Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena

Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlan akordioa sinatu dute

Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmenaHekimen Euskal Hedabideen Elkarteak eta UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena sinatu dute, gaur, Bilbon. 2012an elkartearen eta hainbat ikerketa talderen artean hasitako bideak babes instituzionala jaso du horrela, eta lankidetza markoa ezarrita geratu da erakunde akademikoen eta euskal hedabideen artean. Sinatzaileak izan dira: Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran; Fernando Plazaola, UPV/EHU Ikerketa arloko errektoreordea, errektore lanetan; Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa.

Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmenaLankidetza horren oinarriak hauek dira: ikerketa, berrikuntza eta prospektiba garatzea, euskal hedabideen datu basea sortzea, irakasleen eta profesionalen komunitatea sortzea eta euskal hedabideei buruzko topagunea garatzea, eta, besteak beste, euskal hedabideen sektorea indartsuagoa eta eraginkorragoa egiteko helburua dute.

Hain zuzen ere, unibertsitateen eta Hekimen Elkartearen arteko lankidetzak, aurrerantzean, honako helburu hauek izango ditu:

  • Euskal hedabideen arloko ikerketa eta berrikuntzarako gune bat zehaztea, erakunde sinatzaileen arteko lankidetzarako sinergiak eta dinamikak hobetuko dituena.
  • Unibertsitatearekin elkarlanean, euskal hedabideen balioa sustatzea, berrikuntzarako eta ezagutzaren transferentziarako estrategiak elkarren artean banatuz eta gizartearekiko loturak sendotuz.
  • Elkarren artean euskal hedabideen eta haren inguruko ikertaldeen ikusgarritasuna bultzatzea, komunikazioak eta euskarak gizartean daukan zeregina indartuz.

Gaurko prentsaurrekoan, eragileek azpimarratu dute sektorearentzat ez ezik, unibertsitateko ikerlarientzat Behategiak daukan garrantzia, lankidetza gune berria irekitzen duelako euskal hedabideen eta komunikazioko adituen artean, eta ateak zabalik dituelako bai administrazioentzat nola sektore publikoarentzat.

Elkartea eta bost ikerketa talde

Hekimen Elkartea 2012an sortu zen, eta gaur egun Euskal Herri osoko 50 komunikabide baino gehiago daude elkartean, prentsa, telebista, irrati eta internetekoak. Sortze beretik helburu horixe jarri zion bere buruari: euskal unibertsitateekin gune bat garatzea, sektorearen errealitatea hobeto ezagutu ahal izateko. Hiru unibertsitateetako hainbat ikerketa talderekin azken hiru urteotan egindako lanaren ondorioz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalbiltzaren babesarekin, elkarlanaren lehen fruituak jaso dira; hala, euskal hedabideen datu basea diseinatu eta garatu da, hainbat ikerketa lan bultzatu dira eta Euskal Hedabideen lehen Urtekaria argitaratu da.

EHUUPV/EHUn hiru ikerketa talde ari dira bereziki euskal hedabideen inguruan lanean. Nor taldeak literaturaren berrikuspena eta euskal komunikazio espazioaren inguruko ikerketa egiten dihardu. HGH ikertaldeak (Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza) kalitate indizeak eta helburuak lantzen ditu euskarazko komunikazioen eskaintza etengabe hobetzeko. Europako Hizkuntza Gutxituen Hedabideak eta Kazetaritza (HEKA) ikertaldeak, azkenik, urte asko daramatza euskarazko hedabideen egituraren analisia osatzen.? Talde hauetaz gain, UPV/EHUk Euskal Unibertsitate Sistemako beste ikertalde batzuk dauzka, Euko Jaurlaritzak aitortuak eta I+G lan handia egiten dutenak komunikazio eta kulturaren, kazetaritza eta komunikazioaren, hedabideen eta Interneten eta komunikazio eta hezkuntzaren arloan, besteak beste; gainera, unibertsitateak badu Komunikazio eta Hezkuntza Balioak Unesco Katedra, Unesco UniTwin Sarean integratua.

Mondragon_unibertsitatea-loMondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) HEZIKOM ikertaldeak euskarazko ikus-entzunezko eta kazeta produkzioa aztertzen du, haren kontsumoa eta gizarte proiekzioa, baita euskarazko hedabideen etorkizuneko erronkak ere. Talde honen helburua, nagusiki, honako hiru arlo hauek ikertzea da: ikus-entzuneko produktuen, komunikabideen eta Interneten proiekzio soziala eta beren eragina hezkuntza-eragile bezala; ikus-entzunezkoen erabilera ikaste-irakaste prozesuetan; eta Euskal Herriko euskarazko tokiko komunikabideen sareak eta baliabideak.

deustoDeustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua, Mondragon Unibertsitateko eta UPV/EHUko zenbait irakaslerekin batera, proiektu bat ari da garatzen euskarazko komunikabideen kontsumoa modu kualitatiboan ikertzeko. Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko Komunikazio Sailari atxikitako Komunikazioaren gaineko Ikerketa Taldeak, halaber, Eusko Jaurlaritzaren aitortza ofiziala lortu zuen 2012an.

Orain arte egindako lanak

Euskal hedabideen datu baseari dagokionez, Hekimen osatzen duten komunikabideen finantzazio datuak, egiturazko datuak edo audientzia datuak biltzeari ekin zaio. Kontuan hartuta laster datu baseak izango duen izaera, zalantzarik gabe esan daiteke sektorearen beraren eboluzioa ulertzeko ezinbesteko tresna izango dela, nola sektoreko enpresentzat, hala unibertsitate ikerlarientzat.

Behategiaren babespean, halaber, Interneteko kontsumoari buruzko datuak sistematikoki bildu eta ustiatzeko tresna garatu dute hedabideek 2015ean, Hekimen Analytics izenekoa. Hari esker, euskal hedabideek, hogeita hamar adierazle baino gehiagoren bidez, sareko kontsumoaren nondik norakoa ezagutu dezakete, alderaketak egin ditzakete gainerako komunikabideekin, eta sektorearen beraren eboluzioa aztertu dezakete. Kontsumoa bera eta haren eboluzioa aztertzeko, bestetik, hainbat lan egin dira Behategiaren babesean, eta hainbat aldizkari akademikotan argitaratu dira.

Behategiaren finantzaketa publikoari esker, era berean, Mondragon Unibertsitateko Hezikom taldeak euskal hedabideen balio sozialaren inguruan garatzen ari den ikerketa lana lagundu du Hekimen elkarteak. Ikerketa lan horren helburua da sektorearen ekarpen soziala balioan jartzea.

Euskal Hedabideen Urtekaria abenduaren 7an aurkeztu zen Durangon, Azokaren barruan. Azken urteotan euskal hedabideen inguruan unibertsitatearen esparruan osatu diren ikerketen lagin esanguratsua jaso da.

Gaur sinatutako hitzarmenaren ondorioz, lan hauek, aurrerantzean, lankidetza marko jakin baten babesean egingo dira.

Bilbo, 2016ko 14an

Hekimen – Euskal Hedabideen Elkartea

hekimen

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.