Manadakoak aske, katana bana?

Manadakoak aske, katana bana? –

Manadakoak, emakume-samuraien esku izeneko artikuluan, irudimen-ariketa bat eginda, bost bortxatzaile horiek emakume-samuraien eskuetan uzten nituen, zigor-ebazpen lotsagarria ezagutu zelarik: Tomoe Gozam, Masako Hojo, Mochizuki Chiyome, Takeko Nakano eta Jingu enperatriza. Bi hilabete eskas iraganik, kalean ditugu basapiztiak, “Justizia espainola” oximoron bat dela berretsirik. Amorrua, samina eta sumina…

Manadakoak aske, katana bana?

Autodefentsa feministarako bidea baino ez zaie gelditzen gure alabei Sanferminetan, eta zapi gorriarekin batera gure alabek katana bana eramatea nahi al dute epaileek?

Altsasuko gazteak preso eta sakabanaturik, baina bost bortxatzaile askatu berriak etortzen ahal dira berriz ere Sanferminetara. Ustelkeriaren erresuman lapur esku-zuriek oro kakaztua, ustelek futbol mundialaren kea baliatzen dute dena estaltzeko; txiza egiten digute gainera eta euria dela erraten digute. Alta, jendartearen oihua ozena da: Justizia hau kaka hutsa da… Eta kakajalea koprofagoa bada, Espainiako jujeak koprojujeak dira. Eta ez izan zalantzarik: gero, juje horiek irribarre egiten dute gure lepotik begira ez gaudelarik.

Manadakoak aske, katana bana?Bai Manadaren kasuan, bai Altsasuko auziaren kasuan, juje horien epaiak probokazio hutsak dira. Izan ere, Nafarroan duela hiru urte gobernua galdu zuenetik, Eskuinak ez du oraindik estrategia eraginkor bat asmatu lehengo egoerara itzultzeko: ikurriñaren eta euskararen kontrako manifestazioek ez dute erdietsi haiek espero zuten arrakasta. Estatuak ere ahal duen guztia egin eta eginen du garai zaharretara itzultzeko, eta bi auzi horien epai ahalkegarriak erabili ditu giroa gaiztotzeko eta okertzeko. Madanakoen askatzea, bertze koska bat estutzea baizik ez da, ea buru-bero baten batek ez-egitekoren bat egiten duen.

Martxoaren 8ko, apirilaren 14ko, ekainaren 16ko eta iragan den asteko manifestazio jendetsuek frogatzen dutenez gero, oker dabiltza. Iruñean sekula ez da horrelako erantzunik ikusi karriketan, eta ez soilik kopuruari dagokionez; orain arte horrelako manifestazioetara joaten ginenoz gain, bestelako jendea ere ari baita horrelako manifestazioetara hurbiltzen… Zorionez!

Jarrai dezagun plazak betetzen, Nafarroan sekula izan diren manifestazio jendetsuenak ez dira alferrikakoak izanen. Bihotza bero, baina burua hotz!

Manadakoak aske, katana bana?

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.