Maialen Lujanbio, Lehendakaria deszifratzen

Maialen Lujanbio, Lehendakaria deszifratzen

Maialen Lujanbio andreak, bete-betean asmatu du beste behin, eta Iñigo Urkullu Lehendakari jaunaren Me alarma que movimientos sociales sin responsabilidades condicionen Cataluña esaldiak azpian gordetzen duena azaleratu; Euskadi Irratian. Baditugu arrazoiak, gure agintariengatik ez bada, gutxienez artistengatik harro egotekoak.

Egin klik audioa entzuteko.

Maialen Lujanbio, Lehendakaria deszifratzen

Sinonimoen ekuazio bat

Sinonimoen ekuazio bat Lehendakariaren esaldi hau deszifratzeko:
“Me alarma que movimientos sociales sin responsabilidades condicionen Cataluña”.

Euskarara ekarrita, “me alarma”, larritzen nau, “que movimientos sociales”, herri mugimendu, “sin responsabilidades”, ardurarik gabeek, edo… arduragabeek esan nahi ote zuen? “condicionen Cataluña”, baldintza dezaten Euskadi. Larritzen nau herri mugimendu ardurarik gabeek baldintza dezaten Catalunya, edo Euskadi, edo egonkortasuna.

Sinonimoen ekuazio batean, demagun, larritzen nau kultur mugimendu arduragabeek baldintza dezaten kultur politika, edo larritzen nau langile mugimendu bezatu gabeek baldintza dezaten industria.

Bestela esanda, beldurtzen nau bidezidor urratu gabeek baldintza dezaten zuzenbidea, edota urduritzen nau kotoizko kamisetek baldintza dezaten uniformea, hobe esan, uniformetasuna.

Ikaratzen nau diru goserik gabeek baldintza dezaten banku sistema.

Nerbiosten nau bestelakoaren konspiratzaileek baldintza dezaten legea, araua, moldea; eta jende ekinak baldintza dezan etekina.

Esan nahi baita, kezkatzen nau eme desafiatzaile lotsarik gabeek, baldintza dezaten gizalegea, hots, gizon legea.

Asaldatzen nau pasioaren aktibistek baldintza dezaten ordena, edo preokupatzen nau ar-emeen harreman kontratu gabeek baldintza dezaten familia.

Gogaitzen nau jende beldurrik gabeek baldintza dezaten segurtasuna eta kontrola.

Beraz, izutzen nau eszeptikoen asanbladek baldintza dezaten gure parrokia; alegia, larritzen nau guztien esku-hartzeak baldintza dezan gure eskumena, eta hiritarren buruetan dagoenak baldintza dezan gure eskuetan dagoena.

Ondorioz, eta ekuazioaren emaitzan… zerbait gaizki egin izango dut, hau ezin da izan emaitza zuzena: larritzen nau hiritarren iritzi libreek baldintza dezaten demokrazia.

Maialen Lujanbio

Maialen Lujanbio, Lehendakaria deszifratzen

Euskadi Irratia, lehendakaria, Maialen Lujanbio, sinonimoak, urkullu
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

12 pentsamendu “Maialen Lujanbio, Lehendakaria deszifratzen”-ri buruz

  • JEL: Jainkoa, Espainiera eta Lagizarra 2016-01-14 09:54

    Ibarretxek “Gure esku dago” maite badu, Urkulluk “Confebasken esku dago” nahiago du.
    Ederra aldea!

  • Piriniotarra 2016-01-14 12:26

    Beharbada, sinonimoen ekuazioan beste zenbait esaldi ere gehitu daitezke. Nik bat proposatzen dut:

    “Axolatzen nau biktimenganako enpatia gabeko artistek (edo bertsolariek) baldintzatu dezaten elkarbizitza”

  • Peru Dulantz 2016-01-14 13:20

    Oso ondo deskribatu du Maialenek lehendakariaren eta, beraz, PNVren pentsamendua.

  • Kategoria dialektikoa. Lujanbio 10 – Urkullu 0.

  • bertsolari onek bere ideologia dauka

  • Lujanbio andrea, lehendakari!!!!!

  • Ganbaratxoatik 2016-01-15 13:17

    Petronor, BBVA, IBERDROLA,… Responsable izango dira jakina, horien esku egotea badago.
    Ikastolak, Birziklaia, Hezkuntza eta osasungintza publikoa, langileen lorpen historikoak,…… EAE-ko autogobernua….. Urkulluren Lehendakaritza…. Lortzeko, konkistatzeko, hainbeste lan egin duten HERRI MUGIMENDUAK ez dira erresponsableak, ez dute ardurarik, ardurabakoak dira?????

    Haizea hartzera bidaltzeko modukoa!!!

  • harrituta geratu naiz Maialenen mezua zenbateraino biralizatu den sarean eta baita watsapp-en!
    zerbaiterako balioko ahal du…!

  • Piriniotarra 2016-01-19 12:30

    Hitz joko edo lore jolasen esparruan, Maialenen okurrentzia ederra litzateke. Baina Urkulluk egin duen esaldia ezbaian jartzeko ez du balio.

    Aurrena, lehendakariak esandakoa desitxuratu egin du, zatirik esanahigarriena ezabatuz. Esan daiteke Diario Vascok destakatu duen titularra dela Maialenek erabili duena, baina egunerokoan titularra ezezik adierazpen osoa ere irakur zitekeen.

    Hara hemen, lehendakariak esandako frase osoa:

    “En cualquier caso, me resulta alarmante que se altere el sistema de proyectos que comprometen a los partidos ante la sociedad, ante la que rinden cuentas de manera reconocible, por un sistema de personas condicionadas por movimientos sociales sin ningún tipo de responsabilidad y con proyectos contrapuestos.”

    Pasartean, herria edo gizarteari ‘kontu ematea’ da oinarria. Gizarte-mugimenduen erantzukizunez ari denean, dudarik ez dago herriaren aurreko kontu emate garbiaz ari dela.

    Hemen gaia da, beraz, nola kontzebitzen dugun politika demokratikoa. Herriaren zati ezberdinek baldintzatu dezakete (eta baldintzatzen dute) politika beren sailaren aldera, Maialenek esaten dituen guzti horiek ere bai.

    Oso ondo esana dago, demokraziaren oinarriak zabaltzeko balio lezakeelako, politika bere orokortasunean baldintzatu nahi duten alderdi, mugimendu edo taldeen herri-babesa ezagutu behar dela.

    Eta printzipio bezala, honek berdin balio du Iberdrola, Gure Esku Dago edo Bertsolarien Elkartearentzat.

  • Lore joko usteletik gutxi eta egia biribil ederretik dena daukate Lujanbiok botatakoek. Tximinoa gura duzun moduan jantzi daiteke, baina uzkia bistan utzia duela ezin uka. Tximino aspergarri jauntxotua, boterea batzokiko milaka ordutan bereganatua, sokako ez den inongo zarpailekin konpartitu nahi ez duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude