Estreinaldiak: ekainak 29

Estreinaldiak: ekainak 29 –

Estreinaldiak: Ekainak 29

Estreinaldiak badatoz!

Egilea: Ainara Loiarte Mendizabal

 

On Chesil Beach

Ian McEwan idazlearen lana egokitu du Dominic Cooke zinegile ingelesak eta kritika onak jaso ditu maitasun istorio batean oinarritutako drama honek.

Ingalaterra, 1962. urtea. Florencek eta Edwardek 20 urte inguru dituzte, eta ez dira gizarte-maila berekoak. Inuzenteak, birjinak eta elkarrekin maiteminduta, The Beatles musika talde ezagunaren lehenengo LPa argitaratu aurretik, eta  Lady Chatterley’s Lover eleberria debekatuta zegoen garaian, ezkontzea erabakitzen dute. Chesil beach inguruko hotel batean igaroko dute euren eztei-gaua, eta gau horretan gertatutakoak euren bizitzak betiko aldatuko ditu.

Adrift

Benetako istorio batean oinarritzen da Baltasar Kormákur zinegile islandiarraren azken lana.  Bertan, bi gazte, Tami Oldham (Shailene Woodley) eta Richard (Sam Claflin) bere bikotea, belaontzi batean itsasoratuko dira, eta ozeanoaren erdian, inoizko ekaitzik handienarekin egingo dute topo. Urakanaren ostean, Richard zaurituta dago, eta Tamik aginte-makila hartu beharko du. Belaontzia hondatuta, eta janaririk eta urik gabe, bizirauten saiatuko dira.

Épouse moi mon pote

Inmigrazioa, laguntasuna eta homosexualitatea biltzen dituen komedia lana osatu du Tarek Boudali zinegile frantziarrak.

Yassine ikasle-bisarekin Parisera arkitektura ikastera joan den marokoarra da. Zoritxarrez, ez ditu azterketak gaindituko, bisa galduko du eta Frantzian paperik gabe geratuko da. Hori konpontzeko eta deportazioa saihesteko, Fred bere lagun minari berarekin ezkontzeko eskatuko dio.

Sicario: Day of the Soldado

Sicario filmaren (Denis Villeneuve, 2015) sekuela dakar Stefano Sollima zinegile italiarrak.

Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan, terroristekin trafikatzen hasi direnetik, droga-trafikatzaileen aurkako gerra areagotu egin da. Gerra horri aurre egiteko, Matt Graver (Josh Brolin) agente federalak eta Alejandro Gillickek (Benicio del Toro) taldea osatuko dute.

Casi 40

Malagako zinema jaialdiko Zilarrezko Biznaga irabazi berri du David Trueba espainiarraren azken lan luzeak. Urte askoren ondoren, kontzertuen bira xume batek berriro bidean elkartuko ditu gaztetako bi lagun. Emakumea (Lucia Jimenez) iraganean abeslari arrakastatsua izandakoa eta gizonezkoa (Fernando Ramallo) kosmetikako produktuak saltzen dituena dira protagonistak, eta gizonezkoa nerabe zenean maiteminduta egon zen emakumezkoaren ibilbide musikala bultzatzen saiatuko da.

Luis & the Aliens

Animaziozko film alemaniar honek hiru estralurtarren laguna egiten den 11 urteko haurraren istorioa kontatzen du. Euren objektu hegalari ezezaguna Luis izeneko mutikoaren etxean lurreratuko da eta estralurtarrek Luisen laguntza beharko dute etxera itzuli ahal izateko. Abentura zirraragarria izango da.

Formentera Lady

Malagako Zinemaldiko sail ofizialean parte hartutako lana da Pau Durà zinegilearena. 70eko hamarkadan Samuel Formentera hippyra heldu zen eta han jarraitzen du. Argirik gabe bizi da eta banjoa jotzen du lokal batean. Urte askoren ondoren, Anna bere alaba eta Marc biloba joango zaizkio bisitan. Anna aspalditik langabezian dago, eta Frantzian eskaini dioten lan bat onartu du. Horregatik, semea aitonarekin utziko du uhartean.

Estreinaldiak: ekainak 29
estreinaldiak
Gaiaren inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!

Euskal pantailaren gunea

Zer duzu buruan “Estreinaldiak: ekainak 29”-ri buruz

  • Luis & the aliens, estrenatuko da ERE euskeraz.
    Nik uste, hain eskasak izanda euskerazko bertsioa duten filmak, nabarmentzeko gauza bat dela.