EUSPOT lehiaketa Kooperatismoa gazteei gerturatzen saiatuko da

EUSPOT lehiaketa Kooperatismoa gazteei gerturatzen saiatuko da –

ZERGATIK LAN EGIN KOOPERATIBA BATEAN?

Euspot, euskarazko spot lehiaketaren hamaikagarren edizioa Kooperatibismoa gazteei gerturatzen saiatuko da. Hain justu ere, aurten Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua izango da babesle nagusia.

Spotak animatu behar ditu gazteak kooperatibismora gerturatzera eta kooperatibismoa balioan jartzen.

3.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan; guztira sei sari izango dira. Irabazleak 1.000 euroko saria eskuratuko du.

Parte-hartzeari dagokionez, 500 spot inguru jaso dira edizio guztietan. Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen. 

Aurkeztu da Euspoten edizio berria Euskadiko Kooperatiben Goren-kontseiluaren eraikinean. Hauek parte hartu dute: Belen Balerdi, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusia; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Xabi Igoa, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio digitala ibilbideko koordinatzailea; Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatea; Rober Gutierrez, Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria eta Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa 2001 urtean. Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Aurtengoa, jada, 11. edizioa ospatuko da eta landu beharreko gaia da “ZERGATIK LAN EGIN KOOPERATIBA BATEAN?”. Hain justu ere, 2022ko edizio honetan Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren babesletza nagusia izango du. Euskadiko Kooperatiben erakunde nagusiak kooperatibismoa eta eredu kooperatiboaren balioak gazteengan hedatzeko saiakera egin nahi du Euspoten bitartez.

.

Aurtengo gaia: “ZERGATIK LAN EGIN KOOPERATIBA BATEAN?”

Aurtengo spotak animatu behar ditu gazteak kooperatibismora gerturatzen eta kooperatibismoa balioan jartzea izan behar du helburu. Zerk bereiztu du kooperatiba bat eta kooperatiba ez den enpresa bat? Zergatik nahi duzu kooperatiba bat sortu edo kooperatiba batean lan egin? Zer eskaintzen digu proiektu kooperatibo batek bestelako ereduekin alderatuta? Asko izan daitezke arrazoiak eta asko erantzunak. Kooperatibista izatea edo kooperatibismoa, eredu gisa, zer da zuretzat? Sortu 30 segundoko iragarkia pertsona kooperatiboak, bereziki gazteak, eta kooperatibismoa balioan jartzeko. Asko izan daitezke arrazoiak kooperatiba batean lan egiteko: kooperatibetan soldata duina irabazten delako, aberastasunaren banaketa orekan oinarritzen delako, herritik sortutako eta herrira ondo errotutako proiektuak direlako. iraunkorragoak, kalitatezko enplegua eragiten dutelako, gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna sustatzen dutelako eta berrikuntza handiko proiektuak direlako.  Kooperatibek enpresaren erabakietan parte hartzeko aukera eskaintzen digute eta horrek ere erakargarri bilakatzen ditu.

.

Ibilbide oparoa: 500 spot guztira Euskal Herri osotik

Ondo errotutako lehiaketa da Euspot eta orain arteko edizio guztietan 500 spot inguru jaso dira. Ez dago zalantzarik gaur gaurko gizartean ikus-entzunezkoen eragina izugarria dela eta horren ondorioz ikus-entzunezkoen formatuak interes izugarria eragiten duela, bereziki gazteen artean. Euspot, ordea, ez da soilik gazteei zuzenduta dagoen lehiaketa, asko dira urteetan parte-hartu dutenen profila, jatorria eta interesa. Era berean, egokia da gogoraraztea irudimena eta sormena direla Euspot elikatzen duten iturri nagusiak. Hortaz, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Adin eta maila guztietarako sariak daude-eta. 2021eko lehiaketa oso berezia izan zen, konfinamenduak eta alarma egoerak pare-parean hartu gintuelako. Baina, egoera oso berezia izan arren, izugarria izan zen jasotako lan kopuru handia. Aurten ere, espero da lehiaketa Euskal Herri osora hedatzea, eta marka guztiak haustea. Eta ahalegin horretan, aurtengoa antolatzaileek Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua izango du bidelagun. Hala, kooperatiben erakunde nagusiaren eskutik, antolatzaileek hainbat ikastola eta ikastetxetara hedatuko dituzte formazio saioak, bai bertatik bertarakoak zein telematikoak.

.

3.000 euro baino gehiago saritan

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Parte-hartzaileek maiatzaren 19a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko.

.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren babesletza

EUSPOT lehiaketa Kooperatismoa gazteei gerturatzen saiatuko daAurten Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak parte hartuko du babesle nagusi gisa. Erakunde publiko bat da, eta euskal administrazio publikoei aholkua ematen die kooperatibismoarekin loturiko gai guztien inguruan. EAEko ordenamendu sozioekonomikoaren erregimen legal eta instituzionala hobetzeko laguntza ematen du. Euskal kooperatibetan sortzen diren auzi-gaietan esku hartzen du, arbitraje, bitartekotza edota adiskidetze-prozeduren bidez. Gaur Euskadiko kooperatiben erakunde nagusia da.

.

30 segundu gehienez eta formatu librean

Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Iazko berrikuntzari jarraituz aurten ere formatua librea izango da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean ala bertikalean.

.

Sormenari buruzko online formazioa

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskainiko du spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

.

Euspot.eus-ek 20.000 bisita

Nabarmentzekoa da euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora dituela. Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefinga eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. Eta http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko  dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke.

EUSPOT lehiaketa Kooperatismoa gazteei gerturatzen saiatuko da