Kolektibotasunetik duintasunera martxan

Kolektibotasunetik lortu nahi dute duintasuna Movistarrentzat lan egiten duten teknikariek. Iazko bi hilabete luzeko grebaren ondoren, gauza gutxi lortu dituzte Bilboko eta Bartzelonako langileek; ez dute, oraindik, prekarietatea egunerokotasunetik baztertzea lortu. Dena den, indartsu daude eta Correscales ekimena abiarazi dute: Bilbotik Bartzelonara doan martxa.

Kolektibotasunetik

Marea urdina deitu zioten iaz bi hilabetez egindako grebari. Bertako bozeramaileek azaldu dute lorpen gutxi batzuk baino ez zituztela lortu eta, gainera, 60 behargin baino gehiago kaleratu zituztela.

Egoera honen aurrean, Europako bigarren errelebo-lasterketarik luzeena egingo dute. Bilbo eta Bartzelona lotuko dituen “prekarietatearen aurkako martxa”, alegia. Otsailaren 18an abiatuko da Bilbotik, eta 800 kilometroren ostean, otsailaren 22an, iritsiko da Bartzelonara. Amaierak bat egingo du Mobile World Congress azokarekin eta, noski, ez da kasualitatea. Kongresuan parte hartuko duten enpresei mezua helarazi nahi diete: “Teknologia enpresa aurreratuenek prekarietatearen eskailerak dituzte oinarri”.

Correscales ekimenean parte hartzeko deia zabaldu dute Movistarreko teknikariek. Borroka horretan, kolektibotasunetik eta elkartasunetik erantzun bateratua emateko beharra azpimarratu dute.

Ibilbidean zehar hitzaldiak eta manifestazioak antolatu dituzte. Prekarietatearen aurka izerdituko dira Movistarreko teknikariak, ea helmugan eskubideak irabazten dituzten.