[Paperezko Itsasoa #podcast] Doktoro Esperantoren nazioarteko hizkuntza

[Paperezko Itsasoa #podcast] Doktoro Esperantoren nazioarteko hizkuntza – 

Munduan 7,500 hizkuntza inguru mintzo omen dira. Baina honakoa datua eztabaidagarria da oso, izan ere, badira oraindik katalogatu gabeko mintzairak zein egunetik egunera desagertzen doazenak. Gainera, oraindik ere ez dago argi zein den hizkuntzen eta dialektoen arteko tartea, edo noiz uzten dion hizkera batek dialekto izateari eta hizkuntza bilakatzen. Txinan, gaur-gaurkoz, mandarin estandarra erabili ezean, iparraldeko mantxuriar batek direnak eta ez direnak pasako ditu hegoaldeko kantondarrak ulertzeko, nahiz eta, teorian behintzat, guztiek txinera hitz egin. Txanponaren beste aldean, Balkanetan, kroaziarrek, bosniarrek, montenegrotarrek eta serbiarrek hizkuntza ezberdinak mintzatzen dituztela aldarrikatzen dute elkar inolako arazorik gabe ulertzen duten arren.

Gatozen harira, baina, eta ontzat har dezagun 7,500 hizkuntzen datua.

Klixe bat, sarri errepikatua, baina uneoro presente izan beharrekoa: ez dago besteak baino hizkuntza hoberik, edo besteak baino txarragorik. Errespetu bera zor zaio milioika hiztunekoari zein bakan batzuk dituenari. Guztiak dira, azken finean, komunitate baten mundu-ikuskeraren isla. Gizadi osoaren ondarea.

Hori argi dugularik, hona zalantza: zer gertatzen da A komunitateko norbaitek B komunitateko beste norbaitekin topo egitean? Zer pasatzen da A hizkuntzaren hiztun elebakarrak B hizkuntzaren hiztun elebakarrarekin harremantzean? Demagun Harri Aroan gaudela: bi giza-taldeak berdintasun egoera erlatibo batean badaude, hots, antzeko kide kopurua eta antzeko garapen teknologikoa badauzkate, zeinuen bitartez komunikatuko dira lehenik; harremana luzatzen bada, elkarren hizkuntzak ezagutzen hasiko dira eta, era natural batean, A eta B mintzairen arteko zubi bat eraikiz joango da: pidgin bat.

Normalean, baina, ez da hau gertatzen. Gaur egun, kolonbiarrek edo mexikarrek espainolez hitz egitea, eta ez wayu-z edo nahuatl-ez, ez da gaztelaniaren berezko ezaugarri filologikoen ondorio. Europarrak Amerikara ailegatzean, indigenak ez ziren espainolaren egitura sintaktikoekin, fonologiarekin eta aditz irregularrekin beraien hizkuntza propioak abandonatzeraino seko liluratu. Konkistatzaileek euren berba inposatu zuten, erlijioa bezalatsu, eta bertoko mintzairak baztertu, kasu askotan desagertzeraino. Beste hainbeste egin zuten estatubatuarrek mendebalde urruneko natiboekin, ingelesek Australian, frantsesek Hexagonoan bertan zein beraien kolonietan, eta, denboran atzera eginez, erromatarrek euren inperioaren luze zabalean.

Lege historiko saihestezin bat dirudi: herri menperatzaileak ez dira dominazio militar hutsarekin konformatzen, euren kultura ezartzen dute ere. Pernandoren egia.

Eta ez dezagun pentsa gaur egun, XXI. mende honetan, goian esandakoari itzuri egin diogunik. Ingelesa da mundu mundialeko ikastetxe guztietan irakasten den hizkuntza, ez hungariera, urduera edo sothoera. Eta hori ez da kasualitatea, lehenik Britainia Handiaren eta gero Amerikako Estatu Batuen planeta-mailako hegemonia ekonomiko, politiko, militar eta kulturalaren emaitza baizik. Izatez, ingelesa da nazioarteko lingua franca. Orain Greziara oporretan joango banintz, grezierazko hitzerdirik jakin gabe ere, arazo handiegirik gabe komunikatu ahalko nintzateke, ez nirea, ez bertokoena, den hizkuntza bat baliatuta. Dena den, abantaila dirudiena egundoko bidegabekeria da egiatan, ingelesa ama-hizkuntza dutenak pribilegiozko egoera batean jartzen dituelako. Britainiar, australiar, kanadar zein estatubatuarrek ez dute zertan bigarren hizkuntzarik ikasi, jakin badakite noranahi doazelarik ere ulertuko dituztela, edonon dagoela ingelesez mintzo den norbait. Ez hori bakarrik, bizitza guztia ingelesa ikasten pasata ere inoiz ez dugu jatorrizko hiztunaren mailarik erdietsiko, beti mintzatuko gara anglofonoek broken english deritzoten horretan, errenka ibiliko gara, behin eta berriro tupust eginda, hitz egokiaren bila, gure ama-hizkuntzan dugun jariorik gabe.

Are gehiago esango dut: ingelesa ez da hizkuntza neutral bat, hizkuntza horri kultura bat atxikirik doakiolako, balore batzuk, mundua ulertzeko era bat.

Arestian esandakoari beste zerbait gehitu behar zaio gainera. Mundu mailako lingua franca-k aldatuz doaz, ingurumari historikoen arabera. XX. gizaldiaren erdialdera arte, ingelesa ez, frantsesa izan zen nazioarteko harreman diplomatikoetan gehien erabilitako hizkuntza. Erdi Aro guztian zehar latinak bete zuen funtzio hori. Gaur egun, berriz, trantsizio bat bizitzen ari garela irudi luke, zeren eta, Estatu Batuak hasiak dira jada, Txinaren faboretan, hegemonia globala galtzen. Oraindik ere, ikusteko dago mandarinak ingelesari tokia hartuko dion ala ez.

Ez ote litzateke hobea nazioarteko komunikaziorako hizkuntza neutral bat hautatzea? Baina, jakina, ez dago hizkuntza neutralik, denak baitira kultura edo herri baten parte. Hortaz, hizkuntza neutralik ez badago, sortu beharko da. Ideia hau ez da berria. Izatez, herrien arteko harremanetarako mintzaira-laguntzaileak sortzeko proiektuak dozenaka konta daitezke: Adjubilo, Afrihili, Babm, Communicationssprahe, Interglossa, Idiom Neutral, Ido, Interlingua, Kotava, Lingwa de Planeta, Mundolinco, Sambahsa, Toki Pona, Uropi… eta abar, eta abar, eta abar.

Horietatik guztietatik, arrakasta pittin bat izaten lehena XIX. mendearen azken laurdenean agertu zen: volapük. Hizkuntza haren sortzailea Johann Martin Schleyer izeneko apaiz aleman bat izan zen eta 1879an eman zuen argitara bere proiektua, Sionsharfe aldizkari katolikoan. Volapükak harrera ezin hobea izan zuen eta, urte gutxiren buruan, ia hirurehun elkarte volapükista zegoen mundu zabalean sakabanaturik. Hala eta guztiz ere, Schleyerren hizkuntzaren zailtasunaren eta mugimenduaren baitako desadostasunen ondorioz, volapüka hiztunak galtzen hasi eta proiektuak porrot egin zuen. Deskalabruaren beste arrazoi bat zera da: volapükari lehiakide bat agertu zitzaiola, askoz eta errazagoa eta arrakastatsuagoa, gaurko saioaren protagonista.

Byalistok Polonia ekialdean dago kokaturik, Bielorrusiako mugatik hurbil eta gaur egun 300.000 biztanle inguru dauzka. Nolanahi ere, hizpide izango dugun garaian, XIX. mendearen erdialdean, Polonia ez zen oraindik existitzen, ez zen mapetan ageri. Estaturik gabeko nazioa ziren poloniarrak, Prusia, Austria eta Errusiaren artean zatiturik, eta Byalistok Tsarraren Inperioko milaka hiriren artetik beste bat baino ez.

Ziutate hura bidegurutze bat zen, hamaika komunitate erlijioso eta linguistikoren bizileku. Hango biztanleek katolizismoa, luteranismoa, kristautasun ortodoxoa zein judaismoa praktikatzen zituzten. Haren kaleetan poloniera, errusiera, lituaniera, alemana eta juduen yiddish hizkuntza entzun zitezkeen. Dena den, Byalistok ez zen, ezta hurrik eman ere, Arkadia zoriontsu bat, komunitate horien guztien arteko ezinikusiak eta gatazkak eguneroko ogia baitziren.

Bertan jaio zen 1859ko abenduaren 15ean Ludwik Lejzer Zamenhof, famili judu batean. Ludwiken aita eta aitona hizkuntza-irakasleak ziren. Beraz, eta Byalistokeko egoera ezagututa, ez da bitxia ume hura txikitatik eleanitza izatea. Aitak beti hitz egin zion errusieraz eta amak yiddishez. Poloniera kalean ikasiko zuen ziurrenik. Gerora, alemana ere jario handiz hitz egiteko gai izango zen. Haren bizitzan zehar, hebreera, frantsesa, greziera klasikoa, latina, ingelesa eta volapük ikasiko zituen, baita italiera eta gaztelaniaren oinarri xehe batzuk ere.

Zamenhof haurtzarotik izan zen kontziente haren jaioterriko giro liskartsuaz. Oraindik ere nerabe koxkorra zelarik ideia aski utopiko bat hasi zitzaion buruan bueltaka. Haren ustez, Byalistokeko komunitateen arteko gorrotoa elkar ez ulertzearen, elkar aski ez ezagutzearen, ondorio zen. Apika, guztiek hizkuntza bera hitz egingo balute ez lukete elkar poloniar, errusiar, judu edo aleman gisa ikusiko, gizaki gisa baizik. Horretarako, baina, hizkuntza neutral bat topatu beharra zegoen, ez litzateke zilegi talde batek gainontzekoei bere mintzaira inposatzea. Baina zein hautatu? Latina edo greziera klasikoa agian? Zailegiak ziren, dudarik gabe; ezgauzak komunikazio modernorako.

Aukera hobeago baten faltan, Zamenhof, haren ezagutza filologiko zabalaz baliaturik, guztientzako moduko hizkuntza erraz bat sortzen hasi zen. Urteak eman zituen eginkizun horretan, eta, 1878an, bere hemeretzigarren urtebetetze egunean, bukatutzat eman zuen lana. Ludwik Zamenhof eta haren lagunek topa eginez ospatu zuten hizkuntza berriaren jaiotza.

Handik gutxira, Ludwikek gurasoen etxea utzi behar izan zuen, Moskun medikuntza ikasketak hastekotan baitzegoen. Joan aurretik, aitari, Mordekai Zamenhofi, bere lan filologikoak gordetzeko eskatu zion. Aitak, baina, ez zuen semearen nahia bete. Agidanez, lan haiek denbora-galtze hutsa zirela iritzita, edo tsarraren poliziarekin arazoak sor zitzaketela pentsatuta, sutara bota zituen eskuizkribuak.

Hiru urte beranduago, Moskutik itzulitakoan, Zamenhof zerotik hasi behar izan zen berriz, Varsovian sendagile izateko ikasten jarraitzeaz batera. Medikuntza amaitu eta oftalmologian espezializatu zen Zamenhof. Hogeita sei urterekin bukatu zituen behin-betiko ikasketak. Garai hartan ezkondu zen, Klara Silbernik izeneko emakume lituaniar batekin.

Antza denez, 1885erako, ezkondu eta mediku lanetan hasi zen urte horietan, bukatutzat eman zuen ere nazioarteko hizkuntza berria sortzeko lana. Halarik ere, proiektua ez zion inork publikatu nahi izan, ezein argitaletxek ez zuen okulista xelebre haren lan bitxietan negoziorik ikusi. Zamenhofek aitaginarrebari eskatu behar izan zion laguntza eta hark mailegatu zion dirua, alabaren ezkontzako dotea ere bai.

Hala, 1887an, atera zen argitara Varsovian “Lingvo internacia. Anta?parolo kaj plena lernolibro”, hau da, “Nazioarteko hizkuntza. Hitzaurrea eta testuliburu osoa”. Zamenhofek ezizen batekin izenpetu zuen liburua: Doktoro Esperanto, hots, Doktore Itxaropentsua.

[Paperezko Itsasoa #podcast] Doktoro Esperantoren nazioarteko hizkuntza

Zamenhofek hizkuntza indoeuroparretako erroak baliatu zituen hitzak sortzeko, batik bat hizkuntza erromantzeetakoak. Lingvo Internacia edonork eta azkar ikasteko pentsatuta zegoen. Helburu horri jarraiki, mintzaira berriak hamasei arau gramatikal baino ez zeuzkan, salbuespenik gabe. Absolutuki erregularra zen, hortaz. Izen guztiak o letrarekin amaituko ziren, adjektibo guztiak a-rekin, adberbioak e-rekin, aditzen infinitiboa i-rekin… Era horretan, amo maitasuna da; ama, berriz, maitagarria; ame, maitekiro, eta ami maitatu. Aditzak as bukaerarekin jokatzen dira orainaldian, is-rekin lehenaldian, os-rekin etorkizunean, us-rekin baldintzeran eta u-rekin aginteran. Hala, Mi amas, nik maitatzen dut; Mi amis, nik maitatu dut edo nuen; Mi amos, nik maitatuko dut; Mi amus, nik maitatuko nuke Aditzaren jokaera ez da subjektuaren arabera aldatzen.

Liburuak aurreikusi gabeko eta berehalako arrakasta izan zuen. Lana argitaratu eta urte gutxitara milaka jarraitzaile zeuzkan Zamenhof Doktorearen hizkuntzak. Asko eta asko, gainera, izen handiko gizon-emakumeak ziren: Lev Tolstoi errusiar idazlea; Francesc Pi i Margall, Espainiako Errepublikako presidente izandakoa; Jules Verne eleberrigilea; Jean Jaures lider sozialista frantsesa… Bien bitartean, Zamenhofek jo eta su ziharduen lanean narratiba eta poesia lanak lingvo internaciara itzuliz. 1889An, Nurembergen, Alemanian, “La Esperantisto” aldizkaria kaleratzen hasi zen, Zamenhofen hizkuntzan idatzitako lehen prentsa-agerkaria. Izan ere, hiztunek eurek berrizendatu zuten lingvo internacia Zamenhofen ezizenarekin: Esperantoa.

Esperantoak, batik bat, burgesia txikiko jendea erakarri bazuen ere, esan beharra dago mugimendu sozialistak eta anarkistak oso begi onez ikusi zutela hizkuntza berria, zeren eta, ideologia politiko horiek defendatzen zuten langile-internazionalismoa bultzatzeko tresna ezin hobeagotzat jotzen zen. Hurrengo hamarkadetan langile-mugimendu esperantista indartsu bat agertuko zen munduko lurralde askotan. Hainbesteraino ezen, Esperantoari “langileen latina” ezizena ezarri baitzitzaion.

Hasiera batean, esperantisten arteko harremanak gutun bitartez izan ohi ziren. Izatez, gaur egun ere, munduko komunitate linguistiko sakabanatuena da. Esperantisten lehen elkarretaratze handia 1905eko abuztuan gauzatu zen, Frantziako Boulogne-Sur-Mer hirian. Esperantoaren Kongresu Unibertsalera 688 lagun hurbildu ziren, munduko 20 herrialde baino gehiagotik. Geroztik, Bi Mundu Gudetan izan ezik, urtero egin dira Esperantoaren Kongresuak, planeta guztiko hamaika hiritan. Boulogneko bilkuran Esperantoa arautzeko batzorde bat hautatu zen, berebat.

[Paperezko Itsasoa #podcast] Doktoro Esperantoren nazioarteko hizkuntzaXX. gizaldiaren lehen hamarkada hartan heldu zen ere Zamenhofen hizkuntza Euskal Herrira. 1905 eta 1910 artean talde esperantistak agertu ziren Sestaon, Portugaleten, Donostian, Iruñean eta Bilbon. 1906an sortutako Bilboko Esperanto Elkartea, 115 urte eta gero, oraindik ere existitzen da. Alde Zaharreko Barrenkalen dago egoitza.

Zamenhof humanista bat zen. Zinez uste zuen hark sortutako hizkuntzak mundu baketsu eta justuago bat eraikitzeko balio zezakeela. Amets hura, baina, ez da oraindik gauzatu. 1914an, Austria-Hungariako tronuaren ondorengoaren hilketaren ondorioz, Lehen Mundu Gerra lehertu zen. Milioika gazte gudu-zelaietan sarraskituak izango ziren hurrengo lau urteetan. 1917an, 57 urte zituela, hil zen Zamenhof, zeharo atsekabetuta, bihotzeko baten eraginez.

Lehen Mundu Gerraren ostean, Nazioen Liga sortu zen, gaur egungo Nazio Batuen Erakundearen aurrekaria. 1925ean Ligak esperantoz funtzionatzeko proposamena bozkatu zen, baina, tamalez, Frantziak betoa jarri zion. Frantses ordezkariek adierazi zuten ezen, ez zegoela esperantoaren beharrik jadanik existitzen nazioarteko hizkuntza bat existitzen zelako: frantsesa hain zuzen ere.

Esperantoa arriskutsutzat jo zuten askok hasieratik. Sortu zenetik errepresio gogorra jaso du mugimendu esperantistak. Esate baterako, agertu eta gutxira, tsarismoak La Esperantisto aldizkaria debekatu zuen Tolstoiren artikulu baten ondorioz. Hitlerrek, Mein Kampf liburuan, mundua menderatzeko juduen konspirazioaren parte zela esanez, salatu zuen esperantoa. Naziek Alemanian boterea eskuratzean erakunde eta agerkari esperantista guztiak debekatu zituzten. Izan ere, Zamenhofen seme-alaba guztiak Holokaustoaren biktima izan ziren, denak hil ziren kontzentrazio esparruetan. Europako beste erregimen faxista askok ere, salazarismoak Portugalen edota frankismoak Espainian, Japoniak, esperanto elkarteak itxi zituzten. II. Mundu Gerraren ondoren ere, Estatu Batuetan, esperantistak McCarthy senatariaren sorgin-ehizaren biktima izan ziren.

Baina ez ziren eskuineko erregimenak izan esperantistak jazarri zituzten bakarrak. 1937an, Purga Handiaren garaian, Sobietar Elkarte Esperantistako zuzendaritza guztia atxilotu zuten autoritateek. Sobietar esperantista asko erail edo giltzapetu zituzten, espioien hizkuntza bat baliatzea egotzita. Erabaki horren atzean, Stalinen errusiartze politikak leudeke, hots, kohesio soziala lortzeko errusiar nazionalismoa eta errusiar hizkuntza baliatzeko nahia.

Esperantoak ez ditu hizkuntza nazionalak ordeztu nahi. Aitzitik, mundu guztiarentzako bigarren hizkuntza bat izatea du helburu. Ekologia linguistikoa mantentzeko tresna izatea. 135 urte eta bi mundu gerraren ostean, helburu hori oso urrun dago oraindik ere.

Zaila da jakitea zenbat esperantista dagoen munduan. Ez dago erroldarik. Estimazioak oso lausoak dira: gutxienez 100,000 pertsona mundu guztian, gehienez jota bi milioi. Datu bat: 2019ko apirilean, Duolingo aplikazioko esperanto ikastaroak 800,000 erabiltzaile aktibo zeuzkan mundu osoan. Izatez, internetek bultzada izugarria eman dio hizkuntzari. XXI. mende hasiera honetan esperantoaren bigarren loraldi bat bizitzen ari gara: milaka web orri, blog, foro, ikastaro… aurki daiteke sarean hizkuntza horretan. Gaur-gaurkoz, eta bitxia dirudien arren, esperantoa interneten gehien erabiltzen diren 30 hizkuntzetako bat da. Ildo beretik, Wikipediako 20. hizkuntza da artikulu kopuruari dagokionez. Milaka esperantistak sarearen bitartez ikasi dute hizkuntza, lernu.net bezalako orrietan, eta bide beretik komunikatzen dira mundu zabaleko beste esperantodunekin.

Horretaz gain, Kuba, Polonia, Txina edota Vatikanoko irrati publikoek esperantozko albistegi zein programak eskaintzen dituzte. Orobat, bada Okzitaniako Tolosan esperantozko musika ekoizten duen disketxe bat: Vinilkosmo. Eta horren baitan dozenaka eta dozenaka musika talde daude, hamaika estilo ezberdinetakoak: Kaj Tiel Plu folk taldea, Jomo kantautorea, Jonny M rap abeslaria, BaRok Projecto metal taldea… eta abar, eta abar, eta abar.

Literaturari dagokionez, ehunka liburu kaleratzen dira urtero esperantoz, lan originalak zein itzulpenak. Euskal Herrian, Aitor Arana idazlea dugu jardun horretan aktiboenetako bat: Bernardo Atxagaren Behi Euskaldun Baten Memoriak eta Jon Miranderen Haur Besoetakoa itzuli zituen Zamenhofen hizkuntzara; Memorajhoj de Euska Bovino eta La Baptofilino izenburuekin. Aranari zor diogu ere, urteetako lanari esker, lehen euskara-esperanto hiztegia ondu izana.

Esperantoa nazioarteko komunikaziorako baliabide neutrala da, ikasteko erraza eta tokian tokiko herriak eta kulturak errespetatzen dituena. Hizkuntzak helburu praktikoetarako ikasi nahi dituenak ez dio erakargarritasunik ikusiko Zamenhofen mintzairari, baina arestian azaldutako printzipioekin bat datorrenak, eman diezaiola bistako bat. Ikusiko duzue nola, zuen kabuz ikasita ere, uste baino azkarrago izango zareten hitz egiteko gai.

[Paperezko Itsasoa #podcast] Doktoro Esperantoren nazioarteko hizkuntza

[Paperezko Itsasoa #podcast] Doktoro Esperantoren nazioarteko hizkuntza

Podcast honen helburua humanitateen dibulgazioa egitea da. Historia, filosofia, hizkuntzalaritza, literatura, etnografia... hamaika gai jorratu nahi ditugu ahalik eta modu arin eta gustagarrienean. Eta noski: euskara hutsean.

2 pentsamendu “[Paperezko Itsasoa #podcast] Doktoro Esperantoren nazioarteko hizkuntza”-ri buruz

  • Beti bezalaxe.. aurreko podcastak bezain interesgarria suertatu zait gaur ikuspegi zabalaz jorratu duzun gaia.Entzumena amaitu bezain pronto jaio zenetik hizkuntz baztertu eta jazarri hau ikasteko gogoaren txinparta piztu zait nire baitan.Eskerrik asko egindako dibulgazio lanagatik

  • Milesker berriz!