Ukraina

Ukraina –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Arabako Alea agerkarian.

Ukraina

Gerra Hotzaren garaietara berriz?

Yuval Noah Harari historialariak Homo Deus liburuaren hasieran dionez, gizateriaren historian zehar hiru izan dira etengabeko arazorik larrienak: gosea, izurritea eta gerra. Hirurak aztertu ondoren, aurrerapen handiak egin direla ondorioztatzen du Hararik, eta, beraz, egungo munduko egoera beste garaietakoak baino askoz hobea dela uste du. Gerrari dagokionez, arma nuklearrek eraldatu dute potentzien arteko gerra, jakinez suizidio kolektiboko ekintza ero bat bihurtuko litzatekeela gerra. Antzinako nekazari gizarteetan hildakoen %15 indarkeriaren ondorioz gertatzen ziren bitartean, biztanleriaren %5a hil zen XX. mendean, eta %1 ari da izaten bizi garen mende honetan. 2012. urtean 56 bat milioi pertsona hil ziren mundu osoan, horietariko 120.000 gerraren ondorioz, eta 500.000 izan ziren krimenaren munduari lotutakoak. Aldiz, 800.000 pertsona hil ziren bere buruaz beste eginda, eta 1,5 milioi diabetesezak jota. Hala eta guztiz ere, ez dugu inoiz gure garai hauetan hilabete bat ikusi gerrarik gabekoa, Yemen ez bada, Sudan, Afganistan edo Kongon. Eta oraintxe 2014. urtean Ukrainako ekialdean sortu zen gerra isila, badira 15.000 bertan hildakoak, gerra zabalagoa bihurtuko beldur gaude. Tentsioa eta tirabirak, konfliktoaren partaideen arteko ezikusia, AEBak eta Europako Batasuna alde batean, Errusia bestean, eta erdian, Ukraina. Arrazoia emango diogu historialari israeldar ospetsuari?

“Elkar ezagutu eta gorrotatzen baina hiltzen ez duten zaharren erabakiagatik, elkar ezagutu eta gorrotatzen ez duten gazteek elkar hiltzen den lekua da gerra”. Sare sozialetan jasotako esaldi honek nahiko ondo definitzen du gerra. Erich Hartmann da esaldiaren egilea, eta jakin-minak bultzatuta, Wikipediara jo dut nor izan zen jakiteko. Bigarren Mundu Gerran hartu zuen parte nazien armadako pilotu ausart eta trebeak: 1.404 misiotan egin zuen hegan, 825 borrokatan hartu zuen parte, eta aliatuen 352 hegazkin eraitsi zituen. Alemaniaren errendizioaren ostean hamar urtetan egon zen Sobietar Batasuneko preso-esparruetan, eta 1955ean lortu zuen askatasuna. Hurrengo urtean Mendebaldeko Alemaniak eratu berria zuen Luftwaffen komandante izendatu zuten. 1993ean hil zen 71 urterekin. Saiatu arren, ez dut lortu jakitea bere bizitzaren zein momentuan idatzi zuen arestian aipatutako esaldia: gerra garaian, preso zegoenean, berriz pilotu izan zenean edo Luftwaffe utzi eta gero. Koherenteena litzateke armada utzi ondoren egin izana. Dena dela, gutxitan irakurri dut gerrari buruzko definizio hoberik.

Hartmannek aipatzen dituen “elkar ezagutu eta gorrotatzen baina hiltzen ez duten zahar horiek” dira hain zuzen Ukrainan aitor ezin daitezkeen interesak defenditzen dituztenak: gasa, armagintza, hegemonia, geopolitika. Badirudi Gerra Hotzaren garaietara bueltatzen ari garela, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen eta Varsoviako Itunaren arteko ika-mika garaietara. Gerraren hotsak, joko estrategikoak, mehatxuak, adierazpen solemneak. Hobe diplomazia aterako balitz garaile, zeren Anton Chéjovek esan omen zuenez, antzerki obra bateko lehen ekitaldian pistola bat azaltzen denean, tiroaren hotsa entzungo da hirugarrenean. Eta kasu honetan, ez da pistola xume bat azaldu dena, milaka soldadu Ukrainaren mugen bi aldeetan baizik.

Ukraina

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ukraina”-ri buruz

  • josu naberan 2022-02-05 16:02

    Noiz ez da izan gerlarik (eta ondoriozko miseriarik) duela 6.000 utetik honatz (hots, PATRIARKATUA sortu zenetik Sumerian)???

    Honez gero, konbentzituta nago Gizonezkoekin ez dagoela erremediorik, eta desiatzen MATRIARKATUA.

    Horrek ere ez lukeela funtzionatuko?

    Behintzat, ikusiak ikusita, eta ikustekoen beldurrez,
    EMAN DIEZAIEGUN TXANDA!
    EGIN DEZAGUN APROBA!