Mundu osoan

Salvador_eskaintza

[Gaur Berrian argitaratu dudan maratilak bi bertsio zituen: bigarrena ZuZeun publikatzea erabaki dut, irakurleak erabaki dezan zein gustatzen zaion gehien -edo gutien-).

Inoiz pentsatu dut UPN-n izena eman eta barnetik hondatzen saiatzea, baina, hondarrean, ideia baztertu dut, azken bolada honetan Yolanda Barcinak berak hartu baitu bere gain zeregin hori. Nire aukera, gainera, galdu egin nuen. Garai batean, iduri zuen Carlos Salvador UPNko diputatuak alderdirako erreklutatu nahi ninduela, ideologo gisa edo, baina amodiozko istorio hura gaizki akitu zen, eta orain Daniel Innerarityren gibeletik dabil gure Carlos.

Ez da harritzekoa. Filosofoak Vianako Printzea saria irabazi berri du, eta, Leireko zeremonian, Barcinaren eta herrialde urrun batetik etorririko printze-printzesen aitzinean hau erran zuen: “Mundu osoan, eta Nafarroan ere bai, bertzelako politika egin behar da”. Ikasleen idazlanetan, “zehaztasun falta” idazten ohi dut horrelako esaldien ondoan.

Edonola ere, niri bezala bertze inori lausoegi iduritzen bazaio saridunaren proposamena, goitian aipatu diputatuak argi pixka bat ekarri du aferara, Innerarityk liburu batean paratu zion eskaintza erakutsi baitu Twitterren: “Carlos Salvadorrendako, politika etengabe eraldatzen segi dezan”. Eskaintza polita da, eta Zaragozako filosofoak jasotako saria merezia zuela berretsi bertzerik ez du egiten, teknika berezia eskatzen duen generoa baita eskaintza: hura hartzaileak aditu nahi duenak aditzeko maneran idatzi behar da. Teknika hori filosofiara eraman eta lausokeria estilo bihurtu izana ez da meritu guti, eta normala da, beraz, mundu osoko politika eraldatzaile guziek, hala nola Patxi Lopezek, Antonio Basagoitik edo Carlos Savadorrek berak, txalotu izana.

Mundu osoan
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

5 pentsamendu “Mundu osoan”-ri buruz

  • Santi Leone
    Santi Leone 2013-06-11 14:02

    Aupa, Santi:

    Zer moduz? Zure artikulua anitz gustatu zait, zure jarraitzaile handiena naiz, baina erran behar dizut hanka sartu duzula: eskaintzan, Innerarityk “cordialmente” idatzi zuen, ez “continuamente” -“etengabe” alegia- zuk “interpetratu” duzun bezala. Ez dakit zahartzen ari zaren edo zer, baina ea hurrengo batean kasu handiagoa ematen duzun. Bertzenaz, artikulua txukun atera zaizu.

    Gero ispiluan elkar ikusiko dugulakoan

    Santi

    • Jon Intxaurraga
      Jon Intxaurraga 2013-06-11 20:07

      Aupa Santi!

      Daniel Innerarity ez da Zaragozan jaio baina Bilbon etorri zen mundura.

      Ondo ibili

      • Santi Leone
        Santi Leone 2013-06-11 21:13

        Aupa,

        Ez nekien Bilbon sortua zela, baina Zaragozakoa aipatu dut bertako unibertsitatean ari delako irakasle (horretan ere oker ez banabil).

  • Amonamantangorri 2013-06-11 16:41

    Orain dela gutxi arte ez nekien gizon hori nor zen, eta orain Vianako Printzeari esker badakit innerarity jauna punta-puntako filosofoa dela, ezkerretik nahiz eskuinetik txaloak eta laudorioak jasotzen dituena… Eta Salvadorrek 2004an bazuen Innerarityren berri. Nabari zaio irakurtzen duela.

  • Itinerarity 2013-06-11 23:29

    Gizonak bide luzea egina du Estatu kolonizatzaileen kosmopaletismoaren alde, eta Estaturik gabeko abertzaletasunaren aurka gehien bat. Garai batean Petronorreko Txikitok sarri ekartzen zuen Sabin Etxeatik. Zaragozako bilbotarrak egin bide zion argi Josu-Joni, eta begira noraino heldu den Zumarragakoa. Kosmopaletismoaren bideak bihurriak dira…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude