Itzuli dira euskarazko marrazki bizidunak Nafarroara (?)

Berriz ere marrazki bizidunak

ETB 3 sortu zenetik, urteak daramatzagu Nafarroan euskarazko marrazki bizidunik gabe, ezin baitugu kate hori ikusi, ez digitalki ez analogikoki. Bada, gaur arratsaldean, Gaur Egun eman duten arte, arratsalde guztian aritu da ETB 1 (hori bai, ikusi dezakegu, analogikoki) ETB 3ko programazioa ematen. Nafarroarako deskonexioa egin dute, nonbait. Ez dakit noiztik ari diren, ezta noiz arte ere.ETB3

Mobilizazio falta

Besterik ezean, konponbide bat da. Pena da urteak eman ditugula haurrentzako euskarazko telebistarik gabe eta hala ere ez dela batere mobilizaziorik izan. EITBk berak kezka handiagoa erakutsi du Nafarroako jendarteak baino. ETB 1 sortu zenean, oroitzen naiz asko mobilizatu ginela, eta ikastolan animatzen gintuztela horretara. Ongi oroitzen banaiz, ikastolan banatu zizkiguten txapa edo pin handi batzuk ETBren lehenbiziko logotipoarekin. Gaur egun ez da halakorik izan.

Hoberako aldaketak ETB 1en?

Bestalde, EITBren webgunean agertu denez (http://www.eitb.com/eu/eitb-taldea/osoa/1389768/eitb-taldea–programazioaren-ildo-orokorrak-onartu-dira/) ETB1en “barne zein kanpo produkziozko fikzioa” izanen da. Berri ona, izan ere orain dela hilabete batzuk EITBk kontrako asmoa zuen, alegia, ETB1en “barne-produkzioa” bakarrik izatea, kanpokoa garestia zelako, eta halakoak beste kateetan bazirelako (Argian). Horri buruz Asier Larrinagak testu interesgarriak idatzi zituen (besteak beste hau).

Horretaz gain, “ETB2n, Radio Vitorian eta Radio Euskadin berezko sarbidea emango zaio euskarari”. Ea hala den, eta El Conquistador del Fin del Mundo-n eta El Conquis-en, esaterako, kontu handixeagoa duten (adibidez, familiakoekin hitz egiten uzten dieten bost minututxo horietan, utz diezaietela euskaraz egiten!!).

etb, ETB3, nafarroa

20 pentsamendu “Itzuli dira euskarazko marrazki bizidunak Nafarroara (?)”-ri buruz

  • Ni txikia nintzanean ETB1a umeak Euskalduntzen zitun, batez ere guraso gazteleradunak zituzten umeak, orain ETB1 ikustea, militantzia haundia eskatzen du, programazio gehiena (nitzako behintzat) ez dulako ezertxo ere balio, umeak ez dute ikusten programazioa hutsaren hurrena delako, Madrileko produktorak lehentsi dute hemengoen kalterako, aurrekontuak gero ta txikiagoak dira…..
    Dirua eta baliabideak ETB2a eramaten ditu ta Euskal kateetarako hutsaren hurrena gelditzen da.

  • Haurrek ETB1etik desertatu dute Disney channel eta Clan kateetara batez ere… Gauean telebistan aurrean jartzen bazara, ETB1en edozerrekin egin dezakezu topo, berdini akordeoi kontzertu batekin, saloi dantza (erdaldun) batekin, edo kulturismo lehiaketa bitxi batekin. Edozer emateko gauza dira, eta jende gehienak ihes egiten dio, noski, kalitatzeko saioen kaltetan. Agintarientzat ETB1 betegarria da, bete beharreko ariketa.
    Urkulluk eta bere familia (eta bere alderdia) ez dira ETB1en jarraitzaile. Oso bestelako programazioa izango genuke bestela.

  • Peru Dulantz 2013-07-31 09:40

    Berriz diot:

    Telebista gehiena oso txarra da, ETB zein besteak. Nire alaba telebista euskaraz baino ikusten ez zuela hazi da, eta horretarako bidea oso erraza da.

    1.: Umea bertan dagoela behintzat, txiki-txikia denetik (batzuen ustez, amaren sabelean daudenean ere entzuten hasten dira, eta ama-hizkuntza bereganatzen), euskarazko ikusentzunezkoak baino ez piztu etxean. Dagoena gustatu zein ez, gustatzen ez bazaizu, itzali telebista eta egin beste zerbait.

    2.: Umea teleagintea erabiltzen hasteko adina iristerako, umeentzat erdarazko programazioa ematen duten kateak ezabatu TDT aukeratik. Oso erraz egiten da. Bizpahiru urteko haurrek oso erraz onartzen dute “gure antenak ez du Clan hartzen” azalpena, eta besterik gabe telebista euskaraz ikusten dute. Ez zaie ezer txarrik gertatuko horregatik, eta euskaldunago haziko dira, lehenengo urteetan behintzat.

    Gure etxean oso ondo funtzionatu du sistema horrek.

  • Ba funtzionatu badizue, zorionak. Gurean ez du funzionatzen. Bestalde, ez dut uste oso eraginkorra denik haurrak ETB1ekoa bezain programazio gorabeheratsua ikustera mugatzea urtetan, zeren bera aukera egiten hasten denean, gurasoen zentsurari alde eginez, edota beste lagun batzuen etxeetan, ikusiko du erdarazko eskaintza askozaz erakargarriagoa dela oro har.
    Irtenbidea ez da ETB1 ikustera behartzea. Bidea da kalitatezko ETB1 eskaintzea eta sustatzea, erakargarria eta gertukoa, gurasoon konpromisoarekin batera, noski, baina gutxieneko kalitate batekin.

  • Peru Dulantz 2013-07-31 11:08

    Itzain, zergatik diskutitu behar didazu hau? ETB hobea bada, hobe, noski. Baina orain dugunarekin ere, haurrak euskaldun oso gisa hazi daitezke aurre-nerabezarora arte, eta hori betiko izango dute, bai beraiek, bai beraien ingurukoek ere.

    Gurasoen esku dago hori egitea, nahi baldin badute. Guk egin genuen moduan, besteek ere egin dezakete. Zer duzu horren kontra? Ez dut ulertzen. Familien barruan ere euskararen eta euskalduntzearen aldeko neuri txiki/handiak eta oso eraginkorrak hartu daitezke. Zergatik ez egin?

  • Ez dut ezer horren kontra, Peru. Gurean ezinezko ikusten dut, horixe da dena.

  • Peru Dulantz 2013-07-31 13:36

    Nire proposamena haur txikiak dituztenei zuzenduta dago. Neuk probatu dut, eta funtzionatu du, oso ongi gainera. Adin batetik aurrera neurri horiek ez dute balio, noski. Eta arrazoia ematen dizut, euskarazko hedabideak kalitatekoak izatea oso garrantzitsua da, baina nire ustez euskaldun gehienek nahiago dituzte erdarazko ikusentzunezkoak, batez ere, askoz ohituago daudelako, eta kalitate bereko produktuen artean erdarazkoa aukeratzen jarratuko lukete. Gogorarazi beharko dugu zer gertatu zen Harry Potter euskaraz eta erdaraz, bietan batera, estreinatu zenean? Baina, txikitatik euskarazko produktuak jasotzen ohitu badira, euskararen hautua errazago egingo dute.

  • Ohituago gaude, eta gehienok erraztasun handiagoa dugu erdaraz euskaraz baino, dagoeneko.
    ETBk errepaso handia behar du, eta sustapen lan handia, bestela jai, eta ez dirudi hori Urkulluren agendan dagoenik.

  • Aupa,

    Oso eztabaida interesgarria Peru eta Itzainen artekoa. Nik Peruk bezala egin dut, ez ditut denak kendu LTDtik baina bai MTV, Disney Channel etab. Nire alabak ETB3 eta Clan eduki ditu bakarrik azken 8 urteetan, eta esan behar dut funtzionatu duela, gutxienez nire alabaren eta nire arteko komunikazioa euskaraz da, hiri oso erdaldun batean eta ama erdalduna edukita.

    Egia da inoiz kexatu dela, eta amamaren etxera doanean Disney ikusi nahi duela, baina ongi onartu du. Etxean gehienetan ETB3 aukeratzen du.

    Niri orain gauza batek kezkatu nau, orain konturatu naiz baina ez dakit betidanik gertatu den: ETB3ko marrazki asko eta asko, adibidez Doraemon, jatorrizko hizkuntzan agertzen dira defektuz, bai etxeko telebistan bai amamaren etxean. Gure etxean gogoan dut telebistaren hizkuntza lehenetsiak aldatu behar izan nituela, nagusia euskara jarri eta bigarrena gaztelania, eta horrela bai. Baina kezkatzen nau ze Hegoaldeko telebista guztiak gaztelania dakarte hizkuntza nagusi modura, eta askok ez dakite parametro hori aldatzen.

    Amamaren etxean arazoa larriagoa da, ze Samsung telebista bat daukate, eta horrek ez dakar euskara hizkuntzen zerrendan. Bide batez, ikusi dut Samsung telefonoek ere ez daukatela euskara hizkuntzen artean aukeratzeko.

    Laburbilduz, aukera gutxi dago telebista euskaraz ikusteko, eta apur horiek ere murrizten ari dira honelako jokaerekin. ETBri eskatu behar zaio saio bat euskaraz ematen duenean, ondo konfigura dezala hizkuntzaren kontua, bestela Doraemon japonieraz agertzen jarraituko du.

  • Nik ere horixe eginen nuke haurrik banu: ahal dela telebistarik ez dezala ikusi eta, ikusten badu, euskarazko kateak bakarrik ipini. Zaila iruditzen zait pantaila bat izanez gero ez piztea, baina kateak kontrolatzearena ez da hain zaila. Gora Dragoi Bola!

  • Peru Dulantz 2013-08-01 08:37

    Gora, bai. Duela 15 bat urte urrezko aro moduko bat izan zen euskarazko haur-programazioarentzat. Gaztelaniazko telebistek (pribatuek, batez ere) guztiz baztertuta zeuzkaten haurrak publiko gisa. ETB zen haurrentzako programazio potente samarra zuen kate bakarra. Horrela, herritar espainiarzaleenen seme-alabek ere telebista euskaraz ikusten zuten, eta telebistarekin euskalduntzen. Gero, TDTaren sorrerarekin eta kate berriekin egoera asko zaildu zaio euskarazko haur-programaioarekin, eta oso gutxi dira telebista euskaraz aukeratzen duten haurrak. Guraso euskaldunen seme-alabak gurera etorri eta harritu egiten dira “Doráimon” eta “chinchán” euskaraz ikustean. “Nik ere ikusten dut, baina gaztelaniaz” esaten digute. Gurasook erabaki dezakegu (erabaki behar dugu!) gure seme-alabek zer ikusten duten, eta euskaltzale eta konstzienteak bagara, oso erraza dugu: kendu telebista kate horiek TDT aukeratik (bide batez, teletiendak, tele5, eta era horretako zaborra ere kentzen badugu, hobe…)

  • Bueno, asteartean, Nafarroan, ETB 1ean ETB 3ko programazioa eman zuten, baina atzo ez zen deskonexiorik izan. Udako arratsalde bateko kontua izan zen.

  • Peru Dulantz 2013-08-01 10:57

    Eta, nola moldatzen zarete seme-alaba txikiak dituzuenok Nafarroan? Nolatan ez da izan erantzun gogorrago bat? Zer egin da ikastoletan, gurasoen elkarteetan, euskaltzaleen artean horri aurre egiteko? EAEn ez dugu oihartzun handirik jaso.

  • Kaixo, Peru. Ba, ETB 3 sortu zenean haurren programazioa desagertu egin zen ETB 1etik, eta ordutik gaude euskarazko marrazki bizidunik gabe Nafarroan (ETB 1 eta 2 analokikoki ikusten segitzen dugu, baina ETB 3 inola ere ez dugu hartzen). Ez da batere protesta antolaturik izan; ez da lehentasun bat izan ez alderdi politikoentzat ez bestelako elkarteentzat. Kontua da, gainera, hemen jende askok ez dakiela ETB 3 badenik ere, gauza ezezagun bat da. Orain dela gutxi lagun bati pegatina bat eman nion, “ETB 3 Nafarroan” zioena. Eta galdetu zidan: “zer lema da hori?”, “ETB 3 kate bat da?”, “Nafarroan ikus dezakegu?”. Nire laguna euskalduna da, eta bi seme-alaba ditu.

    • Nik uste dut Interneten garaian gaudelako eta telebistak indarra galdu duelako ez dela protesta handirik izan. Izan ere, Interneten marrazki asko dago; euskaraz, beharbada, nahi beste ez baina bai asko. Bestaldera, telebistak daukan abantaila bakarretako bat da botoi bati eman eta marrazkiak dituzula eta ordenagailua ez dela hain automatikoa, baina hortik aurrera…

  • Nafarroan Garaia zein Iparraldean, kolonialismo prozesua aurrera darrai, GAINDEGIAko Imanol Esnaolak BERRIAken berriki esan duen bezala: “Frantziak Ipar Euskal Herrian duen lurralde politika kolonizatzailea da, argi eta garbi”.
    /
    http://paperekoa.berria.info/harian/2013-07-28/014/001/GeografiaekonomikoetakulturalagaratzenaridagureherriizaeraaintzathartugabeElkarrizketa.htm

  • Naparroan-ek oso ondo erantzun du. Hori da nik ere sumatzen dudana Nafarroan. ETB2ren seinalea zabaldu / ez zabaldu izan da borroka nagusia alderdien aldetik. Bestela ez hara, ez hona gaude hizkuntzari dagokionez, noraezean. Eta ez soilik telebistari dagokionez, euskarazko kultur eskaintza oso-oso urria da, hutsaren hurrengo, baita herri abertzale ustez euskaldunetan ere.
    Alderdi abertzaleen hizkuntz politika eta praktika lotsagarriak dira Nafarroan, batzuena besteena bainoago, baina lotsagarria batzuena eta besteena, eta ez dago ez ekimen ez erantzun sendorik Peru, zuzen igarri duzu.

    • Alderdi politiko abertzaleek ote dute erruaren zati handiena telebistaren horretan? Nire opinioz, Nafarroako elite eskuindar espainolaren dikdaduratik gehiago dago beste horretatik baino…

  • Alderdi abertzaleen lehentasuna balitz euskara, mobilizazioa orokortuko litzateke eta eragingo luke. Ziur nago buelta emango geniokeela auzi horri, eta oro har euskarazko komunikabideen auziari epe labur batean, besteak beste PP-UPNren jarrera defendaezina delako, baita PSN berarentzat ere.
    Arazo handiagoa dugu euskarari dagokionez PP-UPN+PSNrekin baino, alderdi abertzaleen ia erabateko utzikeriarekin.
    Nire herriko udal jarduna, kultur programazioa edo hizkuntz paisajea ez ditu UPNk erabakitzen, udal talde abertzaleek baizik, eta erdaraz dira oso nagusiki. Alderdi españolistek jokatzen dute jokatzen duten bezala, neurri handi batean abertzaleok apenas erresistentziarik egiten ez dugulako.
    Egunotako adibide esanguratsu bat: Geroa Baik, zeinak erdara hutsez jarduten duen beti, alor guztietan, barrura nahiz kanpora begira ere, proposamena egin du Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Hegoaldeko ikastolei dirua ematen dietenei desgrabazioa egin diezaieten. Erriberako ikastolei eskupekoak ematea sustatzeko proposamena, bestela esanda. Horrela nora goaz?

  • Bai, niri ere horretatik badela iruditzen zait, Itzain. Baina telebistarena horretan guzian atal ttiki bat bakarrik da. Zuk diozu erantzun orokor bat eman behar litzatekeela denok batean, ezta? Nik ere hala uste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude