Kolektibizatu.cc – Apunteak elkarbanatzeko txokoa (baino gehiago)

kolektibizatu“Jakintza denona eta denontzat izan behar delako”, jarri du martxan ikasle talde batek Kolektibizatu ekimena eta izen bereko webgunea. Bertan, apunteak eta lanak ari dira bildu eta elkarbanatzen, eta aurrerago, jakintza kritikoa kolektibizatzeko aukera emango duten publikazioak egitea dute asmoa. Hori guztia, software librean eta hala nahi duen ororen parte-hartzearekin.

“Gure ustez jakintza herritik eta herriaren mesedera egon behar da, unibertsitatea eta hezkuntza egon beharko liratezkeen bezala. Baina nola eraikiko dugu Herri Unibertsitate bat, bertan kolektiboki bildu, partekatu, eztabaidatu, zalantzatan jarri, kontrastatu, zabaldu eta eraikiko dugun jakintzarik gabe? Herritik eta herriaren mesedera dagoen unibertsitateak jakintza kolektibizatua behar du izan: kolektiboki eraikitakoa, kritikoa, askapen eta eraldaketari begirakoa, eta gure kasuan, euskaldun eta euskaratua.”

Jakintza alor anitzetako lan eta apunteak bilduko dituzte: Osasun-Natur Zientziak, Arte eta Giza Zientziak, Ingenieritza eta Arkitektura…

Proiektuak asmo handiak ditu etorkizunera bidean, eta bada, dudarik gabe, apunteak elkarbanatzeko txoko bat baino gehiago. Dena den, gero eta gehiago dira bildutako lan eta oharrak, eta unibertsitate azterketak gainean diren honetan, begiratu bat ematea ez zaio gaizki etorriko zenbait ikasleri. Hemen dute aukera. Eta ez ahaztu: zenbat eta eduki gehiago igo, orduan eta baliabide gehiago egongo dira denon eskura. kolektibizatu.

Zer duzu buruan “Kolektibizatu.cc – Apunteak elkarbanatzeko txokoa (baino gehiago)”-ri buruz

  • AITOR PÉREZ DE MENDIOLA MARTíN 2017-12-18 16:32

    Kaixo, Gizarte Langintzako ikaslea naiz, eta ikasgai batzuen apunteak behar ditut.
    Eskerrik asko!