Lanperna karrika, 13

Lanperna karrika, 13

Lanperna karrikako hamahirugarren zenbakian sentitu nintzen atzo une batez.

Oso erraza egin zait betidanik komikiak irenstea, formatu irakurterraza eta bizia da. Gaztelaniaz Francisco Ibañezen lanak irakurri nituen bereziki: Mortadelo eta Filemon, Zipi eta Zape, Rompetechos… Bazen oso gogoko nuen bere beste komiki bat, 13 Rue del Percebe.

lanpernaNik uste dut komiki horren gidoilari berak ere ez zuela horrelako inkesta planteatuko. Euskadiko Gobernu Irekiak (@irekia) galdera itxi xamarrak egiten dituelakoan nago. Honako argazkia zabaldu zen sare sozialetan herenegun, eta kritika ugari jaso ditu. Naiz hedabidean agertzen denaren arabera, Jaurlaritzak dagoenekoz hirugarren galdera erretiratu du, hori baita, dirudienez, ika-mika handiena sortu duena. Baina niri denak sortzen dizkidate zalantza dezente.

Eusko Jaurlaritzarren zigilua daraman galdetegia da, eta honako galdera luzatzen diete herritarrei, beste askoren artean: “Hurrengo zerrendan mota askotako jende taldeak daude. Zehaztu ahalko zenuke zeintzuk ez dituzun nahi bizilagun bezala?” Zerrenda, ikusten duzuen bezala, oso esanguratsua da. Irudipena izan dut, gainera, zerrenda horretako ezaugarri asko betetzen ditudala, beraz hainbat gauza argitu nahi nituzke.

1.- Aurrekari penalak dauzkan jendea: nire familian ia danok dauzkagu aurrekari penalak, gatazka politikoarekin lotutakoak. Burujabetzaren alde edota eskubide zibil eta politikoen defentsan jarduteagatik dauzkagu. Ez dut uste nire bizilagunei asko axola zaienik hori, aurka dagoenari ere ez dio kenduko loa gauetan; nire bizilagunen artean Urkullu ez dagoelako, noski, aski garbi utzi baitzuen mugimendu sozialek ez diotela grazia handirik egiten. Parez pare jartzen dituzte aurrekari penal guztiak, edozein motakoak direla ere.

lanperna2.- “Beste” arraza bateko jendea: esan beharreko asko esan nituen pasa den hilean idatzi nuen artikulu batean, “S.O.S. Klasismoa“. Ulertzen dudana da galdera hori bera beltz batek irakurriko balu, zentzu handirik ez lukeela izango, bestela ez zen Euskal Herrira etorriko; zurientzako galdera bat dela, alegia.

3.- Ezker muturrekoak, borrokak: uf, nondik hasi… Lerro hauek idazten ari naizen bitartean espainiar indar okupatzaileak hainbat lagun atxilotzen dabiltza Bilbon, ezkertiarrak izan eta Kurdistanen euren laguntza eskuzabalki ematen aritu direlako (diotenez). Horrelako pertsona bat aldameneko etxebizitzan izateak ez ninduke batere arduratuko. Elkartasuna eta konpromisoa agertzen duen jendearekiko mesfidantza erein da urteetan zehar instituzioetatik. Galdetegi politiko bat da, ongiaren eta gaizkiaren ardatzak markatzen dituena, eta Jaurlaritza eta jeltzaleak guztiaren gainetik daude. Hor ez dute galdetzen Balza, Ares edo Erkoreka bezalako jendearen edota kuartel baten aldamenean bizitzeak arduratzen gaituen.

4.- Asko edaten duen jendea: blokeko bizilagunok gehiegi edaten dugu? Asko eguerdi eta arratsaldetan poteatzen ibiltzen dira, egunero, eta lepoa jokatuko nuke otorduetan ere ez diotela muzin egiten ardoari. Euskal Herrian jende gehienak ia egunero edaten du, ia egunero eskaintzen diogu uneren bat zurrutari. Zertaz ari dira asko edaten duen jendeaz galdetzen dutenean? Edale sozialak ez direnak, beharbada? Etxean bakarrik edaten dutenak? Edan txarra dutenak? Zer da asko eta zer gutxi?

lanperna5.- Eskuin muturrekoak, neonaziak: begira, ba Deustun ba omen daude batzuk, eta bertako bizilagunek jada adierazi dute asaldatuta dabiltzala, inongo inkestaren beharrik gabe. Baina orain herritarrak labanekin zauritu edota jipoitu ez dituzten militanteak atxilotzen dabiltza Bilbon. “#JeSuisParis” edo antzekoren bat jarri bazenuten sare sozialetan, jakin poliziak jazarri duen jende hori dela Estatu Islamiarraren aurka benetan borrokan aritu dena (akusazioak egia badira). Frantziarena itxurakeria izan da, bi hegazkin albistegi batean bonbak botatzen eta listo. Borrokan irakiarrak, siriarrak, Hezbollah, Errusia eta internazionalistak ari dira.  Horretaz gain oso adierazgarria da ezker muturreko “borrokak” eta neonaziak galdetegi berean parekatzea.

6.- Emozionalki egonkorra ez den jendea: pertsona bakoitzaren barnealdea mundu bat da. Denboraldi txarra pasatzen ari den norbait izan daiteke; edo gaixo egonda laguntza behar duena. Pertsona horiei patriarkatuak nola eragiten dien da, esaterako, nire arduretako bat. Alaba hil duen nazkagarria ez da emozionalki egonkorra izango, baina jarrera patriarkala da ardatza, nik uste. Kuriosoa da, argazkian behintzat, ez dira talde ez desiragarri bezala ageri erasotzaileak.

lanperna7.- Ijitoak: jendartearen aurreiritzien isla da ijitoak ere zerrendan egotea. Sozialki ez daude ongi ikusita, begi bistakoa da, ez naiz ezer berririk kontatzen ari; aspalditik jasan dute bazterketa ijitoek, beharbada klase jendarteak historian zehar ezarri dituen lan harremanetan ez direlako ondo egokitu, termino orokorretan. Ez dakit, esparru honetan nire ezjakintasuna handia da. Dena dela, deseraikitze lana egitea ere komenigarria dela deritzot, eta bi gauza etortzen zaizkit burura: batetik, eta komikigintzarekin jarraituz, “Miguel eta Nekane” izeneko komikiak ijito herriaren historiaren hainbat pasarte kontatzen dizkigu, eta horrek egoera garaikidea ulertzeko gako batzuk eman ditzake; bestetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek nola integratzen duten ijitoekiko diskurtsoa euren lanetan aintzat hartzeko modukoa iruditzen zait.

Naiz hedabideak zabaldutako albistearen arabera, Lakuak azaldu du inkesta duela hogei urte egindako baten kopia zela, eta jendarteak izan duen eboluzio soziala neurtzeko erabili dutela berriz. Baina, dirudienez, hirugarren galderak utzitako emaitzak ez zituzten argitara eman 1996an, eta horrek, Iñaki Iriondok esan bezala, beste zalantza bat jartzen du mahaiaren gainean: egin ziren galderak egin zirela, zenbait erantzun ez ziren argitaratu?

Lanperna karrikako hamahirugarren zenbakian burutik jota jarraitzen dugu. Bada garaia administratzailez aldatzeko. Edo administrazioa bera da aldatu beharrekoa? Ez dakit, galdetegi bat egingo dut.

Lanperna karrika, 13
beñat, Galdetegia, hach embarek, karrika, lanperna
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude