Asteburu honetan: Porru entsalada, guakamole eta izokin ketuarekin

Porru entsalada, guakamole eta izokin ketuarekin –

Pagotxa RZk - Asteburu honetan: Esne gozoa

Asteburu honetarako, aurreko batean aurreratu genuen bezala, sukaldeko artista puntutxoa gustatzen hasia zaizunez eta zeure ingurukoek zerbait landuagoa espero dutenez jada, teknika eta RZ profesional eta landuagoak probatzen hasteko bidea zabalduko dugu. Iker Markinez Ormaiztegiko KUKO Jatetxeko sukaldariak «Euskal sukaldaritza praktikoa» bere liburuko RZ batzuk ekarriko dizkigu horretarako, denak txundituta uzteko RZ aproposak, praktikoak eta gozatzekoak zinez. Milesker Iker eta zu zeuk gozatu. Segi gozo, segi fin eta on egin! 🙂

Porru entsalada, guakamole eta izokin ketuarekin

PORRU ENTSALADA, GUAKAMOLE ETA IZOKIN KETUAREKIN

Osagaiak  (4 pertsonarentzako)

  • Dozena bat porru berri
  • 400 g izokin ketu
  • Bi ahuakate edo abokat
  • Tipulin bat
  • Bi baratxuri ale
  • Limoi bat
  • Oliba olio birjina
  • Gatza
  • Piper hauts beltza
  • Modena eta sagardo ozpinak

Porru entsalada, guakamole eta izokin ketuarekin

Errezeta

  1. Porruak garbitu. Porruaren zuri aldea erabiliko dugu. Beraz, zati zuri bakoitza beste bi pusketatan moztu.
  2. Lapiko batean ura irakiten ipini, gatz pittin batekin; irakiten hastean, porruak gehitu, sua moteldu eta, suabe-suabe, ordu erdi batez irakin. Gero, sua itzali, eta bertan mantendu, hoztu arte.
  3. Guakamolea egiteko, ahuakateak zuritu, hezurra kendu, haragia karratu txikietan moztu, eta ontzi batean jarri. Tipulina eta baratxuri aleak ere ahalik eta zatirik txikienetan moztu, eta aurreko ontzian gehitu, baita gatz pittin bat, piper hauts beltz birrindua, limoi baten zukua, koilarakada bat sagardo ozpin, eta oliba olioa ere bai, txorrotada on bat. Guztia ongi nahastu. Halaxe egingo dugu guakamolea.
  4. Bukatzeko, porruak uretatik atera, ura ondo kendu, plater baten bueltan txukun ipini. Plateraren erdian, molde baten laguntzaz, guakamolea jarri eta porruen gainean izokin xerrak. Guztia, azkenik, olio eta modena oliozpinez ongi busti.

Kasu!

Zaindu eta landu aurkezpena, ikusi irudia aurkezpena ere primerakoa eta luzitua izan dadin…

Akaso!

Iker Markinez Munduate (Beasain, 1974), Goierrin, Ormaiztegin, Zumalakarregi Museotik oso gertu dagoen KUKO Jatetxe ezaguneko sukaldaria da. Hamazazpi urterekin ikasketak utzi eta bere ibilbideari ekin zion, sukaldaritzan barna, justuki egun diharduen tokian.

Euskal sukaldaritza praktikoa Iker MarkinezBere lehen liburua plazaratu du Txertoa katalogoa eta Ttarttaloren eskutik, «Euskal sukaldaritza praktikoa», izenburuak dioen bezala, geure lurreko osagaiekin, errezeta errazekin eta euskaraz. 91 errezeta daude, baina irakurleari inprobisatzeko tarte handia eskaintzen dio, Ikerrek ere bere sukaldean horrela lan egitea atsegin baitu, bertsolarien moduan. «Goizean erosketak egiten ari naizenean ez dut oraindik erabaki zer eskainiko dudan eguerdiko menuan».

1992an hasi zen ofizio eta afizioa lantzen Francisco Javier Villanueva “Kuko”-rekin. Leku dezentetan aritu da txef gisa: Andaluzian Inaxio Muguruzarekin, Frantziako Proventzan, Irungo Atalaia jatetxean, Olaberriako Arrietan… 2001ean Kukora itzuli zen, jada nagusi gisa; hasi zen tokian bai, baina ez abiapuntuan.

Lapiko artean urtetan erakutsi duen maisutasuna Euskal sukaldaritza praktikoa izeneko liburu honetan bildu du Iker Markinez, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko sukaldariak. Sukaldaritzaren bidez, euskal sustraietara bidaia saporetsua proposatzen du. Gure sukaldaritzaren oinarria diren lehengaiak erabiliz, osagaiak ondo zaindu eta aukeratuz eta garaian garaikoari erreparatuz, errezeta sorta zabala eta praktikoa aukeratu eta liburu honetan jaso du.

Iker Markinez: “Nire sukaldaritza bertsolaritza bezalakoa da”

Asteburu honetan: Kukulu entsalada antxoa eta oilaskoarekin

Asteburu honetan: Brokolia, limoi emultsioa eta izokinarekin eta AMA

Asteburu honetan: Porrusalda

kuko

Porru entsalada, guakamole eta izokin ketuarekin

Amatxoren altzoa utzi duzu eta abandonaturik sentitzen zara. Lasai, ez izutu, sukalde zintzo eta garbia, zopa eder bat, entsalada bikain bat, esneki goxo bat… horrelako gauza xume bezain zailak aurkituko dituzu PAGOTXA RZtegian. Etxean egiteko aproposak denak!