Joxe Azurmendiri elkarrizketa Goiberrin: “Gizarte erabat espainolizatua daukagu”

«EZ BORONDATE TXARREZ, BAINA GIZARTE ERABAT ESPAINOLIZATUA DAUKAGU»

Goiberri aldizkaritik ekarria > Aimar Maiz

Donostiaren eta Koloniaren (Alemania) artean bizi da Joxe Azurmendi (Zegama, 1941). Saiakerako Euskadi Literatura Saria eman diote berriki, Historia, arraza, nazioa lanarengatik (Elkar, 2015). Uste ustelak saskitik ateratzen saiatu da berriz.

Zein da Joxe Azurmendi?

Joxe Azurmendiri elkarrizketaZegamakoa naiz. Bar Manolo zegoen etxean, Arizkorretan jaioa. Baina ez gatoz hortik; ama Kobakoa zen, eta aita —istripu batean hil zen— Astregi baserrikoa. Zegaman, kalean jaio ala baserrian jaio, baserri kulturak agintzen du. Eta Donostian, eta Gipuzkoa guztian, eta Euskadin. Donostian, beraiek besterik uste dute, baina baserri kultura da: auzo kultura, ez dauka beste kulturarik. Gero, burges txiki donostiarren zerbait diren harrokeria.

Alemanian bizi zara urtearen gehienean. Hura bestela da?

Asko aldatzen da. Horregatik konturatzen zara: hauek nola uste dute direla kosmopolitak edo hiriko kultura dutela? Nola edukiko dute bada, atea ireki orduko Euskal Herrian mendi bat daukazu aurrean eta!

Zegamartzat aparte, zertzat daukazu zure burua? Idazle, pentsalari…

Euskararen langiletzat. Puntu. Beste ezer ez. Ez naiz literatoa, ez naiz filosofoa. Filosofiako irakaslea naiz, eta oso filosofia zalea; literatura zalea ere bai. Umetan euskalduna nintzen, gero eskolan zigortua eta debekatua zegoen, Arantzazun ere bai, eta gaztelaniatu egin nintzen. Euskara erabat zabartzeraino eta ez egiteraino. 17-18 urteren bueltan, Joseba Intsausti segurarrari esker hasi nintzen berriro deskubritzen: «Aiba, zu euskalduna zara!».

Gogoeta ere euskaraz, kulturaz, herriaz egin izan duzu.

Lan hor egiten dut, batez ere. Noski, mila gauza ezin dut egin, eta nire ikasketengatik egin nezakeen mundutxoa hori zen. Filosofia, kultura, euskal munduaren gogoeta… Orain, esate baterako, nazioaren ingurukoa. Ez da bakarrik deskubritu nuela ni neu euskalduna nintzela eta hori debekatuta geneukala; baizik, deskubritu nuen zenbat kultura eta uste faltsu sartu diguten. Orduan, nire bizitzaren parterik handiena desikasten dago: irakatsi ziguten mundua edo propagandatik sartu digutena, desikasten. Eta pixka bat berrikasten, zer izan gaitezkeen. Aitortu dizut dena.

Biluzketa intelektual hori beharrezkoa da?

Geuk pentsatutako mundu berri bat ikasteko. Euskal Herriko egoeratik, euskal arazoak birpentsatuz geuk zer egin dezakegun ikasi behar dugu. Arazo hori belaunaldi bakoitzari planteatzen zaio. Guk eduki dugun borroka ez daukazue zuek. Gu frankismo kumeak gara, erabat. Zuek beste gauza batzuen kontra egin beharko duzue borroka intelektuala.

«Euskararen langiletzat daukat nire burua. Puntu. Ez naiz literatoa, ez filosofoa»

«Nire bizitzaren parterik handiena propagandatik sartu digutena desikasten dago»

«Ikaragarrizkoa da Euskal Herrian dagoen inbasio kultural espainola, Estatu inposizioa»

«Euskal gizartea desegindakoa dela iruditzen zait; negatibotik indar handia daukagu»

1970-80ko belaunaldikoek beste hezkuntza eredu bat izan dugu, zuenetik desberdina. Hizkuntza galtzerik ez dugu izan, orokorrean. Gazteek zer daukate, bada, desikasteko?

Ikaragarrizkoa da hemen dagoen inbasio kultural espainola. Ikaragarrizkoa da. Horretaz konturatzeko, lagungarria da beste kultura batean bizi izatea. Hemen naturaltzat hartzen den mila gauza, konturatzen zara naturala hemen bakarrik dela, Bidasoa pasatu orduko jada ez duela balio. Alderantziz, ikusten duzu ez dela batere naturala, Estatuak sartzen duen kulturaren inposizioak dira.

Nola sartu digute hori dena? Estatuaren ahalmena halakoa da, propaganda bidez —irrati, telebista, egunkari…—, ezen ezin zara libratu hortik. Ez da borondate txarragatik, baina gizarte erabat espainolizatua daukagu. Sentitzen dut.

Zure umetan baino gehiago?

Joxe Azurmendiri elkarrizketaBeste modu batera. Gehiago, ez dakit. Egia esan, gure kultura nolabait euskaldunagoa zen, familietatik etorria. Familiak oraindik tradizioaren barruan zeuden. Frankismoaren presioa erabatekoa zen gizartean, baina familietara askoz gutxiago iristen zen. Baina oraingo inbasioa familietan sartzen da, tresna modernoagoak direnez. Franco hil ondoren ikaragarri egin da euskararen eta euskal kulturaren alde, baina arriskua ere askoz handiagoa da orain. Zeren gerta liteke euskaraz hitz egitea, baina espainolez pentsatuz eta kultura espainola transmitituz. Arriskua hor dago.

Herritar xumeak nola nabari dezake jasotzen dituen eraginak ez direla bereak, «naturalak»?

Euskal Herrian badauzkagu abantaila batzuk. Frankismoa jasan duen herriak defentsa batzuk garatu ditu: esaten zaizkion gauza asko ez sinesteko. Gure artean badago kultura bat boterearekiko eta bere forma guztiekiko kritikoa dena. Patologikoa izateraino askotan, zeren gaur jende askok jarrera dauka ordena esan nahi duen guztia negatibotzat jotzeko. Izugarri arriskutsua da, gizarte bat anulatzeko gauza da halako jarrera bat. Baina bada defentsa bat ere. Ez da aski alternatibak sortzeko, zeren horretarako beste jarrera positibo batzuk garatu beharra dago. Zeren, azkenean, ukatuz ez da egiten gizarte bat. Ukazioaren kultura handi bat daukagu, gehiegizkoa.

Nola dago euskal gizartea?

Desegindako gizartea iruditzen zait. Negatibotik indar handia daukagu, eta positibotik gutxiago. Adibidez, lehen lana balio inportantea zen; lanaren eta langileen zentzu moral eta etiko indartsua egon da. Uste dut gaur ez dagoela. Lana gaur ez dago baloratuta. Gure aitarengandik gure umeengana asko galdu da kontzientzia hori.

‘Historia, arraza, nazioa’ liburu sarituan nazio etnikoa eta zibikoa bereizten dituen diskurtsoa hankaz gora bota duzu.

Mito bat puskatu nahi izan dut. Ia haserre idatzitakoa da liburu hori. Guri beti esan digute nazio txikien nazionalismoa guztiz negatiboa dela: sentimentalismo hutsa, irrazionala dela, nazioaren kontzeptu etniko arrazista daukala. Parean, alderantzizko diskurtsoa dago: aberri handia, Espainia, estatua, konstituzioa… Alegia, nazio zibikoa deitzen dena, ontzat emateko. Hori faxismo espainola besterik ez da.

Eta ez dago dikotomiarik?

Dikotomia horrek zer oinarri daukan estudiatu nahi nuen. Frantziaren eta Alemaniaren arteko 1870eko gerran, frantsesek sortu zuten, Renan-ek eta. Alemanen kontrako propaganda-doktrina zen, gerra galdu zutenean egina. Espainiak beti Frantzia kopiatzen du, eta Bilbotik eta Donostiatik Madril kopiatzen da. Estatu tresnarik ez duen nazio bat, luzarora desagertzera kondenatuta dago.

 

Goiberri aldizkaritik ekarria, hemen esteka:

goiberri.eus/ez-borondate-txarrez-baina-gizarte-erabat-espainolizatua-daukagu/

Goiberri-copia

Joxe Azurmendiri elkarrizketa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

8 pentsamendu “Joxe Azurmendiri elkarrizketa Goiberrin: “Gizarte erabat espainolizatua daukagu””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude