Belisamari edo

Belisamari edo –

Gaur Gorbeia lainotuta zegoen, itxuragabetuta eta elurra galdu xamartuta. Eta ez. Baina asteon goizero animista sentiarazi nau. Ulertu dut Gorbeia gurtzea.

Belisamari edo

Zabala, erraza, onbera, sakona, besarkatzailea iruditu zait, goialdeko elurrak ilea urdindua;  iraunkortasunaren, egon-egotearen eta irmotasunaren irudia zen ene begietan, eta izan liteke nire jainkoa. Otoitz egin diot egun batzuetan. Hala eta guztiz ere, agian lehendabizikoa izan naiz,  agian beste inork ez du sekula sentitu Gorbeiari otoitz egin beharrik. Etimologia iluneko izena da Gorbeia, azalgaitza, agerian dagoen “gora” eta “behea”-ren arteko konbinazioz ez bada; baina, benetan horren izen kaxkarra ipiniko zioten arbasoek? Ezetz uste. Hain ageriko etimologiak horrelako izen zaharretan herri etimologiari zor ohi zaizkio, hau da, izenaren zergatia iluntzen denean hiztunok ezagutzen ditugun formen bitartez azaltzeko eta are haien arabera aldatu edo egokitzeko daukagun joerari zor zaizkio sarritan. Ziur gaude beia horretako i hori ezin dela zaharregia izan, eta badirudi hasieran gor hitza dugula, antzinako ‘gogor’ esanahiarekin-edo. Besterik ez  dakigu.

Akitaniarrek, dakigularik, zuhaitzak eta animaliak gurtzen zituzten, gutxienik. Fago deo eta Sexarbori deo agertzen zaizkigu latinez, “Pago jainkoari” eta “Seizuhaitz jainkoari” egindako idazkunetan. Latinez eman zituzten eta, beraz, jakin gabe gelditu gara euren akitanierazko benetako izenak. Beste batzuetan akitanieraz ditugu, baina. Artahe, Arte eta Arixo ere zuhaitz-jainkotzat ditugu, itxura baten lehendabiziko biak arte zuhaitzarekin lotuak eta azkena haritzarekin. Munduaren ikuskera animistaren ondorio arruntak omen dira zuhaitz-jainkook, bai antropomorfoak izateagatik, hau da, gizaki itxurakoak-edo, baita gure bizitza erraz gainditzen duen iraunkortasuna izateagatik ere.

Aherbelste eta Astoilunn, bata aker beltz gehi atzizki (oraingoz) ilun bat eta bestea ezin gardenagoa, jainko inkietanteak dira, mundu mehatxari baten aurrean sortzen zaigun ezinegonaren adierazle beltz ilunak, Abernuko ilunpeetatik erdi-irtenak diruditenak.  Nik ez dut horrelako jainkorik izan nahi. Doazela. Belisama jainkosa nahiago, zelta balitz ere, “asko distiratzen duena” esan nahi baitu haren izenak, eta Minerva erromatarraren antzeko ezaugarriak baitzituen, hots, jakinduriaren jainkosa zatekeena. Belisama.

Alabaina, iturri eta erreketara hurbildu ahala sumatzen diren murmurikak, instant bateko dirdirak, kuku-gordeka dabiltzan jainkosen oihartzun jolastariak direla esango nuke. Ez diet otoitz egiten, eskertzen baizik, euren inguruan sentiarazten didaten bakea. Beatus ille… “Zorionekoa negozioetatik urrun, antzinako gizakiak bezala, gurasoen alorrak idien laguntzaz lantzen ematen duena bere denbora, ez dena esnatzen gudu-turuta odoltsuaren zarataz, soldadua bezala, eta ez dena itsaso haserrearen aurrean izutu behar ere. Halakoa urrun bizi da plazatik, urrun gizaki boteretsuen atarte harroetatik”.

Esango nuke Horazio erromatar poetak ere ezagutu zituela procès eta 155a, Altsasuko gazteen kartzelaldi eta epaia, Cifuentesen masterra, Bescansaren hanka-sartze edo filtrazioa, pentsioen kutxa hustu izana, PROEM-AID-eko su-hiltzaile epaituak eta egunero-egunero, gure begi nekatu edo aspertuen aurrean gertatzen ari diren bidegabeak oro. Hauen aurrean, hau ere aitortu behar, Aherbelste eta Astoilunen laguntza ere beharko dut. Berauena batez ere.

Lehertuko ahal dituzte!

Eta zu, noiz hasi zinen pornoa ikusten?

Belisamari edo

Irakaslea, filologoa eta euskaltzaina. Araba.