Gure burua izendatzeko eskubidea, inposatutako etiketarik gabe

Gure burua izendatzeko eskubidea, inposatutako etiketarik gabe –

Aurtengo irudiak lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei egingo die erreferentzia, “Marioker”, “Lumatza”, “Soropila”, “Kapaza” edo “Kuir” bezalako hitzekin. Irudia Lander Telletxea diseinatzaileak sortu du, Zinegoakekin lotura estua duena.

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da eta zuzendaritza artistiko berria estreinatuko du, Alaitz Arenzana artista bilbotarrarekin.

Gure burua izendatzeko eskubidea, inposatutako etiketarik gabeZinegoakek 19. edizioko irudia eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur. Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da, sexu eta genero aniztasuna Bilboko hainbat kultur gunetara eramanez. Aurtengo edizioa neurri sanitarioetara egokituta egingo da, eta mundura zabaltzeko bere burua erakusteko, berrizendatzeko eta identifikatzeko beharra aldarrikatuko du, ezarritako etiketarik gabe.

Zinegoaken aurtengo irudia lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei erreferentzia egiten dieten hainbat kartelek osatuko dute, “Marioker”, “Lumatza”, “Soropila”, “Kapaza” edo “Kuir” bezalako hitzekin. Kontzeptu horiek June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako eta Zinegoakek bultzatutako “Nola izan/esan bollera euskaraz” proiektuan bildu dira. Proiektu horretan, Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin da, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek, Ainara Artetxek eta abarrek parte hartu dute.

Hiztegi horretan, Euskal Herriko hainbat eremutan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzak agertzen dira. Beste hitz batzuk, aldiz, hitz-jokoen bidez sortu dira, beharra dugulako gure buruak berriro izendatzeko, erakusteko, identifikatzeko eta munduan gure lekua egiteko. Zinegoakeko kartelek, beraz, aldarrikatuko dute eskubidea dugula gure burua izendatzeko nahi dugun moduan, inposatutako etiketarik gabe, “izanak egiten baitu izena”.

Aurten, beraz, Zinegoakek hainbat hitzez osatutako irudi anitza izango du. Kartelak Lander Telletxeak diseinatu ditu, Zinegoakekin lotura estua duen diseinatzaileak, jaialdiaren katalogoaren eta irudiaren azken edizioetako egilea baita. Telletxeak euskal kulturarekin lotutako proiektuak garatu ditu, eta hainbat erakunderentzat lan egin du, hala nola Azkue Fundazioa, Euskararen Etxea, Valentziako La Ploma, EDE Fundazioa, Bolunta, Bizkaiko Aldundia edo Bilbo, Portugalete edo Leioako Udalak. Donostia Zinemaldiko New Directors saileko kartelaren egilea ere izan zen 2013an.

Zinegoakek bere ohiko egiturari eutsiko dio, Bilboko hainbat aretotan proiekzioak eginez, sexu- eta genero-aniztasunari ikusgarritasuna emateko. Jaialdiko jarduera guztiak unean indarrean dauden osasun-neurriei egokituta egingo dira.

.

Zuzendaritza berria Zinegoaken

Gainera, Zinegoakek zuzendaritza artistiko berria izango du 19. edizioan. Alaitz Arenzana artista bilbotarrak, jaialdiaren azken edizioetan zuzendari lanak egin dituenak, Zinegoakeko lidergoa hartu du. Jaialdiak azken edizioan 18.000 bisitari baino gehiago izan zituen, eta urtez urte gero eta nabariagoa da Zinegoakeko hazkundea. Egoera honetan, jaialdiak bere helburuak berrikusi nahi ditu epe ertain eta luzera, erronka berrietara egokituz.

Norabide horretan, Alaitz Arenzana izango da Zinegoakeko zuzendari artistiko eta aurpegi nagusia, azken hiru urteetan Zinegoakeko zuzendaritza taldean egon ostean, Pau Guillenen lekukoa jasota.

┬źAlaitzek barrutik ezagutzen du jaialdia, Euskal Herriko sare artistiko eta sozialarekin lotura handia du eta talde osoaren babesa du Zinegoak jarduera eta lankidetza berriez hornitzeko eta etapa berri bat garatzeko┬╗, azaldu du Pau Guillenek.

Arenzana ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da UPV/EHUn, eta eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen koordinazioan, bai eta hainbat aitorpen publiko ere bere lan artistikoagatik.

Arenzanak ilusioz hartu du erronka, Zinegoakeko zuzendaritzan dagoen lehenengo emakumea izango da, eta adierazi duenez, “jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan jarraitu dut, behar-beharrezkoa delako sexu-, identitate- eta genero-aniztasunaren alde lanean jarraitzea”.

Gure burua izendatzeko eskubidea, inposatutako etiketarik gabe

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude