Abertzaleen batasunaz (eta II)

Abertzaleen batasunaz (eta II) –

Abertzaleen batasunaz I

Behin jolasean hasita, partxis baten antzera antolatu nituen joan zen asteleheko sarreran, guretzako aukera politiko naturalen sorta dei dezakegun panorama hori. Erran nahi baita, nire iritzirako, zeharkakotasun edo transbertsalitateak gurean eman ditzakeen konbinaketa logikoenak, lau direla, Hegoaldean bederen:

  • Aukera abertzaleen arteko akordioa (eskuin eta ezkerrekoena)
  • Aukera nacionalisten arteko akordioa (eskuin eta ezkerrekoena)
  • Eskuineko aukeren arteko akordioa (abertzale eta nacionalistena)
  • Ezkerreko aukeren arteko akordioa (abertzale eta nacionalistena)

Baina zer eskaintzen du horietako aukera bakoitzak teorian?

Jarrai dezagun jolasarekin eta errepara diezaiegun hitzetik hortzera darabiltzagun bi kontzeptuei, alegia, abertzaletasunari eta politika sozioekonomikoari.

Kolore berdea abertzale guztiek osatuko lukete, PNV eta Sortu lituzkeelarik aukera nagusi, bakarrak ez izan arren. Pentsatzeko da, abertzaleak izanik —edo foralistak edo batek daki zer—, euskal hizkuntza eta kultura bultzatzearekin batera, euskal burujabetzarantzako bidean saiatuko liratekeela, balizko independentziarantz. Eta eredu sozioekonomikoari dagokionean, batzuk liberalak eta besteak ezkerrekoak direla esan arren, humanismo sozialdemokrata eskandinabiar batetik ez oso urrutiko zerbait ados lezaketela iruditzen zait, kapitalismo amable honek, ezkerretik disidentzia apur bat sor balezake ere, Katalunian CUPekin bezala.

Abertzaleen batasunaz (eta II) Kolore horia da abertzaleontzat egon daitekeen aukerarik urrutikoena. Paradoxikoki, joan zen astean Autonomi Estatuatuaren 36. urtemuga ospatu zutenen batuketa litzateke, Espainiar konstituziozaleek osatuko luketen hau. Eredu sozioekonomikoa ere, geuri begirakoa baino, Espainiako beharren araberako aukera izango litzateke aurrera eramango luketena, izatekotan.

Kolore urdinak politika liberal bat abiatzeko adostasuna ekar lezake alde sozioekonomikoan, Erkorekak Espainiako gobernua osatzeaz berrikitan esan bezala —alegia, zergatik ez ote lukeen EAJk Espainbiako Gobernu batean parte hartuko—, baina PNV, PP eta Ciudadanos nekez ezkonduko lirateke euskal aberrigintzari dagokionean, izan ere, aberri bakarra baino, bi desberdin eta parez-parekoak dituzte horiek. Baina auskalo.

Kolore gorriko aukerak, gauza komunen bat ekar lezake soziopolitikoki babes sozialari dagokionean, baina nezkez elkartuko dira Espainiako ezkerra, Podemos barne, eta euskal ezkerra aberrigintza kontuetan. Gehienez ere federalismo moduren baten eskaintza izango litzateke Espainiako ezkerrekoen aldetik, beti ere Espainiako emaitzei begira ondo saldurik balute kontzeptua, Espainia pitzatu ez dadin derrigorrez eta nekez eman beharrekoa zerbait dela esanda, alegia. Gutxiegi, bistan denez, ezker abertzalearentzat. Beraz, Egigurenek PSEk eta Ezker Abertzaleak eskutik behar luketela esan arren, jai leukake kolore honek, nire iritzian. Baina hamaika ikusteko jaioak gara, zinez.

Gauzak honela, gogora datorkit Ibarretxek oraintsu San Telmo museoan emandako hitzaldia. Funtsean, herri bezala aurrera egin beharraz mintzatu zen bertan baikor, globalizazioaren garaian erantzun lokala ematearen premiaz, kultura aitzinatu beharraz, eta abar. Hitzaldia amaitzeko, denok elkartu eta lanean jartzeko eskariarekin batera, Benito Lertxundiren kantu zaharregi hura ekarri zuen denon aitzinera:

Zenbat gera,

lau, bat, hiru, bost, zazpi?

Zer egiten dugu,

alkar jo?

Zer egingo degu,

alkar hil?

Hori ez! Hori ez!

Amaiera bikaina izan zen hitzaldiarentzat eta txalo zaparrada ekarri zion Lehendakariari. Alabaina, ni ez nintzen ausartu bi galdera egitera, eta damu naiz orain.

Lehena zen ea bere alderdian zenbateraino sinesten duten berak eman zigun mezua, hots, PNVren baitan, onartzen al duten berak esandako guztia.

Eta bigarrena zen, “denok” begirada propioa eta erantzun lokala eraikitzera deitzen duenean, zeini buruz ari den. Nortzuk osatzen ote dugun “denok” hori. Egia esan behar badut, esplizitoki eta berariaz aipatu ez bazuen ere, niri abertzale jendeari buruz ziharduela begitandu zitzaidan, nolabait, kanpoan uzten zituela “besteak”. Baina berriro diot, berak esan gabe, neure irudipena izan litekeela.

Gauza horrelak, luzamendutan gehiago ibili gabe, Nineu ezkutuko iruzkingile horri erantzun nahi nioke. Izan ere, gogoetarako probokazio bikaina gertatu baitzait berak dioena: “Herri honen arazoa ez da soilik independentzia bai edo ez. Herri honetan gatazka asko daude. Eta gatazka horretako gako bat, gatazka ekonomikoa da (hau bere horretan politiko-soziala dela jakinik). PNVrekin batzea gatazka hori ez konpontzea da. Burgesia eta herritarren arteko guda dago. Zapaltzaile-zapaldua dikotomia. Zertarako nahi dugu Euskal Herri aske bat ez baldin badago kapitalisten atzaparretatik aske? Txoria ez da libre izango kaiola handiago baten jarri arren. Eta hori ulertu (nahi) ezean gure burua engainatzen ari gara“.

Ederki ulertzen dut zer dioen, ez da eztabaida berria niretzat, aitzitik, arkeologia berritua baizik ez zait iruditzen. ETA V eta ETA VIren garai aspaldikoetan, 1975 garrenaren bueltan ume moko izateari lagatzen ari ginenean, beste gairik ez genuen izaten lagunarteko eztabaidetan: borrokarako orduan, nazioa ala langile klasea ote zen aurretik, ala biek behar ote zuten batera joan nahitaez. Espainolisten eta abertzaleen arteko kalapita haiek gogoratzen? Hortik etorri zen ETAren lehen zatiketa handia, eta ez ETArena bakarrik.

Oroitzen naiz oso lagun nituen ETAkoak izaniko LKIko trotskistek —Andoni Arrizabalaga Itziarren seme maiteak eta konpainiak—, behin baino gehiagotan esan zigutela langile iraultza sozialik gabe ez zegoela herri askapenik. Ai zein gauza bikaina Euskal Herri aske bat mundu libre eta zuzen batean! Utopiaren ederra! Liluragarria zen erabateko iraultzaren kontu hura. Zaila zitzaigun arrazonamendu hain argi eta borobilei aurre egitea, begibistakoa zirudien esaten ziguten guztiak, baina Espainiako langile klaseak askatuko gintuela sinestea, edo parte hartuko zutenik gure askapenean, zaila egiten zitzaigun. Orduan eta orain.

Egia esanda, iraultzaile haien argudio sakonen ondoan, argudio xinpleak, xinpleegiak botatzen genituen guk, besterik ezin eta. Gerra erabiltzen genuen adibide: gerra zegoen bakoitzean, herriek egiten zutela herrien kontra. Gerra dagoen bakoitzean, alde bateko langileria, beste aldeko langileriaren aurka aritzen dela, klaseak baino gehiago lotzen duela nortasun nazionalak… Etc.

golem_still2Bai, Nineu, badakit asko sinplifikatzea dela, baina zer nahi duzu ba, sinestuta nago norberaren identitatea (herria) doala klase kondizioaren aurretik gauzak muturrera iristen direnean. Pozten naiz zuk esperantza hain garbia gordetzea, baina gure askapena kapitalismoa hondoratu eta gero bakarrik nahi baduzu, konponduta gaude. Jada ez dago astirik zuri edo beltzerako, esaidazu bestela non duzun eredurik, nor zer nori kopiatzekorik, zein lurraldetan zein herritan kausitzen duzun adibiderik. Ala geuk behar dugu izan guztien artean artistarik handienak zibilizazio berri bat sortzeko orduan?

Barkaidazu, baina apalago eta errealistago jokatuz, iruditzen zait, dauden lau aukeren artean, perfektua ez den arren, berdea dela niretzako modukoena. Badakit halaber, ez nintzatekeela bere horretan egindakoarekin geratuko konforme eta asetuta, beti gehiagoren lorpenean murgilduko ginatekeela. Badakit hori ere, zerurik ez baitago lurrean, baina niri beste hiru aukerek ez didate sortzen pozik aukera berdeak haina.

Aitortzen dut, enigma bat izan arren, Kataluniakoari bekaizkeriaz begiratzen diodala. Han ere emango da, noski,  zuk diozun dikotomia hori, zapaltzaile eta zapalduen artean, baina erabateko iraultza perfektuetan aspaldi galdu nuenez fedea —zure hitzak erabiltzeko, badakidanez kaiola ez dela sekula eta erabat desagertuko—, konformatzen naiz dena lortu gabe, aurrerapausoak egitearekin niretzat, geuretzat eta gure hizkuntza, kultura eta herriarentzat. Konformatzen naiz metro batzuk hobera egitearekin eta ez nago prest, geure arrazoi erabatekoan eta utopikoan geureturik, beti bezala okerragorantz egiteko. Gauzen itzulipurdikatzeko denbora ahitzen ari da, ez gaitezke kalapitetan luza. Zuk eta nik, baturik egin behar dugu aitzina azkar baino lehen, desagertuko gara bestela.

Eta horretarako aukera handiena kolore berdeari ikusten diot, inori ikustekotan. Zer nahi duzu ba, Nineu, batzuk inperfektoak gara.

Abertzaleen batasuna
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Abertzaleen batasunaz (eta II)”-ri buruz

  • Iñaki Ezkurra 2015-11-02 10:23

    Zenbat gera kantu zaharra aipatu ezkero, ez ahaztu Abel Muniategik jarri ziola letra.

  • Nik ere kolore berdearen alde egingo nuke. Baina urteetan duda egin ondoren aitortu behar dut: Euskal Herria independiente eta sozialista (Venezuela edo Kuba ereduei jarraituz) bat baino Euskal Herri espainol bat nahiago nuke, eta lotsaz diot, zeren azkenean agerian uzten baitut ez naizela uste bezain abertzalea. Baina horregatik onartu behar dut beste batzuk sozialismoa nazioaren aurretik jartzea, azken finean beraien ikuspuntutik nik egiten dudan berbera egiten ari dira.
    Niretzat, aipatzen duzun “humanismo sozialdemokrata eskandinabiarra” erabat onargarria izango litzateke, baina ez dakit denen kasua ote den.

  • txotxolopitecus 2015-11-03 16:00

    Arazoa zera da, EAJk kontzertu ekonomikoa galdu arte ez duela Kataluniako pareko ezer egingo. Eta EHBildu EAJ gabe ezer egiteko gai ez dela. Eta hala ere, zenbat abertzale euskaldun gara/ginateke? Zenbat soilik espainiar edo frantziar hiztunengan zabaldu daiteke “independentzia”-ren nahia?

  • ez nazionalista 2015-11-24 10:28

    Garaiak aldatu dira, zure umemoko garaiko soziologia eta gaur egungoak ez dute zerikusirik, klase sozialen arteko diferentziak handitu dira, prekaritatea inoizko maila altuenetan dago, eta borroka berriak garai berrietara egokitu behar ditugu. Hutsegiten ari gara, gaur egunean plaza publikoan dabiltzan pentsalari intelektuak nagusienak (denak ez esatearren) ez dute prekaritate hori ikusi nahi, busgesiatik ari dira klase sozialei buruz hizketan eta hortik herri aurrerakoi baterantzko biderik ez dut espero.

    Zuk planteatzen dituzun edozein aukeretatik inor ez da baliagarria. Lehenik eta behin, lau aukera horiek gure espainiartasuna frantziartasuna hartzen dute abiapuntu gisa, beraz, nire ustetan, horietatik ez da irtenbide soziopolitiko egokirik etorriko. Irtenbideak soziopolitikoa izan behar du nahitaez,eta gaur egungo euskal klase politikoak ez du ez gaitasunik eta ez sinesgarritasunik hor aurrera egiteko. Batzuk (eskuin abertzalea) kontzertu ekonomikoa aitzakia hartuta poltronetan eroso daudelako eta besteak (ezker abertzalea) garai berria deitu dioten honetan aurreko garaien zama astunegia bizkarrean daramatelako.
    Alternatiba berriak eraiki behar dira. Sujeto soziopolitiko berria eraiki, zeinak, arlo soziala lehentasun izango duen eta hortik gehiengo berriak eraiki, eta nahitaez sujeto horrek frantzes eta espainiar estatuen jarrera bortitzaren aurrean, estatus berri baten aldarrikapena bere baitan hartuko duen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude