Albertina Carri argentinar zinemagileak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jasoko du

Albertina Carri argentinar zinemagileak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jasoko du –

Albertina Carrik Zinegoaken sari nagusia jasoko du otsailaren 28an Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian. Jaialdiak zuzendari argentinarraren obrari buruzko ziklo berezia antolatu du.

Albertina Carri argentinar zinemagileak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jasoko du
Argazkiak: Jetmir Idrizi.

Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioko Ohorezko Saria nork jasoko duen jakinarazi du gaur. Zinegoakek Albertina Carri argentinar zinemagile eta aktibistaren lana goraipatu nahi izan du, jaialdiaren sari nagusia emanez.

Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendari artistikoak azpimarratu duenez, “Hegoamerikako sortzaile belaunaldi berri baten ahotsik nabarmenetakoa da. Bere lana etengabeko esplorazio bat da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen den guztiari ikusgarritasuna emateko, hizkuntza propioen bidez”.

Albertina Carrik ibilbide luzea du zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktibista feminista gisa. Buenos Airesko Universidad del Cine Fundazioan gidoigintza ikusi zuen, eta hainbat film labur egin ditu hala nola, Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie tambiƩn puede estar triste (denak 2001ean), Fama (2003), De vuelta (2004) edo Restos (2010), besteak beste.

Rotterdameko, Londresko edo Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) bere lehen film luzearen ondoren, Carrik bidaia hasi zuen bere bizitzan inoiz egon ez zenaren bila: bere aita eta ama, Roberto eta Ana Maria, intelektual eta militante iraultzaileak, 1977ko diktadura militarrak bahituak eta berak lau urte besterik ez zituenean desagertuak. Bilaketa hori hurrengo film luzeetan ere islatuko da: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) hipnotiko eta bizia.

Hutsuneak ulertzeko bidaia honekin batera, Albertina Carrik ere sexualitatea landu du bere zinemagintzan, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz. Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmetan, sexua ardatza da narrazioaren garapenerako eta pertsonaien definiziorako. Baina sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko lotura handiena Las hijas del fuego (2018) filmean lantzen du. Berak deskribatu eta azpimarratzen duen bezala: pornografia lesbofeminista da, generoaren konfigurazio berri bat bilatzen duena, adiera posible askotan. Horrez gain, emakumeen gozamena erakusteko modua ere berreraikitzea bilatzen du, begirada maskulinotik urrunduta, erotizazioa besterik nahi ez duena.

Zinemaz gain, Carrik telebistarako saioak ere sortu ditu Marta Dillonekin batera, hala nola: La bella tarea, emakumeen haurdunaldiari eta erditzeari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituen dokumental saila; Visibles, LGTBI+ argentinar errealitateari buruzko dokumental formatua edo 23 pares fikzioa. Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere izan da.

Ohorezko saria dela eta, Zinegoakek ziklo berezi bat antolatu du Carriren zinematografiari buruz, martxoaren 1etik 4ra bitartean BilbaoArten bere hainbat lan proiektatuz, jaialdiak irauten duen bitartean. Halaber, otsailaren 27an, inaugurazio ekitaldiaren bezperan, Zinegoakek Las hijas del fuego proiektatuko du, 18:3ean BBK Aretoan. Albertina Carrik solasaldian parte hartuko du Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministarekin batera.

Albertina Carri argentinar zinemagileak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jasoko du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude