Arrastoak (ekonomiaren dieta garratza irensteko, autolaguntzaren azukrea)

leon

 

Zinez gauza ederra dira autolaguntza liburuak, dena zure baitan dagoela erakusten baitizute, dena zure jarreraren araberakoa dela, dena etorkizunari begira baikorra eta orainari begira positiboa izatearen kontua. Ikuspuntua aldatzea da afera. Nik, adibidez, horrelako liburu bati esker ikasi nuen ez naizela itsusia, baizik eta munduko emaztekien %99k gustu txarra dutela, baina nire esku dagoela tronpatuak daudela erakustea eta nire edertasun objektiboan sinetsaraztea. Jarrera egokia izanez gero, itsusi ororen gibelean erran liteke limurtzaile bat dagoela altxatua; Quasimodo bakoitzaren atzean, Brad Pitt bat, kanpora ateratzeko desiotan.

Autolaguntzakoa ez den liburu batean, Julian Barnes-en ipuin batean hain zuzen ere, narratzaileak gogora ekartzen du Frantzian erabiltzen omen den esamolde bat –abokatu ororen gibelean badira poeta baten arrastoak–, eta bere buruari galdegiten dio ea kontrakoa ere egia ote den –poeta ororen gibelean abokatu baten arrastoak badirela, alegia–. Esaldia polita da, eta hainbat maneratan biderkatzen ahalko genuke, baieztapen orokorrak egiteko: adibidez, pailazo bakoitzaren atzean munstro baten arrastoak daude –beldurrezko zinemak aspalditik erakutsia duen bezala–; edo, soilik pertsona jakin bati begirako komentarioak egiteko: konparaziorako –Angel Erroren atzoko zutabea erabilita–, posible litzateke erratea Josu Erkorekaren atzean prentsa arrosako aurkezle baten zantzuak sumatzen ditugula, nahiz eta gero, jakina, baieztapen hori zabaltzen ahalko genukeen –eta, hedaduraz, euskal herritar ororen gibelean badira Tele5ko ikusle baten arrastoak–.

Poeta baten hondarrak aurkitzen ahal ditugu politikarien atzean? Zailxeagoa da naski. Behin, zoriontsuago ziren garaietan, poesiari buruz mintzatu behar izan zuen Jordi Pujolek olerkari baten omenez egindako ekitaldi batean. Poesia, erran omen zuen artean molt honorable zenak, herri txiki bateko tranbia bezalakoa da –lagun katalan baten ahotik ikasi nuen anekdota, eta hark herri zehatz bat aipatu zidan, baina berehala lekutu zen nire memoriatik, orduan ez bainekien noizbait pasadizoa testu batera ekarri nahiko nuela–: tranbia badoa goiti, eta gero beheiti, eta gero berriz goiti, eta inor gutik erabiltzen du; egia aitortzeko, tranbiak ez du deusetarako balio, baina polita da, apaindu egiten du herria, hunkigarria ere bada zenbaitendako, eta, horregatik atxiki behar dugu. Horiexek Pujolen hitzak, haren lotsarako liburu batean ere bilduak omen daudenak.

Gizaki batek denbora luzea pasa dezake deus ere jan gabe; poesiarik gabe, ezta egun bat ere, halaxe idatzi zuen Charles Baudelairek; ez zebilen, beraz, sobera ados Pujolekin, hark egunero erabiliko baitzukeen tranbia. Edo, akaso bai, ados zegoen; edo ados egonen zatekeen politikari katalanaren iritzia ezagutu izan balu –Pujolen gurasokeria alde batera utzita, betiere–, dandia baitzen Baudelaire –dandia: XIX. mendean hipsterra errateko erabiltzen zen hitza–, herritar arruntaren zitalkerien eta burgeskerien mespretxatzaile, eta, haren ikuspuntutik poesiak –tranbiek ez bezala– ez zuen zertan balio praktikorik izan: berehalako erabilera praktikorik ez izateak are baliotsuago bihurtzen zuen poesia.

Gazte nintzelarik, batez ere Luis Antonio de Villenaren Corsarios de guante amarilloEskularru horiko kortsarioak– saiakera irakurri nuenetik, nik ere amets egiten nuen dandia izatearekin; baina, hondarrean, frikia izatearekin konformatu behar izan dut. Halere, beharbada friki ororen gibelean dandi baten arrastoak badira, edo, apika frikia da XXI. mendean dandiak izendatzeko erabiltzen den solasa. Auskalo: bertze poeta batek, Wallace Stevensek, erraten zuen garai bakoitzak sailkatzeko sistema bat dakarrela –each age is a pigeon-hole: bai, nire itzulpena libre samarra da–.

Hori nolanahi den ere, poeta horrek bertze aforismo batean zera erraten zuen: dirua poesia mota bat da. Eta hor bai, hor erraten ahalko genuke Pujolen gibelean, eta, hedaduraz, politikari guzien –edo gehienen– gibelean badirela poeta baten arrastoak. Beharbada, bertzalde, XXI. mendean dandia izendatzeko erabiltzen dugun hitza –horren kontziente izan gabe– ez da frikia, ezta hipsterra ere; beharbada, ekonomista da edo finantza ministroa. Zeren, politikaren prosa guzien eskura bada ere, diruaren mekanismo misteriotsuen poesiaz arduratzen baitira gaur egungo ekonomistak eta finantza-adituak; eta garai bateko dandiek bezala, hauek herritar arruntaren txikikeriak eta burgeskeriak mespretxatzen dituzte. Berriki, Espainiako telebista kate batean, Angela Merkelen ekonomia kontseilari Jürgen Donges-ek erran du gaur egun hautatu behar dela prekarietatearen edo langabeziaren artean, ez dela bertzerik, jendeak urteak baitaramatza bere baliabideen gainetik bizitzen; eta Wolfgang Schäuble Alemaniako Ogasun ministroak adierazi du Hegoaldeko Europako gazteek ez dutela lanik aurkitzen, beren sorterritik alde egiteko prest ez daudelako: diruaren poesiaren bolizko dorrean bizi diren dandiendako, klase ertainaren ameskeriak dira soldata duinak, gutieneko lan egonkortasuna edo sorlekutik alde egin nahi ez izatea.

Betidanik, ofizio latza izan da poesiarena, soila, gogorra, austeroa, eta austeritate horrek publiko urria –jendea ezjakina baita– izan du beti. Beharrik dibulgazio lanak badiren. Joan den astean, ikastaro baten berri eman zuten Euskal Telebistan: autolaguntza ikastaroa zen, lana aurkitzeko jarrera egokia izaten erakusten zuena. Albistean, mutil bat ageri zen, aitzinat joan nahi zuen neska bati kontu egiten: mutila –azaltzen zuen irakasleak albistean– gure beldurra da, edo gure jarrera negatiboa, edo gure ezkortasuna, aurrera egitera uzten ez diguna; jarrera positiboa hartuz gero, lana aiseago aurkituko dugu. Horrelako mezuek bi abantaila dute: alde batetik, ezti pixka bat gehituta –baina pixka bat es mucho–, maisuen poesia latza errazago irensten du jendeak –gauza ezaguna baita poesia zenbat eta melengagoa, orduan eta popularragoa dela–; eta, bertzetik, langabeziaren problema erantzukizun pertsonalaren alorrera mugatzen da: lanik aurkitzen ez badut, beharbada jarrera desegokia dudalako da, ez politika jakin batzuen ondorioz –adibidez, espekulazioa babesten duten politiken ondorioz, edo gauza ororen gainetik zorra ordaintzea lehenesten duten politiken ondorioz– lan merkatua arrunt gaizki dagoelako–.

Ekonomiaren dieta garratza irensten laguntzen du autolaguntzaren azukreak. Iduri luke herritar ororen gibelean diabetiko baten arrastoak badirela; galdera da ea noizbait igarriko ote dugun iraultzaile baten arrastorik

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Arrastoak
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude