Legeak eta zigorrak

Alemaniako Parlamentuak, Bundestagak, enpresa handietako zuzendaritzetan emakume-kopurua igotzeko neurria adostu berri du: konpainia handienetan ehuneko 30 emakumeak izan beharko dira. Norvegiak eta beste herrialde batzuek lehendik ere badituzte antzeko neurriak. Google pixka bat eginda, laster aurki daiteke informazioa. New York Times-ek esaterako, tarte zabala eman dio gaiari. Aipatzen du, adibidez, zer nolako eztabaidak izan diren, ezkerrak anbizio handiagoko portzentajea gura zuela, patronalari ez zaiola gustatu, eta bestelako erreakzioak. Baina, paradoxikoki, albistean ez da ageri zer gertatuko den enpresa batek kuota betetzen ez badu. Beste albisteren baten, oso azaletik, aipatzen da: lege-hausteak isuna izango duela, lege-hausteek izan ohi duten legez. Baina esandakoa, neurriaren funtsera doaz albisteak: zein neurri hartu den, zergatik hartu den (enpresa munduan berdintasuna oso atzean doalako) neurri hori, zein den egoera, eta abar.

Euskal Herrian ere, honen antzeko gairen bat izan da hizpide berriki, mendebaldeko erkidegoan. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideen dekretuaren betetze mailaren balorazioa egin dute, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Kontseiluak. Lehen ondorioa argia da: dekretua ez da betetzen ari. Zergatia ere badakigu: aurreko gobernuak bertan behera utzi zituen neurri betearazleak.

Legeak eta zigorrakBaina honaino helduta, eremu labainkorrean sartzen gara. Edukia argia da: enpresa handiek ez dute betetzen legeak euskarari eta euskaldun kontsumitzaileen eskubideei buruz dioena. IKEAz ari gara, El Corte Ingles-ez, BBVAz, Eroskiz. Ez gara ari Talleres Paco edo Mercería Loli-ri buruz. Baina detaile horiek behin eta berriz nabarmendu arren, inpresioa dut bestelako mezu bat iritsi dela jende askorengana, erdaldun ugari atezuan jarri dituena: euskaraz ez jakitea zigortu nahi da.

Bistan da, askoz errazagoa da azken mezu zuzen hori zabaltzea (euskaraz ez dakienari isuna), ñabardura gehiago behar dituen lehen adierazpenari baino (legea dago, eta enpresak ez dira betetzen ari). Ez dakit komunikazioaren zein unetan gertatu zen aldaketa, baina ondorioa zein izan zen bai: jende euskaltzaleenak justifikatu bai, baina oro har aurkako jarrera. Eztabaida publikoan, nolabait ezker abertzalearen bueltan ziharduten iritzi-emaileek defendatu bai, baina batek baino gehiagok konbentzimendu handirik gabe. Beste euskaltzaleren bat, zigorrak ez direla bidea esaten. Eta beste muturrekoak, asaldatuta, noski, euskal talibanen inposizioak direlakoan. Demagogia izango da, bai, baina inposizioa eta zigorra baino kontzientziazioa esaten badugu, berdin du zein gaitan, beti geldituko gara hobeto.

Ikusi dugu Alemanian hartu direla neurriak, ikusi dugu zelan desagertu den tabakoa tabernetatik, lege bidez eta horiek betearazteko neurriekin, baina honaino iritsita, euskaltzaleen eztabaidara helduta, uste dut onartu beharra daukagula eztabaida soziala galdu egin dugula gai zehatz hau planteatzerakoan. Zigorrean zentratu da beste ezertan baino gehiago. Agian ez euskaltzaleek hala nahita, agian euskararen aurkako indarren lorpena izan da erabilpen demagogikoa egitea. Horren aurrean, haserretu gaitezke, esan diezaiokegu gure buruari arrazoia eta eskubidea daukagula, baina eztabaida soziala irabazi ezean, alfer-alferrik da.

Badira honetan guztian askoz gehiago dakitenak, Joseba Kamio, Estitxu Garai eta beste hainbat. Susmoa dut, kasu zehatz honetan, legeaz hitz egin behar dela eskubideez baino gehiago: nabarmentzen badugu legea enpresa handiei dagokiela eta kontsumitzaile xumea konpainia erraldoiaren aurrean jarri, dendari txikia hor ez dagoela eta hori guztia, agian, konplizitate gehiago lor litezke. Baina eskubideak jartzen baditugu erdigunean, erraz irudikatu dezaket merkatari erdalduna atezuan: bai, orain El Corte Inglés zigortzeaz ari zara, baina eskubideak eskubide dira denda handian eta txikian, eta azkenean neu, dendaria, tabernaria, zigortuko nauzu euskararik ez dakidalako.

Azken batean, mezu batek hainbat oraleku izango ditu beti. Eskubideen ordez enpresa handiak eta zigorren ordez legea jartzen baditugu erdigunean, agian egongo da aldekotasun sozial handiagoa. Osterantzean, susmoa dut Legebiltzarrean neurriaren alde egon litekeen gehiengo abertzaleak ez duela honelako saltsatan sartu gurako, saltzen den mezu nagusia baldin bada abertzaleek erdaldunei isunak jarriko dizkietela.

Legeak eta zigorrak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude