Azken ilaratik, miopia eta bertsogintzaz

Azken ilaratik, miopia eta bertsogintzaz.

Klaseko azken ilarak bizitzaren perspektiba aldatu zidan. Ormaiztegiko eskolan ume gutxiago ginen garai hartan; 60ko hamarkadan jaiotzen leherketa egon zen bezala, 80koan beherakada itzela izan zen, eta nire ikasgela horren isla zen. 9 haur ginen 1300 biztanleko herri batean, pentsa. Beraz, azkeneko ilara esaten dudanean ez pentsa bizkarra fondoko horman neukanik; baina hala ere, ikuspuntu erabat berria izan zen.

Zortzi urte nituela kurtsoz pasa eta beste gela batera joan ginen, beste irakasle batekin. Ordu-arte, nire egunerokotasunean idatzizko komunikazioak zeukan presentziaren erakusle nagusia aurreko urteko andereñoaren letra zen: arbelean, garbia, biribila, eta bereziki, handia. Baina irakasle berri hark letra txiki, makur eta zapala zeukan; beno, niretzat behintzat, besteak ez ziren sekula kexatu. Begiak txilotzen nituela jabetzen hasi, eta hurrengo pausua, aurreikusiko duzuen bezala, optika izan zen.

miopiaPrimeran oroitzen naiz egun hartaz. Amaren eskutik joan nintzen Beasainera, eta lehen aldiz ezagutu nuen optika bat. Betaurrekoak zeuzkan oftalmologo batek egin zigun harrera. Ez zaizue iruditzen oftalmologo askok erabiltzen dituztela betaurrekoak? Zer pentsatua ematen du bistatik operatzeko erabakia hartzeko garaian. Ea, harira. Aulki handi batean jazarri ninduten tramankulu zelebre horren aurrean, eta nik ez dakit zenbat denbora igaro eta gero, berria eman zigun: 2,5eko miopia neukan.

Bai, zuzeulari maiteok, bi kako bortz. Ez nituen urrutiko seinaleak irakurtzen, ez jendea ezagutzen, ez baloia ondo ikusten. Umeak epe motzera begira bizi dira (umeak ez diren batzuk ere, ze demonio); ba ni epe motzeko perspektibaz bizitzeaz gain, distantzia laburrera bizi nintzen, denbora eta espazioaren nahasketa herren batean. Futbolean jolasten Daredevil superheroi itsuaren abilidadeak garatu nituen, zaratarengatik orientatzen nintzen, edo oihuengatik, hobeto esanda: “Hatxen! Hatxen! HATXEN, HEMEN OSTIA!”

Ez dut sekula ahantziko betaurrekoak jarri zizkidaten eguna. Mirakulua! Ze argi ikusten nuen nire amaren aurpegia, ze garbi kaleetako mugimendua, ze definituta Goierri inguratzen duten mendizerrak. Itzulera kotxeko leihotik begira pasa nuen. Hurrengo egunetik aurrera arbelean zegoen guztia ederki ikusten nuenez, nire notak ikaragarri hobetu eta klaseko onena bihurtu nintzen (gezurra), futbolean nire potentzialitate osoa atera eta atsedenaldiko kapitain izendatu ninduten (iruzurra), eta kolpeak noiz zetozen aurreikusi nezakeen, Daredeviletik Spidermanera jauzi eginez (zakurraren putza). Nire bizitzak hobera egin zuen, asko (egia berdaderoa).

Pixka bat haserretu ere egin nintzen, onartu beharrean nago. Uste nuen mundua nik ikusten nuen bezalakoa zela, eta keba, ederragoa, koloretsuagoa, HD-agoa zen. Ba abisatu, kopon!

Iruditzen zait jende askok pentsatzen duela mundua berak ikusten duen bezalakoa dela, baina optikatik pasa eta betaurrekoak janztea falta zaio. Ezpala gaztetxea hustea herriarentzat onuragarria dela iruditzen zaion tolosarra (#EzpalaAurrera); edo billabesa batean bi emakumeri elkar ez musukatzeko eskatu dien andrea (#VillaBesaSudurrarenPuntanJartzenZaizuna traola elebiduna da nire proposamena); edo Barakaldon “baratze bat nahi deizut egin” metaforikoki abestetik literalki ereitera pasa den lagunaren aurka epaiketa bat egitea zilegi dela iruditzen zaion hiritarra.

Klase borrokaz, hetero-arauaz eta jabetzaz gaindi, norberaren mugak birrintzeko ere balio du bistako testa egiteak.

Duela urte batzuk herriko gazteon artean galdeketa bat egin genuen, eta argi eta garbi geratu zen zein zen ardura nagusia: herrian ez zegoela aisialdirako aukerarik. Ezer berririk ez, Euskal Herriko hamaika herritan daukate problematika berdina. Egoera horretatik abiatuta, astean zehar herrian tailer autogestionatuak egitea erabaki genuen, gazteongandik gazteontzat. Horrela sortu zen herrian aurretik ez zegoen gune bat: bertso eskola.

Bertso mundua, ordu-arte, distantziatik ikusi nuen; gustura oso, baina urrutitik, eta gainera, miope. Banituen lagun bertsolariak, banituen adiskide bertsozaleak, baina inoiz ez nintzen oso amorratua izan. Bertso afariak beti izan ditut gogoko, jan eta edan majo egiten delako, baino ez neukan saioetara inguratzeko aparteko grinarik. Bertso giroa azken ilaratik begiratzen nuen. Baina lagunartean bildu eta ni neu bertsotan saiatzen hasi nintzenean, betaurrekoak jarri zizkidaten egunean bezala sentitu nintzen.

Bat-batean, nire burua hizkuntzarekin jolasteko gai zela ikusi nuen, eta errimak josi nitzakeela zentzu apur bat zeukan zerbait esateko. Eskolako adiskideak, berdin. Nire sortzailetasunean ate berri bat ireki da ordutik hona, eta asko aberastu nau. Duela urtebete galdetuz gero, ez nuen inondik inora posible ikusiko oholtza zapaltzea, baina horri ere beldurra galtzen joan ginen, eta jada egin dugu bertsotan hiru aldiz jende aurrean. Kontuz, inork ez luke sarrerarik ordaindu behar gu ikusteko, argi gera dadila; izatekotan, aurkakoa. Baina ez nuen inoiz pentsatu bertsotan egiteko gai izango nintzenik, eta saiatu ondoren, hori aldatu da. Gabiriako lagun batek esan zidan bezala, “lehen beltztsolaria” bihurtzeko aukera izan dut (dakigula behintzat).

Ze ondo pasatzen dugun. Gure “satorzulo” maitean bildu, tokiko garagardo edo kalimotxo batzuk hartuz kontu kontari aritu, eta ondo pasa. Pentsa, propaganda kanpaina egitera eta guzti animatu gara.

Mundua ikusten dugun bezalakoa dela pentsatzen dugu maiz, baina kanpo zein barne mundua bista graduatu ondoren begiratuz gero, ustekabe gozoak ikusi daitezke. 

Azken ilaratik, miopia eta bertsogintzaz

 

 

 

beñat, bertsogintza, hach embarek, miopia
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude