Gaztetxeez eta beste

Gaztetxeez eta besteGarai batean Euskal Herriko herri asko eta askotako “matadeixak” gaztetxe bihurtu ziren, aroztegiak denda informatiko bilakatu ziren modu beretsuan. Metaforikoki esan genezake bat akabatu zenean bestea ernai zela. Ez nituen lehen gaztetxe horiek ezagutu, neure herrikoa ere ondo koxkortuta zegoen deskubritu nuenerako. Dena den, gogoan dut halako batera sartu nintzen lehen aldia. Ziurki denboraren poderioz nire buruak oroitzapenak lausotu heinean zipriztindu ere egingo zituen, baina esango nuke, kolore argiz pintatutako paretek; zigarro, zerbeza eta aurreko gaueko mozkor usainak; era guztietako iraultzak aldarrikatzen dituzten pintadek; urrun daudenen etxeratzea agintzen duten argazkiek; eta ska doinuan dantza egiten zuten bozgorailuek sortu zutela txoko bat nire iruditegian.

Azken aldiotan berriz, gero eta urrunago ikusten ditut irudi horiek. Giltzarrapoa atean botata dute hainbat gaztetxek, izan zirenaren eta izan nahi dutenaren artean harrapatuta. Batzuek eurena defendatu nahian hortzak erakusten dihardute; hitzaldiak, ikastaroak, kontzertuak, antzerkiak, jaialdiak, mahai inguruak eta beste zenbait gauza antolatzen une oro, momentu oro, herriari edo kasu honetan hiriari, zer diren eta zer izan nahi duten erakusteko (Kortxoenea kasu). Beste batzuetan aldiz, urteroko data seinalatuetan herritarren onespena lortzeko asmoz derrigorrean egin beharreko ekintzei kateatuta dabiltza.

Eztabaidatu daiteke zein izan den, zein den eta zein izango den aurreratzean gaztetxe batek gizartean eduki beharko lukeen rola; alkohol artean itotako gauak, urtean bitan antolatutako manifak eta hilean behingo kontzentrazioetarako pintatutako pankartez gain, baina horretarako ezinbestekoa da gazteak aktibatzea. Nork bere zaletasunetik, nork bere interesetatik, nork bere jakintzetatik espazio komun bat eraikitzeari ekitea. Inoiz gainditu gabeko ikasgaia dugu jendearen aktibatzea. Batzuk pasiboak eta besteak aktiboak dira “naturalki” herrian. Pasiboak badaki aktiboa han egongo dela bere gaueko zuritoak zerbitzatzeko eta entzutera joango den kontzertuak antolatzeko.

Ez baitira gaztetxeak soilik giltzarrapoa dutenak, baita gazteok ere. Gaztetxeak ekintzailetasunerako, nork bere burua zein kolektiboaren indartzerako, amets berrien eraikuntzarako, hezkuntza herrikoiarentzako, harremantze eredu berrietarako, eraldaketarako eta beste zenbait asmotarako erraminta bat baino ez da. Gu geu gara horretarako subjektu aktiboak, baina badakigu teilatupe bat jende ororen eskubidea dela. Askatu gaitezen lotzen gaituzten giltzarrapoetatik eta askatu ditzagun gaztetxeak ere lotzen dituzten kateetatik.

Gaztetxeez eta beste