Baita ni ere”. Gabilondok egin zion arrera oso oso hotza izan zen… ordea, atzerrian bizi zen eta espainola edo inkluso latinoamerikanoa zen edonorekin hitz egiten zuenen, beti oso jator.
    // Eta zergatik kontatzen det hau guztia? Ba, batetik deskargatzeko eta bestetik, PSOEk gobernua hartu zuenean pentsatu nuelako: eta orain zer? Radio Euskadirekin beste Ser bat egingo dute. Jodeeeer…! Orain ordea, ezin det nire epaia edo iritzia eman: aspaldin ez det irratia gehiegi entzuten: lantokian musika jartzen degu, eta askotan, Internetetik gainera. Badakit nire gurasoek behintzat, jarraitzaile sutsuak zirenak, irrati hori entzuteari utzi diotela.
    // PD: Gemma Nierga ordea maite det, profesional fina eta pertsona maitagarria iruditzen zait.

  • herri irratia entzun, xelebre xamarra da eta, lastima euskeraz ain gutxi jardutia bertan. baina bertan lan itendutenak oso pertsona unkigarriak-umanoak iruitzen zaizkit.
    radio euskadik eta abarrek oso melodia-doinu-entzute fuertegiak dituzte.

  • Iparraldeko biztanlea izanik, ez dut sekula nire burua Radio Euskadin aurkitu. Hori bai Realeko partiduen zuzeneko erretransmisioak gustura jarraitzen ditut hortan. Bestalde, ez naiz sekula Euskadi Irratiaren entzule fidela izan ere. Motela iruditu zait beti eta gobernu aldaketarekin, uste nuen inoiz baino gutxiago entzungo nuela. Eta hara non, kasualitatez, Jaime Otamendiren Mezularia entzuteko aukera izan dudan. Hori bai sorpresa ona ! Kalitatezko saioa, profesionala, freskoa, dinamikoa, parte hartzailea (Facebook)eta musikari muzin egiten ez diona. Zorionak !

  • ONDA VASCA ra pasatu naiz 2009-10-16 13:38

    mezularia nik oraindino ez naiz ohitu gehiago gustatzen zitzaidan Maite Artola zegoenean, eta goizez niri asko gustatzen zait Bizkaia irratia.Mikel Astelarra. Meza entzun ta gero zorion agurrak gero. jendearen poztazuna entzuteak gustoko dut.

  • pena bat Radio Euskadirena, lehen ganbararen entzule porrokatua nintzen baina orain gauez behintzat irratia ez dut entzuten orain i´pod-a hartzen dut. Hori bai, nekatzen naiz lehenago.

  • Tira, ba nik uste Radio Euskadirena txiki geldituko dela Euskal Telebistan izango diren aldaketekin alderatuta. Bertan egiten dut lan eta diodana zuzenean bizi dudalako diot. Ostegunean, zuzendaritzaren ildo edo kriterio politikoa konpartitzen ez zuten bi profesional euren karguetatik kendu zituzten, eta ostiralean hirugarren bat; bi albistegietako editoreak ziren eta hirugarrena editore-ordea edo laguntzailea. Euretaz fido ez zirela esan zieten, euren kriterio editorialaz alegia. Ez zieten esan profesional txarrak zirenik, edota albistegia aurrera ateratzeko gai ez zirenik. Ez omen zitzaien gustatu ETBko kazetari batek Otegi, Díez Usabiaga eta gainerako kideen atxiloketaren inguruan egin zuen bideoa (erreakzioen inguruko bideoa, zehazki esanda). Tira, zuzendaritza batek eskubide osoa du bere lantaldea zehazteko, baina beti ere irizpide profesionalak jarraituz. Egunotan ETBn gertaturikoaren ondorioz geroz eta argiago daukat Euskal Telebista Telemadrid bat bihurtzea dela zuzendarien asmo eta helburua. Albistegiarekin akabatuko dute. Ane Miren Lizarralde, Marian Etxeberria eta Sonia Hernando bezalako eskarmentu handiko kazetari profesionalen ordez, Ana Aizpiri eta Begoña Zubieta jarriko dituzte eguerdiko eta iluntzeko albistegiak zuzentzen, hurrenez hurren. Esperientzia handiko bi profesional baita ere, baina ez editore lanetan. Prest egon orain arte baino albistegi instituzionalagoak ikusteko, askori zaila irudituko bazaio ere.