Geure izenean baina geure bizkar

Hamabi pertsona asasinatuak izan dira Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzetan. Baliteke besterik ere hiltzea, lau oso larri baitaude.

Hildakoen artean neuk ezagutzen ditudan batzuk, Rabateko nire etxean lo egindakoak, mende berri honen goizalbara arte eztabaidan egon izan direnak.

Pertsona hauek guztiak, bi poliziak tarteko, tiroka akabatu dituzte odol hotzez, euren buruak “musulman” deitzen dituzten batzuek,  Islamaren izenean, diote.

Zein Islam, ordea? Eta noren izenean eureganatu dute tenpluaren zaindariok guztiona den erlijioa eta ez soilik euren joko-arau zorrotzak inposatu nahi dizkigun minoriarena?

Jende armagabea euren bulegoetan akabatzea, euren erredakzioan, euren aldizkarian… hara hor ekintza armatu nagusia oso urrun dagoen jihadaren jarraitzaileek burutua. Oso urrun, bai, atzerritarrak geure mugak bortxatu ostean, euren herria eta erlijioa, bizitzeko era eta tribuaren ohorea defendatzeko armatu ziren haiengandik oso urrunekoa.

Ez dut lotsarik esateko ez naizela beti bat etorri Charlie hebdok argitaratutako karikaturekin. Hori, ordea, bakoitza eta guztion eskubide den iritzi eta adierazpenaren baitakoa da. Libertate honek bat baino gehiago amorra lezake, haserretu eta muturtu, egia da hori, baina ezin da horregatik inor hil, jainkoak emandako bizitzarik kendu eta bakoitzari nahi duen eran adieraztea eragotzi.

Inork ezin gaitu derrigortu geure guraso, aiton-amona eta arbasoek praktikatu duten eta oraino praktikatzen duten erlijioaren ikuspegi motz bat onartzera,  are odol gaiztoko profeta hezigabe hauek.

Gure lagun Charb, Tignous, Wolinski, Cabuk, eta ezagutzen ez ditudan beste guztiek, har dezatela bakean atseden eta barka biezagute geure izenean baina geure bizkar eginiko krimen zoro eta beldurgarri hau.

marrazkilariak

Gaur egunean, Demainonline albistari digitala zuzentzen dut, nire herrian Marokon.