Hitzen pisuaz

Pernando Barrenak asko ikasi du urte hauetan eta jendaurrerako gure oradore onenetakoa dela esatera ausartuko nintzateke. Ez dadila inor mindu, baina oso gutxik erakusten du haren indarrik mitinetan eta diskurtsoetan. Euskaraz eta gaztelaniaz, gainera.

Baliteke neu gutxi ibilitakoa izatea halako lekuetan, eta erraz inpresionatzeko modukoa izango naiz. Ez kolore bateko eta ez besteko, ez ninduzun sarri ikusiko bilera politiko handietan. Alabaina, joan zen zapatuko Arnaldo Otegi eta Rafa Diezen aldeko manifestazioan, argi geratu zen Barrena politikaren profesional finenetakoa dugula. Ezin dira konparatu, badakit, baina egia esatera, Arzallus ekarri zidan, nolabait, gogora.

Arnaldo askatu - Hitzen pisuazAkaso Barrenari eta Sortu alderdiari eginen niekeen kritika bakarra, egokitasun ezarena da. Alegia, zer demontre egiten zuen alderdi zehatz batek han mitina ematen, herri plataforma batek antolatutako manifestazio bateratzaile baten amaieran. Han kolore askotako jendea ikusi nuen nik: EA, PSE-EE, Podemos, EB…  Egia da Sortuk baimena eskatu ziela antolatzaileei eta hauek bideratu zutela Barrenaren hitzaldia, baina ez dakit ba, tragazank hori ote den “sentsibilitate desberdinetako” jendea tratazeko modurik zintzo eta dotoreena…

Noan, baina, joan nahi nuen lekura, Barrenak esan zituen guztietatik, errelatoa ezin diola batak besteari ezarri izan zen gehien interesatu zitzaidana.  Izan ere, blog honetako letra hauek aspaldion ikusi badituzu, jakingo duzu neu ere katramilatuta ibili naizela norberaren kontakizuna argitaratu ezinarekin.Txikikeria bat, jakina, Pernando Barrenak aipatu zituen kontu handiagoen artean: presoak, bakebidea, guztion giza-eskubide guztiekiko errespetua,  independentzia… Jonan Fernandez eta PNVa ere errudun jo zituen Barrenak, inoren kontakizuna derrigortzearen eginkizun horretan.

Ez naiz ni hemen baten edo besteen aldera lerratuko, baina niretzat aski zentrala da kontakizunaren gaia, batez ere bizi dugun gizartearen kalitatea neurtzeko orduan, izan ere neronek ikusitakoak argitaratzeak Entzutegi Nazionalera eraman nazakeela jakiteak, ez dit, hain zuzen ere, gizarte aske baten bizi garenik erakusten.

Hain juxtu, gizarte lotu hori inoiz gure aldera askatzeko, amets egiten dut abertzale guztiok batuko garen egunarekin. Iritsiko ahal da noizbait!

Ezin du hain konplikatua izan, azken finean hitz bat edo beste aukeratzeak eragiten digun lokatzatan gabiltza harrapatuta: kondena, damua, indarkeria, eta halakoak.

Denok dakigu zertaz ari garen eta, benetan, ez dut uste hondoko arazoa hori denik. Ez dut uste, PNVak eta Sortuk begi oso desberdinez ikusi dutenik gertatutakoa, gertatu zaiguna. Zer esanik ez bi aukera politiko horien arteko beste abertzale eta demokrata guztiek. Ez zait iruditzen hain zaila litzateenik kontakizuna adostea, nor bere xehetasunekin, kondenaturik baikaude elkarrekin bizitzera, elkarrekin eraikitzera eta hobe dugu lehenbailehen lan horri heltzea, gerokotan galdu gabe.

Beste kontu bat da hirugarren batzuek entzun nahi dituzten hitzak asmatu ezinda eta geureganatu beharretan bagabiltza,  derrigorrez, geureak izan gabe geurek bailiran. Horrek ez dauka irtenbiderik, eta eternitatean egon gaitezke zarataka. Izatekotan, soluzioa politikoa baino, poetikoa luke horrek. Eta poetak eta idazleak ehunka ditugu, behar diren hitzak ekartzeko. Segur naiz asmatuko dituztela arinagoak eta azkarragoak darabiltzagun astun hauen lekuan jartzeko.

Hitzen pisuaz

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Hitzen pisuaz”-ri buruz

  • Hitz bat edo bestea erabiltzea, zilegitasuna eman edo kentzen dio batzuen ta besteen kontakizunei beraien hautesle ta gizartearen aurrean ,PSE ta PPri Espainia osoan baina baita EAJ ta ezker abertzaleari ere, beraz ez dut uste hain erraza danik, gauza da komenigarria izango zen hala ez eztabaidatzea , baina jada erraten dut batzuen iritziak (zuk erran dezun moduan) delitua izan daitezkenean, kontakizunatik ateratzen dena ziur batzuen historioa kontatuko duela batik bat.
    Ta EAJk ta Ezker abertzaleak gai hontan mantendutakoa denboran zehar gauz arrasezberdinak izan diranez…zerbati jarri edo ez, egindakoa “ondo” edo “gaizki” egon dela erran dezake.

  • Kaixo! Zure posta irakurrita pare bat diskrezio aipatu nahiko nituzke, hitzen pisuari punta atera.

    Dinamika herritar batek antolatutako manifa batean alderdi bateko kide batek hitz egitea ez duzu ongi ikusten. Ados nago, baina Pernandok hor hitz egin izana ez zen soilik baimen kontua izan. Arnaldo herritar bat izateaz aparte Ezker Abertzaleko kidea baita, eta zehazki Sortuko kidea. Beraz, guztiz ulergarria iruditzen zait Ezker Abertzaleko bi militanteen etxeratzea eskatzeko manifa bateko ekitaldian Ezker Abertzaleko kide batek hitz egitea. Alderditik haratago, Ezker Abertzaleko kideak baitira Pernando, Arnaldo eta Rafa.

    Bigarrenik, ez omen zara “baten edo besteen aldera lerratuko” eta “abertzale guztiok batuko garen egunarekin” amesten duzula diozu. Horrekin ulertzen dudana zera da, amets egiten duzula PNV, Ezker Abertzalea, EA, Aralar….eta beste hainbat elkartzea, ez? Baina zeren inguruan elkartu? Zertako?

    Herri honen arazoa ez da soilik independentzia bai edo ez. Herri honetan gatazka asko daude. Eta gatazka horretako gako bat, gatazka ekonomikoa da (hau bere horretan politiko-soziala dela jakinik). PNVrekin batzea gatazka hori ez konpontzea da. Burgesia eta herritarren arteko guda dago. Zapaltzaile-zapaldua dikotomia. Zertarako nahi dugu Euskal Herri aske bat ez baldin badago kapitalisten atzaparretatik aske? Txoria ez da libre izango kaiola handiago baten jarri arren. Eta hori ulertu (nahi) ezean gure burua engainatzen ari gara.

    Hirugarrenez, pare bat bider irakurri dizut Entzutegi Nazionalera eramango zaituzten beldurraren inguruan. Uste dut nahiko gai serioa dela eta hainbat herritar bertatik pasa direla jakinda, “beldur” horren inguruan ez zenukela gehiago “nobelizatu” behar. Zuk idatzitako “delitu” hori irakurri nuen, eta lasai jauna, ez dut uste entzutegian bukatuko duzunik.

    Laugarrenez, “politikaren profesionala” terminoa aipatu duzu. Gustatuko litzateke kalean eta komunikabideen fokoetatik urrun egunero lan profesionala herrigintzan egiten duten politikari militanteak ezagutuko bazenitu. Seguru nago termino hori poltronetako politikariek saldutako terminoa dela konturatuko zinela eta ez zenukeela hain erraz erabiliko. Ez zait gustatzen termino hori. Profezionalizazioak beti ez baitu ona dela esan nahi.

    Bostgarren bat ere idatziko nuke baina lar luzatu nahizela iruditzen zait. Punta ateratzea gustoko dut, izan ere, niri ere, hitzen pisua zein den ongi jakitea gustatzen zait.

    • gehienarekin ados, gauz batekin izan ezik.
      Ez dut uste ezer nobelizatu duenik, jende askori berdina gertatzen zaio ta ez dira idazleak, kazetariak, politikariak… Ta ez da beharrezkoa politikan sartua egotea, herri mugimenduetan.. Kartzela zigorra jasotzeko idazten dezunarengatik.
      Zenbat jende pasa da entzutegi nazionalatik txio batzugatik? Faceboken zerbait jartzeagatik? Kazetariak, politikoak, hiritar soilak… edozein salatua izan like iritzia emateagatik, ta ez da beharrezkoa erratea bortitzkeriaren alde zaudela kartzelaratua izateko.
      Hori bai, PPko ministroek, poliziek… Meliton Manzanas ta horrelakoak omentzen dituztenean, ez da ezer gertatzen. Ta ezta herritar soilak Franquismoren apologia egiten dutenean ere.
      Ongi izan.

  • Kaixo, Nineu
    Gustura erantzungo nizuke, baina, nor zaren badakidala uste dudan arren, neure buruari emandako agindu zaharra dut ez naizela sekula eztabaidan ariko bere burua ezizenez ezkutatzen duen inorekin: bentaja handiegia duzue gaizki esaka aritzeko. Sentitzen dut, baina halaxe daude gauzak.

    • Tira. Hori bere onetik ateratzea iruditzen zait, Hasier. Ezinezenez sinatzen badu ere, ez da gaizkiesaka ari. Zure posturarekin bat ez datorrela besterik ez dio. Eta arrazoituz gainera.
      Bestalde, ez badiozu erantzun behar, ez idatzi. Bestela klima okertu besterik ez da egiten.
      Nor den badakizula uste duzula… bada, bentajaz ari zarenez… pentsa genezake badakizula, hemen idazteko, e-posta eman behar denez eta Zuzeuko administrari izanda.
      Duela egun batzuk Iker Tubia, orain zu. Zeinen gaizki daramatzagun kritikak…

    • Peru Dulantz 2015-10-22 12:37

      Nik ere erantzungo nizuke, baina ez dizut erantzungo.